Sailkatugabeak

Kulturaren gogoeta, musikaz eta bertsoz

Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano jotzaileak Garai hura gara ikuskizuna aurkeztuko dute Villabonan. Emanaldiaren bidez, XVIII. mendeko eta XIX.aren hasierako kultur joeren berri eman nahi dute: Europan, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Amezketan… kultura nola bizi zen. Hori guztia zenbait sorkuntza adierazpenen bitartez egingo dute: Egañak, batetik, Pernando Amezketarraren bertsoak eta bere garaiko beste hainbatenak eskainiko ditu; Lizasok, bestetik, zenbait musikagileren obrak interpretatuko ditu. Mikel Mariskal da ikuskizunaren zuzendaria. Bertsoz eta musikaz gozatzeko aukeraz gain, iraganean murgiltzeko aukera ezin hobea dela iritzi dio.

Ez da Egañak eta Lizasok elkarrekin lan egiten duten lehen aldia. Aurretik, Bi arreba emanaldia eskaintzen aritu dira herriz herri. Chopin piano jotzailea eta Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar bertsolaria dira lan horretan ardatz.

'Garai hura gara'

Gaur, 20:30ean, Subijana etxean (Villabona).

Mauka bat, ezuste ugari

Komedia eta drama uztartzen ditu Iñake Irastorza, Ana Elordi eta Ramon Agirreren azken lanak. Sarak (Elordi) gustuko duen etxea topatuko du: merkea da, zabala, eta ikuspegi ederrak ditu. Eskaintza, ordea, ez da hain perfektua izango. Sarari "enbarazu" egingo dion osagarri bat du: Lola, etxearen jabea (Irastorza). Adineko emakume bat da, eta hil arte etxe horretan bizitzeko baldintza jarri du. Hala ere, Sarak etxea erosi eta itxarotea erabakiko du. Baina etxea libre geratuko den eguna ez da iritsiko, eta egoera geroz eta jasangaitzagoa bilakatuko da.

Benetako gertaera batean oinarrituta dago antzezlana. Zehazki, Juan Carlos Rubio obraren idazleari gertatutakoa du oinarri. Benetan irakurri zuen etxebizitza apopilo eta guzti saltzen zutela zioen iragarkia. Begoña Bilbaok zuzendu du Txalo ekoizpen etxearen antzezlana; testuaren itzulpena, berriz, Aitziber Garmendiak egin du.

'100 metro karratu'

Gaur, 22:00etan, Zabalotegi aretoan (Bergara).

Bihar, 20:00etan, kultur etxean (Astigarraga).

33.521

BISITAK EMAKUMEEN ETXERADonostiako Emakumeen Etxeak batez beste 2.794 erabiltzaile izan zituen iaz; 33.521, urte osoan. Emakumeentzat "erreferente" bilakatu dela adierazi du udalak. Azaroan bost urte beteko dira ireki zutenetik, eta hori ospatzeko, ek...

Berrehun eta bat, berrehun eta bi…

Markel Olanoren argazki handi batekin egin zuten Gipuzkoako Hitza-ren lehen zenbakiaren azala 2010eko azaroaren 5ean. Elkarrizketa egin zioten garai hartan Gipuzkoako ahaldun nagusi zenari. "Pasaiako badiaren biziberritzeak martxa ikaragarria hartuko ...

Talde formatuan, Kilometroen alde

Tapia eta Leturia trikitilari bikoteak talde formatuan emango du kontzertua bihar, Usurbilen. Mikel Artieda baxu jotzailearekin eta Txus Aranburu teklatu jotzailearekin ariko dira; Kilometroak jaiaren alde elkartuko dira espresuki. Emanaldi bikoitza e...

Ura badago…Gipuzkoako Ura-tik haratago!

Gipuzkoako ur-partzuergoari buruz ari gara. Gipuzkoako Urak. Izen horrekin, euren asmoa definitzen dute: Gipuzkoako uren kudeaketaren jabe izatea. Enpresa publikoa izan arren, kudeaketa eta kudeaketaren fruituak pertsona partikular zehatz batzuen esku...

59

PARTE HARTZAILEAK

Gabiriako rallysprintean 59 pilotu eta kopilotuk eman dute izena.

Faborito nagusiak. Antolatzaileen arabera, Aingeru Castro Euskadiko txapelduna, Gorka Antxustegi, Mattin Villares, Iban Tarsicio, Joxe Labaka, Jon Etxeberria eta Iñigo Alustiza dira.

Motorraren zarata Legazpitik Gabiriara

Legazpi eta Gabiria arteko lasaitasuna eta isiltasuna autoen motor hotsek apurtuko dute igandean. Lagun Artean lasterketa taldeak antolatuta, Euskal Herriko eta Gipuzkoako rallysprint denboraldia hasiko da Gabiriako XVII. rallysprint probarekin.

Beste behin ere, jende andana bilduko da Legazpitik Gabiriarako bide estuaren eta bihurriaren ertzean. Elurra, euria, eguzkia... Denetik izan dute hamazazpi urte hauetan, baina bat edo beste izan, rally zaleek ez dute hutsik egiten, denboraldi berria hasteko irrikan egoten baitira. Gainera, Legazpiko Euskal Herria plazan goizean goizetik autoak gertutik ikusteko aukera ere izango dute, autoen egiaztatzeak egingo baitituzte parke itxian.

Denboraldiko lehenengo proba denez, komisarioek lan gehiago izaten dute autoen egiaztatze lanak egiteko. Jorge del Cid Lagun Artean-eko kideak azaldu duenez, paperak eta agiriak ondo dauden, segurtasun neurriak betetzen dituzten eta abar begiratzen dute. Horregatik, ordubete lehenago irekiko dute egiaztatze ordua, 09:00etan. Jende asko "kuriositatez" joaten da parke itxira autoak ikustera. "Gabiriakoa berezia izaten da, pilotu batzuek auto berriak ekartzen dituzte eta". Enrique Barrenetxea bizkaitarrak, adibidez, auto berria prestatu du aurten, Mitsubishi Evo 9 bat, eta jakin-min handia dago horren bueltan, Del Ciden arabera. Jon Etxeberria legazpiarrak ere iaz hartu zuen Mitsubishi auto berria. "Kilometro gutxi batzuk egin ditut ordutik. Nahi baino gutxiago, dena den. Hala ere, gainerako Mitsubishietatik gertu egotea espero dut. Gozatzea eta bukatzea da kontua".

Lasterketa bera 15:00etan hasiko da. Legazpiko Euskal Herria plazatik Gabiriako Korta jatetxera bitarteko 6,65 kilometroak ahalik eta azkarren egitea dute pilotuek helburu. Hiru aldiz egingo beharko dute ibilbidea. 19:00ak inguruan bukatuko da lasterketa, eta 19:30ak aldera sari banaketa egingo dute Legazpiko plazan. Lasterketa polita espero dute antolatzaileek. Del Cidek dioenez, "BMWen ikusgarritasuna eta Mitsubishien eraginkortasuna" aurrez aurre jarriko dira.

Lasterketa bakoitza ezaugarri desberdinekoa izaten da, eta, Del Cidek dioenez, Gabiriakoa "egutegiko proba ikusgarrienetako bat da", ibilbideak gora eta behera egiten baitu. Hala, auto txikiek ere aukera izaten dute. Gogorarazi duenez, Egoitz Mujikak, adibidez, Saxo markako autoarekin egin zuen denborarik azkarrena iaz. "Ñañarriko igoeran, adibidez, errepidea zabalagoa da, eta auto handia izateak badu abantaila. Baina Gabirian ez hainbeste".

Segurtasun neurriak

Abiadurak berekin dakar arriskua; bai pilotuentzat, eta baita ikusleentzat ere. Era horretan, antolatzaileek hainbat gomendio egiten dizkiete bertaratzen diren zaleei. Batetik, aparkalekuei dagokienez, Ormaiztegitik Gabiriara doan errepideko bide bat aparkalekutarako egokituko dute, 10:00etatik aurrera. Legazpitik Gabiriara doan bidea ere ordu horretan itxiko dute autoentzat, eta "guztiz debekatuta dago rallysprintaren ibilbidean aparkatzea". Mendia "ahalik eta garbien" uzteko eta surik ez pizteko deia ere egin dute antolatzaileek.

Igandean hasi eta irailaren 19ra bitartean, Hego Euskal Herrian bederatzi rallysprint proba jokatuko dira. Gipuzkoan jokatuko dira gehienak, sei. Aurten, azkeneko bost urteko etenaren ondoren, Azkoitiko proba berreskuratuko dute. Beste bi proba, Bizkaikoak, datarik gabe daude oraingoz. "Denboraldia luzatzeko polita litzateke proba gehiago egotea urri aldean".

Suak eta urak urraturiko ibilbidea

Alegiak 1615eko maiatzaren 22an lortu zuen, Felipe III.aren eskutik, hiribildu independentearen titulua. Baina, Tolosarekiko desanexioa lortu zuten herrien artean —14 izan ziren guztira—, Alegia berezia zen. Izan ere, aurrez ere bazituen gainerako herriek ez zituzten zenbait pribilegio —muga zergak ezartzeko eskubidea, esate baterako—, 1454. urtean Enrike IV.a erregeak emandakoak. "Erregeari egindako zerbitzu garrantzitsuen ordainsari gisa" eskuratu zuten alegiarrek hiri titulua XV. mendean, eta errege beraren eskutik jaso zuten herriaren armarria izango zena ere. Bost otso odoleztatuk osatzen dute armarri hori, alegiarrek Olmedoko gudan izandako ausardia goraipatzeko jasotakoa.

1319tik Tolosari atxikita

Alegiaren sorrerari buruzko data finkorik ez badago ere, 1319rako bazegoen antolatutako egitura bat. Izan ere, urte hartako urtarrilaren 21ean sinatu zen Tolosarekiko anexioa, Alegiako bizilagunen eskariz. Hiru mende iraun zuen herri bien arteko loturak. Eta 1454an Enrike IV.aren ebazpenaren bitartez Alegiak hainbat pribilegio eskuratu zituen arren, arlo zibileko eta kriminaleko eskumen osoa eta erabateko independentzia ez zituen 1615 arte eskuratu.

Felipe III.aren eskutik jaso zuen desanexiorako eskubidea, eta, eskumen osoa lortzeaz gain, Alegiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza izatea lortu zuen. Horietan indar gehiagoz jarduteko, ordea, bakarka baino, taldean jokatzea erabaki zuen. Hala, 1625eko apirilaren 7an sinatutako kontratu baten bidez, Alegiak, Ikaztegietak eta Orendainek Aizpuruako Batasuna osatu zuten, eta hiruren artean ahaldun bat izendatzen zuten. Hitzarmena hogei urtean behin berrikusten zuten, eta 1660an Altzo elkartu zitzaien.

Dirutza erregearentzat

Alegiak 43.704 dukat ordaindu zizkion Felipe III.ari hiribildu tituluaren truke; baina dukat kopuru hori lortzea ez zen erraza garai hartan, dirutza handia baitzen —konparazio batera, bi idik 24 dukat inguru balio zuten, eta baserri baten urtebeteko alokairuak, 22 dukat inguru—. 158 familia unitate zenbatu zituzten Gaztelako erregearen ordezkariek Alegian, eta kopuru horri zegokion hiribildu tituluagatik ordaindutakoa, familia unitate bakoitzeko 25 dukat ordaindu behar baitzituzten herriek hiribildu titulua eskuratzeko.

Urte hartan desanexioa lortu zuten herrien artean beste bi herrik ordaindu zuten Alegiaren antzeko kopurua: Albizturrek (43.772 dukat) eta Zizurkilek (40.000 dukat).

Uholdeak eta suteak

Alegiaren historia suak eta urak zedarrituta dagoela esan liteke. Hala, 1532. urtean sute handi batek herria ia osorik suntsitu zuen. Jose Ignacio Iglesias Basañezek kaleratutako Alegia. Una visión histórica liburuaren arabera, soilik bederatzi etxe gelditu ziren zutik. "Etxeak egurrezkoak izanik, nahikoa zen txinparta bat etxea osorik erretzeko; eta etxeak bata bestetik oso gertu eraikita zeudenez, 1532an sute beldurgarri batek ia herri osoa suntsitu zuen". Sute horren ostean, beilariak hartu zuen gauero herriko etxeak erretzen ez zirela zaintzeko ardura. Edozein sute piztuz gero, haren lana zen beste etxeetan abisua lehenbailehen ematea. Halere, horrek ez zuen saihestu 1648an beste sute handi batek herriko hemeretzi etxe erretzea.

Bestalde, bi ibairen —Amezketa eta Oria— topaleku izanda, Alegiak urarekin ere izan ditu arazoak. XVII. mendetik hainbat uholde daude agirietan jasota. Baina larrienak 1762koa —bi pertsona hil ziren—, 1953koa —urak 2,80 metroko garaiera hartu zuen— eta 1983koa —hiru metroko altuera gainditu zuen urak— izan ziren.

Hain zuzen ere, azken uholde horien ondorioz Alegiaren irudi eta ikur den Zubi Zaharrak kalte handiak izan zituen, eta 1983an konpondu egin behar izan zuten, betiere ezaugarriei eutsiz. Izan ere, Alegiako Zubi Zaharra XIII. mendeko eraikuntza da. Mende askoan Alegiatik Orendainera eta, handik, Aralarrera joateko bide bakarra izan zen.

“Zuek bezalakoak behar ditu euskarak”

Hilabete eskas falta da Korrika Ordiziara iristeko, baina euskaltzale petodunak kalera irten dira dagoeneko. Euskaltegiaren bueltan dabiltza asteazken arratsaldez; euria atertu gabe ari du, baina esperotakoa zen: plastifikatutako petoak prestatzen ari dira euskara ikasleak, Bertso Korrika hasi aurretik.

Sarrera alboko gelan dira Begoña Garcia, Xanti Zurutuza, Txaro Hurtado eta Marisa Presa. Euskaltegiko ikasleak dira, eta, gelakideekin batera, bertsolaritza lantzen aritu dira klasean, Bertso Korrikaren atariko. Errimak, gaiak eta doinuak jorratu dituzte. "Erraz eta gustura" moldatu dira errimak osatzen, Ainhoa Mujika bertsolariak proposatutako ariketen bidetik. "Korrika hitza arbelean jarri, eta ika-rekin bukatzen diren hitzak bota behar zituzten, bete arte. Eta lortu dute", dio albotik Lorea Iparragirre AEK-ko irakasleak. Hogei bat lagun elkartu dira lanketan; horietako batzuentzat, ikasitakoa ez da guztiz berria: "Koplak egin izan ditugu. Adibidez, klasekide bati kopla bat egin genion hemendik joan zenean", dio Hurtadok.

Euskaltegitik kanpo ere, euskara egunerokoan dute, baita bertsoak ere. Gustuko dute bertso saioetara joatea, eta AEKn ikasitakoa lagungarria zaie ulermenerako, Presak kontatu duenez: "Hasieran agian ez nuen dena ulertzen, baina orain jada bai, eta gustura joaten naiz". Bat dator harekin Garcia; hala ere, bertsolaritza "polita" izan arren "zaila" dela iruditzen zaio.

Hutsetik hasi ziren euskaltegian, "euskaraz bizi nahi" zutelako. Batzuek bizpahiru urte daramatzate; beste batzuek, Garciaren kasuan bezala, duela urte asko hasitakoak dira, baina sartu-irtenak eginez aritu dira. Aurrerantzean ere, ikasten jarraitzeko asmoa dute: "Euskaltegira etortzen edo Mintzalagunaren bidez, baina jarraituko dut".

Ikasten ez ezik, gaiak prestatzen ere aritu dira Bertso Korrikarako, "bertso animatuak" izateko. Eta iritsi da hasteko ordua. Asteazkeneroko pintxo potea aprobetxatuz, lehen mokadua euskaltegian hartu, eta atarira irten dira, Ordiziako tabernetatik ibilbidea egiteko. Bertsolariak ere prest daude. Gabiriako eta Zumarraga-Urretxuko hiruna bertsolari aurrez aurre jarri dira: Beñat Torres, Maialen Akizu eta Asier Sasieta batetik; eta Jokin Murua, Aratz Igartzabal eta Mikel Asurabarrena bestetik. II. Atera herri arteko txapelketako finalean bi taldeok lehiatu ziren, eta ordukoari buelta emateko gogoz dira gabiriarrak. Irabazteko, ordea, entzuleak hasieratik "poltsikoratu" beharko dituztela ohartarazi die Mujika saioaren gidariak: gai-jartzaile izatearekin batera, epaile izatea ere tokatu zaie bertaratutakoei. Bertso sorta bakoitzaren ondoren, besoa altxatu beharko dute gustukoenaren alde; amaierako puntuaketak erabakiko du irabazlea.

Euskara ikasleei erreferentzia eginez egin du agurra Sasietak: "Euskaltegira etorri eta / hau bai talde potentea / peto ta guzti / a ze kuadrilla / badago borondatea". Euskara ikasteak "mila eta bat problema" dituela onartu dute bertsolariek, baina ahalegin horri eusteko deia egin diete: "Zuek bezalakoak behar ditu euskarak".

Euskaltegi kanpoan agurrak botata, tren geltokirantz egin du bidea Bertso Korrikak. Han, euskaldunekin ligatu nahi duten bi ikasleren rolean jarri dituzte Sasieta eta Murua. Ligatu ezinda, Madrilera joatea proposatu du Muruak; Cadiz edo Almeriara joatea ere buruan izan du Sasietak, baina gertuago geratzea erabaki dute azkenean, eta bertso eskolan izena ematekotan dira: "Esan didate bertsolariek tope ligatzen dutela". Jarraian, euskaltegiko ikasleek jarritako zortzi errima "gaiztori" aurre egin behar izan diete Igartzabalek eta Akizuk. Luze jo du pintxo poteak, eta bertso saioak Korrikari pasatu dio lekukoa. Martxoaren 23an euskahaldun izango da Ordizia.