Sailkatugabeak

Osinalde, “plaza ederra” bertsolarientzat

"Jendea adi egoten da, eta isil-isilik. Plaza ederra da Osinalde". Aratz Igartzabal gabiriarrak aukera izango du bere herriko Osinalde elkarteko sariketan kantatzeko. Aurretik, Aztiriako elkartean jokatuko du kanporaketa, hilaren 28an.Ilusio handia e...

Politika deserosoen beharra

Emakume izateak, hizkuntza gutxitu bateko hiztuna izateak bezala, toki batean kokatzen zaitu gizartean. Espazio batzuetara heltzen zara, eta beste batzuetara ez". Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria mintzo da. Korrikaren Euskahaldun! leloa kontu...

Bertsolarien harrobia

Gabiria eta Osinalde ondo barneratuta dauden bi izen dira bertsolarien eta bertsozaleen artean. Behin eskolarteko txapelketak bukatutakoan, bertsolari heldu bihurtzeko geltokia da, urtero, Gabiria. Txapelketa horretako txapela bertsolari gazteen ametsa izaten da. Aurtengoa abian da.

1971. urtean jokatu zen lehenengo sariketa, eta bertsolari gazteei aukerak emateko helburuarekin sortu zen. Historia handiko lehiaketa da, bertsolaritzaren garapenaren isla. Jokin Murua antolatzaileak gogoratu duenez, hasieran, Osinalde saria antolatzen hasi zirenean, "nahikoa lan" izaten zuten sei bertsolari aurkitzeko. Baina gero, bertsolari gehiago zeudela kontuan hartuta, 1998. urtean erabaki zuten Osinalde sariketari hiru kanporaketak gehitzea, bertsolari gehiagori aukera emateko.

Gaur egun, dena den, gero eta zailagoa egiten zaie hemezortzi bertsolari bakarrik aukeratzea. "Gero eta luzeagoa da deitu gabe uzten ditugun bertsolarien zerrenda, eta hori ez da erraza guretzat". Beste kanporaketa bat sortzea ere aztertu izan dute, baina ez dute bideragarria ikusten. "Hurrengo urterako, bertsolariak gonbidatzeko baldintzak hobeto zehaztekotan geratu gara, aukeraketa errazagoa izan dadin". Ahalik eta bertsolari gehienei aukera emateko, gehienez hiru urtez parte har dezakete bertsolariek. Gainera, Osinaldeko irabazleak ezin du berriz parte hartu.

Euskal Herri guztiko bertsolariei tokia egiten ahalegintzen dira antolatzaileak. Hala ere, "Gipuzkoako eta Goierriko sariketa da; beraz, Goierriko bertsolariei lehentasuna ematen" saiatzen dira. Goierriko bertsolaritza indartzeari garrantzia ematen diote antolatzaileek.

Bertsolarientzat, berriz, zentzu askotan da berezia Gabiriako sariketa. Bertso afariaren inguruan egiten da beti; eserita, mikrofonorik gabe. Eserita kantatzeak lasaitasuna ematen die bertsolariei. Entzuten ari den bertso zalea ere jantzia da bertsotan, eta edozein estualditan bertsolaria laguntzeko prest egoten da. Bertso afariko menua ere berezia izaten da, urtero bera: arkume odolaren pikatxa tortilla, arkume errea letxugarekin, gazta, sagar gozoa eta fruta.

Hiru kanporaketa

Aurten, hemezortzi bertsolari gaztek izango dute apirilaren 11n Osinalde elkarteko mahai nagusian esertzeko aukera. Horretarako, Zaldibia, Ordizia eta Aztiriako hiru kanporaketetan txartela eskuratu beharko dute —saio bakoitzeko bi txartel daude—. Zaldibiako kanporaketa jokatu da dagoeneko, eta Eneritz Artetxe eta Xabi Igoa bertsolariek lortu dute Gabirian kantatzeko sailkatzea.

Bigarren kanporaketa bihar jokatuko dute, Ordizian, Argi Berri elkartean. Horretan kantatuko dute Gemma Urteagak, Jokin Bergarak, Unai Mendizabalek, Maialen Akizuk, Oihana Iguaranek eta Ortzi Muruak. Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, hilaren 28an jokatuko dute, Gabirian, Aztiri elkartean.

Azken 43 urteetan bertsolaritzaren munduan ibilbidea egin duten bertsolariak aritu dira Osinalden. Lehenengo urteko irabazlea Patxi Iraola zaldibiarra izan zen; Osinalde sariketa irabazi zuen lehenengo emakumezko bertsolaria, berriz, Arantzazu Loidi izan zen, 1984. urtean. Jon Sarasuak 1982. urtean irabazi zuen, eta Xabier Euzkitzek 1983. urtean. 1991n, 1992an eta 1993an, Euskal Herriko azken bertsolari txapelketako finalean aritu ziren hiru bertsolari izan ziren irabazleak: Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi. Iazko irabazlea Aitor Irastorza zaldibiarra izan zen.

1971. urtetik indartsu iraun du, gabiriarrek mimo handiz prestatzen dutelako. Herri oso bat biltzen da bertsoaren inguruan: batzuk gaiak jartzen ibiltzen dira; besteak, afaria prestatzen; beste batzuk, afaria zerbitzatzen; eta beste batzuk, kantatzen. Gabiria oso herri bertsozalea da, eta horren adibide onena da gaur egun ere gazteen artean dagoen bertsolari taldea.

1.200

udalekuetara joateko aukera izango duten umeak

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo udan udalekuetara joateko eskaintza aurkeztu du. Lurraldeko 1.200 umek izango dute aukera udalekuetara joateko —iaz baino ehun gehiagok—, uztailaren 1etik abuztuaren 14ra bitartean. 7 eta 13 urte artekoentzat da eskaintza.

Mondragon Unibertsitatea, gizarte eragileekin

Ez da berria Mondragon Unibertsitatearen eta Baltistan fundazioaren elkarlana. Jon Altuna unibertsitateko errektoreordeak azaldu duenez, ikasleek ikasturte amaierako proiektuak egin izan dituzte han; azpiegiturak hobetzeko proiektuak eta abar. Aurten,...

Denboraren joana

Berrogeitaka urte dauzkagunok ondotxo dakigu zenbat afari, bazkari, ospakizun egiten diren bizitzaren laugarren hamarkadara iritsitakoan. Sukar arraro bat sortzen zaie askori, eta hala ekiten diote txikitako auzoko lagunen afaria, udalekuetako kideen asteburu-pasa, institutuko klaseko bazkaria, hogei urterekin egindako bidaia gogoangarri haren txangokideen juntadizoa…

Denak nerabezaro edo lehenengo gaztaroko kontuak dira beti, revival gustukoak, beti baitago orduko argazki emanaldia, sasoi hartako musika edota garai hartako anekdoten etengabeko kontaketa. Esan liteke berrogeiekin batera elkarretaratze horien antolatzaileek igartzen dutela gaztetasuna badoakiela esku artetik, hondartzako harea legez, eta helduaroan zeharo sartuta eta egonkortuta egon aurretik berriro ere bizi behar dituztela orduko denbora (ustezko) zoragarriak, aspaldian, artean gazte eta berde ginela...

Nostalgia izango da batzuentzat, oraindik gazte daudela konfirmatzeko besteentzat, baina horrelakoetatik sentsazio bereziak ateratzen ditut. Adibidez, hain gustuko nuen mutil hura gaur egun zelakoa den ikusita (eta ez naiz fisikoaz ari), galdetzen diot neure buruari nola izan zitekeen erakarpen hura, gaur egun duen filosofia eta iritziekin.

Era berean, sarri askotan halako ospakizunetan, nire adineko jendearekin egon beharrean gurasoen kuadrillarekin nagoela pentsatu izan dut: gaiak, jarrerak, pentsaerak... Kezkagarria, benetan, konturatzen naizelako zein gutxi mugitu den gizartea, eta rolak etengabe errepikatzen direla. Tira, gurasoen lagun taldearena berrogeirekin ez ezik hogeita hamarrekin ere gertatu izan zait, beraz ez dakit adinaren kontua den ala beste zeozer. Dena den, azkenean beti pentsatzen dut eurak ote diren aldatu direnak ala ni neu naizen aldaketa izan duena.

Zaila da jakitea hori. Seguruenik denok aldatu gara, baina gaitza da esatea nor den kanbio handiena izan duena. Hala ere, harritu egiten nau euren buruek izan duten deribak: lehen defendatzen zutena, orain haren kontrario. Ia errekonozitu ere ez ditut egiten batzuk.

Beraz, gu orain hogei urte gaur egun garenak ginen, ala beste batzuk gara? Duela bi hamarkada oraingoa nintzen ala hainbeste aldatu naiz, ezen ez nauen inork ezagutzen? Orduan, beste horiek oraingo horiek dira, ala ez? Orain direnaren hazia euren baitan zeukaten, ala zegoeneko halakoak ziren? Izan ere, gaur ez ditut aurkitzen eurengan orduan topatutako gauza on haiek guztiak.

Esan dudan bezala, baliteke ni izatea aldatu dena, lozorrotik esnatu, lehen ikusten ez nuena behin betiko begiztatu duena izan ninteke; izan ere, inoiz baino niago sentitzen bainaiz gaur egun...

Zein berezia den mundua, zein bitxiak garen pertsonok. Baina zientifikoek esaten dutenaren arabera, gorputzeko zelula guztiak zazpi urtean behin mudatzen dira, eta ez zaigu lehengotik ezer geratzen. Beraz, hasiera hartako gu edo ni hura non dago? Gu gara orduko haiek, ala beste norbaitzuk bihurtu gara? Eta beste batzuk bagara, non geratu dira gure antzinako guak, beste botoi galduak bezala, hor nonbait? Ez gara gure baitakoak, antza denez. Haizeak eta gertaerek mugitutako zapiak baizik.

“Jendea oso hurbilekoa eta irekia da”

Erronka proiektua Felix Baltistan fundazioaren "beste urrats bat" da Alberto Iñurrategirentzat (Aretxabaleta, 1968). Duela hamalau urte fundazio forma eman zioten "kontzientzian" zeramaten "ardura bati". Harrezkero, bide horretan dabiltza lanean.

Noiz izan zara Hushen azkenekoz?

Zorionez, azken bi urteetan nire mendiko jarduerak Pakistanen izan dira, espedizioak behintzat, eta aprobetxatu dut bai 2013an eta bai 2014an Matxulutik pasatu, jendea agurtu eta martxan ditugun proiektuen berri izateko.

Nola aurkitu dituzu?

Nahiz eta urte batzuk egin ditugun lanean, oraindik ere asko dago egiteko. Hemendik izan genezakeen pertzepzioa kontu txiki batzuetan aldatu da onerako, baina oro har inguruak antzera jarraitzen du. Oso inguru pobrea da, nekazaritzan oinarritutakoa; gabezia ikaragarriak dituen eskualdea da.

Fundazioaren lanak, ordea, balio izan du egoera aldatzeko.

Fundazioak lan ugari egin ditu, batzuetan asmatu du, besteetan ez hainbeste; kale ere egin dugu. Gure tamainako fundazio batek egin dezakeena, nahiz eta polita eta garrantzitsua izan, ez dakit bizimodua aldatzeko adinakoa izango den. Gure asmoa hori da: bizitza duin bat izateko baldintzetara iristeko gaitasuna lortzen laguntzea, baina oraindik bide luzea daukagu egiteko.

Nolakoak dira Hushe bailarako herritarrak?

Denetik dago, baina bizi izan dudana da jendea oso irekia eta hurbilekoa dela. Espezialistak dira jendearen barrenera iristen. Pertzepzio hori ez dut adibidez Nepalen edo Tibeten izan. Pakistanen esan dezaket hasieratik beste kontaktu bat izan dudala jendearekin.

Pakistango Gobernuaren aldetik badago interesa bailara horrekiko?

Hiriburutik oso urrun dagoen eskualdea da. Garai batean Kaxmir izandako lurraldean kokatua dago, eta Pakistanek kontrolatua dagoen lurralde zatia izan arren, oraindik Indiarekin disputan dagoen kontu bat da. Hortaz, pentsatzen dut gobernuak ez duela interes berezirik eskualde horretan inbertsio handirik egiteko. Oraindik ere bere ardurarik handiena kontu militarra da, lurralde zati hori bere egitea. Nahikoa du bertako biztanleria adostasun baten barruan izatearekin.

Aurrera begira, zein litzateke fundazioaren erronka?

Polita litzateke esku artean ditugun bi proiekturik sendoenak oinarri on batean egonkortu, horiek aurrera eraman eta garapen sendoa izatea. Hezkuntzaren eta emakumearen gaineko proiektuez ari naiz; izan ere, horiek dira momentu honetan fundazioaren zutabe garrantzitsuenak.

Eta maila pertsonalean? Baduzu espediziorik buruan?

Buruan beti izaten ditugu espedizioak, baina gero esku artera ekarri behar dira. Horretan ari gara; ea udazkenerako zerbaiti forma ematen diogun eta burutik eskura ekartzen dugun.

Irtenbidea irtendako bideari

Gertuago dago “behin betiko irtenbidea”. Urumea ibaia bidetik irteten den bakoitzean kalteak nabariak dira Donostian, Martutene eta Txomin Ene inguruetan. Otsail amaierarekin iritsi zen azken uholdea, baina arazoa aspaldidanik dator. Egoerari soluzioa emateko, uholdeei aurre egiteko lanak hasiko dituzte apirilean Uraren Euskal Agentziak eta Donostiako Udalak. Bi egiteko nagusi izango dira: ibaian dauden oztopo hidraulikoak...

Herriz herri, Korrika

Badator Korrika! Korrika badator! Eta, Korrikaren hasiera hurbildu ahala, gero eta ekitaldi gehiago egiten dira herriz herri. Korrika Kulturalaren barruan, aurten zalantzarik ez dago: bertsoak, bertsolariek eta orotariko bertso saioek dute nagusitasuna.

Eta, bertsolaritzarekin lotuta, bat nabarmentzekotan, Bertsolaritzaren Sekretuak. Isilduriko emakumeen istorioa ikuskizuna, Villabonan asteazkenean eskainiko dutena. Narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta, historiak sekretuan gorde dituen emakume bertsolarien lana argitara aterako dute, bai eta emakume haiek izan zituzten bizipenak ere. Emakume bertsolarien ikur izandako Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena —Xenpelar zenaren iloba— abiapuntu hartuta, haren aurretik eta ondoren izandako emakume bertsolarien lana eta ekarpena izango dira protagonista.

Urepelen Bilborako bidean lehen pausoak ematen hasi aurretik, hainbat aukera daude aste honetan gozamenerako:

Gaur

Larraul. Bertso Korrika, 19:00etan, Katillutxulo elkartean.

Arrasate. Bertso Korrika, 19:30ean, Jai Zale tabernan.

Tolosa. Bertso jale, 21:00etan, Lizardi elkartean.

Eibar. Bertso afaria, 21:00etan, Kultun.

Lasarte. Bertso Korrika, 22:30ean, Jalgi tabernan.

Bihar

Lasarte. Zu Gabe antzezlana, Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa aktoreekin, 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean.

Asteazkenean

Villabona. Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia ikuskizuna, 20:00etan, Subijana etxeko areto nagusian.

Zarautz. Gosariak, 22:00etan, Modelo aretoan.