Sailkatugabeak

Basoen kaosa, argazkien bidez

Euskal Herriko basoetan murgildu da Koldo Badillo argazkilaria Kaosetik labirintora erakusketa osatzeko. "Kaosaren barnean, edertasuna eta lasaitasuna" bilatzen ahalegindu da. Horrez gain, labirintoaren ideia ere irudikatu nahi izan du bere argazkieta...

Ahotsa eta gitarra, besterik ez

Gitarraren laguntza soilaz ariko da Mikel Urdangarin bihar, Irunen. Bakarka abiatu berri duen birako hirugarren kontzertua izango da: Oiasso museoan eskainiko du saioa, 20:00etan. Hamazazpi urteko ibilbidean ondutako abestiez gain, kanta berriak ere e...

Ondarearen araberako ordainketa

. 1615eko urtarrilaren 26an Tolosatik independente egin eta hiribildu bilakatu zen Abaltzisketa. Batzar Nagusietan ordezkaritza izateko eskubidea ere lortu zuen; gastuak murrizteko, beste hiru herrirekin elkartu zen Bozue Handia batasunean.

Beste 13 herrik egin zuten bezala, Abaltzisketak Tolosako agindupean egoteari utzi zion orain 400 urte. Zehazki, 1615eko urtarrilaren 26an jaso zuen Felipe III.a erregearen kontsezioa. Lehenengo alkatearen eta udalerriaren beste hainbat karguren izendapena urte hartako apirilaren 7an egin zuten.

Abaltzisketak 241 urte zeramatzan Tolosari lotuta, landa parrokia izateari utzi eta bere borondatez 1374an Tolosako jurisdikzioaren barruan egoteko. Aralarren magalean dagoen udalerriarentzat ez zen doakoa izan Tolosatik banantzea. Estibaliz Gonzalez Dios ikerlariak azaldu duenez, "ordainketa handia ekarri zien banandu ziren udalerriei, baina pauso hori ondo neurtu zuten". Alegia, nahiago zuten ordainketa hori egin, eta bakoitzak bere alkatea eta bere justizia ordinarioa izan, eta Tolosatik banandu.

"Beste zenbait udalerri ere gehitu ziren prozesu horretara, baina ikusi zutenean zenbat ordaindu behar zuten, atzera egin zuten". Gonzalez Dios ikerlaria lan bat egiten ari da Tolosatik banandu ziren herrien inguruan; Tolosako Udalaren ekimenez eta Eusko Ikaskuntzarekin egindako hitzarmen baten ondorioz suertatu zitzaion ikerketa egiteko aukera.

Hiribildu bihurtzeko prozesuan sartu ziren herriek 25 dukat ordaindu behar zituzten bizilagun bakoitzeko. Halere, Gonzalez Dios bere ikerketan ikusten ari den moduan, herriek ordainketa murrizteko eskaria egin zuten, eta guztiei eman zitzaien horretarako aukera. Ordaindu beharrekoa, hala eta guztiz ere, kopuru oso handia zen, eta, beraz, erregeak aukera eman zion Abaltzisketari mailegua izateko, hiribildu titulua ematerakoan.

Mailegu hori ordaintzeko modua ere zehaztu zen: bi heren salgaien gaineko zergen bidez lortzeko aukera ematen zitzaion —ogi egosia izan ezik—, eta beste herena herritarren artean ordaindu behar zen. Mailegua 1.612.500 marabedikoa izango zela zehaztu zen, kostuak barne hartuta.

Baina zergekin ez zuten nahikoa lortzen beharrezko dirua izateko, eta, horrela, Abaltzisketak eskatu zuen ordainketaren bi heren herritarren artean pagatu ahal izatea. Ahalmen hori eman zitzaion 1617. urtean, eta horren bitartez, herritar bakoitzak ordaindu beharrekoa bere aberastasunaren araberakoa izango zela zehaztu zen: "Aberatsak aberats gisa eta behartsuak behartsu gisa, inori kalte egin gabe".

Hiribildu izendatu berriek ordainketa murriztea eskatu zuten. Abaltzisketari dagokionez, eta Gonzalez Diosek bildutako datuen arabera, Abaltzisketak 1.303.125 marabedi ordaindu zituen azkenean. Baina, hiribildu bihurtzearen kostu bakarra ez zen titulua ordaintzea bakarrik. Hiribildu izateak ahalmena ematen zion Gipuzkoako Batzar nagusietan parte izateko, eta horrek ere bere gastuak izaten zituen. Horrela, Tolosatik banandu ziren zenbait hiribilduen artean Bozue Handia batasuna osatu zuten: Abaltzisketak, Amezketak, Baliarrainek eta Altzok, zehazki. Amezketako Batasuna ere esaten zitzaion elkartze horri; 1617ko apirilaren 1ean osatu zuten. Horrela, lau herrien artean prokuradore bakarra bidaltzen zuten Batzar Nagusietara, eta gastuak aurreztea lortu zuten hala.

Eraikuntza zaharren eredu

Abaltzisketako alde zaharra euskal mendialdeko nekazaritza herrien eredu da. Han udaletxea nabarmentzen da, San Joan Bautista elizaren ondoan kokatua. Eliza XVI. mendekoa da, baina XIII. mendeko aurrealde erromanikoari eusten dio. Kanpandorrea ere aipatzekoa da, 1493. urtean Abaltzisketan egindako kanpaia daukalako.

Nahera-Haundi baserria, berriz, euskal eraikuntza zaharren eredu da; 1706. urteko Gipuzkoako eraikuntza tipikoa da, eta garai batean sagardoaren dolare etxe bat izan zen. Sasiain auzoan dago, eta herrira iritsi baino lehenago dagoen desbideraketa bat hartuz irits daiteke hara. Zalantzarik gabe, ordea, Larraitzeko paisaia da ezagunena herrian. Txindoki mendiaren magalean dago, eta baselizaren inguruko aparkalekua da Txindokira igotzeko abiapuntu ohikoena, baita Aralarko natura parkean barneratzeko ohiko abiapuntuetako bat ere. Larraitzeko Ama Birjinak inguruko baserritarren artean estimu handia du, usadioz ahalmen miragarriak dituelako ustea baitago.

Txaparik jo beharrik ez

Inauterien hasierako suziria bota edo ez. Horixe zalantza Tolosan. Ohiko etxafuegoaren ordez, txarangen txapak jota festari hasiera ematea izan dute buruan, baina herritarrek plazatik hala eskatuta, modu tradizionalean egin dute azkenean. Joakin Izagirre aurtengo inauterizale kutunak ere oniritzia eman du horretarako. Ostegun gizeneko txupinazoarekin, Tolosako kaleak festaz jantzi dira asteartera bitarte.

Kabi Alai elkarteko kideen pregoiak ingurumenari egin dio keinua. Suziria botata sortzen diren hondakinak biltzea jarri diete baldintza gisa udaletxeko plazan bildutakoei. Baina, agindu horrez gain, izan da besterik ere. Atzotik korporazioan hiru kide gehiago dituztela jakinarazi zieten tolosarrei: elkartean behin baino gehiagotan sartu zaizkien lapurrei giltzak ematea erabaki dute, sartzerakoan berriro sarraila izorra ez dezaten.

Hasiera ofiziala izan zen ostegun gizenekoa, baina ez lehena. Asteazken gauean, Alde Zaharrak ohi baino ozenago hasi zituen ospakizunak. Vista Alegre txarangak 25. urteurrena du aurten, eta ohiko txupinazo alternatiboarekin animatu zituzten kaleak, bezperatik. Vista Alegrerekin batera, Kabila txaranga ere omenduko dute aurten: 75. urtemuga du.

Lehen egunek duten xarma eta eskaintza zabaletik haratago, igandean hasten da benetako mozorro festa. Hilabeteetan egindako lana kalera ateratzeko eguna dira igandea eta asteartita; batzuk, konpartsa eta karrozekin; besteak, euren kasa egindako mozorroekin. Eguna luzea izan arren, igandean goiz jaikitzeko ohitura dute tolosarrek. "Jeiki jeiki oi ortatik", esaten die Dianaren abestiak, eta pijamak eta etxeko arropa jantzita irteten dira asko. 11:00etan hasiko da karrozen joan-etorria. Astelenita, berriz, aisialdi taldeen txanda izango da; 11:00etan irtengo dira.

Berdintasunari saria

Lehiaketako epaimahaiak kontuan hartuko ditu euskara eta berdintasun irizpideak, eta aurten, estreinakoz, karroza edo konpartsa "berdinzaleena" sarituko du udalak. Horretarako, karrozak aztertuko dituen taldetxo bat osatu da, eta aurrez zehaztutako hainbat irizpide kontuan hartuta balorazioa egingo dute.

Udalak argi du inauteriak "araurik gabeko festak" direla; horrek, ordea, arazo bat ekar dezake: zarata. Iaz burrunba "gehiegizkoa" izan zela eta, neurriak hartu dituzte. Batetik, sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarri du udalak; bideo bat egin du, karrozei errespetuaren aldeko deia egiteko. Bestetik, kalejira pasatzen denean —zezenen ikuskizunaren aurretik eta ondoren— karroza eta konpartsek megafonia itzali beharko dute.

Bertaratu ezin izatea ez da aitzakia izango Tolosako inauteriak ezagutu nahi dituenarentzat. Tolosaldeko Ataria-k eta 28 Kanala telebistak, batetik, eta udalak, bestetik, saio bereziak eskainiko dituzte egunotan sarean.

“Arkitekturan, 36ko gerrak ez zuen etenik ekarri”

Errenteriako udal arkitektoa izan zen urte askoan Enrique Ponte Ordoki (Donostia, 1944), 1990eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzako ardurak hartu zituen arte. Garraio Azpiegiturako (1995-1999) zein Hirigintzako zuzendaria (1992-1995) izan zen Lakuan egon zen bitartean. Orain, erretiroa hartuta, ikerketari ekin dio. 36ko gerra ondorengo hiri garapena aztertu du La construcción de la ciudad: Gipuzkoa 1940-1976 tesian.

36ko gerra ondorengo Gipuzkoako hiri garapena Espainia- ko eredu gisa erabili zutela defendatu duzu zure tesian. Nolatan?

Arkitekturako lehen zuzendari nagusia Pedro Muguruza Otaño izan zen. Muguruza gipuzkoarra zen, elgoibartarra. Francok izendatu zuen, eta Erorien Haranaren egilea izan zen. Arkitekto hark herrialde bakoitzeko antolamendu bat egon zedin lortu nahi zuen, eta udalerri bakoitzak bere antolamendua izan zezan. Gaur egun udalerri guztiek dituzten antolamendu plan orokor horiek; ordura arte, ez ziren existitzen. Antolamendurako teknika berria zen, baina gerra aurretik zetorrena. Izan ere, politikoki etena erabatekoa izan zen bezala, arkitekturan 36ko gerrak ez zuen etenik ekarri. Espainiako errepublikan zein Europan abangoardiak ekarritako mugimenduen jarraipen bat gertatu zen gerra ondoren.

Jarraipen hori zertan islatu zen?

36ko gerraren ondoren bakartzea eta prekaritatea erabatekoak izan ziren. Kontuan hartu behar da Europan II. Mundu Gerra zegoela. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako lurraldea neurri batean pribilegiatua izan zen, gerra bitartean eskuindarren habia izan zelako, eta Francok udaldietarako toki gisa aukeratu zuelako. Horren eraginez, hemen bazegoen beste toki askotan ez zegoen jarduera.

Testuinguru horretan, Pedro Muguruzak erabaki zuen hemengo antolaketa Espainiako estatuko udalerri eta probintzia guztietara eramatea. Aurrez halakorik ez zegoenez, probako esperientzia bat egin zuen, eta Gipuzkoa aukeratu zuen horretarako. Gipuzkoako Antolamendu Plana sortu, eta plan hori baliatu zuten Gipuzkoako udalerri guztietan ordura arte existitzen ez ziren antolamendu orokorrerako planak gauzatzen hasteko.

Muguruza ez zen izan garai hartan eragin handiko arkitekto gipuzkoar bakarra, ezta?

Muguruzarekin batera, bazen beste arkitekto bat, Pedro Bidagor. Donostiako Parte Zaharreko falangista bat zen. Gipuzkoako Antolamendu Planaren ardura hark izan zuen. Hirigintzako Zuzendari Orokorra izan zen, eta, 1957. urtean, Etxebizitza Ministerioa eratu zenean —ordura arte ez zen existitzen—, hirigintzako lehen zuzendari nagusi izan zen.

Garai hartako etxebizitza sozialak ere ikertu dituzu.

1920ko hamarkadan sozialdemokraziak Europan garatutako esperientziak gauzatu ziren garai hartan, batez ere Vienakoak eredu hartuta. Antolamendu orekatu eta arrazionalak dira, erraz antzeman daitezkeenak, etxebizitza baxuak, eta garrantziaren arabera ekipamenduak bil ditzaketenak.

Hemen, Errenterian, Alaberga auzoa da horren adibide argia. Alaberga Obra Sindical del Hogar erakundeak eraikitako auzoa da, eta Gipuzkoan badira antzeko beste batzuk ere. Antolamendu interesgarriak dira, pobreak, material eta diru eskasiaren eraginez, baina errepublika garaian indarrean zeuden irizpideei eusteko borondate argiarekin. Auzo horietan ikusten da, politikoki ez bezala, arkitekturan jarraipen bat gertatu zela, arkitektoek gerra aurretik indarrean zegoen lan egiteko moduari eutsi ziotelako.

Alaberga auzoaren antzekoek zein ezaugarri zituzten?

Alaberga da Obra Sindical del Hogar izenekoak Gipuzkoan eraikitako auzorik handiena. Ordizian bada beste bat oso interesgarria, bai eta Elgoibarren ere, Muguruzak berak eraikitakoa; eta Irunen, hura ere Muguruzarena. Etxebizitza horiek hiri antolamendu bat lortu nahi dute, plazarekin, u formarekin, eta hirian ondo txertatutakoak dira. Alaberga, esaterako, garai bateko N-1 errepidera begira eraikitako auzoa da, identitate handikoa. Mendi magalean gora eraiki zuten, baina urbanizazioaren barruan eskola eta eliza ditu, bai eta bestelako ekipamenduak ere. Auzo haiek bizilagun unitate modukoak ziren, zerbitzuen ikuspegitik beharrezkotzat jotzen ziren guztiak jasotzen zituztenak. Errenteriako Beraun auzoarekin alderatuz gero, argi ikusten da jada ez dagoela halako borondaterik. Etxebizitza blokeak altxatu beste borondaterik ez dago Beraunen, eta zenbat eta altuago hobe.

Errepublika garaiko ereduarekiko haustura noiz gertatu zen?

1957. eta 1958. urte inguruan hasi zen haustura. Diktadura pixkanaka aldatzen hasi zen, enbaxadak ireki zituzten eta desarrollismo esaten zaiona ezarri zen. Gipuzkoara zehazki, lantegi asko zeudenez, jende asko iritsi zen, eta jende horrek guztiak etxe premia sortu zuen. Hor hasten da nire tesiaren bigarren zatia.

Zer defendatzeko?

Desarrollismoarekin batera hiria egiteko borondatea desagertu zela; hau da, antolamendu arrazionalak egiteko borondatea, eta hiriarekin ondo lotutako urbanizazioak eraikitzeko asmoa desagertu zen. Horren ordez, Gipuzkoan, topografikoki hain eremu zaila izanik, mendi magalak okupatzen hasi ziren. Nik, Errenteriako kasua aztertu dut, eredu horren paradigma delako, baina Eibarren, Ibarran, eta beste toki askotan gertatu zen fenomenoa da.

Etorkinen fenomenoak ez ezik, zerk eragin zuen halako aldaketa bortitza?

Ordura arte, 50tik gora langile zituzten lantegiek derrigorrezkoa zuten langileei etxebizitza bat eskaintzea, betiere alokairuan. Baina desarrollismoarekin batera, beste figura bat azaleratu zen, etxe sustatzailea, eta, harekin batera, etekina lortzea bihurtu zen lehen helburu. Jadanik ez zeukaten antolamenduarekiko kezkarik; plazak, pasealekuak, kaleak... etxebizitzen eraikuntza gero eta dentsitate handiagokoa izango da, erakundeen onespenarekin, eta kontuan hartu gabe loturak, azpiegiturak, ekipamenduak.... Gipuzkoa osoan daude halako adibideak: Arrasaten, Bergara, Zumarragan...

Noiz arte iraun zuen horrek?

1970eko hamarkadan, jendea kezkatzen hasi zen; espaloirik eza, saneamendu sarerik ez, argiztapenik apenas, eskolarik ez... Etxebizitzak baino ez zituzten eraikitzen, eta, gainera, askotan, arazoekin. Hainbat arkitekto lan egiteko modu horren kontra altxatu ziren. Franco hil ondorengo garaiak dira, eta ordutik aurrera eredua aldatu zen.

80

ADINEKOEN EGOITZETARAKO diru KOPURUA, MILIOITANEguneko zentro eta adinekoen egoitzei ia 80 milioi euro emango dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiak, adinekoei eta mendekotasunen bat dutenei eskaintzen zaizkien zerbitzuak ordaintzeko. Iaz baino 215.000 euro...

Egur labean eta eskuz egitea, horra euskal pastelaren sekretua

Berriatuko (Bizkaia) Elizburu baserria gozogintza lantegi bat da. Handik irteten dira Labegur euskal pastelak; baina ez horiek bakarrik: ogiak, pastelak eta abarrak ere pasatzen dira egur labetik, kontsumitzailearengana iritsi baino lehen. Gurasoek erretiroa hartu ondoren, Lourdes Malaxetxebarria alabak hartu zien lekukoa, eta hasieratik Labegurren ikur izan diren ezaugarriei eusten die oraindik: eskuz egindako produktuak eta zuzeneko salmenta dira Labegurren zutarriak.

Badira 25 urte Labegur martxan jarri zutenetik. Ogia eta euskal pastela egiten zituzten hasiera batean, eta pixkanaka, bestelako gozoak gehitu dizkiote eskaintzari. Malaxetxebarriak dioenez, euskal pastela da gehien saltzen dutena, baina hortik aparte ere, askotariko produktuak dituzte: arroz tarta, sagarrarena, txokolatezkoa, ahabiarena, gaztarena; pastak, txokolatea —zuria eta beltza—, magdalenak, muffin-ak...

Egur labearekin egiten dute lan, eta, Labegurren arrakastetako bat hori izan daitekeen arren, Malaxetxebarriak ezinbesteko deritzo kalitatezko lehengaiak izateari: "Lehengai onak izatea da emaitza on bat lortzeko lehen pausoa, baina baita eskua ere. Lehengaia ona bada baina eskurik ez...Eta, noski, mimo asko jartzea". Baserriko esnea erabiltzen dute gozoak egiteko.

Urteen poderioz, errezetak "hobetuz" joan dira; "eskua hartu ahala, lehengaiak hobeto ezagutzen dira, zein den bestea baino hobea...". Etxean ikusitakotik ikasi du Malaxetxebarriak, eta ezagutza hori ikastaroekin osatuz joan da apurka-apurka. Tresneriari dagokionez, berriz, ez dute aldaketa nabarmenik egin urte guzti hauetan, ia guztiz eskuz lan egiten baitute: "Adibidez, oratzeko makina berbera dugu labea zabaldu genuenetik".

Urtetik urtera eskaintza zabaltzen joan diren bezala, 2006. urtean beste urrats bat egitea erabaki zuten, eta ekoizpen lerro berri batekin hasi ziren lanean: ekologikoa. "Mundu interesgarria da; naturala da, eta merkatuaren aldetik ere badago eskaria", dio Labegurreko arduradunak. Ekoizteko moduak ohikoaren berdina izaten jarraitzen du; soilik osagaiak aldatzen dituzte. Euskal pastela, ogia eta intxaur pasta egiten dituzte modu horretara. Euskal pastel tradizionalak zein ekologikoak, bakoitzak bere bezeroak ditu, Malaxetxebarriaren arabera: "Batzuek guztia %100 ekologikoa nahi dute, besterik ez. Beste batzuek, berriz, tradizionala nahiago dute". Azoka ekologikoetan bereziki "ondo" saltzen dute euskal pastel ekologikoa. Oro har, azoken bitartez saltzen ditu produktuak batik bat Berriatuko gozogileak; "%95", gutxi gorabehera. Gipuzkoan eta Bizkaian aritzen dira.

Aurrera begira, oraingoz ez dute produktuen eskaintza gehiago zabaltzeko asmorik; bakarrik lan eginda, Malaxetxebarriak badu lana oraingoz. Egun seinalatuetan, ordea, bestelako gozoak ere eskaintzen ahalegintzen dira: Gabon garaiaren bueltan, esaterako, turroiak egiten dituzte.

EUSKAL PASTELA

Ekoizlea: Labegur.

Helbidea: Elizburu auzoa, Berriatua (Bizkaia).

Telefono zenbakia. 94-613 90 85.

Eskaintza: Otsailaren 18ra arte da eskaintza.

Produktua erosteko: www.euskalherrikoplaza.com

Erretiratuak, gazte espirituaz

Gaztaroa akordarazteko asmoarekin, Gipuzkoako berrehun erretiratu baino gehiago elkartuko dira bihar Getariako kiroldegian. Loadinn irabazi asmorik gabeko enpresako Irene Martinez, Adriana Uribesalgo eta Uxue Barrenetxea ekintzaileen ekimenez, Flashba...

Biluztu, bizikidetza janzteko

A naia bahitu, torturatu eta hil egin zioten bati, 1983an; aita garondoan tiro bat jota hil zioten besteari, 2001ean. Biek biluztu dute euren burua, hustu dute barrena, jendaurrean azaldu sufrimendua, eta biek helburu bera agertu dute: eurek sufritutakoa, eurek pasatutakoa beste inork berriro ez bizitzea, inork berriro ere indarkeria arerio politikoaren kontra ez erabiltzea. "Etorkizun itxaropentsua eta bizikidetza baketsua" eskatu du Pili Zabalak, GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak; "hemen gertatu denaren benetako kontakizuna egitea" Josu Elespek, ETAk 2001ean hildako Froilan Elespe zinegotzi sozialistaren semeak.

Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean elkartu ziren biak, Urnietako Udalak antolatutako Bake eta Bizikidetzako II. Jardunaldien barruan, iragan larunbatean. Urnietako Udala osatzen duten hiru alderdiek —EAJ, EH Bildu eta PSE-EE— bizikidetza programa bat adostu zuten agintaldi hasieran, eta horren emaitza dira jardunaldiok. Sufrimenduetara hurbilduz leloa daramate goiburu, eta horixe egin dute Pili Zabalak eta Josu Elespek, eurek sufritutakoa barrutik atera eta Saroben bildutakoekin partekatu.

Gorrotoa gainditzen

ETAk bere aita hil zuela irratian entzun zuen Elespek. "Ataunen ari nintzen lanean, eta lagun batek deitu zidan aita atentatu batean nahastuta zegoela esateko. Telefonoz ez zidan esan aita hila zenik. Etxekoei deitu eta inork hartzen ez zuela ikusita, kezkatu eta autoa hartu nuen". Hortxe baieztatu ziren haren kezka eta susmoak. Aita hil zioten.

Hilabete lehenago, Martutenen, ETA Iñaki Dubreuil Ordiziako zinegotzi sozialista hiltzen saiatu zen bonba auto batekin —inguruan zeuden bi behargin hil zituen leherketak—; baina Froilan Elespe izan zen ETAk hildako PSE-EEko lehen zinegotzia. "Aurreko atentatu saioak alarma piztu zuen etxean, baina aitak inolako momentutan ez zigun beldur hori helarazi. Guk ez genion inoiz nabaritu. Hil zuten egun berean, ordea, Ertzaintzaren dei bat zegoen etxeko erantzungailuan, bizkartzaina jarriko ziotela esanez".

Ataundik Lasarterako bidaia ez du inoiz ahaztuko Elespek. "Aita hil zutela entzun arren, ez nuen sinistu. Amesgaizto bat zen. Aita hil zuten, baina munduak berdin jarraitzen zuen, eguzkiak berdin berotzen zuen udaberriko eguerdi bero hura, errepidean ibilgailuak zebiltzan berdin-berdin, ezer pasa ez balitz bezala. Nire aita hil zuten, baina bizitzak aurrera segitzen zuen. Lasartera iritsi nintzenean ohartu nintzen baietz, egia zela, aita hila zela".

Ertzainek ez zioten utzi aita hil zuten tabernara sartzen, eta orain eskertu egiten duela dio Elespek. Izan ere, aitaren hilketak barrua gorrotoz bete ziola aitortzen du, egun horietan, eta ostean ere bai, babes handia sentitu izan duten arren. "Minari eta ulertu ezinari gorroto oso handia gehitu behar zaio. Gorrotoa ETAri, eta ETA babestu, ulertu, justifikatu, onartu eta toleratzen zuen orori".

Gorroto horren ondorioz, "oso urte latzak" igaro zituen Elespek. Baina, gorrotoak min handiena berari egiten ziola ohartuta, helburu bat jarri zion bere buruari. "Aita hil aurretik nintzena izatera itzuli nahi nuen. Gorrotatzeari utzi nahi nion, eta horrek nire sentimenduekin barne borroka handia izatera eraman ninduen. Baina azkenean lortzen da, eta gaur esan dezaket, argi eta garbi, eta zintzotzasun osoz, ez ditudala aita hil zutenak gorroto, ez eta haiek babestu eta onartu dituzten enparauak ere". Hori esan ahal izatea "garaipentzat" du.

Gorrotoa gainditzeko bidea norberak egin behar duela eta bakoitzak bere mekanismoak dituela uste du Elespek, eta denek balio dutela. Haren kasuan, bestalde, hasiera-hasieratik hartutako erabakia izan zen biktima elkarteetan ez sartzea. "Errespetu osoz" hitz egiten du horiei buruz, baina uste du "politizatuta" daudela eta PPk baliatu egin dituela. "Nire ustez, gaur egungo biktima elkarteek biktimizazioa bultzatzen dute, eta ez dute uzten biktimizazio horretatik ateratzen".

Gertatutakoa ez dela inoiz ahazten baina horrekin bizitzen ikasten dela uste du Elespek. "Hainbat arlotan, gertatutakoari buruzko irakurketa positiboa egiten dut, eta uste dut orain pertsona hobea naizela". Lehen baino gehiago baloratzen ditu gauzak; "eta behin gorrotoa gaindituta, etorkizuneko bizikidetzaren aldeko ekarpena egiteko gogoa da gelditzen zaidana".

Sufrimenduaren kontakizuna egitea ezinbestekoa iruditzen zaio, eta hainbat esperientziatan parte hartu du Elespek norabide horretan. Horietako bat ikastetxeetan, nerabeen aurrean, bere esperientzia kontatzea izan da, Adi-adian programaren barruan. "Esperientzia gogorra da, bortitza, baina aldi berean oso aberasgarria eta hunkigarria".

Beste esperientzia "are gogorragoa" dela dio. Izan ere, Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo dauden eta ETArekin kritikoak diren Zaballako bi presorekin elkartu da, batarekin espetxean eta bestearekin espetxetik kanpo, baimen bat aprobetxatuta. "Pertsona bati, hiltzaile bati, aurrez aurre entzutea hil egin duela, baina damutzen dela, autokritika zintzoa egiten duela, egin duena gaizki dagoela, inor hiltzea gaizki dagoela, hildakoa edozein dela ere... Horrek asko laguntzen du, barrua betetzen dizu".

Orain bizikidetzaz hitz egin nahi duela dio Elespek, horretan sinisten duela, eta itxaropentsu dela. Pausoak eman behar direla uste du, eta, indarkeria oro arbuiagarria denez, horretan ez dagoela ñabardurarik. Gauza bera giza eskubideekin; giza eskubide guzti-guztiak errespetatu behar direla dio Elespek, "baita giza eskubideak errespetatu ez dituztenen giza eskubideak ere". Hala, euskal presoak hurbiltzearen aldekoa da. "Ez da oraingoa, beti pentsatu izan dut hori. Eta uste dut presoei eman behar zaien tratamendua gainerakoei ematen zaien bera dela; espetxe onura berberak izatea, gaixo daudenak kaleratzea eta, noski, zigorra etxetik hurbil bete ahal izatea. Azkenean, niri berdin dit zigorra non betetzen duen, Cadizen edo Martutenen, eta senideek ez dute zertan hamalau orduko bidaia bat egin autobusean, eurek inolako errurik izan gabe".

Egungo egoeran "atzera bueltarik" ez du ikusten Elespek, gizarteak ez lukeelako ulertuko, eta ETAk berriro armak hartuko balitu ezker abertzalearen "hondoratze erabatekoa" ekarriko lukeelako. "Ziur nago etortzear dagoen guztia hobea izango dela, baina ona da gertatutakoa gogoratzea, nire istorioa oroitzea, Pilirena, ezberdina izan arren ondorio berberak izan baitira gu biontzat: mina, sufrimendua...".

"Ni ez naute biktimatzat"

Pili Zabalak urte asko egin ditu anaiaren bahiketa eta hilketari buruz hitz egin gabe, baina momentu batean jarrera hori baztertzea erabaki zuen. "Nahiz eta nik beti pentsatu dudan bi aldeak zeudela gaizki, behin eta berriro ikustea sufrimenduaren alde bakarra hartzen zela kontuan, soilik indarkeria mota bat ikusarazten zela, niretzat gogorra zen. Ez. Hemen indarkeria mota asko egon da, eta denak arbuiatu behar dira. Ez bagara puntu horretara iristen, ez dago etorkizun baketsu bat eraikitzerik. Eta horregatik nago hemen, nik bizi izandakoa zuei adierazten". Garrantzitsua iruditzen zaio sufrimenduari buruz hitz egitea eta biktimek euren esperientzia partekatzea. "Ni hemen Josurekin baldin banago, helburu bat daukagulako nago: gure herria maite dugu, eta seme-alabak herri baketsu eta zoriontsu batean bizitzea nahi dugu".

1981eko azaroaren 6an Espainiako Polizia anaiaren bila etxera joandako eguna oroituz hasi du hitzaldia Zabalak. "Banketxe batean lapurretan egiten saiatu zirela esan ziguten, eta, noski, gu, kristau balioetan hezitakoak izanik... kristau batentzat ezin da lapurretan egin, eta are gutxiago inor hil. Orduan hasi ziren niretzat dilema etikoak".

Egun horretan hasi zen anaiaren errefuxiatu bizimodua ere; eta 1983ko urriaren 16ko gauean amaitu zen, modu bortitzean. "21 urte zituen, eta, gau batean, desagertu egin zen, desagerrarazi egin zuten. Oso gogorra da. Gure etxean, egun horretan, tristura sartu zen leihotik, eta ilusioa irten zen atetik".

Urte askotako sufrimendua izan zen zabalatarrentzat, hilda zegoela pentsatu arren horren baieztapenik ez baitzuten izan 1995ean Alacanten agertutako bi gorpu Joxean Lasa eta Joxi Zabalarenak zirela jakin zen arte.

Aldi berean, torturaren gaineko datu oso gordinak ere ezagutu ziren. Baina Zabalarentzat "zorionekoa" izan zen gorpuak agertzea. "Beti da hobea egia jakitea, ezjakintasuna baino. Ezjakintasunean zaudenean, mamuak besterik ez duzu buruan. Egia dakizunean, gordina izan arren, mamuak desegiten hasten dira, eta aukera ematen dizu bide eraikitzaileago bat abiatzeko".

Urte horietan guztietan bizi izandako "latzena" babes falta izan zela aitortu du Zabalak, ezker abertzaleak bakarrik babestu zituela, inoiz ez zituztela erakundeak alboan izan. Hori gutxi ez, eta anaia lurperatzeko unean, Ertzaintza Tolosako hilerrian bildutakoei oldartu zitzaien. "Gu gaizki tratatuak izan gara alde guztietatik; bai guardia zibilek, bai Espainiako poliziek, bai ertzainek. Baina kanposantukoa... inork merezi al du horrelako tratu bat?".

Anaia hil zutenak epaitu zituzten gero, eta Intxaurrondoko erantzule eta guardia zibilen zigorra iritsi zen. "76 urteko zigorra jarri zieten Galindori eta Elgorriagari, eta zigor handiak besteei ere. Non daude orain? Denak kalean. Gizarteratuta al daude? Damutu al dira? Aitortu al dute egindakoa? Zergatik daude kalean? Hau al da Espainiako zuzenbide estatua?".

Legearen babesik ere ez dute sentitu, beraz. "Terrorismoaren Biktimen Babes Integralerako Legearentzat eta egungo Barne Ministerioarentzat ni ez naiz biktima. Noski, legeak ez du estatu terrorismoa jasotzen, eta guri lege horretan agertzen diren lau printzipioak ukatzen zaizkigu: memoria, egia, berdintasuna eta justizia ukatu egiten zaizkigu". Baina sufrimenduaz hitz egitean, alde batekoek zein bestekoek "min bera" sufritu dutela argi du Zabalak, eta hori onartzea eta giza eskubideen urraketa guztiak mahai gainean jartzea "derrigorrezko" ikusten du.

Aipatutako lau balioak biktima guztiei aitortzea ezinbesteko jo du Zabalak, etorkizun baketsua eraiki nahi bada, baina horretarako "politikari eta legelari zintzo eta ausartak" behar direla deritzo, "bestela iragana errepikatzeko arriskua izango baita".

Bai Pili Zabalak, bai Josu Elespek egia, justizia, aitorpena eta memoria aldarrikatu dute Urnietan, gertatutakoak jaso, sufrimendua aitortu eta berriro ez errepikatzeko konpromisoa berrestea. Horretan, eta Euskal Herrian bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean euren ekarpena egiteko prest agertu dira bi-biak. Aletxo bat jarri dute Urnietan, salbuespena dirudien pausoa, baina orokorra izatea xede duena: "Josu eta biok asmo horrekin gaude hemen, eta espero dugu gero eta jende gehiago egotea gurekin. Izan ere, herri honek merezi du, eta gure seme-alabek behar dute".