Sailkatugabeak

Helduen euskalduntzean, bi urtean doakotasuna helburu

Euskara Zuzendaritzarentzat helduen euskalduntzea ezinbesteko zutabea da hizkuntza normalizazioan, eta, ildo horretan, hainbat urrats egin ditu, betiere helburu batekin: bi urtean helduen euskalduntzea doakoa izatea. Helduen euskalduntzea, ordea, ez d...

Orekaren eta kaosaren sorkuntzak

Dantzan Bilaka proiektuaren harira sortutako bi lan ikusteko aukera izango da gaur Donostian. Batetik, David Guerrak eta Ines Narvaezek Outline sorkuntza eskainiko dute; bestetik, Ziomara Hormaetxek K-Otica lana taularatuko du. Guerra koreografoak eta...

Tokiko ekoizleen aldeko apustua indartuta hasi du Eroskik sagardo garaia

Sagardotegietan ez ezik, Eroskin ere abian da sagardo garaia. Beste urte batez, hornitzaile dituen ekoizleak babesean hartu, eta kooperatibak hasiera eman dio kanpainari. Aurten, gainera, are gehiago indartu du hemengoaren aldeko apustua, eta hogei marka baino gehiago eskaintzen ditu Hegoaldean dituen dendetan.

Bertako ekoizleen alde Eroskik gauzatzen duen politikaren barnean kokatu du sagardogintza ere. Ildo horretan, tokiko sagardo ekoizleak gehiago lagundu ditu aurten: %6 handitu ditu kooperatibak merkaturatzen dituen hornitzaileen markak. Eroskik milioi bat euro baino gehiagoko erosketak egiten dizkie sagardo hornitzaileei; 2014an, gainera, %4 handitu dira erosketok.

Kooperatibaren irudiko, ekoizpen ehunaren aniztasuna sustatzea "berebizikoa" da nekazaritzako elikagaien sektorea "iraunkorragoa" izan dadin: "Ekoizpen txikien errealitatera egokitu gara, haien profesionalizatzearen alde eginda eta enpresa hazkuntza handituta", azaldu du Asun Bastida Eroskiren tokiko produktuetarako zuzendari komertzialak.

Kalitatezko produktuak eskaintzeaz gain, bezeroa gertutik zaintzeko Zurekin eredu komertziala darabil Eroskik. Horren bidez, kontsumitzaileengana iristeko helburua dute: "Espero dugu bezeroek aitortzea gu garela tokiko elikagaiak eskuratzeko lekurik aproposena, denda zeharo lotuta baitago inguruneko nekazaritzako elikagaien ekoizpenarekin", esan du Bastidak.

Eroskiren hornitzaileetako bat da Usurbilgo Urdaira sagardotegia. Patxi Azkonobieta Urdairako arduradunak dioenez, Eroski "oso plaza zabala" da ekoizleentzat: "Euskal Herriko denda handi bat izatetik aparte, gure inguruko jendearentzat aukera bat da gugana erraz iristeko". Usurbilgo sagardogileak urteak daramatza Eroskirekin lanean, eta garrantzitsutzat jo du sagardotegi garaitik aparte ere ekoizleak aintzat hartzea. "Sagardo garaitik kanpo, gu botilen salmentatik bizi gara. Urteko gainerako egunetan jendea gutaz ahaztu egiten da". Salmentei eta kontsumoari eusteko, txikiteoa aipatu du bultzada gisa: "Orain, jendea txikiteoan asko hasi da, eta sagardoa edatera animatzen dut. Beste edozein edari bezalaxe edan daiteke; alkohol gutxi du, eta erraz edaten da. Guretzat ona da jendea txikiteoan animatzea".

Txotx garaia hasi berritan, kanpaina "ona" izatea espero du Azkonobietak, iazkoa izan zen bezalakoa; hori, ordea, ez dago haien esku. Sagardoari dagokionez, berriz, "edanerraza, lehengo urtean baino alkohol gradu gutxixeago duena eta kolorez ere argixeagoa" dela azaldu du; "jendeak gustura edateko modukoa" dela dio, azken finean.

Urdairarekin batera, Hegoaldeko beste zenbait sagardo etxerekin lan egiten du Eroskik; besteak beste, Bereziartua, Gurutzeta, Isastegi, Izeta, Larregain, Saizar, Zapiain eta Zelaiarekin. Oro har, kooperatiba 450 hornitzailerekin baino gehiagorekin aritzen da lanean; hala, urtero, lehen sektoreko 10.000 produktu inguru merkaturatzen ditu —400 milioi euroren erosketak egiten ditu—.

Lehen sektorea eta euskara

2013tik, Eroski Eusko Jaurlaritzarekin ari da elkarlanean, tokiko nekazaritzako elikagaien industria indartzeko. Sagardoarekin ez ezik, beste hainbat elikagairekin ere aurrerapenak egin dituzte aurten. Besteak beste, Eroskik hitzarmena sinatu du Idiazabal jatorri izenarekin, indartu egin du eskuz landutako arrantzaren aldeko apustua, eta handitu egin du Eusko Labela duen Arabako patataren merkaturatzea.

Euskararen aldeko apustuari ere eusten dio Eroskik. Bastidak gogoratu duenez, sagardoa da "euskal kulturan sustraituen dagoen tradizioetako bat". Hori horrela, Eroskik bere sorreratik euskal kulturaren eta euskararen alde egindako lana nabarmendu du: "Eroski izan da lehen enpresa produktuak euskaraz etiketatzen, eta gaur egun ere sendo jarraitzen du Ikastolen eta Euskal Eskola Publikoaren sareari laguntzen".

Iraganera, galderei tiraka

Lur du protagonista Dejabu Panpin Laborategiaren antzezlanak. Amak etxetik alde egin zuen, eta, geroztik, ez du sekula haren inguruko galderarik egin. Aitarekin bizi da, aita zaintzen, erantzunak bilatzeko denborarik gabe. Ama hilik topatzen dutenean, ordea, galderak azaleratuko zaizkio, eta denboran atzera egingo du. Aktore lanetan ariko dira Urko Redondo, Miren Alkala, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga.

'Arrastoak'

Gaur, 22:00etan, Aita Mari zineman (Zumaia).

Gazteen sormena garatzeko kluba sortu da

Sormena eta teknologia uztartzen dituen egitasmo berria sortu da Tolosaldean. Bizzia enpresak sustaturik, Doplay enpresarekin elkarlanean garatu da Gazztek, Laskorain ikastolaren eta Obeki eta Mecanizados Harri enpresen lankidetzari esker. Egitasmo a...

Bertsozaleak ere, gai-jartzaile lanetan

Urtea hastearekin bat, Tolosako Leidor aretoa bertsozalez beteko da aurten ere. Sei bertsolari ariko dira oholtza gainean bihar, 18:00etatik aurrera: Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoñi Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikano. Gaiak jartzen, berriz, Amaia Agirre ariko da. Jaialdiaren lehen aldietan Txolarre irratiak antolatu zuen saioa; iaztik, ordea, Tolosaldeko Ataria-k hartu dio lekukoa. Bertsozaleek saiorako gaiak proposatzeko aukera izan dute sare sozialetan; Twitter bidez, esaterako, bertsogaia traola erabiliz egin ahal izan dute.

Herriko plaza ez da polizientzat

Egunen batean aita plazan kateatuta aurkituko dut. Amak barre egiten dio, baina gero eta gertuago ikusten dut polizia etxera bere bila joan beharko dudan eguna. Poliziei argudiatzea zaila izango da, beraiek baitira nire aitaren haserrearen arrazoia; h...

“Euskara mapatik ezabatu nahi du Urkijok”

Garai zailak dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat. Eguneroko jardunaren erronkei aurre egiteaz gain, begi bat epaitegietara begira dute, hainbat udalek Carlos Urkijoren helegiteei aurre egin beharko baitiete. Auzi hori "euskararen aurkako eraso argia" da, Maren Belastegi (Bergara, 1986) Uemako lehendakariaren aburuz.

Abenduan iragarritako sei udalez gain, beste zazpi auzipetu ditu hil honetan Carlos Urkijok. Helegiteen zergatia berbera al da?

Gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzea da arrazoi nagusia. Kontratazioetako, diru laguntzetarako eta udalak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak eta zenbait udalen euskara planak ere susmopean jarri ditu Urkijok. Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara, Itsasondo, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oñati, Oiartzun eta Usurbil: guztira, hamahiru udalek jaso dituzte helegiteak. Altzagak eta Itsasondok atzera egitea erabaki dute, baina gainerakoek aurrera jarraituko dute.

Zerain Ueman sartu izanari ere helegitea jarri dio Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Zergatik?

Haren esanetan, euskara ez da udalen eskumena, eta ez dute zerbitzu hori zertan eskaini. Hori dela eta, Zerainek Uemaren beharrik ez duela ikusten du Urkijok. Joan den larunbatean onartu genuen Zerain elkarteko kide gisa, baina lehenagotik esana zuen udala auzitara eramango zuela.

Auzi osoa Gipuzkoan zentratu da, beraz.

Bai, udalerri guztiak gipuzkoarrak dira. Izan ere, bertako aldundiak administrazioko kontratuetan hizkuntza klausulak sartzeko ekinbidea bultzatu zuen, udalekin elkarlanean, eta horren harira hasi ziren aktak euskaraz bakarrik bidaltzen. Hortik etorri da helegiteen kontu guztia.

Nola kalifikatuko zenuke Urkijoren jarrera?

Euskararen aurkako eraso argia da; euskara mapatik ezabatu nahi du. Gipuzkoan, arlo horretan, aurrerapausoak ematen ari garela ikusi du, aldundia eta udalak elkarlanean hasi baitira, eta beldurra sartu nahi du, udalak babesik gabe senti daitezen.

Zer egin dezake Uemak eraso horien inguruan? Zein izango da zuen estrategia?

Aurrera jarraitzea erabaki duten hamaika udalek auzitara joko dute, eta Uemak aholkularitza juridikoa eskainiko die. Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidal daitezkeela eta legezkoa dela esanez egin duen txostenean oinarrituko gara horretarako. Gainera, Euskal Herriko gainerako taldeek, erakundeek, alderdiek eta euskalgintzan aritzen direnek ere euren babesa eskaintzea nahiko genuke. Auziak galtzen badira, frogatuko da egungo legeak ez dituela udalerri euskaldunak babesten. Orduan, beste erakundeekin eta eragile sozialekin elkarlanean, aldaketak proposatuko ditugu, edo, gutxienez, legedia aztertzeko beharra aldarrikatuko dugu. Epaitegietatik at, auzi horren guztiaren inguruko erantzun bateratu bat prestatzen ari gara instituzioekin elkarlanean.

Aurkako epaiak zenbaterainoko kaltea egin diezaioke udal bati?

Atzerapauso handia izango litzateke; berriro aktak bi hizkuntzatan bidaltzen hasi beharko lukete, guztia itzultzeak dakarren kostu ekonomikoarekin. Gainera, euskararen normalizazioan urte luzez egin den lana ezerezean geldituko litzateke, aurrera emandako pauso guztiak bertan behera utzi eta atzera eginez. Galera ekonomiko eta moral handia ekarriko luke, beraz. Jadanik egin dio nahiko kalte euskarari, helegite horiek ematen dizkiguten lanak, kezkak eta buruhausteak ez baitira makalak. Beste zerbait egin ordez, adi-adi kontu horri begira egon behar izaten dugu, eta hor jada mina eginda dago. Gabeziak ditu legeak, eta sarritan beldurra izaten dugu, babesik gabe sentitzen baikara. Jendaurrean euskararen alde lanean ari garela erakutsi nahi izaten dugu, baina akten kontuarekin bezala, eraso egiten digutenean, zaila da aurre egitea. Gure eguneroko jardunerako, oztopo handia da horrelako zerbait gertatzea, beste egitasmo batzuk prestatu beharrean abokatuekin hitz eginez ordu asko igarotzen ditugulako.

Erakunde publikoen aldetik babestuta sentitzen al zarete?

Bai, baina une honetan, adibidez, haietatik gertuago sentitzea nahiko genuke; Eusko Jaurlaritza, batez ere, euskararen gaineko eskumenak harenak baitira. Elkarlanean ari gara, eta bide horri eutsiko diogu aurrerantzean ere, baina harremana estuagoa izatea nahiko genuke.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira Uemaren asmoak?

Gure helburuetako bat lurraldea antolatzea da, eta bide onetik goaz, egun 73 udalerri biltzen baikara Ueman. Kezkatzen gaituena da herritarrengana ez garela iristen. Udalerri euskaldunetako herritarrengan kontzientzia falta sumatu dugu, euskaraz naturaltasunez aritzen dira eta. Biztanleria kontzientziatzea nahi dugu, eta haiengana gerturatzeko egitasmoak prestatzen ari gara. Une honetan, Uemaren erronka nagusia udalak euskalduntzea da, erabilera planen bitartez. Zenbait udal azkenaldian trabatuta daudela ohartu gara, aurrerapausoak nola eman ez dakitela. Beti dago aukera aurrera egiteko, eta zerk huts egiten duen aztertuko dugu banan-banan, arazoa konpontzeko.

Aurrera begira, ahalik eta udal gehien atxikitzea nahiko genuke, asko baitira Ueman sartzeko baldintzak betetzen dituztenak eta kanpoan jarraitzen dutenak. Arnasgune deitzen ditugun herri horien babesa lortu nahi dugu lege aldetik. Gainera, Ipar Euskal Herriko arnasguneekin lankidetzan hastea ere gustatuko litzaiguke. Hango udalerriek legez ezin dute Uemarekin bat egin, baina lanerako beste bide batzuk badaude, eta haiekiko lotura landu nahiko genuke.

Garai nahasietan sortu zirenak

Krisia. Duela gutxira arte, historia liburuek hitz horrekin laburbiltzen zuten XVII. mende osoa, izan Parisen, Bruggen, Toledon nahiz Ordizian. Krisi ekonomikoa, krisi demografikoa, krisi erlijiosoa... Orokortasuna eta azalekotasuna nagusi izan dira askotan eskuliburu horietan, eta, horren ondorioz, Euskal Herriko errealitateak ez du tokirik izan kasik historiografia ofizialean. Egungo ikerlari askok, baina, zalantzan jarri dituzte orain arte egiatzat hartzen ziren horiek.

Hitzaren erabilera bera kolokan dago gaur egun: krisia. Krisi bakar batek jo zuen kontinente osoa? Herrialde guztietan modu eta aldi berean eragin al zuen? Jatorri bera al dute aldaketa demografikoek, ekonomikoek eta sozialek? Ez. Ezin da ukatu garai nahasien lekuko izan zirela mende horretako euskal herritarrak, baina —Hego nahiz Ipar Euskal Herrian inposatutako historiografia ofizialak kontrakoa adierazten duen arren— horien bizimoduak zerikusi gutxi zuen Gaztelako edo Britainiako biztanleek zutenarekin, adibidez.

Egiazki, aldaketa prozesu txiki asko gerta daitezke mende oso batean. Horren adibide garbia da Gipuzkoako 30 herrik, Tolosatik, Ordiziatik nahiz Seguratik bananduta, hiribildu izaera ofiziala lortu izana. Garai hartako sektore gehienak zipriztindu zituzten aldaketa prozesuok, eta ezinbestekoak izan ziren hurrengo mendeetan gertatutako iraultzak ulertu ahal izateko. Hauek dira aipagarrienetako batzuk.

Aldaketa demografikoak

Europako zati handi batean zabaldutako izurriteak oraindik erabat gainditu gabe, egoerak ez zuen hobera egin XVII. mende hasieran. Orduan ere hondamendi handiak izan ziren kontinente osoan: lehorteak, izozteak, erauntsiak, eurite bortitzak... Eta horri guztiari gerren eragina ere gehitu behar zaio. Ondorioz, demografian ere aldaketak izan ziren. Atzerakada edo hazkunde negatiboa sarritan aipatu izan diren arren, egiazki, populazioak jasandako aldaketak tokian tokikoak izan ziren, eta, askotan, hazi ere egin zen herritarren kopurua.

Gipuzkoan —eta Euskal Herrian, oro har—, hazkunde demografikoa mantsotu egin zen XVII. mendeko lehen hamarkadetan. Donostian eta beste zenbait herritan, hilkortasun tasak gora egin zuen. 1635etik aurrera, ordea, asko hazi zen biztanleria, eta 1655az geroztik, gainera, modu jarraituan, etenik gabe. Mende horretako azken hamarkadetan, 82.000 bat biztanle zituen Gipuzkoak, garai hartako kronika eta agirien arabera.

Ez zen gauza bera gertatu Mediterraneo aldean edo Europa erdi-ekialdeko erresumetan. Eremu horietan, lehengaien eskasiak, prezioen igoerak, izurriteek eta gerrek zeharo gutxitu zuten populazioa. Erromatar-germaniar inperioko hainbat eremutan, adibidez, hazkundea %40 murriztu zen.

Hazkunde demografikoa mantsotzeaz gainera, populazio horren ezaugarriak aldatu egin ziren Europan. Hirietan, hazkunde hori gelditu zen, askok nekazaritza guneetara mugitzea erabaki zuten, eta Gipuzkoako hiribilduekin gertatu bezalaxe, beste hainbat tokitan ere, herri txiki askok indarra hartu zuten, hiriburuen kalterako eta —hiribildu sortuberriek ordaintzen zuten kuotari esker— zenbait monarkien mesedetan.

Ekonomia

Alor ekonomikoan ere, krisialdia arinagoa izan zen Euskal Herrian Europako beste lurralde askotan baino, eta, zehazki, Gaztela eta Frantzia auzo monarkietan baino. Gipuzkoan, zehazki, eraberritu egin zuen bere ekonomia. Oihalgintzak behera egin ahala, burdinaren eraldaketa nagusitu zen. Nekazaritzan, bestalde, artoaren laborantzak garrantzi itzela izan zuen krisialdiaren gainditzean. Urte horietan, arrantzak garrantzia galdu zuen; izan ere, Ingalaterrak eta Herbehereek Ipar Atlantikoko itsasorako sarbidea oztopatu zieten euskal arrantzaleei. Berez, arrantzaren jarduera ez zen desagertu, baina nabarmen jaitsi zen.

Burdinaren industriari zegokionez, Bizkai eta Gipuzkoako behe labeko burdinolak ez ziren Europako beste herrialde batzuetakoak bezain aurreratuak. Liejako eta Suediako burdinaren konpetentziak kalte handiak eragin zituen Euskal Herrian. 1612an, Gipuzkoak eta Bizkaiak elkar hartuta egin zuten lehen protesta. Su-armen ekoizpenari zegokionez, Soraluzeko arma fabrikak bere jarduera mantendu zuen, Gaztelako koroak eskatutako arkabuz eta mosketeei esker.

Politika eta gizartea

Gatazka ugariren lekuko izan ziren euskal herritarrak XVII. mende osoan. Gerrak, matxinadak, iraultzak... Erresumen arteko gatazka politikoaz gainera, gizarte arazoek piztutako liskarrak ere izan ziren nagusi.

Irunen eta Hondarribian, adibidez, Nafarroako Erresumaren eraginpera itzultzeko hainbat saialdi izan ziren. 1638tik 1666ra, Gaztelako eta Nafarroako tropen arteko borrokaldiak etengabeak izan ziren arrazoi horregatik, bi herrien setioek agerian uzten dutenez.

Gizarte arazoei dagokienez, berriz, klase herrikoiak behin baino gehiagotan altxatu ziren jauntxoen nahiz erregeen erabakien kontra protesta egiteko. Zerga berri bat ezartzearen, zerealaren garestitzearen eta mirabetzaren berrezarpenaren aurka egin zuten, besteak beste. Finean, Erdi Aroan ezarritako eskubide eta erabilerak ziren gaitzesten zirenak. Garai hartako altxamendu nagusienetakoak izan ziren Fiteroko jaunen kontrakoa (1627) eta gatzaren matxinada (1631).