Sailkatugabeak

Kantu bat Gladys del Estalen konpromisoari

"Langilea zen, konprometituta zegoen". Gladys del Estal militante ekologistak nuklearren kontra egin zituen bere azken aldarrikapenak. Ekainean 36 urte beteko dira Guardia Zibilak Tuteran hil zuenetik. Urtero bezala, aurten ere gogoan izango du Eguzki...

Porlanezko gezurrak

Orain hogei bat urte erosi nion udalekuetako begiralekide bati abiadura handiko trenaren kontrako kamiseta. Proiektu horren berri urte batzuk lehenago izan genuen, baina orduan, nikia erositakoan, jaso nituen azalpenak, eta hortik aurrera, eskuetara heltzen zitzaidan guztia irakurri.

Hogeita bost urtean gabiltza bueltaka trenaren kontu honekin: abiadura handikoa izango zela. Gero ezinezkoa zela gure orografia eta distantziengatik eta abiadura altukoa izango zela. Ostean, pertsonak garraiatzeko ez ezik, merkantziak ere eramango zituela. Beranduago, ezetz, tren-geltokietan biltegi erraldoiak egin behar zirelako eta bateraezina zela hori hiriburuen erdigunera ailegatzearekin.

Europarekin lotuko gintuela ere esan ziguten, baina Frantziako gobernu bik, kolore politiko desberdinetakoek gainera, berretsi dute beste hamabost urtean, gutxienez, ez dutela beste linearik egingo, eta "gurearekin" lotzearena are atzerago izango da, inoiz baldin bada. Beraz, Europa bakarra Madril litzateke, eta lotura hori zalantzakoa da, gainera. Hori gutxi balitz, egunotan esan digute aurreikusitako bidaia-denborak ez direla hain laburrak izango, automobilean egitea bezalakoak izango direla, alegia.

Hori dena jakinda, Eusko Jaurlaritzak aurrera segitzen du, guztiz tematuta lan itzel honekin. Kosta ahala kosta. Burugabeki. Daukaguna eta ez daukaguna gastatuta. Ingurumenean kalte itzulezinak eginda, langileak lan istripuetan hilda, erabili behar ez diren zubiak eraiki eta bertan behera lagata. Eta, hala ere, ekin. Egoera ekonomiko latz honetan, larrialdiko laguntzak amaitu direnean, kontziliaziogatikoak agortu zaizkigunean. Osakidetzan murrizketengatik langile gutxiago, probak eta tratamenduak laburtuta, dirurik ez dagoelako.

Gero gestio onaz egingo dute berba. Hemen gauzak buruaz egiten direla, ez daukagula erabili bako aireporturik, baina bai Euskotrenek erosi zazpi lokomotora, 22 milioi euro gastatu eta erabili ez. Edo neurriz kanpoko proiektuak, Balentziaga museoa bezalakoak: ederra baina gordetzen duenarentzat eraikin handiegia. Edo BEC erraldoia, diru-zulo hutsa… Handia, erraldoia, garaua, tantaia, jigantea… dena neurriz kanpokoa. Zenbat eta handiagoa, hobe.

Ingurura begiratuta, oso jokabide espainiarra da hori. Porlanean eta enparauetan dirua xahutu, beharbada inoiz ez erabiltzeko La Engañako tunelarekin (Kantabria eta Burgos artean) gertatu zen bezala: Santander eta Mediterraneoa lotuko zuen trenbidearen obra ikaragarri zaila eta gogorra, goitik behera amaituta zegoena, heriotzak eragin zituena baina sekula ez zutena martxan jarri. Ezagunegia kontua ezta?

Baina orain, trena ei da etorkizuna. Horrela zuritzen dute euren burua. Zaila da ulertzea, hala ere, kontu hau, jakinda joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan Hego Euskal Herria zela Europan kilometro koadroko trenbide kilometro gehien zuen lurraldea. Orain trena etorkizuna, baina orduan linea hauetako asko (Plazaola, Urola, Vasco-navarro…) eraitsi zituzten eta lurraldea errepidez bete, automobila, bere industria, erregai eta eraikuntza-enpresen mesedetan: porlana eta petrolioa elkar hartuta. Gaur egun ere halaxe: denon kontura batzuek negozioa egin, herritarrendako eskasia eta estutasuna badakar ere. Diruak baitu boterea, eta gobernua.

“Diagnostikorako epea luzea da”

Fibromialgia eta neke kronikoaren sindromea dutenen Gipuzkoako elkartea da Bizi-bide. Arantza Alzibar (Donostia, 1961) elkarteko kidea da, eta gaixotasunaren diagnostikoak azkarragoa izan behar duela aldarrikatzen du: "Gero eta lehenago diagnostikatu,...

Berdintasunera, nor bere trenean

Zein iritzi duzu hauteskundeetako zerrendetan berdintasun kuotak jartzeari buruz? Kuota horiek bermatzen al dute berdintasuna?Zeintzuk dira zuen alderdiak gizon eta emakumeen berdintasunera begira planteatzen dituen politikak? Nola jasotzen dituzue ho...

Ipuskuari lotuta

. Tolosaren eta Altzoren arteko lotura 1374an hasi eta 1615ean amaitu zen. Jaunaren eta leinu zaharren mendetasunetik ihes egin nahian erabaki zuten Altzo Tolosara batzea, baina hiribildu titulua erosi zuten gero, 1450etik aurrera izaniko arazoek hartaraturik.

Altzotarrek Gaztelako Filipe III.a erregeari erosi zioten hiribildu izateko titulua. Dirua bildu eta ordaindu ahal izateko, hainbat neurri hartu behar izan zituzten. Batetik, herrian egiten ziren salmenta guztien gaineko zerga bat sortu zuten —ogia kenduta—, eta, horrela, ordaindu beharrekoaren bi heren pagatu zuten. Bestetik, beste herena betetzeko, Altzo herriak berak eta batzarra osatzen zuten auzokoek mailegu bat eskatu behar izan zuten. 1.420 dukaten truke, Tolosako Pedro Errekalderi beren etxeak berme gisa eman zizkioten, besteak beste.

Horretaz gainera, erregearekin negoziatuta, ordainketa atzeratzea ere lortu zuten. Guztira, 91 auzokide zenbatu zituzten betebehar hori gauzatzeko, eta auzoko bakoitzak 25 dukat jarri behar izan zituen. Beste lau zalantzan gelditu ziren —ez da ageri, behintzat, ordaindu zutenik—. Era berean, auzotarrek eskubide politikoak izateko aukera izan zuten.

Ordainketa eginda, hiribildu berriek zer toki merezi zuten zehazteko, hiribildu titulua lortzeagatik ordaindutakoaren arabera antolatzea erabaki zuten. Horrela, herri bakoitzaren auzo-kide zenbakiari erreparatu zioten, David Zapirain Karrikak idatzitako Altzotik Altzora. Ibilaldi historikoa Altzon zehar liburuan irakur daitekeenez (Aranzadiren Tolosaldea historia bilduma, 2003). Altzok 853.125 marabedi ordaindu behar izan zuen, eta, horren ondorioz, herriko etxeei zortzi boto egokitu zitzaizkien. Hogeita hamar hiribildu berrien artean hogeita hirugarrena geratu zen Altzo, apalenen artean. Bere tamainagatik, Altzok ezin izan zuen Batzar Nagusietan jarleku bat berak bakarrik ordaindu, eta, horretarako, Bozue Handia batasuneko parte egin zen 1617an. Elkargo hori Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Ikaztegieta eta Baliarrainek osatzen zuten.

Independentzia aurretik

Altzo 1374. urtean elkartu zen Tolosarekin. Zapirain Karrikaren liburuan jasotzen denez, hori baino lehenago Altzok ez zuen hiribildu gisa jokatzen, leku bezala baizik, "eta, beraz, pentsa daiteke mugak lausotu samar dituen eremua dela". Udaletxe batera lotuta baino gehiago, jaunari eta elizari lotuta zeuden altzotarrak, Olazabal edo Salbatore edo Andra Mari parrokietara. Horiek izan ziren euren nortasuna adierazteko ikur nagusiak.

Tolosarekin elkartzean, epaile eta legeen araberako bizimodura moldatu ziren, jaunaren eta leinu zaharren menpekotasunetik ihes eginez, eta Gaztelako erregearen hiri sarean txertatuz. Tolosarekin elkartzean, bere lurren kudeaketa zuzenari eutsi zion, baina ez zuen auzokoak epaitzeko erabateko gaitasunik.

1450. urtetik aurrera sortu ziren arazoak: sistema horretan, herrixkek ez zuten ordezkaritza zuzenik lortzen Gipuzkoan sendotzen ari ziren erakunde politikoetan —batzar nagusietan eta foru aldundian—.

Altzorekin lotuta agertzen da historian lehendabiziko aldiz Gipuzkoa hitza —Ipuskua gisa—, Iruñeko Antso III.a erregearen garaian. Zehazki, Ipuskuako agintea zuten Gaila andrearen eta Garzia Azenariz jaunaren eskutik ageri da, 1025. urtean; bikote horren jabetzen zerrendan aipatzen da Olazabalgo Salbatore eliza.

Ezberdinak batu, berdin ez segitzeko

Gure edukiak udalean txertatzen baditugu, irabazi egin dugu". Maiatzeko udal hauteskundeak ditu hizpide Josebe Iturriozek, Plaz hautagaitza feministako bozeramaileak. Aurreko aldietan baino boto gehiago biltzea espero izan arren, ez zaio gustatzen arr...

Bankuei, lotsagabe

Hauteskunde urtea aprobetxatu dute Stop Kaleratzeak eta IRPH Stop plataformek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi politikoei dekalogo bat aurkeztu eta bere egin dezaten. Bihar arteko epea dute, eta alderdiek euren burua “erretratatu” beharko dutela dio Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformako Rosa Garciak. Aste honetan Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak iragarri du familiei bankuekin duten zorra negoziatzeko aukera...

“Bankuak ematen dizu aterki bat, baina zulatutako aterkia da”

Bere negozioa eta etxea kolokan dituen beste autonomo bat gehiago da Josean Sanchez. “Asko gara”, dio. Egoera horrek eraman zuen Kaleratzeak Stop plataformara. Laguntza bila joan zen, baina plataformako ekintzailea da egun. Negozioa eta etxebizitza galtzear zaude, hipoteken ondorioz. Zein da zure egoera? 2004an, Errenterian etxe bat erosi nuen. Hondatuta zegoen, eta hura berritzeko kreditu...

Ben, esadazu zer demontre den

Halloween gauean bere tabernan antolatu zuen festan sartu zidan Benek ontzitxoa berokiko patrikan. "LSD likidoa da, ondo pasa!" esan, eta lankidearekin metro bateko pitxer erraldoi batean edabe bitxi bat prestatzen hasi zen, kolore biziko edukidun botila andana bertara nahastuta. "Galanta sartu nahi izan zidak tipoak gaur ere ontzitxoaren kontuarekin!" pentsatu, eta ahal zuenerako beste Rollberg gorri bat eskatu nion.

Astebete edo pasatu zen berokia berriz jantzi eta patrikan zerbait ahazturik nuela konturatu nintzenerako. Bitxia zen ontzitxoa. Gardena, gaztaina baten tamainakoa, gomazko estalki batekin. Barrukoa Benek tabernan sortu ohi dituen txupito zoroetako bat izango zela imajinatu nuen. Baditu, adibidez, sexuarekin lotutako gaixotasunen izenekin bataiatutako asko: klamidiak edo gonorreak edan izan ditut Benen tabernan.

Gomazko estalkia kendu nion ontzitxoari, eta usaintzearekin argi ondorioztatu nuen, ordea, alkoholik ez zuela edukiak. "Ezin du izan!" batekin, ordenagailura jo nuen. LSDa kartoitxo txikietan zetorrela uste, eta bertsio likidorik ere ba ote zegoen jakin nahi izan nuen. Baietz irakurtzeak, eta erabiltzaile askok Benena bezalako ontzitxoetan urarekin nahastua gordetzen zutela jakiteak ez ninduen batere lasaitu.

Legezko zein legez kanpoko substantzia psikotropikoekin benetako jakingura du Benek, eta ludikoa bezain enpirikoa den jarrerarekin frogatzen du eskuetan erortzen zaion edozer. Frantziarra izanda ere, ostatu berria zabaldu zuenerako Berlingo soto ezkutuenetan destilatzen diren baimenik gabeko likore frikienak barra atzeko armairutxoan ezkutatuta zituen. Tabernari batek bere lanbidea horrenbeste maitatzeak ezin du sanoa izan, nik uste.

Ontzitxoak hilabeteak daramatza logelako apalean, argi pornografiko samarra ematen duen lanpara morearen alboan. LSDa denik sinetsi ez, baina tragoxka emateko ausardiarik ere ez dut bildu. Eta Benen tabernak hiri erdian kokatuta ere izkina guztietatik urruti egotearen ezaugarri miragarria duenez, ezin izan naiz bertaratu barruan zer demontre dagoen galdetzeko.

Azkenean, joan zen ostiral gauean ikusi genuen elkar, etxe alboko kaleko diskotekan. Lanak bukatuta omen zen Ben. Ni, berriz, Laurarenean afaltzetik nentorren; berandu zen, eta ardoarekin goizegi hasia nintzen. Ontzitxoko likido gardena LSDa zen galdetu nion zuzenean, eta algara batean lehertu zen bera. "Hala balitz eman egingo nizukeela uste al duzu ala?" esatearekin Rollberg gorri bat eskatu zidan, berean bezala han ere kañeroan daukate garagardo bikain hori.

Ordurako, diskotekan kabitu ez, eta etxerakoak nola egin nituen ez dut gogoan. Biharamunean, oso berandu oheratu nintzela egiaztatzeak harritu ninduen —goizeko zortzietan ziento bat whatsapp lotsagarri bidaliak nituen—. Gaua zen berriro esnatzerako, eta ajea ari zuen goian-behean. Baina kaskoko mina baino, nire burua espazioan flotatzen sumatzen nuen, logelatik milaka kilometrora.

Apalera begiratu, eta ontzitxoa erdi hutsik zegoela ikusi nuen orduan. Benekin serio hitz egin beharra daukat.