Sailkatugabeak

Autonomook ez dugu etikarik

Oreka TXkoak Iberdrolaren akziodunen batzarrean, Leonor Watlingen Marlango, Perezako Leiva eta otxote batekin". Leherkaria hiru mezulariren partetik iritsi zitzaidan Whatsappez. Erantzun zorrotzen bat-edo esperoko zuten bueltan, baina ez zitzaidan eze...

Mater, itsas ondareari begira

Arrantzaleek itsasoan egiten duten bizimodua ezagutzeko aukera ematen du Pasaiako Badian, San Pedron, porturatua dagoen Mater Itsasontzi Museoak. Urte osoan, bisita gidatuak eta hamaika tailer zein ekimen antolatzen ditu hor Itsas Gela Elkarteak; oporraldiekin batera ugaritu egiten du eskaintza. Hala egin du Aste Santuan eta Pazko Astean. Gaur eta igandean bisita ordutegia zabaldu, eta bisita gidatuak eskainiko dituzte 11:00etan, 12:00etan eta 13:00ean; arratsaldez, berriz, 17:00etan eta 18:00etan.

Bihar, berriz, Mariñel Eguna ospatuko dute, 11:00etan hasita eta arratsaldera arte. Izaskun Suberbiola Mater Itsasontzi Museoko zuzendariak azaldu duenez, Pasaia eta itsasoaren arteko harreman estua erakusten dute egunaren bidez: "Bisita gidatua egingo dugu Pasai Donibane eta San Pedroko gune historikoetatik barrena, arraun elkartea eta arrain lonja bisitatuko ditugu, badiatik buelta egingo dugu itsasontzian, Mater ontzira bisita gidatua egingo dugu, eta, azkenik, pintxoa hartzeko aukera izango dute parte hartzen dutenek".

Urte osoan tailerrak

Urte osoan tailerrak eta bisitak eskaintzen ditu Mater ontziak. Horien artean arrakastatsuena aukeratzea zaila egin zaio Suberbiolari, "eskaintza nahiko zabala" duelako museoak. "Eskolekin lanketa egiten dugu, eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat Boga Boga Marinela edota Itsasora Hurbilduz unitateak lantzen ditugu. Materren agertokia berezia da, ingurunea eta itsasoan bertan izatea modu egokia dira arraunketarako edo arrantzara hurbiltzeko. Helduagoekin bisita gidatua egiten dugu Materren, lehen sektorea eta arrantza mundua erakusteko; arrakasta handia izaten du".

Nabigatzen ikasteko eta arrantzan modu tradizionalean aritzeko ikastaroa eskaintzen du, bestalde. "Itsas korapiloak egiten, itsasoan egoki kokatzen, tresnak erabiltzen... ikasten dute nabigatzen ikasteko tailerrean parte hartzen dutenek. Arrantzan modu tradizionalean aritzeko tailerrean, berriz, aparailua egin eta badian bertan arrantza egiten saiatzen dira".

Itsasoarekin lotura izanik, ezin zitekeen falta arrain kontserbak egiteko tailerra. Itsasontzia bisitatu ondoren, arrantzaleen eguneroko bizimodura hurbildu, eta Kantauriko antxoekin arrain kontserba egiten dute. Kontserba hori etxera eramaten dute gainera. Hori gutxi ez eta tailerrean pintxo dastaketa ere egiten dute. Arrain kontserben tailerrak 15 euro balio du haur zein helduentzat; beharrezko guztiak Materrek jartzen ditu, eta aldez aurretik erreserba egin behar da. Taldeak lau lagunetik gorakoa izan behar du.

Ikastetxeekin lanketa handia egiten du museoak, baina familientzako egitasmoa ere badela esan du zuzendariak: "Familiako txikienentzat zein helduentzat erakargarriak diren ekintzak antolatzen ditugu. Gustura aritzen dira denak".

Gaur egun arrantzaleak nola bizi diren eta nola lan egiten duten erakusteaz gainera, kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin du ontziak: "Bertatik pasatzen denak, beraz, kontzientzia hartzen du, eta jabetzen da itsasoaren zaintza denon ardura dela, denon esku dagoela".

7.000 bisita urtero

Udaberriarekin batera, bisita kopurua handituz doa. Urtero 7.000 pertsona joaten dira, batez beste. Orain 10 urte hasi zen Mater Itsasontzi Museoa jarduerak eta bisitak eskaintzen. Pasaia eta Itsasoaren arteko lotura erakusteaz gain, itsasoarekin lotura berriak egiteko aukera zabaltzea da helburua, eta era berean, pasaitarrek itsasoaz bizitzeko aukera izatea.

Pasaiako Itsas Gela Elkarteak kudeatzen du Mater Itsasontzi Museoa, eta elkarte horrek sartu zuen biziberritze prozesuan Kantauriko atunontzia, 2003. urtean. "Urte hartan bukatu zuen jarduna Mater-ek atunontzi edo arrantza ontzi gisa, eta, hondoratzear zela, Itsas Gela elkarteak hartu eta gure ondarearen zati den itsasontziari beste erabilera bat ematea erabaki zuen". Ordutik mantendu du Itsas Gelak egurrezko itsasontzia. "Pasaian jaiotako museoa da Mater, herri museoa, herritik bertatik sortutako ideia izan baitzen Mater itsasontzia museo bihurtzea".

SAGARDOA, KULTURA ETA HISTORIA

Txotx garaian, urtarriletik apirilera arte, sagardotegiko menu tradizionala eskaintzen dute. Arkumea burruntzian eta txerrikumea labean ere jan daiteke, aurretik eskatuta. "Jendeak bakailaoa saltsan edo bakailaoa tomatearekin, zapoa edo beste arrainen bat eskatzen badigu, horrelakoak ere prestatzen ditugu", Nerea Artolaren hitzetan.

Udan, ekainetik irailera arte, bestelako jakiak ere eskaintzen dizkiete bezeroei. Garaian garaiko produktuak: "Tomatearen garaia denez, tomate entsaladak prestatzen ditugu; antxoa Getariako portura sartu bada, antxoa jartzen dugu, eta mendrezka ere bai".

Udan, zabalik

Satxota sagardotegia udan zabalik egongo da. Uda sasoi ezin hobea da sagardoa dastatzeko, edari freskoa eta gozoa delako, eta oso erraz eta gustura edaten da. Satxotak udan etortzeko gonbidapena egiten du. Zer hobe sagardo freskoa upeletik edatea eta bazkari eder bat dastatzea baino? Gainera, Satxotak terraza polit bat dauka, eguzki goxoaz gozatzeko aproposa.

Satxotak ateak zabalik dauzka urte osoan. Irailetik aurrera ere joan daiteke, enkarguz, taldeka edo bisita gidatu baten barruan.

EUSKO LABEL ETA BERTAKO SAGARDOAK

Botilan ere urteko sasoi guztietan saltzen dute sagardoa. Sagardo berria martxo inguruan hasten dira botilatzen, baina bezeroek sagardoa upeletik dastatzeko aukera dute urte osoan.

Satxotak bi sagardo natural mota egiten ditu: Eusko Label ziurtagiria duena eta bertako betiko sagardoa. "Eusko Label marka duena hemengo sagarrarekin bakarrik eginda dago. Sagar horrek kalitatezko kalifikazio batzuk izan ditu, eta horretarako beharrezkoak diren azterketa eta dasta guztiak gainditu ditu".

Saratxota izena du Eusko Label sagardoak, eta Satxota bertakoak. Sagardotegiaren izena familiako baserriaren izenetik dator.

Bisita gidatuak urte osoan

Aurretik eskatuta, bisita gidatuak urte osoan egiten dituzte. Sagardoaren munduaren nondik norakoak jakinarazten dituzte. Sagardoa egiteko prozesua zein den erakusten dute: "Sagarra jasotzen noiz hasten garen, sagarra noiz jotzen den, hartzidura noiz izaten den... Sagarra iristen denetik sagardoa bihurtu arteko prozesu guztia azaltzen dugu". Dolare tradizional bat daukate, eta txalaparta bat ere bai. "Txalaparta nondik datorren azaltzen dugu, sagardoarekin daukan lotura".

Satxotak sagardogile moduan egin duen ibilbidearen berri ere izaten du bisitariak, eta Euskal Herriko kulturan sagardoaren historia zein den ere bai. "Azkenean sagardoa ez da sagardoa edatea bakarrik, gure herrian kultura bat izan da. XII. mendetik behintzat hemen kontsumitu den edari bat da, eta gure kultura eta gure bizimodua pixka bat horren bueltan joan da, eta jende askok hori ez daki. Esaterako, arrantzaleek balea edo bakailaoa arrantzatzera Ternuara eta beste hainbat tokitara joaten zirenean eskorbuto gaitzak ez harrapatzeko sagardoa eramaten zutela, eta kanpoan Euskal Herria sagardoari eta arrantzari esker ezagutu dela".

Bisita gidatuak beste hainbat erakunderekin elkarlanean egiten dituzte. Besteak beste, Orioko Arraunetxe arraunketako eta piraguismoko teknifikazio zentroarekin. Bisita gidatu batean, Arraunetxe zentroa erakusteaz gain, arraunaren historia ezagutarazten dute —balea arrantzatzeko erabiltzen zela, Ternuara joateko espedizioak, lanbide hura kirol nola bihurtu zen...—, traineru, kayak edo kanoa batean ibiltzeko aukera ematen dute, eta Satxota sagardotegian, bisita gidatua egiteaz gain, bazkari eder batez gozatzen dute.

Iturraran parketxearekin ere bai. Hala, Satxota sagardotegia ez ezik, Iturraran parketxeko Agorregiko burdinola eta erletegia ezagut daitezke bisita gidatuen bidez.

Biek ala biek lotura estua daukate sagardoaren munduarekin. "Garai batean burdinola alokatzen zuenak sagardoa erosi behar izaten zuen, eta kontratuan jartzen zuen nori erosi behar zion, garai hartan sagardoa edaten baitzen". Beraz, sagardoak foruetan, kontratazioetan eta lan publikoetan izan duen garrantziaz jabetuko da bisitaria. "Gure kulturan utzi dituen aztarnen berri eta gure kultura sagardoari oso lotuta dagoela jakingo du".

Erletegia bisitatuz gero, bisitariak polinizazioren nondik norakoak jakingo ditu, eta sagardoa egiteko erleak funtsezkoak direla.

Iturraran parketxean bertan dolare baten aztarnak dituen baserri bat ere badaukate. "Azken batean, baserriak dolareak babesteko sortu ziren, eta gero bizileku bihurtu ziren".

Halaber, Satxota sagardotegiarekin batera, handik hurbil dagoen Zarauzko Talai Berri txakolindegia ere ezagut daiteke beste bisita gidatu batean. "Sagardoa eta txakolina hemengo edariak dira, eta elaborazioa antzekoa izan arren, desberdinak dira. Haien upeltegia oso modernoa da, eta gurea, oso tradizionala. Jendeak atsegin du kontraste hori".

Satxota sagardotegia ezagutzen dutenek oso gustukoa dute. Sagardoarekin eta janariarekin oso gustura gelditzen dira. "Jende askok esaten digu sagardotegia horrela uzteko, ez aldatzeko. Sagardotegia egurrezkoa da, eta upelak eta dolarea ere egurrezkoak dira. Sagardoa lehengo eran egiten dugu. Sagardotegi tradizionalaren aldeko apustua egin dugu".

Bisita gidatuetan atsegin handiz parte hartzen dute. "Oso interesgarriak egiten zaizkie, sagardoaren inguruko historia eta gainerako nondik norakoen berri jakiten dutelako. Jendeak parte hartzen du, galderak egiten ditu eta lagunartean bezala ibiltzen gara, giro onean".

Inguru ederRA eta lasaia

Satxota sagardotegia inguru eder eta lasai batean dago. Aiako Santio erreka kaleko 3. zenbakian. Oriotik oso hurbil. Autoa erabili behar izan gabe joan daiteke, Orioko tren geltokian jaitsi, eta bidegorri batetik kilometro eskas bateko paseo polit bat eginez.

Satxota sagardotegiari buruzko informazio gehiago www.sidreriasatxota.com helbidean lor daiteke. Sagardotegian erreserba bat egiteko edo bisita gidatu bat antolatzeko 943-83 57 38 edo 618-30 35 84 telefono zenbakira deitu behar da, eta WhatsApp bidez ere egin daiteke.

Kontsumo ohiturak aldatzeko, alternatibak eskaintzen

Gaur egun zabaldutako kontsumo ereduaren aurrean, alternatiba gero eta gehiago existitzen dira Euskal Herrian. Urteak dira Gipuzkoan talde ugarik lan egiten dutela beste era bateko kontsumo baten alde, "arduratsuagoa" bultzatzaileen arabera; talde hor...

200

olatu talka jaialdiko jarduerakOlatu Talka jaialdiak berrehun proposamen baino gehiago eskainiko ditu aurten Donostian. Musika, kirola, antzerkia, teknologia berriak, dantza, gastronomia, ingurumena eta artearekin lotutako jarduerak izango dira. Maiat...

Adinekoen lau udal egoitza kudeatzen hasiko da diputazioa

Gipuzkoako Aldundiak kudeatuko ditu aurrerantzean Elgoibar, Azkoitia, Villabona eta Zumaiako adinekoen udal egoitzak, Kabia erakunde autonomoaren bitartez. Batzar Nagusietako osoko bilkurak onespena eman dio proiektuari aste honetan, eta, hori hala, azken pausoa eman dute aldundiak zentro horien kudeaketa bere gain hartu aurretik. Diputazioak ziurtatu du ez dutela aldaketarik egingo egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean, ezta baldintzetan ere. Gainera, blindatu egin ditu zentroetako langileen lan baldintzak; klausula bat gehituko du udalekin sinatutako hitzarmenetan, lanpostu guztiak eta lan eskubide guztiak berdin jarraituko dutela bermatzeko. Diputazioko ordezkariek datozen egunetan bisitatuko dituzte egoitzak, erabiltzaileei eta langileei "lasaitasun mezu bat" helarazteko.

Aldundiak iaz aurkeztu zuen Kabia erakundea, lurraldeko adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa pixkanaka bereganatzeko. Lehen lau herriotako egoitzak eskualdatu eta gero, Lasarte-Oriakoa gehituko zaio jarraian. Bost egoitza horietan 250 erabiltzaile eta 150 lanpostu inguru daude. 2016rako beste sei egoitza kudeatuko ditu Kabia organismoak: Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiakoak. 2017 eta 2018ra bitartean, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak pixkanaka pasatuko dira aldundiaren eskuetara.

Kabiaren sorrera urrats garrantzitsutzat jo zuen Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak erakundearen aurkezpenean. Gogorarazi zuen urte luzeetan aldundiak "azpikontratazioan oinarritutako zerbitzu publikoen kudeaketa eredua" diseinatu duela, eta, haren arabera, egungo gobernua zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzenaren alde dago. Hori horrela, erakunde autonomoak etorkizunean gizarte zerbitzu mota guztien kudeaketa hartzeko asmoa adierazi zuen diputatuak; horien artean daude adinekoen egoitzak, adingabeen zentroak, gizarteratzekoak, desgaitasunekoak eta beste.

Kaleak euskaraz betetzeko deia

Donostia euskaraz bete nahi dutela irudikatu zuten joan den larunbatean Konstituzio plazan. Euskararen aldeko manifestua irakurri zuten, eta Juan Karlos Izagirre alkateak egunerokoan euskaraz aritzeko deia egin zien herritarrei: "Hizkuntza leku bat d...

Pazko igandean Aberri Eguna?

Aste Santuaren erdian gaude. Euskaldun asko oporretan. Euskal Herri kontinentalekoek ere gaur hartuko dute Pazkoko asteburu luzea. Denok aztoratuta, luze edo laburrago, udaberri hasierako deskantsua etorri(ko) zaigulako. Herri batzuk inoiz baino hutsago eta fantasmagorikoago eta beste batzuk bisitariz beteta. Inor ez bere lekuan, eta gutariko asko aire berri eta atseden beharrez, egunerokotasun eta errutinatik ihes egin nahian.

Opor egun hauen artean, Aberri Eguna dago. Inon jai ez dena, urtero jai baita. Bai, festa dugu Pazko igandea delako, eta gurea egutegi kristaua denez beti dago gorri almanakan. Beraz, Euskal Herriaren egun nazionala beharko lukeena inoiz ez da horrela agertzen lan hitzarmenetan eta abarretan. Ez da ofizialki existitzen. Adierazgarria da oso, gure errealitatearen isla gordina.

Esango nuke, ezkutatuta egoteak ere hainbati mesede egiten diola. Izan ere, Eusko Jaurlaritzan egon diren alderdi politikoei ez die inolako eragozpenik eragin, inongo konpromisotan jarri. Bai, imajina dezagun Aberri Eguna data konkretu batean dela, batzuetan igande baina besteetan astegun. Hala balitz, Euskal Autonomia Erkidegoko eguna izango litzateke, ikurrina EAEren bandera den legez? Orduko, EAJ ausartuko zatekeen data gureganatzen, ekarriko zizkiokeen kritika guztiekin (abertzaleen eguna baino ez da, baztertzailea da, herritar guztiak ez dira identifikatuta sentitzen…)? Tira, asmakeriatan ibiltzea litzateke hori, baina ziur naiz lasaitu ederra izan zela datarik aukeratu behar ez izatea!

Aberri Eguna Pazko domekan izateak ere badu beste kontu arraro bat. Data, eguna. Ez da zehatza, Aste Santua noiz den ilargi egutegiak markatzen baitu, eta, jakina denez, ilargiren zikloa hogeita zortzi egunekoa da. Horregatik mugitzen zaizkigu, zentzugabeki, udaberriko oporrak. Ez litzateke desegokia izango Pazko egun horretan zerbait garrantzitsua gertatu izan balitz: bataila irabazi edo galdu bat, independentzia aldarrikapena, matxinada hasiera edo bukaera, autodeterminazio bozketaren eguna, askatzailearen jaioteguna… Baina halakorik ez dugunez (ez bagara joaten abuztuaren hamabostera, Orreagako gudura, adibidez…), aberri eguna asmatu zutenek Berpizkundearekin lotzea erabaki zuten. Zergatik? Auskalo! Jakina, katolikotasunaren eragin eta menpekotasuna ukaezina da. Baina zerikusirik du Kristoren pizkundeak gurekin? Jesukristok aukeratutako herria gara? Jainkoaren erresuman gaude? Judutarren hamahirugarren tribu galdua ote gara? Ai, ama, sionismoak jango gaitu, jakiten badu!

Tira, txantxa gutxiago. Ez diot zentzurik aurkitzen data aukera honi. Are gutxiago gizarte laikoa aldarrikatzen dugunean. Zer on ekar liezaguke egun kristau honi lotuta egoteak? Badakit askorendako egun kuttuna dela, historikoki asko sufritu dela egin eta ospatu ahal izateko, eta makinatxo bat atxilotu, kolpe eta tortura jasan direla. Hala da. Baina, horregatik hain zuzen ere, egun hau indartzea nahiko nukeelako eta duen datari ez dela egokiena deritzodalako, beste data bat beharko genuke. Hausnarketa sakonaren premia. Eta gaurkoan dataz baino ez dut idatzi! Aberri, herri, nazio, estatu, nazionalismo, abertzaletasun eta herrigintzaz ez dut tutik esan! Horretarako ni baino prestuago eta prestatuagoak baitaude. Aberri egun on!

Pitxarra bete jarduera

Garagardo Azokak hartua du Zarauzko Munoako karpa asteazken iluntzetik. Gaizka Garitano Eibar futbol taldeko entrenatzaileak eman zion hasiera aurtengoari, eta, astelehenera bitarte, askotariko ekintzak prestatu dituzte, jan-edanetatik haratago.

Egunero 12:00etatik 01:00etara egongo da zabalik azoka. Barra ingurutik aparte, musean ariko dira gaur arratsaldean. Parte hartu nahi duenak, izena emateko aukera du oraindik. 15:30ean hasiko da txapelketa, eta 15:00ak arte izena eman ahalko da azokako leihatilan. 25 euro ordaindu beharko da bikoteko; jokoa hiru usteletara izango da.

Bihar eguerdiko otordua BEERtso bazkari bilakatuko da. 14:30ean elkartuko dira, eta bazkariaren ondotik, bertsotan jardungo dute Andoni Egañak eta Amets Arzallusek. Bazkarirako txartelak 20 euroan eskura daitezke azokako leihatilan, gaur gauera arte. Haurrek ere beren txokoa izango dute. Egunero, 13:30etik 15:30era, begiraleak egongo dira, askotariko jarduerak egiteko: eskulanak, margolanak, ipuinak...

Musika gauero

Kontzertuei dagokienez, eskaintza zabala izango da gauetan. Gaur, esaterako, Eibarko The Vartools rock and roll taldea ariko da. Bihar, Gari Dz disko jartzailearen txanda izango da; igande gaua, berriz, Hiru Gabe taldeak girotuko du.

Hamabosgarren aldia du aurten azokak. Urtero bezala, Zarautz Rugby Taldeak antolatu du, festa giroa sortu eta, bide batez, taldea diruz laguntzeko. Antolatzaileek diotenez, lehen alditik asko aldatu da azoka. Hasieran sukaldea oinarrizko karparen barnean zegoen eta janari prestaketa guztiak jende aurrean egiten ziren; ordutik, ordea, karpa handiagotu, sukaldea jende artetik atera, eta barra luze bat jarri dute.

XV. Garagardo Azoka

Astelehenera bitarte, 12:00etatik 01:etara, Munoako karpan (Zarautz).