Sailkatugabeak

Kulturaren gogoeta, musikaz eta bertsoz

Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano jotzaileak Garai hura gara ikuskizuna aurkeztuko dute Villabonan. Emanaldiaren bidez, XVIII. mendeko eta XIX.aren hasierako kultur joeren berri eman nahi dute: Europan, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Amezketan… kultura nola bizi zen. Hori guztia zenbait sorkuntza adierazpenen bitartez egingo dute: Egañak, batetik, Pernando Amezketarraren bertsoak eta bere garaiko beste hainbatenak eskainiko ditu; Lizasok, bestetik, zenbait musikagileren obrak interpretatuko ditu. Mikel Mariskal da ikuskizunaren zuzendaria. Bertsoz eta musikaz gozatzeko aukeraz gain, iraganean murgiltzeko aukera ezin hobea dela iritzi dio.

Ez da Egañak eta Lizasok elkarrekin lan egiten duten lehen aldia. Aurretik, Bi arreba emanaldia eskaintzen aritu dira herriz herri. Chopin piano jotzailea eta Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar bertsolaria dira lan horretan ardatz.

'Garai hura gara'

Gaur, 20:30ean, Subijana etxean (Villabona).

Sei urte, herritarrek beren zatia ordaintzeko

Albizturren kasua Tolosatik banandu ziren eta hiribildu bihurtu ziren beste udalerrien antzekoa izan zen. 1615eko urtarrilaren 26an jaso zuen independente egiteko baimena, eta ordaindu beharrekoa 2.081.250 marabedi izango zirela zehaztu zioten; hau da, 5.600 dukat inguru. Beste hainbat bezala, Albizturrek ere jaso zuen diru hori maileguan hartzeko ahalmena, eta kopuru horri beste 550 dukat gehitu...

“Gure herria aberastu dutelako”

XX. mendearen erdialdean, 1940ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan, Espainiako Estatuko herrietatik milaka eta milaka etorkin heldu ziren Euskal Herrira. Euren herrian zuten egoera ekonomiko itogarria atzean utzi, eta etorkizun oparoago bat bilatu zuten Gi...

Hazparneko andere handinahia

Handinahikeria da Iduzkilore antzerki taldeak gaur Seguran eskainiko duen Hazparneko anderea lanaren gai nagusia. Hazparneko andereak alaba herriko markesarekin ezkondu nahi du, alaba markesa bihur dadin. Hori da Senpereko (Lapurdi) antzerki amateur t...

%7

esportazioen igoeraGipuzkoako esportazioak 6.941,3 milioi eurorenak izan ziren 2014an; kopurua %7 handitu da aurreko urtetik. Donostiako Merkataritzaren Lurralde Zuzendaritzak emandako datuen arabera, bezero nagusiak Frantzia (%16,9), Alemania (%11),...

Mikel Urdangarin, areto txikietan

Otsailaren 8an Getxon hasitako birak Gipuzkoan bi kontzertu eskaintzera ekarriko du Mikel Urdangarin aste honetan. Guztira 21 kontzertu egingo ditu bakarlari bizkaitarrak, guztiak ere edukiera txikiko aretoetan. Urdangarinek berak adierazitakoaren ara...

Kontzertu solidarioa

Donostiako Orfeoiak eta Musikeneko Orkestra Sinfonikoak —argazkian— Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia interpretatuko dute gaur, Kursaaleko auditoriumean. Ayete unibertsitate egoitzako ikasleek sustatutako proiektua da Kontzertu Solidarioa, eta irabaziak Gipuzkoako Caritasi emango dizkiote, "krisiaren ondorioz okerren dauden pertsonek, langabeek eta etxetik kaleratutakoek aurrera egin dezaten".

Arte matxinatua

Errenteriako Zintzilik irratia Erdiko Kaleko etxe okupatu batetik emititzen hasi zen 1984. urtean, itsasontzi baten igorgailu zahar batetik. Nekez gainditzen zuen herriko alde zaharra. Ordutik hiru hamarkada pasatu dira, baina bere izaera libreari eutsi dio. 30. urtemugaren harira, erakusketa bat zabaldu du haren filosofia oinarritzat hartuta: komunikazioa lantzea, izaera matxinoa izatea eta gizartean mainstream ez direnei ahotsa ematea.

Merkatuzarreko goiko aretoan artearen hainbat diziplina hartu ditu erakusketak: pintura, marrazkilaritza, eskulturagintza, argazkiak, patchwork-a... Erakusketaren prestaketari azken ukituak ematen ari da Iñaki Garmendia Pirata Zintzilik irratiko kide eta antolatzailea. DVDen atala atontzen ari da, zehazki: "Bartzelonako Chigra kolektiboak bildutako dokumental sorta da hau. Hona etorri eta bideo bat ikusi nahi duenak horretarako aukera du; edozein jar dezake". Ekologismoa, errepresioaren kontrako mugimendua, okupazioa, antimilitarismoa eta beste hainbat gai jorratzen dituzte bideoek. "Etxean ditudan hainbat fanzine ere ekarriko ditut, tartean irratiaren 30 urteko ibilbidean egin direnak".

Detritus, Idoia Monton, Jose Luis Chasco, Txokolarte eta beste hainbaten margoak, Patxi Txiki eta Javier Olaizolaren eskulturak, Juxe Areta Goñiren argazkiak eta Yolanda Menisesen patchwork-ak ikusteko aukera dago, besteak beste.

Erakusketaren bidez, irratian urte luzeotan egindakotik aldendu nahi izan dute, Piratak azaldu duenez: "Zintzilik-ek, irratiaren bitartez, ideiak soinu moduan hedatzen ditu, eta zuk imajinatu egin behar duzu. Erakusketa honetan, aldiz, kontrakoa egin nahi izan dugu: bisualagoa egin". Dioenez, "komunikatzeko beste mota bat" bistarazi nahi izan dute, ez horrenbeste imajinatu beharrekoa. Gainera, norbanakoaren adierazpenak abiapuntutzat hartu arren, erakusketak kolektibotasuna irudikatu nahi du. "Eta kultura, merkatugaia izatea baino, gozamenerako proposamena izatea nahi dugu, indibidualizazioa gaindituz".

Piratak bidea egina du erakusketak antolatzen, lehenago ere diziplina askoko beste hainbat antolatu baititu —Oiartzungo Arditurriko etxe okupatuan nahiz zenbait tabernatan—. Aitortu duenez, beraz, ez zaio zaila egin Zintzilik-en 30. urteurrenerako erakusketa prestatzea. "Inguruko jendea dut, eta erraza izan da hemen elkartzea. Agian artistaren bat ahaztuko nuen...". Haren helburua urtean behin antzeko erakusketa bat egitea da: "Komunikazioan dabilen jendea hartu eta euren lana transmititzea izango du helburu".

Erakusketarekin batera jarduera ugari antolatu dituzte. Horrela, hainbat dokumental ikusteko aukera izango da erakusketa irekita egongo den astegun guztietan. Kasu batzuetan, gainera, egileak izango dira Merkatuzarren. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta gizarte gaiak jorratuko dituzte: okupazioa, fracking-a eta higiezinen burbuila, besteak beste. Izango da primiziarik ere: datorren asteartean estreinatuko dute Zerrauts ogia: Gosearen grebak dokumentala. 36ko gerra ondorengo gosetea aztertzen du, "bizi-baldintzen eta askatasunen aldeko borroka". Patxi Egiluz egilea bertan izango da.

Erakusketa jadanik zabalik badago ere, inaugurazio ofiziala bihar izango da. 18:00etan hasiko da ekitaldia, eta 19:30ean Canshadows taldeak funk, jazz eta rock klasiko doinuak eskainiko ditu.

ERAKUSKETA

Non. Errenterian, Merkatuzarreko goiko gelan.

Noiz. Astelehenetik larunbatera bitarte egongo da irekita, martxoaren 4ra arte (asteazkena). Ordutegia 17:30etik 20:30era izango da.