Sailkatugabeak

Imajinatuz, jolastu eta ikasi

Hots jostailu bat sortu, kontserbak egiten ikasi, gatza ekoitzi eta dastatu, eguzki eklipse partzial bat ikusi. Gipuzkoako 44 museotan aukeran dauden jardueretako batzuk baino ez dira. Gaurtik martxora bitarte, familia giroan egiteko 47 ekintza antolatu dituzte lurraldeko 25 herritako museoek. Sei astetarako eskaintza prestatu dute, sei gairen bueltan: burdina, artea, itsasoa, historia, gastronomia eta natura. 47 ekintzetatik hamabost tailerrak izango dira, 25 ibilbideak eta hamazazpi bisita gidatuak. Gaurtik igandera bitarte, burdinaren bueltan ariko dira Beasainen, Elgoibarren, Oiartzunen, Legazpin eta Zerainen.

Jolastera? museora izena eman diote egitasmoari, eta era ludiko batean haurrek ikasi eta imajinazioa lan dezaten ere bultzatu nahi dute. Zumalakarregi museoko Lurdes Azpiazuk "ametsezko bidaiak egitera" gonbidatu ditu haur nahiz gurasoak: "Iragana ezagutuz gaur egungo identitatearen oinarria aurkitzeko gonbita egiten diet familiei".

Asteburu bakoitzari gai jakin bat eman arren, martxoaren 6tik 8ra arteko astea apur bat berezia izango da. Historiari lotutako jardueren barnean, emakumeak urteetan izandako tokiari egingo diote tartea. Igande horretan Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, emakumeen lanaz ariko dira, esaterako, Eibarko armagintza museoan; Ezkio-Itsason eta Legazpin ere landuko dute gaia.

Ekintza bakoitzak bere xehetasunak ditu: batzuk doakoak dira, besteak, berriz, ordainpekoak; batzuk euskaraz, besteak ele bitan edo gazteleraz. Kontsultak eta erreserbak egiteko, Gipuzkoako museoen atarian aurki daiteke informazio guztia: www.gipuzkoakomuseoak.net.

Herri txikiak ezagutzeko

Herri handi eta txikietako museoek bat egin dute egitasmoarekin, eta halako proiektu batek bereziki herri txikiengan duen eragina nabarmendu du Aitor Larrañaga Leintz-Gatzagako Gatz Museoko arduradunak. Haren arabera, museoek landa garapenean zuzeneko eragina dute, bisitan doazenek herriko jatetxe eta denda txikietan kontsumitzen baitute.

Horrez gain, egiten dutena ezagutzera emateko baliagarria dela uste du: "Baliabide urritasuna dela eta, zailtasunak izaten ditugu askotan promozio lanak egiteko; zail egiten zaigu modu eraginkor batean hemen gaudela esatea". Beraz, horrelako egitasmoek "asko" laguntzen diete beste museoen eta kultur artean nabarmentzen.

Herrietako museoak eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean aritu dira egitasmoa abiatzeko. Ikerne Badiola diputazioko Kultura diputatuak azaldu duenez, proposamen "berritzailea" da, halako ekinbide bat egiten duten lehen aldia baita. Gainera, orain arte izandako erantzuna "ezin hobea" izan dela dio, egitasmoarekin bat egin duten museoak kontuan hartuta. "Anbizio handiko proiektua da. Elkarlanaren bidez gauza asko eta ederrak egin daitezkeela erakusten du".

Kultura Saretzen proiektutik dator ideia. Iaz, herrien eta aldundiaren arteko sare bat osatu zuten, kultur arloko eragileekin batera. Elkarrekin lanari "etekin gehiago atera eta beste esperientzietatik ikastea" zuen helburu, eta, hausnarketa "sakon" baten ondoren, kezka nagusi batekin egin zuten topo: urteko lehen hilabeteetako programazioan zegoen hutsunea. "Arazo" horri irtenbidea eman nahian antolatu dute, hain zuzen, Jolastera? museora.

Urteko gainerako garaietan ere izaten dira ekintzak museoetan; baina oraingo honetan bereziki, Zumalakarregiko arduradunak argi du ez dagoela ez parte hartzeko "aitzakiarik": "Erakargarria, dibertigarria, interesgarria, harrigarria eta, zenbait kasutan, ausarta izango da".

Ibilbide bat iruditan

Chantal Akerman Belgikako zinemagile, idazle eta ekoizleari eskainitako zikloa abian da Tabakaleran. Urtarriletik martxora bitarte, haren hainbat lan ikusteko aukera dago Donostian. Gaur, Un Jour Pina M'a Demandé filma (1983) emango dute, 19:00etan, Tabakalera Sukaldean. Doakoa da sarrera.

Marion Cruza artista bizkaitarra da Akermanen zikloaren komisarioa. Hala aurkeztu du gaurko filma: "Entseguak, kamerinoak eta ikusgarriak. Dantza, dramaturgia eta zigarro lagungarriak. Bost aste Pina Bausch eta bere dantzariak jarraitzen". Komisarioak dioenez, Bauschek "enigmak bistaratzen ditu, estereotipoak, ohiko keinuak", eta Akermanek horiekiko maitasuna du ezaugarri komun Bauschekiko.

Guztira, Akermanen hamar pelikula aukeratu ditu Cruzak Tabakalerako ziklorako. Gaurko saioaren ondotik, beste lau emanaldi antolatu dituzte: otsailaren 27an, Saute Ma Ville (1968), J'ai faim j'ai froid (1984) eta L'homme à la valise (1981) emango dituzte; martxoaren 2an, Jeanne Dielman, 23 Quai du Commerce, 1080 Bruxelles (1975); eta martxoaren 3an, D'est (1993). Tabakalerak eta Kaxilda liburu dendak elkarlanean antolatu dute zikloa, Arrakalatuta programaren barruan.

Akermanekin solasean

Pelikulen emanaldiez gain, beste zenbait jarduera ere izango dira Akermanen lanaren inguruan. Martxoaren 3 eta 4an, esaterako, Ni, zu, Chantal mintegia egingo dute, Kaxildan. Keinuek eta koreografiak bere lanean duten lekuaz hitz egingo dute, eta besteekiko distantzia nola jorratzen duen ere landuko dute. Ingelesez izango da, itzulpen aukerarekin, eta beharrezkoa da aurretik izena ematea; lekuak mugatuak dira.

Martxoaren 5erako, berriz, elkarrizketa prestatu dute zinemagilearekin, Antzoki Zaharrean. Cruza komisarioak ere parte hartuko du. Jarraian, Toute une nuit filma (1982) eskainiko dute.

“Ogiarekin zorrotzak dira batzuk, baina ezin denen gustura egin”

Akaso, ez omen da gehien gustatuko litzaiokeena, baina ogia banatzen aritzea ez denez lan gogorra, Iosu Mendiluze (Azpeitia, 1994) pozik ibiltzen da Astigarraga inguruko sagardotegi eta baserrietan ogia banatzen. Egunero hamar minutuz egoten den baserritarretako batzuekin konfiantza apur bat ere badu, nahiz eta eguraldiaz "mordoa" hitz egin eta "elkarrizketa tonto batzuk" izaten dituen tarteka.

Noiz eta nola murgildu zinen familiako negozioan?

Ikasketak utzi nituen iaz, eta, aitaren enpresako —Mendiluze okindegia— lankide batek lana uzten zuenez, aitak proposatu zidan ogia banatzen hastea. Animatu nintzen, eta jada sei bat hilabete daramatzat horretan. Normalean, banaketaz soilik arduratzen naiz, tokatu izan zait beste lankideren batek oporrak hartu eta okindegian aritu beharra, baina normalean banatzen ibiltzen naiz. Ogiaz gain, egunkariak ere banatzen ditut: goizean kioskoa zabaltzen dutenerako joan, han ere ogia utzi, eta egunkariak hartzen ditut. Sinestezina da, baina Diario Vasco hartzen dute bezeroen %90ek.

Inguruko baserri eta sagardotegietako banaketaz arduratzen zara.

Okindegia Astigarragan dago, eta Astigarraga eta Hernaniko sagardotegietan aritzen naiz ogia banatzen. Horrez gain, Martutene inguruko pare bat auzotara ere joaten naiz, baserrietara ogia eramatera; eta Urnietako zenbait gune ere harrapatzen ditut. Baserritarrek batzuetan ez dute izaten aukerarik ogi bila jaisteko, eta geu joaten gara ogia eramatera.

Beraz, sagardo garaian lanez lepo ibiliko zara.

Bai, aldea egoten da sagardo garaia izan edo ez. Sagardotegi askok txotx garaia ez denean itxi egiten dute, eta gure lana asko lasaitzen da. Otsail hasieratik martxoa amaitu arte, ordea, nahiko gogorra izaten da, sagardotegietan ogi asko jaten da eta.

Ordu askoko lana al da?

Nahiko ordutegi ona dut: batzuetan, 06:00etan hasten naiz, baina normalean 07:30etik 08:00etarako tartean hasten naiz. Goizetan jaiki beharra beti da gogorra, baina gorputza berehala ohitzen da. Astean, bi arratsaldetan egiten dut lana, eta, hiru astean behin-edo, igandetan lan egitea tokatzen zait, hori izaten da pixka bat gogorra. Baina lana bera ez da batere gogorra, gustatzen zait.

Harreman ona al duzu bezeroekin?

Normalean, bai; badaude salbuespenak, baina jendearekin egunero egoten naizenez, konfiantza apur bat ere hartzen da. Baserritarrak jende jatorra dira. Ogiarekin zorrotzak dira batzuk: ematen dieguna baino zabalxeagoa nahi dutenak, luzeagoa gustatzen zaienak... baina ezin denen gustura egin. Batzuetan, elkarrizketa tontoak ere izaten dira, eguraldiaz mordoa hitz egiten dugu; azkenaldian elurra egin duenez, gainera... Soilik aurreko batean geratu nintzen autoarekin aurrera egin ezinda elurragatik. Baina arazo handirik ez nuen izan, ez daukat oso gora igo beharrik eta.

Banaketa dela-eta ezagutzen dituzunekin beste nonbait topo egin eta une deserosorik izan al duzu?

Ez, oraindik ez zait tokatu; auskalo, parrandaren batean, igual tokatuko zait norbait eta...

"Luzea" eta "zabala" aipatu dituzu; mota askotako ogiak banatzen al dituzu?

Bai. Zerealdunak-eta modan daude orain. Gehienak normalak izaten dira, estua eta zabala esaten zaienak; baina chapata izenekoak ere banatzen ditugu.

Zer du ona ogia banatzen aritzeak, eta zer txarra?

Lana bera gustatu egiten zait, eta hori ona da, egiteko erraza da. Alde txarra, berriz, ordutegia izan daiteke, eta egunerokoa dela, baina ez nago kexatzeko. Jarraitzeko aukera dudan artean, eutsiko diot. Hori bai, ogiaren bueltan lanean aritzekotan, ogia banatzea nahiago dut dendan ogia egiten edo saltzen aritzea baino.

Urte erdian, ahaztuko ez duzun zerbait gertatuko zitzaizun.

Ez dakit, adinekoekin dudan harremanari esker, baserritar giroaren berri izan dut gehienbat. Badago etxe bat egunero sukalderaino joaten naizena. Han adineko bat bakarrik bizi da, eta ni joandakoan galtzerdiak janzteko zain egotea tokatu izan zait. Egunero hamar minutuz hitz egiten dut eurekin, eta gertuko harremana dudala esan daiteke. Tarteka, ogiaren trukean zerbait ematen dutenak ere izaten dira: pintxoren bat, etxeko tomatea...

DBusen, euskara atzeko atetik

Iazko udan, Donostian, autobusa hartzera joan zen Amaia seme-alabekin —ez du izenik eman nahi izan—. Grosen zegoen, eta 17. lineako autobusa hartu behar zuen, Amarara joateko. Iritsi zen DBuseko autobusa, eta Amaiak alaba txikienarekin atzeko atetik igo behar zuen, haurraren kotxetxoa ez baita bestela sartzen. Seme zaharrena, 5 urtekoa, aurreko atera joan zen, gidariari atzeko atea irekitzeko eskatzera. Baina umeak gazteleraz jakin ez. Ezta gidariak euskaraz ere.

"Oierri autobus txartela atera genionetik horixe egin izan dugu. Oso arduratsua da, eta gustatzen zaio; hobeto esanda, gustatzen zitzaion". Beti bezala, Amaia semearen ondoan egon zen, autobus gidariak kasu egin ziola ikusi arte. "Egun hartan, behetik ikusi nuen semeak esan ziola gidariari atea irekitzeko. Eta, agian nahastu egin nintzen, betaurreko beltzak baitzeramatzan, baina gidariak begiratu egin ninduela iruditu zitzaidan. Orduan, atzera abiatu nintzen. Eta, bat-batean, autobusak martxa egin zuen".

Amaia autobusaren atzetik joan zen korrika, kolpe batzuk eman zizkion autobusari, eta garrasi egin zion. "Haurraren kotxetxoa hartu, eta hurrengo geltokira nindoan korrika". Baina, ehun bat metrora, autobusa gelditu egin zen. "Hantxe zegoen Oier, arrantza batean, negarrez".

Hura lasaitzea lortu zuenean, gidariarengana joan zen Amaia. "Akats bat edonork egin dezake, eta nire asmoa ez zen sekulako errieta egitea; horretara joan izan banintz, erreklamazioa aurkeztuko nuen, eta ez nuen egin. Beraz, behintzat konturatu zedin, semeak nahigabe handia hartu zuela esan nion".

Gidariak, ordea, ukatu egin zion semeak ezer esan ziola. "'Bai, esan dizu, eta nik entzun diot, baina agian ez diozu ulertu, euskaraz esan dizulako', erantzun nion nik. Ukatzeak eman zidan amorru gehien, nik ikusi bainuen nola semeak esaten zion atea irekitzeko".

"Gero, gidariak onartu zidan harritu zela umea bakarrik ikusteaz. Jo, bera konturatu zen umea bakarrik zihoala! Gerta zitekeen umea ikusi ere ez egitea, baina ikusi zuen, bai noski; izan ere, umeak hitz egin egin zion. Baina ez zion ulertu, eta aurrera egin zuen". Ordutik, Oierrek ez du gehiago autobusean bakarrik igo nahi, ez dio gidariari esan nahi amari atea irekitzeko. "Beldurra ematen dio". Eta hirurak atzeko atetik sartzen dira.

Gidari euskaldunak

DBusek 350 gidari inguru ditu, eta horietako askok ez dakite euskaraz. Amaiari gertatutakoa beste inori ere gerta dakioke, euskaraz ez dakiten gidarien borondatearen arabera baitago euskaraz joandako umetxoari ulertzen saiatzea, bidaiari euskaldunaren hizkuntz eskubideak errespetatzea edo, besterik gabe, "tira, igo" esan eta aurrera egitea...

Horrelakoak saihestea eta aurrerantzean DBusek kontratatzen dituen gidari guztiak euskaldunak izatea, horixe zen DBuseko administrazio kontseiluaren asmoa, joan den urtean lan poltsa berria osatzeko deialdi publikoa egin zuenean.

EAJ, EH Bildu eta Kurpil sindikatuaren ordezkarien babesarekin, gidarien ordezkapenak egiteko lan poltsa osatzeko baldintzak aldatu zituzten iazko otsailean. Euskara azterketa osoaren %5 zen ordura arte, eta derrigorrezko bihurtu zen. Euskarazko azterketa gainditzen ez zuena lan poltsatik kanpo gelditu eta ezingo zen DBuseko gidari izan. Martxoan hasi ziren azterketak, baina ordurako UGT sindikatuak helegitea jarri zuen erabaki horren kontra, Donostiako Lan Arloko 2. Auzitegian.

Maiatzean, aurreko azterketak gainditu zituzten 45 lagunek euskarazko azterketa egin aurre hartan, UGTri arrazoia eman zion auzitegiak. Lan poltsa osatzeko deialdia baliogabea zela ebatzi zuen, deialdiaren oinarrietan "funtsezko aldaketa" egin zelako eta euskara ez zelako ezinbestekoa autobus gidari batentzat.

Donostiako Udalak eta LAB, ELA eta Kurpil sindikatuek erabaki haren kontrako helegitea jarri zuten, eta joan den astean berriro ere auzitegiak arrazoi eman zion UGTri. Oraingoan, baina, euskararen derrigortasuna ez du auzitan jartzen EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak. Garbiñe Biurrun epaileak sinatutako epaiak "funtsezko aldaketa" izan dela dio, eta aldaketa hori langile ordezkariekin behar bezala negoziatu gabe egin zela, baina ez du aztertzen euskara eskatzea egokia den edo ez: "Egokitasunari buruzko aurreko uste bat egin gabe, hilabete gutxiren buruan oinarrizko aldaketa bat egin da".

Aldaketak enpresa barruko langileei eragiten diela dio epaiak. Izan ere, lan poltsarako proba kanpoko langile berriek zein enpresa barruan mailaz igo nahi dutenek egin zuten, hortik osatzen baitira libre gelditzen diren lanpostu finkoak. Beraz, barruko langileen lan baldintzetan emandako aldaketa litzateke, hasiera batean, UGTren kexaren arrazoia; orain arte, lan poltsarako frogetan euskara ez delako inoiz derrigorrezkoa izan, eta, aldaketarekin, promozio aukera kentzen zaielako hainbat langileri —UGTren arabera, 56 langileri—.

Udala ez dago ados

Jon Albizu mugikortasun zinegotziak, bere txarrean, irakurketa baikorra egiten du epaiari dagokionez. "Izan ere, iazko epaiak euskara gutxietsi eta bigarren mailako hizkuntza zela esaten zuen, eta orain behintzat ez du hori egiten. Ez du esaten gidariei ezin zaienik eskatu euskaraz jakitea, baizik eta euskara eskatzea aldaketa nabarmena dela lan baldintzetan". Hala, Donostiako Udalak ulertzen du ez dagoela trabarik kanpotik heldutako langileei euskara eskatzeko, eta, izatekotan, barruko langileei dagokien eskakizuna dela aldatu beharrekoa.

Ildo horretan, Albizuk dio "harrituta" daudela auzitegiaren epaiari buruz egin diren irakurketa interesatuekin. "Bertan esaten ez dena ulertu nahi izan dute, alegia, ezin dugula euskara eskatu. Eta hori ez da horrela".

Euren asmoa kanpotik datozen langileei euskara eskatzea da; ez dute aurreikusten euskararen derrigortasuna kentzerik. "Eta, gainera, ez da maila oso altua eskatzen. Nahita ahozko azterketa bakarrik jarri genuen, gidari batek ez duelako zertan testu bat idazteko gai izan, baina bai euskaraz hitz egin eta ulertzeko, gutxieneko bat behintzat".

Hala, Albizuk dio bertan ari diren eta promoziorako aukera galdu duten langileentzat "bide ezberdin bat" aztertu beharko dela, eta horretarako negoziazioa berehala abiatuko dutela langile batzordearekin. Epaiak hala agindu duela eta bete egin beharko dutela onartu du Albizuk, baina ez daudela ados ere esan du. "Langileen baldintzetan aldaketa nabarmena dela dio epaiak, baina ez dira lan baldintzak aldatzen, eskatzen dena da lanari egokitzea, jendearekin euskaraz hitz egiteko gai izatea. Autobus elektrikoak gidatzeko ikasi behar izan duten bezala, euskara beharrezkoa da euren lana ondo egiteko, eta hori da guk eskatu duguna. Dena den, bete behar da eta beteko dugu".

Epaiak hainbat interpretazio posible dituela uste du Albizuk, baina euren iritziz ez du orain arte egindakoa baliogabetzen. "Ikusiko dugu zer gertatzen den negoziazioan, ea lan poltsarako deialdi berria egin behar den. Baina guk orain artekoak balio izatea nahiko genuke".

Albizuren ustez, DBusi buruzko epaiak hiru kaltetu nagusi utzi ditu. Batetik, erabiltzaile euskaldunak, haien hizkuntz eskubideak urratzen direlako; bestetik, proba gainditu zuten 45 langileak; eta, azkenik, lanean ari diren gidariak, zerbitzua mantendu ahal izan den arren haien lan karga handitzearen kontura izan baita.

Familia baten ezkutuko kontuak

Komedia bat dakarte Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza aktoreek: Erdibana. Ama gaixorik dute, gripe eta enboliarekin; hiltzeko gogo gutxi du, ordea. Hondoa jotzen ari den enpresa baten jabea da bata; bestea, berriz, ama zaintzeaz arduratzen da egunero. Tartean, Jehovaren Lekukoak taldeko kide bat agertuko da, asteazkenero bisita egingo diena. Derrigorrean, etxea saldu beharrean izango dira, eta gau amaiezin batek ordura arte kontatu gabeko sekretuak azaleratuko ditu.

Jordi Sanchezek eta Pep Anton Gomezek idatzitako Mitad y mitad lanaren euskarazko bertsioa da. Txalo konpainiak ekoitzi du.

'Erdibana'

Gaur, 22:30ean, Santa Ana antzokian (Oñati).

26

ENBA SINDIKATUAK IKUSKATUTAKO SALTOKIAK

ENBAk salatu duenez, ikuskatutako 26 dendetan —ia denak Gipuzkoan— litroko 0,60 zentimo azpitik dagoen esnea aurkitu dute. "Merkataritza guneek egiten duten joko maltzurra salatu nahi dugu; esne litroa 0,60 zentimo azpitik eskaintzean baserritarren odola saltzen dute".

Basoen kaosa, argazkien bidez

Euskal Herriko basoetan murgildu da Koldo Badillo argazkilaria Kaosetik labirintora erakusketa osatzeko. "Kaosaren barnean, edertasuna eta lasaitasuna" bilatzen ahalegindu da. Horrez gain, labirintoaren ideia ere irudikatu nahi izan du bere argazkieta...

Ahotsa eta gitarra, besterik ez

Gitarraren laguntza soilaz ariko da Mikel Urdangarin bihar, Irunen. Bakarka abiatu berri duen birako hirugarren kontzertua izango da: Oiasso museoan eskainiko du saioa, 20:00etan. Hamazazpi urteko ibilbidean ondutako abestiez gain, kanta berriak ere e...

Ondarearen araberako ordainketa

. 1615eko urtarrilaren 26an Tolosatik independente egin eta hiribildu bilakatu zen Abaltzisketa. Batzar Nagusietan ordezkaritza izateko eskubidea ere lortu zuen; gastuak murrizteko, beste hiru herrirekin elkartu zen Bozue Handia batasunean.

Beste 13 herrik egin zuten bezala, Abaltzisketak Tolosako agindupean egoteari utzi zion orain 400 urte. Zehazki, 1615eko urtarrilaren 26an jaso zuen Felipe III.a erregearen kontsezioa. Lehenengo alkatearen eta udalerriaren beste hainbat karguren izendapena urte hartako apirilaren 7an egin zuten.

Abaltzisketak 241 urte zeramatzan Tolosari lotuta, landa parrokia izateari utzi eta bere borondatez 1374an Tolosako jurisdikzioaren barruan egoteko. Aralarren magalean dagoen udalerriarentzat ez zen doakoa izan Tolosatik banantzea. Estibaliz Gonzalez Dios ikerlariak azaldu duenez, "ordainketa handia ekarri zien banandu ziren udalerriei, baina pauso hori ondo neurtu zuten". Alegia, nahiago zuten ordainketa hori egin, eta bakoitzak bere alkatea eta bere justizia ordinarioa izan, eta Tolosatik banandu.

"Beste zenbait udalerri ere gehitu ziren prozesu horretara, baina ikusi zutenean zenbat ordaindu behar zuten, atzera egin zuten". Gonzalez Dios ikerlaria lan bat egiten ari da Tolosatik banandu ziren herrien inguruan; Tolosako Udalaren ekimenez eta Eusko Ikaskuntzarekin egindako hitzarmen baten ondorioz suertatu zitzaion ikerketa egiteko aukera.

Hiribildu bihurtzeko prozesuan sartu ziren herriek 25 dukat ordaindu behar zituzten bizilagun bakoitzeko. Halere, Gonzalez Dios bere ikerketan ikusten ari den moduan, herriek ordainketa murrizteko eskaria egin zuten, eta guztiei eman zitzaien horretarako aukera. Ordaindu beharrekoa, hala eta guztiz ere, kopuru oso handia zen, eta, beraz, erregeak aukera eman zion Abaltzisketari mailegua izateko, hiribildu titulua ematerakoan.

Mailegu hori ordaintzeko modua ere zehaztu zen: bi heren salgaien gaineko zergen bidez lortzeko aukera ematen zitzaion —ogi egosia izan ezik—, eta beste herena herritarren artean ordaindu behar zen. Mailegua 1.612.500 marabedikoa izango zela zehaztu zen, kostuak barne hartuta.

Baina zergekin ez zuten nahikoa lortzen beharrezko dirua izateko, eta, horrela, Abaltzisketak eskatu zuen ordainketaren bi heren herritarren artean pagatu ahal izatea. Ahalmen hori eman zitzaion 1617. urtean, eta horren bitartez, herritar bakoitzak ordaindu beharrekoa bere aberastasunaren araberakoa izango zela zehaztu zen: "Aberatsak aberats gisa eta behartsuak behartsu gisa, inori kalte egin gabe".

Hiribildu izendatu berriek ordainketa murriztea eskatu zuten. Abaltzisketari dagokionez, eta Gonzalez Diosek bildutako datuen arabera, Abaltzisketak 1.303.125 marabedi ordaindu zituen azkenean. Baina, hiribildu bihurtzearen kostu bakarra ez zen titulua ordaintzea bakarrik. Hiribildu izateak ahalmena ematen zion Gipuzkoako Batzar nagusietan parte izateko, eta horrek ere bere gastuak izaten zituen. Horrela, Tolosatik banandu ziren zenbait hiribilduen artean Bozue Handia batasuna osatu zuten: Abaltzisketak, Amezketak, Baliarrainek eta Altzok, zehazki. Amezketako Batasuna ere esaten zitzaion elkartze horri; 1617ko apirilaren 1ean osatu zuten. Horrela, lau herrien artean prokuradore bakarra bidaltzen zuten Batzar Nagusietara, eta gastuak aurreztea lortu zuten hala.

Eraikuntza zaharren eredu

Abaltzisketako alde zaharra euskal mendialdeko nekazaritza herrien eredu da. Han udaletxea nabarmentzen da, San Joan Bautista elizaren ondoan kokatua. Eliza XVI. mendekoa da, baina XIII. mendeko aurrealde erromanikoari eusten dio. Kanpandorrea ere aipatzekoa da, 1493. urtean Abaltzisketan egindako kanpaia daukalako.

Nahera-Haundi baserria, berriz, euskal eraikuntza zaharren eredu da; 1706. urteko Gipuzkoako eraikuntza tipikoa da, eta garai batean sagardoaren dolare etxe bat izan zen. Sasiain auzoan dago, eta herrira iritsi baino lehenago dagoen desbideraketa bat hartuz irits daiteke hara. Zalantzarik gabe, ordea, Larraitzeko paisaia da ezagunena herrian. Txindoki mendiaren magalean dago, eta baselizaren inguruko aparkalekua da Txindokira igotzeko abiapuntu ohikoena, baita Aralarko natura parkean barneratzeko ohiko abiapuntuetako bat ere. Larraitzeko Ama Birjinak inguruko baserritarren artean estimu handia du, usadioz ahalmen miragarriak dituelako ustea baitago.