Sailkatugabeak

Bizitza musikaz janzteko gonbita

Oholtza gainetik babesera, sorkuntza lanaz gozatzen dabil Garazi Zabaleta (Beasain, 1987). Oso gaztetan murgildu zen musikaren munduan, eta dagoeneko bere bidea egiten ari da. Emusik 2016 jaialdirako abestia izan da egin duen azken lanetako bat. Aurke...

Hardcore-punk maratoia Andoainen

Zigor ekonomikoen aurkako hardcore-punk musikako maratoia antolatu dute biharko Andoaingo gaztetxean. 18:00etatik aurrera, zazpi talde igoko dira oholtza gainera: Ezin Izan (Donostia), Nuevo Catecismo Catolico (Donostia), Fly Shit (Bergara), On (Beiz...

“Edozein ekarpen positiboa da barneratzailea eta irekia bada”

Begoña Urroz Ibarrola. Lasartearra, 22 hilabete. 1960ko ekainaren 27an Donostiako Amara zaharreko FEVEren geltokian izandako atentatuan hil zuten. Hura da 1960tik 2010era Donostian indarkeria politikoak eragindako biktimen zerrendako lehena. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaritzak txosten batean jaso ditu "terrorismoaren eta beste edozein motatako indarkeria politikoaren ondorioz" euskal kasuan izandako urraketak, eta Donostiako Udalari aurkeztu berri dizkio.

Bi ataletan banatu dituzte "bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak". Batetik, urraketa "nabarmentzat" har daitezkeen kasuak zerrendatu dituzte; bestetik, berriz, ikerketa lan handiagoa eskatzen dutenak daude. 131 dira, guztira. Horietatik 107 dira ETAri egotzitakoak; 11 Espainiako segurtasun indarrek eginikoak; eta lau BVE eta GALenak. Egiletza argitu gabeko lau kasu ere bildu dituzte, eta bost kasu gehiagok egiaztatze lan handiagoa behar dute.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak balorazio ona egin du Jaurlaritzaren txostenaren inguruan. Haren arabera, hirian "zer-nolako sufrimendua egon den jakiteko balioko du". Horrekin batera, gogoratu du udala Donostiako Sufrimenduaren Mapa lantzen ari dela hainbat dokumentu ofizial eta ez-ofizialen bidez, eta Jaurlaritzak egindako lana mapa horren osagarri izango dela iritzi dio: "Arlo honetan eginiko edozein ekarpen positiboa da barneratzailea eta irekia bada".

Txostena osatzeko, biktimei buruz argitaratu diren zerrenda guztiak berrikusi eta erkatu ditu Jaurlaritzak; bai Espainiako Barne Ministerioarenak, biktimen elkarteenak, hedabideenak, norbanakoenak, Nafarroako Gobernuarenak eta baita Jaurlaritzarenak berarenak ere. Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak adierazi duenez, "errealitatearekin konprometituta dagoen memoria bat" osatu dute.

Dokumentuan ez dituzte jaso giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak bizitzeko eskubidearen urraketatzat jotzen ez dituen kasuak, nahiz eta indarkeria testuinguru bati lotutakoak izan —suizidioak eta polizien artean ustekabean izandako tiroketak, adibidez—.

Datu nahasgarriak

Kasu "gehien-gehienetan" informazio nahikoa eskuratu dute, eta, gainera, iturri guztiak bat zetozen. Hala ere, bereziki 1960ko, 1970eko eta 1980ko zenbait gertakariri buruzko lana korapilatsuagoa egin zaie, informazio faltagatik edo tartean datu nahasgarriak zeudelako. Donostiaren kasuan, egiletza argitu gabe duten kasuez gain, gehiago ikertzea eskatzen duten bost gertaera bildu dituzte: Vicente Lertxundiren heriotza —Martuteneko espetxetik larri zaurituta atera ondoren hil zen—, Jose Miguel Anduezarena —guardia zibil batek larri zauritu eta gero hil zen—, Rosa Zarrarena —pilotakada bat jasota larri zauritu eta zortzi egunera hil zen—, Maria Francisca Eraunzetamurgilena —bonba-jostailu batekin odolustu zen—; eta Jon Anzarena —Baionako geltokian Tolosarako (Frantzia) tren bat hartu ondoren desagertu zen, eta gorpua hiri horretako gorputegi batean agertu zen—.

Argitzea falta den informazioa dagoenez, beraz, ez dute behin betiko dokumentutzat jo; dena den, "errealitate objektiboaren irudi zorrotz eta hurbila" ematen du, Fernandezen arabera: "Bidegabeki hildako biktima bakoitzaren sufrimenduaren aurpegiaren erretratua da".

Donostiakoa ez ezik, lurraldeko herrietako memoriak ere lantzen ari da Bake eta Bizikidetza idazkaritza. Horien bitartez, udaletako arduradunei "oroitzapenezko proiektuak egiteko baliabide egoki bat" eskaini nahi die. Uste du erakundeek "memoria kritiko bat" sustatzeko eginbeharra dutela, eta biktimen oroitzapenari "bizirik" eutsi behar zaiola.

Ekonomia solidariorantz

Ideia bat garatzeko euskarria jarri du denen eskura Emaus fundazioak: Ideia bati bizia emanez gidaliburua. Elikadura burujabetza kontzeptura hurbildu nahi dutenentzako gida praktikoa da, hain justu. Burujabetzaren ideia ez termino politikoetan soilik ulertuz; neurri ekonomiko eta sozialen alorrean ere jorratu dute. Prestatutako liburuarekin, bide eman nahi diete nekazaritzako elikagaien sektorean esperientzia ekonomiko bat martxan jartzeko asmoa dutenei baina aldi berean "eredu kapitalistatik urrundu" nahi dutenei. Horiez gain, dagoeneko egitasmo bat martxan jarri eta hori eraldatu nahi dutenei ere laguntza eskaini nahi diete.

Gipuzkoako hainbat herritan ari dira Emaus fundazioko kideak gidaliburua aurkezten. Asteartean, esaterako, Irunen egin zuten aurkezpena, solasaldi modura, Emausek Arretxeko gainean duen Ekocenterrean. Gidaren oinarrian "ekonomia solidarioa eta feminismoa" daudela azaldu zuen Assunpta Aierdi Emaus Fundazioko kide eta gidaren koordinatzaileak. Dena den, nekazaritzako elikagaien "bideragarritasuna, planifikazioa, baliabideak eta bestelakoak" ere kontuan hartu dituzte.

Enpresa txikien sorrerarako gida da, eta kudeaketa eta eraldaketa proposamen metodologikoa izateko konpromisoa du. Aierdik aipatu zuenez, ez dute zehaztasuna lortu nahi izan: "Gidan ez da agertzen noiz landatu behar den barazki hau edo bestea, eta zer egin behar den hura osasuntsu hazteko. Hori ez da gure egitekoa. Emausetik egin duguna da pistak eta hausnarketa praktikoak bildu, hainbat fasetan aplikatu ahal izateko".

Horrela, indarra jarri dute egitasmoen edo ideien definizioan, planifikazioan, antolakuntza ereduan, komunikazioan nahiz merkaturatzean. Eta gauza bat nabarmendu dute: nekazaritzako elikagaien egitasmo solidario baten bidez ekonomia alternatiboaren mesedetan lan egiteak ez duela prekaritatearekin harremanik. "Bizitza bideragarriak aurrera ateratzeko baliagarri izan behar dute ekonomia alternatiboko ereduek".

Aierdiren esanetan, ekonomia hitzaren jatorrizko esanahira hurbiltzeko ahalegina da liburuan ageri dena: "Pertsonen beharrak aseko dituen hori izan behar du ekonomiak, pertsonen —emakume edo gizonen— funtzioak eta ardurak kontuan hartuz, eta horiek era orekatuan banatuz".

Gidaliburua osatzen urtebete igaro dute. Elikagaien ekoizpenean esperientzia dutenekin elkarrizketak egin dituzte Emauseko kideek eta Bizkaiko EHNEko ordezkariek —horiek gidaliburua egiten lagundu dute—. 31 lekukotasun jaso dituzte denera, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak. Horiekin, eta beste hainbat erakundetatik egindako informazio bilketa lanarekin osatu dute liburua, baita nekazaritzako elikagaien burujabetzan esperientzia izan duten hainbat herrialdetako kideekin ere, Brasilgoekin esaterako.

Asteartean Irunen aurkeztu ondoren, Zarautzen eta Donostian ere hitzaldiak antolatuko ditu Emausek aurrerago, Ideia bati bizia emanez lanaren gaineko xehetasunak emateko. Bien bitartean, gidaliburua doan deskarga daiteke Emausen web orrian, gizarte fundazioaren atalera joanez gero.

Akermanen lanetik orainari begira

Chantal Akerman zinema zuzendariaren lanari buruzko solasaldia egingo dute bihar, Gorputza Jaurti lantaldearen eskutik. Hautatutako hainbat idatzi irakurri, ikus-entzunezkoak ikusi eta orainari "modu kritikoan" begiratuko diote parte hartzaileek. Bali...

Gero eta ezezko gehiago ‘fracking’-ari

Fracking-aren aurkako hots eta ahotsak areagotuz doaz. Teknika hori erabiltzearen kontra gizartean sortutako mugimenduari udalen mozioak batu zaizkie. Gipuzkoan, bi baimen daude eskatuta lurpetik gasa ateratzeko teknika horretarako; 2011n eskatu zituen Jaurlaritzaren menpeko SHESA enpresa publikoak, eta oraindik erantzun zain daude. Eskaera eremu zabal baterako egin ohi da; beraz, baimena emanez gero, eremu horren barruan edozein tokitan has ditzakete lanak: "Ez dago jakiterik benetan non hasiko diren eta non ez", ohartarazi du Iraitz Elordi Fracking Ez plataformako kideak. Gipuzkoan, lurrazalaren %40 hartzen dute baimena eskatu duten bi gune horiek. Fracking-aren teknikaz, eraginez eta ondorioez hitzaldia eman du plataformak aste honetan Tolosan.

Hogeitik gora dira Gipuzkoan fracking gabeko udalerriak. Udal horietan, gasa erauzteko haustura hidraulikoaren kontra agertu dira; dena den, mozioak onartu edo ez, udalek ez dute "pisurik" halako erabakietan. Elordik azaldu duenez, teknika horren aurka agertzea "trabak jartzeko modu bat da, euren jarrera argi erakusteko modu bat". Hainbat udalek jarraitutako ildotik, Batzar Nagusiek ere fracking gabeko lurralde izendatu zuten Gipuzkoa iazko ekainean, EH Bildu, PP eta PSEren botoekin —EAJk ez zuen babestu—. Praktikan, ordea, bestelakoa da errealitatea: "Ikusi dugu nahiz eta guk esan ez dugula fracking-ik nahi [Espainiako Auzitegi] Konstituzionala etorri eta ez digula hori egiten uzten". Espainiako Gobernuak argi utzi du erkidegoek ezin dutela euren kasa debekurik jarri, eta Konstituzionalak baliorik gabe utzi ditu onartuta zeuden hainbat lege; Nafarroan, Kantabrian eta Errioxan, esaterako. Edonola ere, Eusko Legebiltzarrak haustura hidraulikoari buruzko araudia eztabaidatzea adostu du, fracking-aren aurkako plataformek 100.000 sinadura baino gehiago aurkeztu eta gero. "Borondate politikoaren gain asko dago", dio Elordik.

Teknika erabiltzeak eragin ditzakeen kalteak askotarikoak dira, Fracking Ez plataformak zerrendatu dituenez: soinu kutsadura, landa okupazioa, lurrikarak, lur azpiko nahiz azaleko uretan eragin ditzakeenak... "Ura da fracking-aren ondorio larriena", Elordiren hitzetan. Adibide gisa jarri du Coloradon (AEBak) gertatutakoa: "Fracking-aren planta asko zeuden, uholdeak egon ziren eta plantetako ur denak errekan behera joan ziren; sekulako hondamendi naturala gerta daiteke".

Horrez gain, teknikak "bizi motza" du. Elordiren arabera, zulatzean leku konkretu bateko gasa bakarrik ateratzen da, pitzatzen den tokikoa bakarrik, eta "2-3 urtetan jada ez du merezi putzu hori ustiatzea". Ingurumenean duen eragina ez ezik, ekonomikoki duen kostua ere aipatu du. Batetik, kalkuluen gorabeherak daude: "Eman dezagun, zenbat gas eta petrolio egon daitekeen kalkulatzeko, estatistikak ateratzeko, adibidez Araban hasten direla. Lehenengo datuekin estatistikak aterako dituzte Euskal Herri mailarako, baina agian Tolosan ez dago horrenbeste gas eta petrolio". Beraz, estatistikak betetzen saiatze horretan, "zulo mordoa egin behar da", eta kostua dakar horrek: "Zulatzen segitzen badugu baina kantitaterik ateratzen ez badugu, gastuak asko igotzen dira".

Bestetik, Elordik "espekulazio hutsa" deritzo fracking-ari, eta AHTarekin alderatu du: inguruko "txiringito denak" irabazten du dirua. Etxebizitzaren burbuila ere hartu du adibide: "Erosi eta erosi, sortzen ari da norbaitek pagatu ezin duen arte, eta orduan denak erortzen dira".

Gosaltzeko, poesia, musika eta irudiak

Joseba Sarrionandia idazleak, Gose musika taldeak eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoek indarrak batu dituzte Gosariak lanean. Sarrionandiak sortutako testuak kanta bilakatzen dira Goseren eskutik, eta, era berean, irudi bihurtzen, Arregi eta Goikolearen lanari esker. Bihar, 21:00etan, Eskoriatzako Zaldibar antzokian izango da ikuskizunaz gozatzeko aukera.

Festa, santa eskearen bueltan

Gipuzkoako herri eta auzo askotan da berezia Santa Ageda egunaren bezpera —otsailaren 4a—. Urterik urte eutsi diote santa eskean ateratzeko ohiturari, eta aurten ere ez dute hutsik egingo, kantari ibiliko dira bazterrik bazter. Matxinbentan, adibidez, Beasaingo, Ezkio-Itsasoko eta Azpeitiko auzoan. Han, kuttun-kuttunak dituzte Santa Ageda eguna eta haren bueltako egunak. Santa eskearen tradizioari eusteaz gain, auzoko festak ere egun horietan ospatzen dituzte. Auzoko egunerokotasun lasaia eta baketsua alde batera utzi, eta algararako eta festarako egunak izaten dituzte auzoan.

"Hilaren bian Kandelario, bostean Santa Ageda / ohitura zaharra galdu ez dadin, atera gera eskera". Hala abesten dute auzotarrek egun osoan, eta hala abestuko dute datorren asteazkenean ere, bertsolariak kantuan jarri aurretik.

Ia dozena bat lagun biltzen dira gaur egun eskerako. Tartean, trikitilariak eta bertsolariak ere izaten dituzte lagun. Aurten Laja eta Izer trikitilariak eta Loidisaletxe eta Agin Laburu bertsolariak izango dituzte lagun. Bidean, inguruetako baserrietan egiten dute geldialdia, oles eginez denei. Baina ibilbidea ez da beti berbera izan. Aldatuz joan izan da.

Auzoko Joxe Lasak argi ikusten du ohituraren aldaketa. Matxinbentakoak 1948ko Santa Ageda bezperako eskean atera zirenen argazkia erakutsi, eta atzo balitz bezala gogoratu du egun hartan bizitakoa. Bera da argazkian agertzen direnen artean bizirik dagoen bakarra: "Argazki hau Arzelus argazkilariak atera zigun, eta igande hartako Diario Vasco-n atera zen. Beasaingo udaletxetik abiatu ginen urte hartan eskean, baina orduan hilerria zegoen lekuraino ez ginen hasi kantuan". Lasa bera arduratu zen antolatzeaz. Bertsolaria eta soinu jolea bazituzten, eta pandero bat ere bai, baina inork jotzen jakin ez, eta Lasak jo zuen panderoa, "ahal zen moduan": "Abiatu aurretik, plazapean zegoen fruta dendako saltzaileak laranja bana eman zigun, biderako".

Egun Azpeititik abiatzen badira ere, orduan Beasaindik ateratzen ziren. Lasak azaldu du zergatia: "Mandubiko erromeriatik neska batzuk ezagutzen genituen, eta beste erreferentziarik gabe hartu genuen bidea. Joxe Lizaso genuen bertsolari: ona zen gero! Salbatoretik Garina postariaren kamioian joan ginen, baina gainerakoak oinez egiten genituen. Bukaerarako nekatu egin zen Lizaso, baina bertso ederrak botatzen zituen". "Urte txarrak" ziren eta ez zuten ezer askorik bildu: "Baratxuri zopa eta txuleta bana afaldu genuen, behintzat, auzora iritsita".

Bera baino zaharragoek, bere aurrekoek, zer-nolako eske motak egiten zituzten ez badaki ere, aitonak kontatutakoak gogoratu ditu: "Gure aitona zenak ere kontatzen zuen Santa Ageda bezperako eskean izaten zirela aldrebeskeriak: langak botatzen ibiltzen zirela, ganberrokerietan... Sasoiko mutilak eta mutiko kozkorrak ibiltzen ziren, eta badakizu...".

Egun ere bizi-bizi joaten da santa eskea. Goizean goiz Azpeititik abiatu eta auzoan amaitu arte kantuan aritzen dira, eta bidean, ardo gozoa eta Gabonetan sobratutako ardo onak izaten dituzte lagungarri. Penak alde batera utzi, eta festa giroko haizeak indarra hartzen du bidean.

"Egun handia izaten da"

Auzoan otarregile ugari dago, eta festetako lehiaketetako sarietan, oroigarri gisara ematen diren garaikurren ordez, otarreak izaten dituzte. Auzoko otarregile ezaguna da Iñaki Agirrezabal, eta hura ere atera izan zen eskean, pare bat aldiz. Orain, ordea, etxean hartzen ditu eskera joaten zaizkionak, barruraino sartzen utziz. "Egun handia izaten da auzoan. Etxe aurre guztietako aulki eta trasteak jaso egin behar izaten ditugu, errekan amaituko ote duten beldur", dio barrez. "Behin, etxean piña bat genuen, eta alde egin zutenean konturatu nintzen falta zela. Gero, afalondoan, piña harekin futbolean jolasten ikusi nituen, eta ganaduren batek jan ote zuen ere esan zidaten".

Ibilbidearen amaieran, ibilbideko baxoerdi guztiak gainean eramaten dituzte eskekoek, eta Joxe Lasaren aitonak zioen bezala, egun ere izaten dira ganberrokeriak.

Santa Ageda egunean, meza egingo dute Azpeitiko erretiratuen abesbatzarekin, eta hamaiketakoa ere egingo dute. Handik aurrera, igandera arte, Loinazko San Martinen omenezko festak ospatuko dituzte Matxinbentan, ekintza sorta zabalarekin. Festa gogoz dagoenak, beraz, badaki nora joan asteburu honetan.

Etxegabetzeak eta Kaiku mamia

Duela pare bat aste, "heteropatriarkatuaren kontrako borrokan proiektu politiko ausarta" abiatzera doan talde bat jendartean aurkeztu zen Donostian. Ekimenaren xedearekin bat natorrela idatzi nahi nuke, baina ez naiz hain ziur ere, erabili zuten terminologia erabat arrotza zaidalako. Terminologiak baino gehiago, halere, eszenografiak hartu zuen nire arreta. Artzain Onaren elizaren kanpoaldeko eskaileretan ateratako erretratuan bost gizaseme ageri ziren. Mezua irakurtzen ari ez ziren laurek aurpegia buruzapi batekin estalia zuten.

Ez dakit nik neuk zein eszenografia erabiliko nukeen multzoaren asmoa den "gizarte osoaren askapen prozesu bati" ekiteko, sexualitate librea aldarrikatzeko, alegia. Aipatutako taldearena, herrixka bateko banketxeren batean gas bonbonarekin atentatua egin izana bere gain hartzera doan komando anarkistaren estetika hori, ez da nire molde kuttunena. Kontrako estetika erabili berri dute, urrutiegi joan gabe, Kaikuren iragarki berria ustezko mezu feministaz bete dutenek. Eta ez pentsa, dezente arriskutsuagoa iruditu zait azken kontu hori.

Ez dut uste Kaikuk kontratatutako publizistak Artzain Oneko kaputxadunak bezala "heteropatriarkatuaren kontrako borrokan proiektu politiko ausarta" bultzatu nahian dabiltzanik. Laktosarik gabeko esnekiak saltzeko hilean 3.000 euro irabaztearen traza duten amatxo lerden minigonadunak erakutsi dizkigute, esaldi hutsalez lepo betetako abestiarekin dantzan. Publizitateari orokorrean jardun ulertezina, toxikoa eta makurra deritzot, baina datorren epaia ez da adierazi berri dudan aurreiritzietan oinarritua, objektiboa baizik: laktosarik gabekoen iragarkia kirtenkeria potolo samarra da.

Etxegabetzeen aurka ari direnek mamia jaten dutela esan diezaguke hurrena Kaikuk, edo ebolaren aurka ari den boluntarioak etxera itzultzean sojazko jogurta zein gustura berdintzen duen kontatu. Egitate bat onartu behar diet ordea enpresako arduradunei: konkurrentziak anuntzio-gizon perfektua izan, eta esnekien publizitatearen testuingurua zeharo baldintzatua dago aspaldi.

Pareko larrean, Iñaki Perurenaren kolesterolaren aurkako kanpainak funtzionatu egiten du. Euskaraz, baina, batez ere, Leitzako bere gaztelera partikularra darabilenean. "Funtziona". Perurenak mirari ez hain txikia erdietsi du. Gure heroiren bat telebistan nabarmen patrikak betetzeko helburuarekin erdara hutsean aritzeak eragin ohi didan amorrua behingoagatik lausotzea. Danacolek berak kolesterolarekin funtzionatzen ez duela argi samar dut, eta ez dut sekula potorik erosiko, baina Danacolen anuntzioek eragindako irribarre tontoek mila gaitz aldentzen dituzte. Eta Kaikuren publizistek horrelakorik nola hobetu dezaketen niri ere ez zait okurritzen, egia esan.