Sailkatugabeak

Aldundiaren bilera Martin Ugalden

Gipuzkoako Foru Aldundiak hilean behin diputaziotik kanpo egiten ditu gobernu kontseiluko bilerak. Asteon, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izan dira aldundiko zenbait ordezkari. Astearte goizean egin zuten bilera, eta, horren ondotik, kultur parkea bisitatu zuten. BERRIAren egoitzan ere izan ziren —irudian—; Martxelo Otamendi egunkariko zuzendariak eman zizkien azalpenak. Ondoren, ohiko prentsaurrekoa egin zuten, parkeko areto nagusian.

Hainbeste gauza azaltzeko…

Jai egunen aitzakian, Urepelera joan ginen asteburuan, Korrikaren abiapuntua Nafarroa Beherean kokatu baitu AEK-k, errepide guztiak bukatzen diren herri txiki horretan. Euskal Herri osotik joandako jendea bildu zen Korrikaren lehen metroak bertatik be...

Urrezko ekarpena

Zuten guztia —edo zuten gutxia— utzi, eta milaka etorkin iritsi ziren Euskal Herrira 1940, 50 eta 60ko hamarkadetan. Andaluzia, Gaztela eta Leon, Extremadura eta Errioxatik (Espainia) zein Galiziatik oldean iritsi ziren garai hartan. Etorkizun oparoago baten bila heldu ziren. Euren herrietako soro handietan bizkarra okertu arte lan egiteari irtenbidea bilatu nahi zioten, eta askok Gipuzkoan topatu zuten bide hori. Soroetan okertu beharrean, Gipuzkoan indartsu sortutako industria sektorean okertu zuten bizkarra haietako askok... Eta hemen gelditu ziren bizitzen, eta hemen sortu zuten familia, eta hemen jaio ziren euren seme-alabak, hemengoak dira haien bilobak.

Bihar, Gipuzkoako urrezko plaka emango die etorkin haiei Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kursaalean egingo duen ekitaldian. Aldundiak ezinbesteko jotzen ditu gaur egungo Gipuzkoa ulertzeko eta etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko. "Gure herria aberastu dute", esan zuen Larraitz Ugarte foru aldundiko eledunak, urrezko plaka nori emango zioten iragartzeko prentsaurrekoan. Haien lanak eta esfortzuak aberastu du Euskal Herria, eta eurekin ekarritako kulturak aniztasuna eman dio Gipuzkoari.

Zaila da herri horietatik Euskal Herrira eta, zehatzago, Gipuzkoara etorritakoen kopuru bat ematea. Ez dago halako erroldarik. Baina, Gaindegiak 2013an argitaratutako datuen arabera, Euskal Herrian %71,5 dira bertan jaiotako herritarrak, %19,5 Frantzia eta Espainiako estatuetan jaioak eta %9 beste toki batekoak.

Bi aldiz jaiegun

Fresko baina ateri dago Donostia igande goizez. Zortzi gradu markatzen ditu Askatasunaren Etorbideko termometroak 11:15 aldera. Berotzeko salto txikiak ematen dabil talde bat Korrikaren zain. 685. kilometroaren kartel alboan, lasterka hasteko gogoz da Andoni Merchan gazte donostiarra. Kirol arropa jantzita, dagoeneko eginak ditu hainbat kilometro; baloiaren atzetik, ordea: "Futbol partida izan dut, eta handik jarraian nator korrika pixka bat egitera". Grosen batuko zaizkio lagunak, eta "ahal bezain beste" egingo dute korrika.

Ia hiru ordu eginak ditu dagoeneko Korrikak Donostian. Bidebietatik sartu da 08:30 aldera, eta Altza, Intxaurrondo, Egia, Loiola eta Martutene igaro ondoren, Amaratik iritsi da erdigunera. Eneko Goia EAJren Donostiako alkategaiak hartu du lekukoa Askatasunaren Etorbidean, eta badoa bidea Gros aldera. Etengabeko jende jarioa dabil auzoko kaleetan; Kursaaleko zubiaren beste aldean ere jendetza ikusten da, Parte Zaharrerantz joateko. Ikurrinak, Nafarroako banderak eta Euskaraz bizi nahi dut leloak ere ikusten dira.

Bretxan prest da jende multzo bat. Aterkia lekuko bezala hartuta, Tipi-tapa, tipi-tapa kantatzen dio haur batek aitari; presoak etxeratzearen aldeko kartelekin zain daude besteak. Eta atzerritik etorritako neska-mutilak, mapa eskuan, zer gertatzen ote den galdezka. Inguruan da Ana Ibarrondo donostiarra. Urte mordoa darama Korrikan ateratzen; aurten, gainera, lehen kilometroan egoteko aukera ere izan du. Urepelen (Nafarroa Beherea) izan zen, Korrikaren hasieran. "Beti da pozgarria hemen horrenbeste jende ikustea. Baina Urepelekoa berezia izan zen. Euskal Herri osoko jendea bilduta, musika, jaia... Oso gustura bueltatu ginen". Bien bitartean, irten da Korrika Parte Zaharretik Bulebar aldera, eta Bretxan bildutakoak batu dira ibilbidera.

Bulebarraren amaieran, udal ordezkariek hartu dute lekukoa, Juan Karlos Izagirre alkatea buru. 696. kilometroa da. Batzuk oraintxe hasi dira korrika; besteek, berriz, oraintxe amaitu dute. Bidetik atera berri dira Amaia Jauregi eta Aintzane Otegi. Tolosatik etorri dira trenez korrika egin, eta giroa aprobetxatuz, eguna pasatzera. "Astean zehar lanarekin-eta ez da hain erraza, baina asteburua izanda askoz hobeto datorkigu parte hartzeko", dio Otegik. Lehen korrikaldia du aurten; Jauregik, ordea, saio hirukoitza egingo du. Larunbat goizean herrian atera zen, eta Bilbon bizi denez, bukatu aurretik berriro egingo du bat Korrikarekin. "Euskaldunak garenok eta bizitza euskaraz egin nahi dugunok hau babestu behar dugu. Seinale onena litzateke halako ekintzen beharrik ez izatea, baina asko estimatzen da jendearen inplikazioa".

Atzerapenarekin doa Korrika. 12:01 markatzen du kartelak Kontxa hondartzako pasealekutik Ondarretara bidean, 702. kilometroan; baina 12:15 dira, eta korrikalariak ez dira oraindik pasatu. Urrunetik, furgonetako animatzailearen oihuak entzuten dira. Kolore urdinez dator ibilbidearen hasiera. Realeko Olatz Etxebeste belar hockeyko jokalariak eta Beñat Almandoz haur kategoriako jokalariak dakarte lekukoa. Kilometro aldaketarekin, ETB1eko Zuek hor programakoei pasatu diete txanda, Antiguara bidean. Auzoa igaro ondoren, Añorga aldetik utzi du Donostia Korrikak. Gero eta gertuago dago Bilbo.

“Emakume guztiek galdu zuten gerran”

Orain arte ez da askorik hitz egin emakumezkoek 36ko gerran eta gerra ostean bizi izan zutenaz. Lourdes Herrastik (Aretxabaleta, 1958) gaiari heldu eta idatzita dagoenetik osatu du Villabona- Amasako hitzaldiko materiala. Pura Sanchezek ateratako ondorioak garbi laburbiltzen du, Herrastiren ustez, 36ko gerrak emakumezkoengan izan zuen eragina: "Emakume guztiek galdu zuten".

II. Errepublika garaian zeintzuk izan ziren emakumezkoen onurarako aldaketa nagusiak?

Hezkuntza erreforma bat egon zen; hezkuntza pertsona guztiengana iristen zela ziurtatu nahi zen. Eskola mordo bat zabaldu ziren, eta maisu-maistren lanpostu asko sortu ziren. Ikusten zen bai gizonezkoentzat, bai emakumezkoentzat derrigorrezkoa zela oinarrizko hezkuntza bat jasotzea. Baina 36ko gerran, atzera egin zen arlo horretan. Azken finean, bazterketa bat egon zen. Nahiz eta emakumeak eskolara joan, ez zuten gizonezkoen hezkuntza berbera jaso.

Gainera, 36ko gerran, II. Errepublika garaian maistrak izandakoak erreprimitu zituzten. Lanpostuetatik kaleratu zituzten, haien ustetan behar ez zituzten gauzak erakusten zituztelako edo modu desberdinean erakusten zutelako.

36ko gerran zein lan egiten zuten emakumezkoek?

Emakumezko askok lanak hartu zituzten, gizonezkoak ordezkatzeko. Gizonezkoak mobilizatuak baldin bazeuden, emakumezkoek hartu behar zuten ardura. Bai uzta jasotzen, bai haziak botatzen, baita lantokietan ere. Gerraostean, hori dena berriz eraldatu zen, eta emakumea berriz kanporatu zuten lan mundutik. Eta, berriro, etxeko zuloan gelditu zen. Etxeko ardurak izanik, familia zaintzeko ardura izan behar zuen emakumeak. Eta ardura ez zen aldatu, urte asko pasatu arte. Oraindik arrasto asko geratzen dira; moldatu beharko liratekeenak.

Emakumezkoentzat atzerapauso handia eragin zuen, beraz, gerrak.

Bai, atzerapausoak izan ziren, eta 1960ko hamarkadaren bukaerara arte ez ziren berriro gauzak aurreratu. Pura Sanchezek dio gizonezkoetan galtzaileei eta irabazleei buruz hitz egiten dela. Baina emakumezkoek, guztiek galdu zutela. Batekoek zein bestekoek. Denek berriro etxe zulora itzuli behar izan zutelako. Nik uste dut esaldi polita dela gertatu zena laburbiltzeko. Emakumezkoek, edozein ideologia izanik ere, denek galdu zuten.

Emakumeek gerran zuzenean parte hartu zuten?

Hasiera batean bai. Milizianoak izan ziren, eta 36ko gerran parte hartu zuten. Baina gero erabaki zen ez zela oso komenigarria eta atzeko guardiara, bigarren ilarara pasatu ziren, batez ere zainketa lanak egitera edo hornikuntza lanetara.

Zergatik ez zen komenigarria?

Emakumezkoek esaten zuten gizonezkoak nahastu egiten zituztela. Gizonezkoak ez zirela sutsuki defendatzen aritzen, bestelako denbora galtzeak zituztelako. Hori argudiatu zen bere garaian, eta egia da fronteetatik emakumeak kendu egin zirela.

Dena den, hori ez zen 36ko gerran bakarrik pasatu. Bigarren Mundu Gerran ere ez ziren emakumezkoak borrokatu, eta hori geroago gertatu zen. Vietnamgo edo Koreako gerretan ere ez. Gerora ezagutu ditugun gerretan ere ez dute emakumezkoek parte hartu. Azkeneko urteetan ikusten dira emakumezko soldaduak, baina salbuespena dira, banaka batzuk dira.

Bigarren ilaran zer egiten zuten?

Erizaintza, familia zaintza, hornikuntzaz arduratu, lantegiez arduratu... Bestelako laguntza bereziak.

Fusilatuetakoen artean emakumezkorik aurkitu duzue?

Bai, hobietan aurkitu ditugunen %5 emakumeen gorpuzkiak dira. Egia da ez direla asko, baina izan ziren fusilatu batzuk. Emakumezkoak soilik dauden hobiak aurkitu ditugu. Burgosen, Torca de los Morterosen, adibidez.

Emakumeei beste zigor mota batzuk ezartzen zitzaizkien.

Fusilatzea azkenekoa zen. Gehienetan, irainak jasotzen zituzten kalean, ilea moztea, agerian uztea, laidoak jasotzea... Errizino olioa ematen zieten, adibidez. Horrekin kakalarritan jartzen zara. Pentsa, kaka dariola bizilagunek ikusten zaituzten; ilea moztuta eta kaka arropatan duzula... Hori ahaztezinezko iraina da. Familia osoarentzat. Ohorea galarazten zuen.

Bortxaketak ere izango ziren. Horren daturik ez dago, baina gaur egun izaten badira, lehenago zergatik ez ziren izango. Baina zaila da hori jakitea.

36ko gerraren inguruan bizi izandakoaz isiltasun handia egon da oro har. Emakumezkoetan handiagoa izan al da?

Emakumeetan are nabarmenagoa izan da isiltasuna. Ezin zuten ezer kontatu, ez beren buruari buruz, ez galdutako senideez. Batez ere, ardura nagusia familia babestea izaten zuten, seme-alabak babestea, beraiek salbu uzteko. Isiltasuna derrigorrezko kodea zen. Hori guztia pairatu behar izan zuten, eta isilik. Sufrimendu horrek isila izan behar zuen.

Lankide batek kontatu berri dit, Kantabriako herri batean, bisita turistiko bat egiten ari zela, emakumezko bat ikusi zuela gurpil aulkian. Senarra gerran hil zioten, eta berak badaki nork salatu zuen. Bere bizilaguna da, eta egunero ikusten du bizilagun hori. Gauzak erraz kontatzen dira, baina egunero bizi behar da horrekin. Istorio horiek anekdota bihurtzen dira, baina izugarriak dira.

Umeak kentzeko mehatxua ere gainean izaten zuten.

Bai, eta askotan pentsatzen zuten seme-alabei gertatutakoa kontatuz gero gorrotoa sor zitekeela eta haiek ere istiluetan sar zitezkeela. Horiek saihestu nahi zituzten. Hala moduz, bizirik atera ziren, eta bizirik iraun zuten.

Emakume horiek, horrelako umiliazioak jasota, nola aurre egin zioten bizitzari?

Denetik egin zuten, dena irentsi, ezer gertatuko ez balitz bezala bizi. Baina, noski, nik pentsatzen dut norberak bere bakardadean gogoan izango zituela gauza horiek guztiak. Kanpo aldera sekula ez zuten agertzen. Hipokrisia dei diezaiokegu, baina bizirik iraun behar zuten, eta familia mantendu behar zuten. Ez zuten nahi beraiek bizi izandakoa seme-alabek ezagutzea, eta guztia irentsi zuten.

Semea edo aita edo senarra gerran, haien albisterik gabe, hilda agian… Horrekin bizitzea ere gogorra izango zen.

Oso gogorra. Kasu askotan, senarra fusilatu ondoren, familia horrek zeuzkan ondasunak baloratu (lursailak, etxea, abereak...) eta balio bereko isuna jartzen zieten. Emakume horrek ezin zuen ordaindu, eta ondasun guztiak konfiskatu egiten zizkioten. Senarra hil eta jabego guztia bahitzen zieten. Legezko itxura emanez, baina benetan sekulako zigorra jarriz. Asko eta asko kale gorrian gelditu ziren edo erbestera jo zuten edo beste leku batera mugitu. Istorio gogorrak daude.

Akordio handien garaia da

Bertold Brecht-ek dio bere lurra bere gogoaren eta nahiaren aurka utzi beharra duena, ez dela soilik emigrantea, desterratua ere badela. Gaur egun gure herrira iristen diren etorkinentzat ez badago behar bezalako integrazio protokolorik edo ibilbide orririk, atera kontuak orduan ere beharrak, miseriak, mehatxuak edo garaiko ohiko arrazoietariko batek bultzatuta Francoren diktadura militarraren pean Hego Euskal Herrira etorritako etorkin desterratu uholde hura integratu zedin zer egin zitekeen. Oraingo etorkinekin antzekotasun handiak dituzte ordukoek ere.

Ez zuten erraztasun handirik izan. Maite zuten guztia utzi eta bertako identitatea, kultura eta hizkuntza zapaldua eta zigortua zuen lur arrotzera iritsi ziren, bertakoek ere baserritarrei barre eta burla egiten zieten garaian, maletak eskuan eta ezjakintasuna aldean. Mesfidantzaz begiratuak ziren askotan, tirano erasotzailearen bandotik zetozen peoi beltz gisara ikusiak, nekazal eremuetatik zetozen aho doinu susmagarriko muturbeltz, mantxurriano, koreano, belarrimotz maketo txiro haiek. Kolono kontzientziarik ez bazuten ere, kolonoak. Behereneko mailako klase soziala ziren. Herri eta hirien kanpoaldeetan kokatu zituzten gehienak, klase sozial horri zegozkien ghettoetan: Mantxurria, Poblado, Casas baratas, Mundo mejor edo Katanga izenez denok ezagutzen ditugun orduko auzo periferikoetan, gaur egun ere erdal poltsa itxiak direnak.

Euskal oligarkiak, Francoren diktaduraren itzalean, inolako eskubide laboralik gabeko testuinguruan hazitako enpresa handien lan-esku merkea bihurtu ziren, gure lurralde osoan barreiaturik, ehunka mila. Herri batzuetan bertakoekin nahasi ziren, beste batzuetan gehiengo bihurtu ziren. Beren erdal hizkuntza inposatu zuten: Háblame en cristiano. Francoren aurkako borrokan euskaldunek borrokatu zuten etsai bera borrokatu bazuten ere, trantsizio deritzotena iritsi zenean burujabetza eta euskalgintzaren aldarrikapenetatik kanpo edo aurka geratu ziren gehienak, gaur arte. Ez zen etorkinen eta bertakoen ordezkaritza politikoen arteko Xibertarik, akordio ahaleginik izan, ez eta planteatu ere esango zuenik: "Zuen identitatea errespetatzen dugu, eta lur honetan zaudetenez gure identitatea ere egikaritzeko behar dugun akordioa nahi dugu zuekin". Komunitate bakoitzak bere bidea hartu zuen, bi bando, gaur arte.

Hala ere, lehenengo belaunaldi haietan asko izan ziren gau eskoletan euskara ikasi edo ikastolen sorreran parte hartu zutenak, bertako militantziarekin orpoz orpo. Euren lurretatik ekarritako kontzientzia libertarioak bertako borroketara eraman zituen, eta borroka horiek ere integrazio bide izan ziren. Gaur egun, milaka gara etorritako haien ondorengo belaunaldi euskaldunduak, eta esan dezakegu gure hizkuntzaren hazkundean erabakiorrak izan garela. Oro har, esan dezakegu gure portaletan elkarbizitza lortu dugula, pixkanaka elkarrekin nahasten joan garela, errezeloak gaindituz. Pertsonen arteko hurbilketak eta harremanak bere fruitua eman du. Baina komunitate kolektibo gisara, banaketa kulturalak eta politikoak hor dirau. Hauteskunde zein hizkuntzaren mapan erraz ikus daitezkeen gotorlekuak dira. Euskal kulturaren hedapenean ere pairatzen dugu banaketa horren muga. Bi proiektu desberdin gara, elkarren aurka. Euskal gatazkak gure arteko hurbilketarik ez du erraztu. Baina gure arteko amildegia ikuspegi klasistak eragin zuela ziur nago. Izan ere, oraingo etorkinen jatorrizko herrialdeekin gatazka politikorik ez dugun arren, mantxurrianoekin gertatutako hainbat akats errepikatzen dira oro har: mesfidantza, errezeloa, aurreiritziak… eta herri ekimenetatik ahalegin baliagarriak egiten badira ere, estrukturalki euskal identitatetik eta jendartearen akordio handietatik urrun geratzen dira oraingoak ere.

Orain, akordio handien garaia omen. Elkarbizitza akordio handiak: gatazkaren ondorioak, erabakitze eskubidea, euskararen normalizazioa, etorkizuna… Beharbada jadanik normaltasunez bizi garela senti edo pentsa dezake inork, baina hemen ia dena egiteke dago.

Ezin duzu espero beste aldean dauden ehunka mila hoien parte hartzerik aurretik hurbilketarik egin ezean, kalean agurtu ere egiten ez duzuna zure urtebetetze festara gonbidatu eta etortzea espero ezin duzun bezala. Bi norabidetako enpatia landu behar da.

Riomundo nobela idatzi nuenetik urte batzuk daramatzat Euskal Herriko hainbat integrazio eta aintzat hartze ekimenetan parte hartuz. Casa de Extremadura eta Centro Andaluz askotara joaten naiz hitz egitera eta nire familiaren integrazio historia kontatzera, Extremaduratik hasi eta bertsolari izaterainoko historia. Kasu gehienetan, honetaz hitz egiten den lehen aldia izaten da leku horietan, eta nire bizitzan egiten ari naizen gauzarik asebetegarrienetakoa izaten ari da. Leku guztietan ez ditut herri honekiko esker oneko hitzak baino entzuten. Eta malkoak ikusten ditut bizipenak partekatzean, tabuei heldu edo gauzei izena eta adjektiboak jartzean… eta beti dago norbait esaten duena: ¡Cuánto antes deberíamos haber hecho esto! Inoiz ez da beranduegi derrigor egin behar den horretarako. Akordio handien garaia da.

“Irtenbidea ez da diotena sinestea”

"Kontzientzia feministarekin egindako rapa" egiten du La Furiak. Izen horrekin taularatzen da, hain zuzen, Nerea Loron rap abeslaria (Cascante, Nafarroa, 1983). Egun, Donostian bizi da. Musika mota hori erabiltzen du bere aktibismo feminista hedatzeko, eta beste lagun batzuei euren ikuspuntuak hedatzen laguntzen die.

No hay clemencia diskoko ia abesti guztiak ikuspuntu feministatik egin dituzu.

Ez dut bilatu diskoa horrelakoa izatea. Gertatzen zaidana idazten dut, eta sistemaren konfigurazioa da egunerokoan gehien gogaitzen nauena: patriarkatuan eta kapitalismoan oinarrituta dago.

Noiz piztu zitzaizun kontzientzia feminista?

Zentzua dudanetik. Ama feminista da, eta bai bera, bai aita gizarte mugimenduei oso lotuta egon dira. Txikitatik joan izan naiz manifestazioetara, feministetara eta beste aldarrikapen sozialak egiten zituztenetara. Horretan oinarritutako hezkuntza jaso dut.

Telebistan-eta raparen irudi matxista saltzen dute.

Kontua da rapa egitea nahiko "erraza" dela; Do it yourself filosofiaren barruan dago, punka bezala. Orduan, musika hori egitea nahiko eskura du jendeak. Gizartea, oro har, oso matxista da, eta hori musikan islatzen da. Niri grazia egiten dit rapa musika matxista dela nabarmentzeak: indiea edo popa hor daude. Dituzten kodeak sotilagoak dira, ez dute hain hizkuntza "itsusia", baina abesti batzuk oso sexistak dira. Musika mota guztietan eduki matxista edo sexista asko dago.

Aldarrikatzaileagoak izan daitezkeen mezuak isilarazteagatik ematen zaie oihartzuna?

Bakoitzak gizartean betetzen duen espazioarekin du zerikusi handiagoa. Ez dut uste gainontzekoak isilarazteko denik… Nik gauza bat dut argi raparekin: 1970eko hamarkadan sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan, beltzen komunitateetan, Harlem eta Bronxen. Borrokarako arma zen, eta funts hori 1980ko hamarkadan mantendu zen. Gero gainbeheran joan zen, medio komertzialetan gehienbat. Zer egiten du sistema kapitalistak? Interesatzen zaion zerbait erosi, hustu eta esanahia kentzen dio, gero saltzeko. Gehien iristen zaigun rapa eduki gutxien duena da, eta interes gutxien duena. Ke hutsa.

Zein osasun egoera du rap feministak?

Gero eta gehiago dago. Hainbat mota daude: neskek egindako rapa, batetik; rap aktibista, bestetik; eta, azkenik, azpitalde bat, rap feminista. Gero eta kide gehiagorekin egiten dut topo, munduko edozein tokitan.

Zein metodologia erabiltzen duzue rap feminista tailerretan?

Teoria eta praktika bereizten ditut tailerretan. Teorian, raparen historia zein izan den aztertzen dugu, eskuragarri dagoen historia. Atentzioa ematen digun zerbait hartu, eta, hortik aurrera, emakumeak agertzen diren rap-aren historia hartzen dugu. Hutsune handia dago hor. Bilaketa horretan, erreferente izan daitezkeenen zerrenda osatzen dugu. Emakumeontzako oso garrantzitsua da erreferenteak izatea.

Zeintzuk dira erreferenteak?

Bakoitzak bereak izan ditzake. Niretzako, rap feministarekin hasi zen Queen Latifah izan daiteke bat; eta, gaur egungoa, Rebeca Lane. Baina ez du zertan ezaguna izan. Horretan datza gure tailerra: gure artean ahalduntzea, eta bata bestearen erreferente izatea. Ahizpatasuna edo sisterhood deitzen zaiona sortzea da helburua.

Eta praktikan zer lantzen duzue?

Prozesua da garrantzitsuena, bakoitzak bere burua aurki dezan. Lehendabizi, raparen bitartez, inguruan zer dagoen aztertzen dugu. Gero, interesgarriak izan daitezkeen gauzak ikusten ditugu, identifikagarriak direnak. Azkenik, niri zer gertatzen zaidan aztertzen dugu; zer esan nahi dudan eta nola. Adierazteko teknikak erakusten dizkiet: errimak, nola konposatzen den abesti bat… Tailerrean gure erreferenteen bilaketa egiten dugu, baina hori historia osora estrapola daiteke. Emakumeak ez gaude historiaren errelatoan egoki islatuak. Arlo jakin baten historian bilatzen badugu —rocka, zientzia, matematika…—, ez dugu erreferenterik aurkituko. Gauzek nola funtzionatzen duten ikustea da, eta guk zer egin dezakegun erabakitzea. Irtenbidea ez da dioten guztia sinestea, ezta inguruarekin nazkatzea ere. Zerbait eraiki behar dugu.

1.846

gipuzkoako suhiltzaileen esku hartzeak, iazGipuzkoako Aldundiaren suhiltzaileek 1.846 esku hartze egin zituzten 2014an. Gehienak salbamenduekin (932) eta suteekin (734) lotutako ekintzak izan ziren. 142 alarma faltsu ere izan ziren. Zerbitzu hori berm...

Urte eta erdiko birako azken kontzertua

Urte eta erdi igaro da Bide Ertzean taldeak 77 diskoa plazaratu zuenetik. Ordutik kontzertuak eskaintzen aritu da, eta gaur joko du birako azkena. Tolosan ariko dira, Topic zentroan, 20:30ean. Azkena izanik, berezitasunak izango dituela iragarri dute...

“Zenbat eta maila baxuagoa, hainbat eta irain gehiago”

Eskola kirolean beste kirol batzuekin batera probatu, gustatu eta jokalari izateaz gain, Xabier Larrañaga (Zarautz, 1989) laster hasi zen saskibaloiko entrenatzaile eta epaile lanetan ere. Ikasketaz kazetaria da, baina, horretan lan finkorik ez duenez, zaletasunari eusten dio, eta entrenatzaile zein epaile lanetan dihardu gaur egun. Espainiako txapelketan arbitratzeak ateak irekiko dizkiola uste du, eta lanak ongi egiteko gogoz dago.

Ikasketaz kazetaria zara. Zer egiten duzu saskibaloiko epaile lanetan?

Kazetaritza ikasi aurretik ere saskibaloiko epaile lanetan aritzen nintzen asteburuetan. Orain ere, aste barruan kazetari lanak egiten saiatzen naiz, eta asteburuak arbitro lanarentzat gordetzen ditut. Saskibaloia betidanik gustatu zait, eta epaile lanetan ikusten nuen neure burua. Umetatik izan dut lotura saskibaloiarekin; eskola garaian hiru kirol praktikatu nituen, baina kadetetara heldu eta aukera egin beharra izan nuenean, saskibaloia hautatu nuen. Hamar bat urte izango dira saskibaloiari erabat lotuta nagoela. Uste dut epaile lanetan ere buelta horretan hasi nintzela, 2005ean edo.

Baina esan daiteke lan horretatik bizi zarela?

Ba, gaur egun nire diru sarrera handiena epaile izatetik lortzen dudana da.

Saskibaloiko jokalari, entrenatzaile, epaile... denetarik izan zara. Zein duzu nahiago?

Hasten garen guztiok jokalari bezala hasten gara; klubean esaten digute eskola umeen partidak arbitratzen hasteko, eta epaile lanak egin nahi ez dituztenei buelta horretako umeen talderen bat entrenatzeko. Ni, hasieratik, entrenatzaile eta epaile lanetan hasi nintzen, eta urte batean hiru gauzatan aritu nintzen: jokatzen, entrenatzen eta arbitratzen. Senior mailara iritsi nintzenean, jokalari bezala lagun artean soilik joka nezakeen; entrenatzaile bezala ez nintzen erabat beteta sentitzen; aldiz, arbitratzen nahiko pozik nabil. Esan dezaket hori dela saskibaloian gustukoena dudan atala.

Zein mailatako edo adinetako jendea arbitratzen duzu?

Aurten, Euskal Herriko G4 epaile multzoan nago, Euskal Ligak deritzona izango litzateke, eta Euskal Saskibaloi Federazioan bi maila daudela kontuan izanda, baxuenekoan nago ni. Gipuzkoan edozer arbitra dezaket, kimuetatik hasi eta senior maila arte. Euskal Herrian, berriz, azken bi kategoriak: bigarren mailako emakumezkoena eta gizonezkoena; eta Euskal Ligak.

Saskibaloi partidak ikusita, irudipena dut arbitroek ia keinu hizkuntzan hitz egiten dutela.

Mundu guztiak esaten du, denek galdetzen dute ea hainbeste keinurekin ez garen nahasten. Azken batean, keinuena gure artean komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza da. Guk barneratuta daukagu, ez da konplikatua. Bi edo lau keinu dira, etengabe aldatzen doazenak.

Zer prestakuntza eskatzen dizue epaileoi zuen lanak; fisikoki-eta asko zaindu behar al duzue zeuen burua?

Euskal Herri mailan ardura batzuk baditugu, eta ni nagoen multzoan hiru hilean behin-edo azterketa teorikoak egin behar izaten ditugu. Horrez gain, urte hasieran proba fisikoak ere gainditzen ditugu. Denboraldian zehar, bakoitzak ikusten du zer egin nahi duen. Nik astean bizpahiru orduz korrika egiten dut, sasoi onean egoteko egin daitekeena horixe delako. Baina bai, aste barruan entrenatu egin behar da, asteburuetan sasoian egoteko.

Futbolean badago ohitura epailea ia denaren erantzule egiteko, hari txistuak jotzeko, hura kritikatzeko. Saskibaloian antzera izaten da, edo errespetu handiagoa dizuete?

Badago beste errespetu bat gurekiko, baina zenbat eta maila baxuagoa izan, hainbat eta irain gehiago jasotzen ditugu, gurasoen aldetik eta. Baina seniorretan badago nahikoa errespetu gure lana lasaitasun handiz egiteko. Lan hori ongi egiten badugu, ez dugu normalean arazorik izaten; gaizki eginez gero, gerta daiteke irainak-eta jasotzea.

Gurasoak, haurrei eredua eman ordez, arbitroa kritikatu.

Gure bileretan beti hitz egiten dugu gurasoen rolaz. Denek uste dute beren seme-alabak direla munduko jokalaririk onenak, eta saskiratzea lortzen ez badute, kanpo faktoreengatik izaten dela pentsatzen dute: defentsaren falta bategatik, adibidez. Orduan, errua ez diote botatzen beren haurrari, ezta beste umeari ere, errazena arbitroa kritikatzea da. Hala ere, badakigu hori beti egongo den zerbait dela, eta horrekin bizitzen jakin beharra daukagula.

Une gozo eta gaziren bat kontatzeko eskatuta, zer erantzungo zenuke?

Momentu txarra esango nuke 2012ko urte amaiera aldera-edo hasi zela. Garai horretan, arazo pertsonalengatik erabaki nuen arbitratzea urtebetez alde batera utziko nuela. Eta faltan sumatzen nuen, baina aldi berean ez nuen faltan sumatzen... Nahiko txarra izan zen bolada hori. Momentu ona, berriz, bihartik aurrera etorriko zait, lehen aldiz Espainiako Txapelketa arbitratuko dudalako.

Bihartik apirilaren 1era egongo zara bertan; urduri al zaude?

Urtarril erdialdean-edo esan ziguten Errenteriako kide bati eta bioi hara joango ginela, eta itxaronaldia nahiko luzea egiten ari zait; aste hau, bereziki, gogo handiz pasa dut. Beraz, eguna iristeko gogoa dut, baita lanak ongi egitekoa ere.

Aurrera begira eragina izango al du horrek?

Halakoek beti zabaltzen dituzte ateak, Espainiako jendearekin lan egitea beste maila bat da. Bertan aurkezpen egoki bat egiten badut, aukera gehiago izango ditut aurrera egiteko. Presio kutsua ere badut, baina azken hamar urteotan egindako lanaren sari moduko bat dela ere iruditzen zait. Gauzak ondo joango diren lasaitasunarekin nago, bereziki txapelketaz gozatzea nahi baitut.

Beraz, saskibaloi epaile izan nahi duzu aurrerantzean ere?

Oraingoz, ez dut beste lan finkorik, eta mundu honetan jarraitzeko aukera dudan bitartean eutsi egingo diot. Azkenean, hamar urte daramatzat honetan, eta nire bizitzako zati garrantzitsua da. Noski, lan aukera polit bat iristen bazait, eta asteburutan libre egotea eskatzen badit, ateak ezingo dizkiot itxi arlo pertsonalari ere.

Hamar urtetan, une xelebreren bat ere izango zenuen.

Bai, dezente daude. Izan daiteke epaileoz ahaztu eta kiroldegia gu barruan geundela itxi izana; izan daiteke kirolariren batzuekin izandako harremana... baina esango nuke mundu honetan ezagutzen ari naizen jende horrekin guztiarekin geratzen naizela.