Sailkatugabeak

Ekonomia solidariorantz

Ideia bat garatzeko euskarria jarri du denen eskura Emaus fundazioak: Ideia bati bizia emanez gidaliburua. Elikadura burujabetza kontzeptura hurbildu nahi dutenentzako gida praktikoa da, hain justu. Burujabetzaren ideia ez termino politikoetan soilik ulertuz; neurri ekonomiko eta sozialen alorrean ere jorratu dute. Prestatutako liburuarekin, bide eman nahi diete nekazaritzako elikagaien sektorean esperientzia ekonomiko bat martxan jartzeko asmoa dutenei baina aldi berean "eredu kapitalistatik urrundu" nahi dutenei. Horiez gain, dagoeneko egitasmo bat martxan jarri eta hori eraldatu nahi dutenei ere laguntza eskaini nahi diete.

Gipuzkoako hainbat herritan ari dira Emaus fundazioko kideak gidaliburua aurkezten. Asteartean, esaterako, Irunen egin zuten aurkezpena, solasaldi modura, Emausek Arretxeko gainean duen Ekocenterrean. Gidaren oinarrian "ekonomia solidarioa eta feminismoa" daudela azaldu zuen Assunpta Aierdi Emaus Fundazioko kide eta gidaren koordinatzaileak. Dena den, nekazaritzako elikagaien "bideragarritasuna, planifikazioa, baliabideak eta bestelakoak" ere kontuan hartu dituzte.

Enpresa txikien sorrerarako gida da, eta kudeaketa eta eraldaketa proposamen metodologikoa izateko konpromisoa du. Aierdik aipatu zuenez, ez dute zehaztasuna lortu nahi izan: "Gidan ez da agertzen noiz landatu behar den barazki hau edo bestea, eta zer egin behar den hura osasuntsu hazteko. Hori ez da gure egitekoa. Emausetik egin duguna da pistak eta hausnarketa praktikoak bildu, hainbat fasetan aplikatu ahal izateko".

Horrela, indarra jarri dute egitasmoen edo ideien definizioan, planifikazioan, antolakuntza ereduan, komunikazioan nahiz merkaturatzean. Eta gauza bat nabarmendu dute: nekazaritzako elikagaien egitasmo solidario baten bidez ekonomia alternatiboaren mesedetan lan egiteak ez duela prekaritatearekin harremanik. "Bizitza bideragarriak aurrera ateratzeko baliagarri izan behar dute ekonomia alternatiboko ereduek".

Aierdiren esanetan, ekonomia hitzaren jatorrizko esanahira hurbiltzeko ahalegina da liburuan ageri dena: "Pertsonen beharrak aseko dituen hori izan behar du ekonomiak, pertsonen —emakume edo gizonen— funtzioak eta ardurak kontuan hartuz, eta horiek era orekatuan banatuz".

Gidaliburua osatzen urtebete igaro dute. Elikagaien ekoizpenean esperientzia dutenekin elkarrizketak egin dituzte Emauseko kideek eta Bizkaiko EHNEko ordezkariek —horiek gidaliburua egiten lagundu dute—. 31 lekukotasun jaso dituzte denera, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak. Horiekin, eta beste hainbat erakundetatik egindako informazio bilketa lanarekin osatu dute liburua, baita nekazaritzako elikagaien burujabetzan esperientzia izan duten hainbat herrialdetako kideekin ere, Brasilgoekin esaterako.

Asteartean Irunen aurkeztu ondoren, Zarautzen eta Donostian ere hitzaldiak antolatuko ditu Emausek aurrerago, Ideia bati bizia emanez lanaren gaineko xehetasunak emateko. Bien bitartean, gidaliburua doan deskarga daiteke Emausen web orrian, gizarte fundazioaren atalera joanez gero.

Bertsozaleak ere, gai-jartzaile lanetan

Urtea hastearekin bat, Tolosako Leidor aretoa bertsozalez beteko da aurten ere. Sei bertsolari ariko dira oholtza gainean bihar, 18:00etatik aurrera: Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoñi Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikano. Gaiak jartzen, berriz, Amaia Agirre ariko da. Jaialdiaren lehen aldietan Txolarre irratiak antolatu zuen saioa; iaztik, ordea, Tolosaldeko Ataria-k hartu dio lekukoa. Bertsozaleek saiorako gaiak proposatzeko aukera izan dute sare sozialetan; Twitter bidez, esaterako, bertsogaia traola erabiliz egin ahal izan dute.

Herriko plaza ez da polizientzat

Egunen batean aita plazan kateatuta aurkituko dut. Amak barre egiten dio, baina gero eta gertuago ikusten dut polizia etxera bere bila joan beharko dudan eguna. Poliziei argudiatzea zaila izango da, beraiek baitira nire aitaren haserrearen arrazoia; h...

“Euskara mapatik ezabatu nahi du Urkijok”

Garai zailak dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat. Eguneroko jardunaren erronkei aurre egiteaz gain, begi bat epaitegietara begira dute, hainbat udalek Carlos Urkijoren helegiteei aurre egin beharko baitiete. Auzi hori "euskararen aurkako eraso argia" da, Maren Belastegi (Bergara, 1986) Uemako lehendakariaren aburuz.

Abenduan iragarritako sei udalez gain, beste zazpi auzipetu ditu hil honetan Carlos Urkijok. Helegiteen zergatia berbera al da?

Gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzea da arrazoi nagusia. Kontratazioetako, diru laguntzetarako eta udalak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak eta zenbait udalen euskara planak ere susmopean jarri ditu Urkijok. Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara, Itsasondo, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oñati, Oiartzun eta Usurbil: guztira, hamahiru udalek jaso dituzte helegiteak. Altzagak eta Itsasondok atzera egitea erabaki dute, baina gainerakoek aurrera jarraituko dute.

Zerain Ueman sartu izanari ere helegitea jarri dio Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Zergatik?

Haren esanetan, euskara ez da udalen eskumena, eta ez dute zerbitzu hori zertan eskaini. Hori dela eta, Zerainek Uemaren beharrik ez duela ikusten du Urkijok. Joan den larunbatean onartu genuen Zerain elkarteko kide gisa, baina lehenagotik esana zuen udala auzitara eramango zuela.

Auzi osoa Gipuzkoan zentratu da, beraz.

Bai, udalerri guztiak gipuzkoarrak dira. Izan ere, bertako aldundiak administrazioko kontratuetan hizkuntza klausulak sartzeko ekinbidea bultzatu zuen, udalekin elkarlanean, eta horren harira hasi ziren aktak euskaraz bakarrik bidaltzen. Hortik etorri da helegiteen kontu guztia.

Nola kalifikatuko zenuke Urkijoren jarrera?

Euskararen aurkako eraso argia da; euskara mapatik ezabatu nahi du. Gipuzkoan, arlo horretan, aurrerapausoak ematen ari garela ikusi du, aldundia eta udalak elkarlanean hasi baitira, eta beldurra sartu nahi du, udalak babesik gabe senti daitezen.

Zer egin dezake Uemak eraso horien inguruan? Zein izango da zuen estrategia?

Aurrera jarraitzea erabaki duten hamaika udalek auzitara joko dute, eta Uemak aholkularitza juridikoa eskainiko die. Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidal daitezkeela eta legezkoa dela esanez egin duen txostenean oinarrituko gara horretarako. Gainera, Euskal Herriko gainerako taldeek, erakundeek, alderdiek eta euskalgintzan aritzen direnek ere euren babesa eskaintzea nahiko genuke. Auziak galtzen badira, frogatuko da egungo legeak ez dituela udalerri euskaldunak babesten. Orduan, beste erakundeekin eta eragile sozialekin elkarlanean, aldaketak proposatuko ditugu, edo, gutxienez, legedia aztertzeko beharra aldarrikatuko dugu. Epaitegietatik at, auzi horren guztiaren inguruko erantzun bateratu bat prestatzen ari gara instituzioekin elkarlanean.

Aurkako epaiak zenbaterainoko kaltea egin diezaioke udal bati?

Atzerapauso handia izango litzateke; berriro aktak bi hizkuntzatan bidaltzen hasi beharko lukete, guztia itzultzeak dakarren kostu ekonomikoarekin. Gainera, euskararen normalizazioan urte luzez egin den lana ezerezean geldituko litzateke, aurrera emandako pauso guztiak bertan behera utzi eta atzera eginez. Galera ekonomiko eta moral handia ekarriko luke, beraz. Jadanik egin dio nahiko kalte euskarari, helegite horiek ematen dizkiguten lanak, kezkak eta buruhausteak ez baitira makalak. Beste zerbait egin ordez, adi-adi kontu horri begira egon behar izaten dugu, eta hor jada mina eginda dago. Gabeziak ditu legeak, eta sarritan beldurra izaten dugu, babesik gabe sentitzen baikara. Jendaurrean euskararen alde lanean ari garela erakutsi nahi izaten dugu, baina akten kontuarekin bezala, eraso egiten digutenean, zaila da aurre egitea. Gure eguneroko jardunerako, oztopo handia da horrelako zerbait gertatzea, beste egitasmo batzuk prestatu beharrean abokatuekin hitz eginez ordu asko igarotzen ditugulako.

Erakunde publikoen aldetik babestuta sentitzen al zarete?

Bai, baina une honetan, adibidez, haietatik gertuago sentitzea nahiko genuke; Eusko Jaurlaritza, batez ere, euskararen gaineko eskumenak harenak baitira. Elkarlanean ari gara, eta bide horri eutsiko diogu aurrerantzean ere, baina harremana estuagoa izatea nahiko genuke.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira Uemaren asmoak?

Gure helburuetako bat lurraldea antolatzea da, eta bide onetik goaz, egun 73 udalerri biltzen baikara Ueman. Kezkatzen gaituena da herritarrengana ez garela iristen. Udalerri euskaldunetako herritarrengan kontzientzia falta sumatu dugu, euskaraz naturaltasunez aritzen dira eta. Biztanleria kontzientziatzea nahi dugu, eta haiengana gerturatzeko egitasmoak prestatzen ari gara. Une honetan, Uemaren erronka nagusia udalak euskalduntzea da, erabilera planen bitartez. Zenbait udal azkenaldian trabatuta daudela ohartu gara, aurrerapausoak nola eman ez dakitela. Beti dago aukera aurrera egiteko, eta zerk huts egiten duen aztertuko dugu banan-banan, arazoa konpontzeko.

Aurrera begira, ahalik eta udal gehien atxikitzea nahiko genuke, asko baitira Ueman sartzeko baldintzak betetzen dituztenak eta kanpoan jarraitzen dutenak. Arnasgune deitzen ditugun herri horien babesa lortu nahi dugu lege aldetik. Gainera, Ipar Euskal Herriko arnasguneekin lankidetzan hastea ere gustatuko litzaiguke. Hango udalerriek legez ezin dute Uemarekin bat egin, baina lanerako beste bide batzuk badaude, eta haiekiko lotura landu nahiko genuke.

Biribiltasuna

Batek baino gehiagok pentsatuko du urtarrilean Gabonen jan-edanen gehiegikeriak sortutako (edo areagotutako) zilbotaz hitz egingo dudala. Edo haurdunaldiez, edo arrautza oskolen perfekzioaz, edo futboleko baloien garrantziaz... Ez, pentsamenduen birib...

Garaikoaren isla eta bilgune

Artistak bat datoz: ez dute elkar ezagutzen. Donostiako Aquariumean elkartu dira haietako batzuk, astegun arratsaldez; bizpahiru laguneko taldetan, batean eta bestean hizketan dabiltza. Gehien batzen dituena dute inguruan: artea. Artea forma eta modu ...

Opera eta balleta, bereizmen handian, Gipuzkoako zinemetan

Frantziako Iraultzan girotuta, drama historikoak eta giza tragediak zipriztintzen dute Andrea Chenierren maitasun istorioa. Poeta frantsesa du protagonista Umberto Giordano musikagilearen obrak (1867-1948). Opera eran iritsiko da Gipuzkoako hainbat zinematara, eta teknologia digital berritzailearenari esker, Londresko Royal Opera House antzoki entzutetsuan baleude bezala gozatu ahal izango dute ikusleek emanaldia.

Donostiako Principe zineman eta Errenteriako Niessenen ikusi ahal izango da urtarrilaren 29an; baita Beasaingo Usurben ere. Estreinako aldia da Goierrin, gisa honetan, zuzeneko emanaldi bat egingo dena. Hain justu ere, Ordiziako eta Beasaingo udaletako kultura sailek elkarlanean antolatzen duten Antzerki Garaia egitasmoan aurtengo prestatu duten berrikuntza izango da: opera eta ballet emanaldiak eskainiko dituzte zuzenean. "Irudiak duen bereizmen handiak eta soinuaren kalitateak Londresko antzokian bezala sentitzeko aukera emango dute", dio Mari Karmen Murua Ordiziako udal teknikariak.

2015erako prestatu duten egitarauaren barruan, sei lan ikusi ahal izango dira Goierrin. Andrea Chénier ikuskizunaz gain, Wagnerren Holandar alderraia, Txaikovskiren Beltxargen aintzira eta Giacomo Pucciniren La bohème, adibidez.

Eskaintza zabaltzen

2014an opera lanen proiekzioak egin dira Goierrin. Ordizian, esate baterako, Madama Butterfly opera eskaini zuten, baita Amor, vida de mi vida zarzuela ere. Aretoak betetzera iritsi ez baziren ere, ikusi dute antzerki musikatuak badituela jarraitzaileak. Horregatik, kalitatean pauso bat aurrera eman eta eskaintza zabaltzea erabaki dute. "Ez da jende gehien biltzen duen eskaintza, baina gure egitekoa da kultur eskaintza ahalik eta zabalena egitea", dio Muruak.

Version Digital enpresa arduratzen da antzokien eta Royal Opera Housen arteko bitartekaritzaz. Teknologia berriei esker, zinema aretoei zukua ateratzeko moduak gero eta gehiago arakatzen ari dira; ohiko eskaintza tradizionalaren gainbeherari aurre egiteko sortu dira, batez ere, eskaintza berriak: futbol partidak bereizmen handian, musika taldeen aurkezpenak... Eskaintza berritzaile horien barnean daude ballet eta opera emanaldien zuzeneko saioak ere.

Bitartekari enpresarekin udalek sinatu duten hitzarmenean beharrezkoa zen gutxienez sei emanaldi egitea, eta horregatik erabaki zuten Ordiziak eta Beasainek batera egitea. Antzokietan seinalea jaso ahal izateko, antena eta deskodegailua jarri dituzte. Txandaka, hilabetero izango da emanaldi bakoitza, urtarrilean hasi eta ekainera bitarte; hiruna herri bakoitzean.

Goierriko antzokietara opera eta ballet emanaldiak ekarrita, teknikaria ziur da zale gehiago izango direla: "Askotan aurreiritziak ditugu ikuskizun hauen inguruan, gutxi batzuentzat direla pentsatzen dugu, baina behin animatuz gero, askorentzat gozagarriak egiten dira". Aukeratu dituzten lanetako hainbat, gainera, klasiko handiak dira. Ordizian ikusi ahal izango den lehena Wagnerren Holandar alderraia izango da, otsailaren 24an. Wagnerren lehen maisulan horrek kondena eta luditzeen gaia aztertzen du: bere burua betiko itsasoan nabigatzera behartuta ikusiko duen itsas kapitaina du protagonista.

Guztientzako artea

Eskaintzak izaten duen harreraren arabera aztertuko dute saio gehiago ematen jarraitu ala ez. Gaur-gaurkoz udaletako kultura sailak "pausoak emateko prest" daude. Helburua da opera nahiz balleta ahalik eta ikusle talde gehienengana eramatea.

Ainhoa Garmendia ordiziar sopranoak azaldu berri duenez, "okerra da opera elitista dela pentsatzea, gaur egungo joeretara asko egokitu delako". Gutxi batzuentzako eskaintza gisa hartu beharrean, publiko zabalarengana eramatean ahalegina egin behar dela iritzi dio: "Ahaztuta geratu bada ere, opera ezin ulertu daiteke herri kanturik gabe, herritarren artean sortutako generoa delako". Gero eta gehiago dira opera eta balleta herritarrengana gerturatzeko egitasmoak martxan jartzen ari direnak.

“Gugandik hau espero zen”

Euskarari lehentasuna emanez, euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka berdintzea du xede Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plan berriak. Kanpora begira —aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuen hartzaileei begira— eta barrura begira —aldundiko barne funtzionamenduari begira— egindako plana da. Eta helburu behinena, argia: aldundiarekin eta aldundian, euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin ahal izatea; oraindik hori ez baita posible.

2013-2017 artekoa da euskara plana, eta 2009ko planak ezarritako irizpideen segida izan nahi du. Izan ere, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskara zuzendariaren arabera "aurreko araudia egokia eta baliagarria" zen. "Baina aplikazioa bizkortu eta indartzea" izan zen euren asmoa hasieratik, eta horrela egin dute lau urteotan. Hala, plana aurkeztu dutenerako, bertako hainbat puntu jada ez dira asmo hutsak.

ZERBITZUAK EUSKARAZ

Planak jasotzen duenez, 2015eko urtarrilaren 1erako aldundiak gai izan behar zuen zerbitzu oro euskaraz eskaintzeko. "Badakigu ez dugula bete-betean betetzen. Baina urte hau erreferentzia bezala jartzeak markatu digu aurreko urteetan egin dugun lanaren erritmoa", dio Etxeburuak.

Hizkuntza gaitasunaren aldetik, aldundian egoera ona zela dio. 1.800 langile dira, eta %84k daukate hizkuntza eskakizuna egiaztatuta. "Baina jendaurreko lanean bazeuden langileak hizkuntza gaitasuna ez zutenak. Hala, batzuek hizkuntza gaitasuna egiaztatu dute, baina beste batzuk postuz aldatu behar izan ditugu, jendaurrean zegoena atzera pasatuz adibidez". Hamabi postu aldaketa egin dira guztira; horietako zortzi, Ogasunean.

Beste kontu bat da, aldundiarenak izan arren, kanpoko zerbitzuak direnak. "Esaterako, zaharren egoitzei-eta lotutakoak oraindik kanpoan ditugu, eta horietan badakigu ez dugula lortuko. Jarri ditugu hizkuntza irizpideak kontratazioetarako, baina oraindik asko dago egiteko". Etxeburuaren arabera, urrats garrantzitsua izango da foru aldundiak hamasei eguneko zentro bere egitea. "Publifikazio prozesu horretan, euskara erdi-erdian sartu dugu. Prebentiboki jokatu da. Bestela, hasi beharko genuke gerora zuzentzen aurrez gaizki egindakoak. Kasu honetan, hizkuntza irizpideak jarriko ditugu hasieratik, hizkuntz eskakizunak, derrigortasunak eta abar".

Ogasuneko errenta kanpaina da eginiko lanaren beste adibide bat. Urtero hainbat jende kontratatzen du Ogasunak errenta kanpaina egiteko. "Gu heldu arte ez zegoen derrigortasunik postu guztietan, eta guk jarri genuen, EGA eskatu genien langile guztiei. Nahiko agerikoa ematen zuen, baina aurretik ez zegoen".

Etxeburuaren arabera, ezin dute esan egindakoaz "harro" daudenik, dagoeneko egina behar zuelako, baina asko aurreratu dela dio. Neurketa egitekoa dute aurten. "Guretzat garrantzitsuena da jendaurreko gune guztietan Gipuzkoako herritar guztiek nahi duten hizkuntza ofizialean harremanetan jartzea aldundiarekin. Kito. Eta hor teknikoki ez dago modulaziorik, herritar guztiek dute eskubidea", gaineratu du Joxean Amundarain Hizkuntza Normalizazioko arduradunak.

KONTRATAZIOAK

Foru aldundiak kontratatzen dituen zerbitzuetan hizkuntza irizpideak jarriko direla dio euskara plan berriak, baina, berez, 2009tik daude ezarrita irizpideak, zorrotz betearazten ez ziren arren. "Arlo honetan, 2011n egin genuen lehen ebaluazioak esan zigun kontratuen %40-44 inguruk betetzen zituztela hizkuntz eskakizunak. Ez zen asko. Aplikatzen ari zen, baina ez gehiegi; batzuei bai eta besteei ez... Orduan egin genuena da hasiera-hasieratik gai horretaz arduratzen diren funtzionarioei deitu, eta esan 'gai hau zentrala da guretzat, ez da aukerakoa, aplikatu behar da'. 2013aren bukaeran kontratuen %93ra iritsi ginen".

Amundarainek azaldu du beste %7arekin zer gertatzen den: "Hornikuntza kontratuak eta abar dira, non oso zaila den hizkuntza irizpideak sartzea. Adibidez, orri zuriak edo komuneko papera hornitzen dizkiguten enpresekiko kontratuan... zaila da".

Deskargako mendateko obrak egin behar zituen enpresaren kontratazioa izan da arlo honetan zeresan gehien eman duena. "Esanguratsua izan zen, ezohikoa, eta horregatik azpimarratu nahi izan genuen", azaldu du Etxeburuak. Obra egin behar zuen enpresari gutxienez bi teknikarik EGA titulua izatea eskatu zitzaion. Enpresaren zereginetako bat zen herritarrekin harremana izatea —adibidez, baserrietara joatea azalpenak ematera— eta aldundiarentzat ezinbestekoa zen hori egin behar zutenek euskaraz egiteko gaitasuna izatea.

Kontratatutako enpresetan eskaera hori naturaltasunez hartu dela uste du Etxeburuak. "Jendea deika hasi zen, bai hona, bai euskaltegietara, bai euskalgintzako aholkularitza enpresetara. Informazioa nahi zuten, ez ziren kexak". Eta datuetan ere antzematen da; izan ere, 2013an, aldundiak kontratazioetan euskara irizpideak sartuko zituela iragarri ostean, berrogei enpresak eskuratu zuten Bai Euskarari ziurtagiria. Etxeburuaren ustez, erakundeek euskara derrigortasuna ezartzeak balio erantsia ematen dio hizkuntzari. "Kasu honetan, egiten ari garena da herritarren hizkuntza hautua zaintzea. Bi hizkuntza ofizial daude, baina bata bestea bezain ofiziala da, eta hori da guk herritarrei transmititu dieguna. Jendeak logikaz ikusten du, eta kontratazioen gaian ikusi da".

Hizkuntza irizpideak ezartzea "deserosoa" dela dio Etxeburuak, "eroso dagoena mugiaraztea" esan nahi duelako. "Orain arte, herritar baten borondatearen baitan utzi izan da beste herritar baten eskubidea betetzea edo ez. Eta hori ezin da horrela izan".

Foru sozietate publikoei dagokienez, araudi berriak euskara plana edukitzera behartzen ditu. "Aldundiak zerbitzu asko dauzka kanpora aterata, eta hor lan egiten duten langileak ez dira berez gure langileak. Euskarari kalte egin dio horrek, eta hori zuzentzen ari gara". Bidegik, esaterako, jada onartua du, eta Uliazpi ere ari da. "Baina denek egin beharko dute euskara plana".

DIRU LAGUNTZAK

Araudi berriaren arabera, aldundiaren diru laguntza jasotzen duten elkarte eta enpresek ere euskara erabili beharko dute diruz lagundutako jardueraren dokumentu, euskarri, publizitate eta agerpen publikoetan; modu "duinean" eta bi hizkuntza ofizialen berdintasuna zainduz. 2009tik ezarritako irizpidea da hori ere, baina Etxeburuak onartu du arazoak daudela puntu hori zorrotz betearazteko. "Honetan berdexeago gaude, oso zaila baita laguntzen jarraipena egitea".

Eman beharreko pausoetako bat da herritarrei honen berri ematea. "Diru laguntza eskuratzen dutenek jakin behar dute ezin dutela euskararekin edozer gauza egin, eta hor duintasunaren marra jarri nahi dugu. Mezuak sendoa izan behar du, eta beraiek sentitu behar dute oso goitik datorrela agindua, eta derrigor bete beharrekoa dela". Etxeburuak ez du dudarik egiten, euskararen irizpideak betetzea ezin da utzi elkarteen borondatearen arabera. "Kartel bat egiten badu, kartela bi hizkuntzetan egin beharko du, eta abar eta abar. Ez badu egin nahi, edo erabaki badu euskara baztertzea, ez du laguntza publikorik jasoko".

Amundarainek azaldu du auditoria eredu bat prestatu dutela, diru laguntzen inguruko hainbat parametro neurtzeko, tartean euskararena. "Lagin bat hartuko dugu, eta horietan aztertuko dugu nola betetzen diren hizkuntza irizpideak". Dena den, betekizun maila ezin da beti bera izan, "ez baita gauza bera elkarte txiki bati 800 euro ematea, edo erakunde bati milaka euro ematea".

HEDABIDEEKIN EUSKARAZ

Hedabideen aurrekoak eta agerraldi publikoak euskaraz egitea agintaldi hasierako erabakia izan zen. Diputatuen kontseiluko erabakien berri emateko prentsaurrekoetan hasi ziren horrela egiten. Prentsaurrekoa euskaraz, eta itzulpen zerbitzuarekin gazteleraz. "Batez ere, diputatuei begira hasi ginen honekin, diputatu denak euskaldunak izanik askok nahiago baitzuten euskaraz egin; lasaiago egiten zuten". Bi hizkuntzetan egiten saiatu ziren lehenik, baina ez ei zuten lortzen herritarrek euskaraz egiten duen administrazio baten irudia jasotzea. Egun euskaraz egiten dira prentsaurrekoak, eta parte hartzaileek nahi badute gazteleraz erantzuten dituzte galderak.

Etxeburuaren arabera, euskararen inguruko erabaki hauetako guztietarako oso garrantzitsua da gobernu osaera. "Arduradun guztiak gara euskaldunak, eta horietako asko oso euskaltzale eta oso tiratzaileak. Batzuek ezta pentsatu ere gazteleraz egitea. Eta horrek erraztu egin du, noski, aldaketa hauek egitea".

"Jarrera aldaketa handia izan da, eta galderen txandan gazteleraz erantzuteko aukera izan arren, kide gehientsuenek euskaraz erantzuten jarraitzen dute, euren hautuz". Hedabideentzat, berriz, normala bihurtu dela eta normalki arazorik ez duela ematen azaldu du Etxeburuak.

BARNEKO JARDUNA

Euskara Zuzendaritzarentzat puntu garrantzitsuenetako bat da aldundiko barne jarduna euskaraz egitea. Langileen %84k hizkuntza gaitasuna egiaztatua izanik, lanaren zati bat egina zegoen. "Baina ez gara ari gaitasunaz bakarrik, baizik eta praktikaz, lana euskaraz egiteaz, horrek esan nahi duen guztiarekin. Horregatik ez genion eperik jarri, nahiz eta jarri beharko diogun".

Hainbat atal ditu puntu horrek; bilerak, barruko komunikazioak, informatika programak... "Izan ere, nahiz eta lortu dugun, esaterako, herritarrari zerbitzua euskaraz ematea, askotan langile horrek buelta eman eta gazteleraz egiten du. Beraz, hor txip aldaketa oso bat behar da, eta horretarako irizpideak dira planean jaso ditugunak. Adibidez, hirugarren eta laugarren hizkuntza eskakizuna dutenek euskaraz lan egitea, euskaraz sortzea dokumentuak, bileretako hizkuntza lehentasunez euskaraz izatea...". Promoziorako ere ezinbestekoa izango da euskara jakitea, postu aldaketa baterako frogak egiten dituenak azterketetako bat euskara hutsean egin beharko baitu.

Oro har Euskara Zuzendaritzak bultzatu dituen aldaketen inguruan Etxeburuak oso argi du egin beharrekoa egiten ari direla, hainbat gustatu ez arren. "Nik hasieratik esan izan dut: guregandik hau espero zen. Ez badugu guk behartzen euskaraz lan egitera, nork behartuko du? Eta aldundian ere espero zuten halakorik".

Formatu txikiko saioak

Beste asteburu batez, "formatu txikiko XL kontzertuak" hartuko ditu Donostiak. Hiru proposamen prestatu ditu Donostiakluba zirkuituak gaurko. Les Fousen kontzertua batetik; Giorgio Bassmattiren bakarkakoa bestetik; eta AMA, Havoc, Perlak taldeen saioa...