Sailkatugabeak

Herritarrak jostun direnekoa

Ekainaren 8ko giza katearen istorioa eta erabakitzeko eskubidearen garrantzia kontatzen du Jostunak; herritarren borondateak jositako istorio bat dokumentalak.Batetik, Gure Esku Dago egitasmoak lehen bileratik ekaineko giza kateraino egindako bidea ja...

Protestak abokatuen atxiloketengatik

ETAko kide izatea eta zerga iruzurra egitea leporatuta, hamasei lagun atxilotu ditu asteon Guardia Zibilak Mate operazioan —hamabi abokatuak dira—. Horietako batzuk Gipuzkoan atzeman ditu; besteak beste, Ainhoa Baglietto, Onintza Ostolaza eta Jon Mintegiaga. Operazioa salatzeko, protestak izan dira hainbat herri eta hiritan. Irudian, Arantxa Aparicio abokatuaren aldeko elkarretaratzea, Donostian, Intxaurrondo auzoan. Bihar 17:00etarako manifestazio nazionalera deitu dute hainbat eragilek Donostian.

Hamaika euskarri, fantasia oinarri

52 artistaren 79 lan biltzen ditu Irudi fantastikoa erakusketak. Askotariko obrak izan arren, guztiek osagai bera dute: fantasia. Lan gehienak margolanak dira; hala ere, osagai fantastikoak dituzten bestelako sorkuntza batzuk ere aurki daitezke: marra...

Gazteen sormena garatzeko kluba

Sormena eta teknologia uztartzen dituen egitasmo berria jaio da Tolosaldean. Bizzia enpresak sustaturik, Doplay enpresarekin elkarlanean, Laskorain Ikastola, Obeki eta Mecanizados Harri enpresen lankidetzari esker garatu da Gazztek, kreatibitatearen ...

Antzerkiaren eztena sartzen

Arriskuak hartzen dituen antzerkia bultzatzea. Hori da Errenteriako Mikelazulo elkarteak arte eszenikoen arloan bultzatu nahi duena. 2009an hasi zen Eztena antzerki eta dantzaren jaialdia antolatzen. Aurten beteko du zazpigarren aldia. Normalean, ekain partean egiten dute jaialdia. Horren osagarri gisa sortu zuten, 2013an, Zizt zikloa. Elkarteko kide Oier Guillanen arabera, Eztenan sartzen ez ziren proposamenei leku egin nahi diete Zizten, igande arratsaldetan. Etzi hasiko da zikloa.

"Eztenak oso ongi funtzionatu du, eta publikoak oso ongi erantzuten du; jende askok parte hartzen du". Horrez gain, antzerkilarien artean, elkargune bat bilakatu da. "Saiatzen gara ohiko zirkuituetan ikusten ez diren lanak ekartzen. Lehentasuna euskarari ematen diogu, eta, bigarrenik, Euskal Herrian sortutako lanei, gazteleraz izanda ere. Eta, tarteka, kanpoko talderen bat etortzen da".

Eztena jaialdia, ekainaren erdialdean izanda, gehienbat kalean egiten da; Zizten kasuan, berriz, formatu txikiko antzezlanak edo dantza emanaldiak dira, eta elkartearen egoitzan egiten dira. Ez zuten urtarrilean hastea espero, baina, azkenean, etzi ekingo diote zikloari: "Gure asmoa martxoan, apirilean eta maiatzean egitea zen. Hilabete batzuk lehenago, alegia, iaz bezala", azaldu du Mikelazulo elkarteko kideak. "Baina etzikoa suertatu egin da. Usurbilgo lagun batzuek ekarri dute obra, Madrildik, nahiz eta Ana Plaza aktorea kataluniarra den. Usurbildarrek esan ziguten bi obrarekin zetozela. Bat Usurbilen egingo dute, gaztetxean, bihar —La esclusa—. Eta galdetu ziguten ea posible genuen beste bat egin Mikelazulon. Ideia ona iruditu zitzaigun".

Errenterian Ana Plazak antzeztuko duen lana Dario Fo eta Franca Rameren obra bat da. Guillani horrelako obra bat ikustea "opari" bat dela iruditzen zaio, "egile oso garrantzitsuak direlako teatroaren historian". Horregatik aurreratu dute Zizten hasiera urtarrilera. Eta sorpresarik ez bada, martxoan berriro ekingo diote zikloari: "Hasiera batean, ez dugu uste otsailean ezer egingo dugunik, baina ikusiko dugu… hau ere inprobisatua izan da".

Datorren hilabeteko zalantzak aparte, martxoko antzezlana zein izango den lotuta daukate. Horrela, D-rumbo performancea eskainiko dute. Azaroaren 15ean estreinatu zuten antzezlan hori, Donostiako Kontadores aretoan. Poesia, dantza eta musika zuzenean nahasten ditu obrak.

Hortik aurrerakoa oraindik zehaztu gabe dute. "Apirilekoa eta maiatzekoa ari gara lotzen, eta ekain erdialdean izango da Eztena. Udan beste dinamika bat dago: kale antzerkia, herrietako jaiak... Hala ere, momentuan bizi gara, gaudenen indarren arabera. Eztena eta Zizt hazten joan dira urtez urte. Aurrera jarraituko duela pentsatzen dut, baina oraingoz nahikoa lan aurtengoa lotzeko".

Antzezlan horiek guztiak bermatze aldera, Eztenakide figura sortu dute —babes ekonomikoaren truke onura batzuk jasotzeko aukera ematen du—. Publikoak babes handia eman dietela ziurtatu du Guillanek, eta, gainera, jarrera "oso aktiboa" dutela. "Emanaldiak bete egiten dira Zizten zein Eztenan, eta horrek motibatzen zaitu gauzak ekartzen jarraitzeko. Beste proposamen batzuetarako lekua eta publikoa badagoela erakusten digu horrek".

Dioenez, lanketa bat behar dute Eztenak eta Ziztek, ez da programatu eta bere horretan uztea: "Ez da aukera bat ematea bakarrik: landu, zabaldu, jendeari helarazi zer den proposamen hori eta interesa piztea antolatzaile zaren heinean. Eztenan ikusi da: proposamen oso ausartak ekarri dira dantza zein teatro arloan, eta etekina ematen du".

Antzerkia, sasoiko

Oiartzualdean antzerkiaren topagune nagusietakoak dira Eztena eta Zizt. Guillanen ustez, arte eszenikoak sasoiko daude eskualdean. Hori da antzerkigintza munduaren barrutik duten inpresioa: "Antzerki munduan nabil, eta barrutik esatea agian zaila da. Baina egia da Errenterian zein eskualde osoan —Lezo, Pasaia eta Oiartzunen— antzerki tradizio handia egon dela historikoki. Errenterian, garai batean, Niessen zaharrean antzerki talde ugari egon zen, eta mugimendu handia bazen". Gaur egun, berriro, "jende asko" dabil lanean. Xehetasun batekin: "Kasu honetan, gehiago da euskaraz. Egun gabiltzan taldeen artean batzuek Mikelazulon ezagutu dugu elkar. Bakoitzak bere estetika eta bide propioa eramaten duen arren, harreman jarraitua izaten dugu. Eztenan elkartzen gara hainbat talde edo proiektutan gabiltzan jende pila bat, jaialdia denen artean aurrera eramateko. Jaialdia elkargune bat bilakatzen da herrian zein inguruan antzerkian gabiltzanontzat. Aukera dugu hemen topatzeko, egoteko, pentsatzeko, gauzak ikusteko... baita publikoarentzat ere".

Guillanek gainbegiratua egin die eskualdeko taldeei. "Tradizio handia egon da Oiartzunen Intxixu antzerki taldearen garaitik, Lezon Orratx dago, Pasaian Badia eskola sortu da, Errenterian Deja Buk koordinatzen du udalak bultzatutako antzerki eskola... Arte eszenikoei dagokienez —Kukai ere hor dago—, momentu interesgarria da Errenterian zein Oarsoaldean".

Errenteriako Olibet auzoko Lekuona okindegi zaharra eraberritzen ari dira, Euskal Herriko Arte Eszenikoen Zentroa egiteko asmoz. Datorren urterako bukatuko dute Oiartzun ibaiaren ondoan dagoen eraikina doitzen. Errenteriako Udalaren arabera, proiektu hori estrategikoa izango da udalerriarentzat.

Arte eszenikoen munduan egonda, Guillanek baietsi du "interes handiz" jarraitzen duela proiektua, baita Eztenako gainontzeko kideek ere. "Jakin-min handiarekin gaude. Niretzat, erantzun bat baino, galderak dira Lekuona. Bultzada izatea nahiko nuke". Horrez gain, egun arte eszenikoen munduan maila lokalean dabiltzanek harremanak lotu nahi dituzte zentroa sustatu duten erakundeekin: "Taldeen independentzia mantentzea nahi genuke, ezinbestekoa delako arte eszenikoen arlo osasuntsu bati eusteko". Era berean, uste du instituzioekin elkarlanerako bideak aurkitu behar direla, "taldeen izaera eta lan egiteko moduak errespetatuz, baina zubiak eraikiz". Guillanen arabera, historikoki "gutxitan" gertatu da instituzioetatik sortutako azpiegitura handietan dinamika interesgarri bat sortu izana. "Beti daukagu itxaropena gauza berri bat sortzean ez dela hori gertatuko. Baina ez dago gure esku".

'LA ESCLUSA'

Non. Usurbilen, gaztetxean.

Noiz. Bihar, 22:00etan.

Zer. Nagual konpainiako Ana Plazak Michel Azamaren antzezlana taularatuko du.

'LA MUJER SOLA'

Non. Errenterian, Mikelazulon.

Noiz. Etzi, 19:00etan.

Zer. Nagual konpainiako Ana Plazak Dario Fo eta Franca Rameren antzezlana taularatuko du.

Beti bezain beharrezko

"Artea eta askatasuna edozein intolerantzia baino indartsuagoak izango dira". Cartooning for peace egitasmoa babesten duten marrazkilarienak dira hitzok, Charlie Hebdo aldizkariko langileei babesa erakusterakoan egindakoak. Adierazteko askatasunak bil...

“Edateko erraza eta gorputz ederrekoa da aurtengoa”

Sei urte daramatza Santarba txakolindegiko Jose Inazio Manterolak (Zarautz, 1950) Getariako Txakolina jatorri izeneko presidente lanetan. Iazko uzta urriaren ostean, aurtengoari "irribarrez" begiratzen dio; eguraldia lagun, "mahats asko eta kalitate onekoa" jaso dutela aitortu du.

Bihar, San Anton egunez, uzta berria aurkeztuko duzue Getarian. Zer moduzkoa da?

Aurtengoa 25. uzta izango da. Aurreko urtea oso eskasa izan zen, kazkabarrarekin asko galdu baitzen. Ondorioz, urte gogorra pasatu dugu, baina aurten udaberri goxoa izan dugu, eta horrek garrantzi handia izaten du mahats kopurua zenbatekoa izango den jakiteko. Uda nahiko txepel joan da, euri asko ez baina sarri bota baitu. Dena dela, arazo handirik ez digu eman, eta, gainera, udazkena zoragarria izan da. Oso uzta ona jaso dugu, eguraldi onari esker. Edateko erraza eta gorputz ederrekoa da aurtengo txakolina. Getariako txakolinak izan behar duen bezalakoa da: oso ona.

Balorazioa positiboa da, beraz.

Aurten bai, pozik gaude. Iazko aurpegiak eta oraingoak oso ezberdinak dira.

Zeintzuk dira Getariako txakolinaren ezaugarriak? Zer ezaugarri komun dute jatorri izeneko txakolindegien produktuek?

Getariako txakolina Hondarribi mahats barietatearekin egiten da gutxienez % 95ean, eta gehienbat txakolin zuria egiten da. Badira probatzeko egiten diren beste txakolin mota batzuk ere, baina upategi baten ekoizpenaren %20 baino gutxiago izaten dira. Hondarribi mahatsak ematen dio Getariako txakolinari ezaugarri komuna, mahats berezi horren zaporea ematen baitio.

Zenbat upategi biltzen dira jatorri izenaren barruan?

Une honetan 29 txakolindegi gara. Sor-marka sortu zenean, Aian, Zarautzen eta Getarian zeuden guztiak, baina denborarekin, Gipuzkoan upategiak sortzen joan dira, eta guztiak Getariako sor-markaren barruan sartu dira. Oraindik ere gehienak Getarian [12] eta Zarautzen [7] daude, baina ekoizpena lurralde osora zabaldu da: Aian bi upategi daude, eta Alkizan, Arrasaten, Deban, Hondarribian, Mutrikun, Oñatin, Olaberrian eta Orion, berriz, bana.

Ustekaberik ezean, bihar Getarian 29 txakolindegiak egongo dira. Gerta liteke norbaitek azken orduko arazoren bat izatea, baina, printzipioz, guztiek parte hartuko dutela hitzeman dute. Gainera, upategi denak, nolabait, behartuta daude euren produktuak eskaintzera, eta bakoitzak hamabi botilako seina kaxa ekartzen ditu egun horretarako. Guztiok nahi izaten dugu gure produktuak jendaurrean erakutsi, merkatuan bizirik gaudela esateko.

Zeintzuk dira Getariako Txakolina jatorri izenaren presidentearen betebeharrak?

Gauza berezi askorik ez; ni naiz lehendakaria, baina sei kidek osatzen dugu batzordea, eta denon artean hartzen ditugu erabakiak. Presidentearena figura sinboliko bat da. Norbait behar izaten da paperak sinatzeko, baina erabakiak talde lanean hartzen dira.

Sor-marka sortu zenetik 25 urte bete dira duela gutxi. Ibilbidea nolakoa izan da?

25 urteko bideak ez du oso luzea ematen, baina gauzak izugarri aldatu dira tarte horretan. Gaur oraindik txikiak gara, baina garai hartan askoz txikiagoak ginen. Mende laurden honetan, upategi kopuruak gora egin du, baita ekoizten den txakolin kantitateak ere. Merkatua bera ere asko hazi da: lehen, 50.000-60.000 botila ateratzen genituen urtean; orain, aldiz, hiru milioitik pasatu egin gara. Lan asko egin dugu, eta lortutako aldaketa guztiak onerako izan dira.

Azkenaldian ardo zuria modan omen dago. Txakolina ere bai?

Egia da ardo zuriaren merkatua asko zabaltzen ari dela, beltzaren eta gorriaren beherakadarekin batera. Badirudi jendeak errazago edaten duela, eta txakolinak ere bide horretatik jo behar du.

Txakolinaren salmentei ongi eusten al diezue?

Ondo saltzen da, bai, krisiak ez baitu gutxiago saltzerik ekarri. Ez dira garai errazak, baina lehengo kantitate berberak ongi saltzen dira orain ere. Akatsa edo kale egiten duena zera da, lehengo aldean asko ekoizten dela. Gure sektorearen hazkundea eta krisia une berean iritsi dira: produkzioak asko egin du gora, upategi gehiago baitaude. Oraingoz, egoera onean gaude, baina, aurrera begira, merkatu berriak aurkitu beharko ditugu salmentak igotzeko.

Atzerrian gero eta gehiago saltzen duzue. Zeintzuk dira erosle nagusiak?

Gipuzkoan bertan saltzen da txakolinaren ekoizpenaren %75-80 inguru. Atzerrira begira, AEBak dira kontsumitzaile nagusia, baina Frantzian, Ingalaterran, Japonian, Txilen eta Argentinan ere erosten dute txakolina. Kantitate txikietan bidaltzen da, hasiberriak izanik zaila baita epe laburrean asko saltzea. Gainera, esportazioaren kostuak altuak dira, eta bidean asko garestitzen da. Dena dela, aurten iaz baino %7 gehiago saldu da; beraz, ez dago gaizki.

Zeintzuk dira Getariako Txakolina jatorri izenaren erronkak?

Une honetan, 400 hektarea inguru mahasti dauzkagu jarrita, eta produkzioan sartzeko beste 30-40 hektarea falta dira; jarrita daude, baina oraindik ez da mahatsa biltzen. Horiek guztiak ongi ekoizten hastea da daukagun erronka nagusia, eta mahats horrekin guztiarekin egindako txakolin guztia saltzeko gai ote garen ikustea. Horren arabera pentsatuko genuke aurrera begira zer egin.

%5,65

Lurraldebuseko bidaia kopuruaren igoeraIaz, 22,1 milioi bidaia egin zituzten herritarrek Gipuzkoako herri arteko autobusetan, 2013an baino %5,65 gehiago. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 2014an 2010ean baino %17 bidaia gehiago egin z...

18.000

zestoan aurkitutako irudien urteak

Antxieta Jakintza Taldeak 18.000 urte baino gehiagoko labar irudiak aurkitu ditu Zestoako Danbolinzulo haitzuloan. Bost animalia irudi ikus daitezke —orein eta ahuntzenak—. "Garrantzi oso handiko" marrazkiak direla adierazi dute; eremua babestuko du Jaurlaritzak.