Sailkatugabeak

%5,65

Lurraldebuseko bidaia kopuruaren igoeraIaz, 22,1 milioi bidaia egin zituzten herritarrek Gipuzkoako herri arteko autobusetan, 2013an baino %5,65 gehiago. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 2014an 2010ean baino %17 bidaia gehiago egin z...

18.000

zestoan aurkitutako irudien urteak

Antxieta Jakintza Taldeak 18.000 urte baino gehiagoko labar irudiak aurkitu ditu Zestoako Danbolinzulo haitzuloan. Bost animalia irudi ikus daitezke —orein eta ahuntzenak—. "Garrantzi oso handiko" marrazkiak direla adierazi dute; eremua babestuko du Jaurlaritzak.

Bisita gidatuak, sagardoaren ibilbidean barrena

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko hamar sagardotegik bisita gidatuak antolatuko dituzte, produktua dastatu eta sagardoaren mundua barrutik ezagutarazteko.

Tolosaldean bisita daitezke Aburuza eta Zabala; Txingudin Ola; Goierrin Oiharte; Urolan Satxota eta Añota; eta Donostia inguruetan Calonge, Petritegi, Bereziartua eta Iparragirre.

Eskaintza horrez gain, Txotx sakelako telefonoetarako sagardotegien gida ere eskura dago smartphone eta iPhone telefonoentzat. Informazio gehiagorako: www. sagardotegiak.com

Ibilbide luzeko bi bakarkako

Jon Gurrutxagak urrian plazaratutako Hitz lauz diskoa aurkeztuko du Azkoitian. Arima Beltza taldean hasi zenetik ia hogei urte igaro dira; geroztik, askotariko proiektuetan jardun du, Jon & Sugramas izenekoan, esaterako. Azken diskoa "rock disko s...

Kaixo, bi pa… eta isiltasuna

Lagun alemaniar baten bisita izan dugu Urtezaharrean etxean. Euskal Herriari buruzko erreferentzia askorik gabe iritsi zen —horrela izan ohi da gehienetan, desengaina gaitezen—. Eta pozarren itzuli da, "itsasoa ere baduen Suitza bat" aurkitu ondoren. Atsekabe txiki batekin ere bai, ordea. Bertakoekin nahi baino askoz gutxiago jardun ahal izan omen du.

Alemanaz gain, ingelesa menderatzen du gure bisitak, eta frantsesez ere moldatzen da. Familiakoak saiatu dira, modu xarmagarrian, hura mimatzen eta estropezuz betetako solasaldi zoroekin dibertitzen. Eragozpenak kalera irtendakoan azaldu dira, ordea.

Ezagunen bat aurkeztu, bi pa elkarri eman —edo ez, ohitura xelebrekeriatzat dute Europa iparraldean—, eta isiltasun ezerosoa izan dugu laster asko. "Ufa! Ingelesez ni gaizki", esan, eta bisitariari buruzko konpromisozko galderaren bat, ondoren. Niri. Euskaraz.

Ez dut mapa soziolinguistiko baten beharrik gurean atzerriko hizkuntzen ezaguera erdipurdikoa —eskuzabala naiz— dela idazteko. Curriculumetako gehiegikeriak oso sinpatikoak dira, baina haietan maila ona klasiko hori idazteak lotsa gehixeago eman beharko liguke ziur aski. Belaunaldi berriarekin askoz itxaropentsuago naiz behintzat; iloba solte asko aritu zen gure bisitarekin.

Eta Ipar Euskal Herrian ere ingelesarekin erosoago dabiltzala iruditzen zait beti. Egun haien gaztelaniak gure frantsesak baino itxura hobeagoa duelakoan nago gainera, oro har.

Aspaldi, Iruñean bizi nintzela, taberna batean harpa jotzen zidaten usu gipuzkoar gehienak Nafarroan jaioz gero erdaldun peto-petoak izango ginatekeela esanez. Etxean eroso asko jasotako hizkuntza erabiltzeagatik puztea patetikoa zela zioten. Euskal herritar hertsi eta nagienak ginela errepikatzen zidaten beti. Orain askoz hobe ulertzen diedala uste dut.

"Kontatu izan didazu euskara oso berezia dela. Hizkuntza bat hainbeste maite baduzue, zergatik jakin-min falta hori beste guztiengatik?", galdegin zidan gure bisitak, aireporturako bidean. "Zure lagunak hizkuntzen frikiak izatea litzateke logikoena", gaineratu zuen. Buruarekin amen egin nion, eta nire artean pentsatu nuen: "Ikastolako kide mordoa euskaraz bi esaldi idazteko ezgai dela jakingo balu…".

Autobideko Euskal Herria dioten ikurrekin dugun saltsa azaltzen hasi nintzaion orduan, gaia aldatze aldera. Atzerritarrei beti egiten die grazia zazpi lurralde nanoen arteko istilu bitxien berri jakiteak, tutik ulertzen ez badute ere.

Zazpigarrenez, zazpiak jokoan

Enbidoka hasteko gogotsu daude ehunka lagun Euskal Herri osoan. Herri gutxi batzuetan hasi dira dagoeneko lehian eta beste askotan hastear daude. Iazko aldian, Gipuzkoan, 800 bikotek baino gehiagok parte hartu zuten lehian, eta aurten ere beste hainbe...

Ohitura eta afizioa, txinpartak bustia

Botila makurtzeari utzi, eta ziritik tiratzen hasi. Iritsi da urteroko erritualari eusteko garaia sagardozaleentzat. Aste Santura bitarte, sagardotegirako buelta egingo dute milaka lagunek; batzuek egina izango dute, Gipuzkoan hasi baita txotx garaia. Hernani eta Astigarraga inguruetan autobusen joan-etorria nabarmen areagotuko da hilabeteotan; baina paraje horietan ez ezik, lurraldeko beste hainbat txoko ere sagardozalez beteko dira, ohi bezala.

Goierrin, esaterako, "betidanik izan da tradizioa". Zeraingo Oiharte sagardotegiko Haritz Egurenek urteak daramatza, sagardoarekin batera, bisitariak zaintzen. Atzoz geroztik, gainera, ohi baino lan gehiagorekin. Kupelak eta jantokiak prest izan aurreko lanak amaituta, hasiera eman berri diote eskualdeko sagardo garaiari. Modu berezian, gainera: lehen aldiz, Goitur Goierriko turismo agentziako bazkide diren sagardotegiek elkarrekin ekin diote sasoiari, Altzagako Olagi sagardotegian.

"Oso garrantzitsua" izan ohi da txotx garaia ekoizleentzat. Gustura agertu dira orain arte egindakoarekin; garaia bukatu arte, ordea, ezin jakin nola joan den: "Guk gauza bat edo beste esan arren, bezeroek jartzen dute nota txotx garaia hasten denean". Oiharten, esaterako, kantitateari baino gehiago, "berezitasunak" eskaintzeari jartzen diote arreta. Etxean egiten dute sagardoa, bertako sagarrarekin; hiru aldaera dituzte: ohikoa, eusko labela eta ekologikoa.

Asteburuko gorabeherak

Gainerako sagardotegietan bezala, asteburuan pilatu ohi zaie eskualdean jende gehien; astean zehar ere mugimendua dabil, hala ere: urteurrenak direla, enpresa afariak... Inguruko herrietatik doazenentzat, autobusak dituzte eskura. Zerainen dauden bi sagardotegietara joateko, esaterako, bi linea dituzte: bata Legazpitik ateratzen da; bestea, Ordiziatik: "Garaia puri-purian dagoenean, linea gehiago jartzen dira, beharren arabera".

Egurenek dioenez, ohitura betidanik egon arren "gero eta izen handiagoa hartzen ari da sagardoa Goierrin". Argi du izena eurek "irabazi" behar dutela, ongi lan eginez. "Kanpotik batez ere Astigarraga-Hernani inguruak du entzutea, baina hemen ere afizio handia egon da, eta badago orain ere. Garai batean, Gipuzkoako sagardotegi handienetariko bat Ordizian zegoen".

Inguruko herritarrak ez ezik, urrutiagokoak ere biltzen dira Oiharten, sagardotegiarekin batera landetxea baitute. Egurenek dioenez, bisitari askok "sorpresa" hartzen dute sagardotegia ikustean, eta, denbora izanez gero, upeltegitik bueltatxoa egiten dute.

Azpeitiko Añotan ere ohi baino jende gehiago dabil ziritik tiraka. Joan den ostiralean hasi zuten sasoia, eta "sagardo berria" izan arren, gustura hartu dute lehen bisitariek, Luis Beloki sagardotegiko arduradunak dioenez. Udazken "epela" tarteko, aurreneko sagarrak aurreratu zitzaizkien; hiru bat aste lehenago hasi ziren sagarrak biltzen.

Eskualdeko sagardozale ugari han bildu ohi dira; aurten, ordea, Beloki ez da horren baikorra: "Urola eskualdean fabrika asko itxi dituzte azkenaldian; triste dago, eta hori nabaritu egiten da". Eskualdetik kanpokoak ere joan ohi dira, herritik gertu halakorik ez dutela eta: "Bergaratik, Arrasatetik...".

Guztira 12 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte Gipuzkoan 2014an, sagardogileen elkarteak emandako datuen arabera. Azaldu dutenez, "espero baino %20 sagar gutxiago egon da Gipuzkoan orokorrean".

Dena den, inguruaren arabera egoera aldatu da: "Badira sagar asko izan diren zonaldeak, kostaldea adibidez, eta Goierriko zenbait leku, baina baita gutxiago izan den lekuak ere, Oiartzun ingurua eta Tolosaldea, Goierri eta Beterriko zenbait sagasti adibidez".

Elkartearen arabera, %45 izan da bertako sagarra iazko uztan, orokorrean "oso sagar sanoa". Aurreko urteko uztarekin alderatuta, "askoz ere sagar gehiago" izan da Gipuzkoan; sagarraren ezaugarriei begiratuta, berriz, "suabeagoa" izan da.

Operara hurbiltzeko antzezlana

Hannah opera abeslaria du protagonista antzezlanak. Musika eta antzerkia uztartuz, kantariaren arrakasta eta porrota kontatzen ditu Deabru Beltzak & Tin Pan Alley konpainiak, era ludikoan. "Harrokeriaren inguruko hausnarketa bat" proposatzen du, f...

Herri txikien iraultza handia

Martin Garzia historialariak bereizi egiten ditu 1615 aurretik eta ondoren sortutako herriak. Hala, 1615ean hiribildu titulua eskuratu zuten herriei sortze berriko herriak deitzen die, eta aurretik zeudenei, sortze zaharrekoak. Gipuzkoan, sortze berriko 30 herrik erosi zuten hiribildu titulua urte hartan, Gaztelako Felipe III.a erregeak 1615eko urtarrilaren 26an kaleratutako errege zedulari esker. Aurten, euren sorreraren laugarren mendeurrena ospatuko dute guztiek.

Sortze berriko herri horiek ez ziren bat-batean eta ezerezetik sortu; XIV. mende bukaeratik Tolosa, Segura eta Ordiziari atxikita zeuden. "Sortze zaharreko hiribilduak lau mende lehenago eraikiak ziren, harresiz inguratuta, ahaide nagusietatik edo garai batean kontrako aldean zegoen Nafarroako Erresumatik babesteko", azaldu du Garziak. Eta, harresiena ez ezik, erregeak emandako foruen babesa zuten, eta horien bidez pribilegio ekonomiko, komertzial eta fiskalak ere bai.

Alderantzizko piramidea

Harresiaren eta pribilegioen ondorioz, herri zaharren eta berrien piramide demografikoa justu alderantzizkoa zen. "Sortze berriko herrietan jende gutxi bizi zen kalean, eta jende asko mendi eta baserrietan barreiatuta; sortze zaharrekoetan, ordea, oso jende gutxi bizi zen harresiz kanpo".

Gainera, hiribilduetan jarduera ekonomiko ezberdinak garatzeko aukera zegoenez, klase sozial berriak sortzen joan ziren. "Hiribilduetatik kanpo nekazari eta abeltzain bizimodua zuten; harresien barruan, foruei esker, oso bestelakoa zen bizimodua. Merkatua egiten zuten, klase berriak azaleratzen joan ziren; merkatariak, eskribauak... Agintari klase berri bat zen, harresietatik kanpo existitzen ez zena".

Bestalde, sortze zaharreko herriek falta zutena lurrak ziren, eta hori haiei atxikitako herriei esker lortzen zuten. "Herrixka horiek lur asko zituzten, hiribilduek baino askoz ere zabalagoak. Ordiziak 5,7 kilometro koadro zituen, eta Beasainek, 29,9 kilometro".

Handien babesa

Lur zabalak izan arren, harresien babesaz eta foruen pribilegioez gozatzeko modu bakarra sortze zaharreko hiribilduei atxikitzea zen. Hala, Ordiziak zortzi herri zeuzkan atxikita (tartean, Ataun, Beasain eta Zaldibia); Segurak zazpi zituen (besteak beste, Idiazabal, Ormaiztegi eta Zegama); eta Tolosak, azkenik, hamalau (Alegia, Amasa, Amezketa, Berastegi eta Andoain, esaterako). Hiribildu titulua eskuratu zuen 30. herria Urnieta izan zen; ordu arte, Donostia, Aiztondo eta Hernaniri atxikitakoa.

XIV. mendearen hondarretan hasitako harreman hori, harreman liskartsua betiere, 1615ean amaitu zen. Harreman gatazkatsu horretaz Marta Truchuelo historialariak hitz egiten du. Andoainen, herriaren sorreraren urteurrena dela-eta eginiko erakusketa atontzeaz arduratu da bera.

Hiribilduaren eta atxikitako herrien arteko harremanak ez ziren errazak izaten, eta horretan bat egiten dute bai Garziak eta bai Truchuelok. Hiribilduari zegokion herrixka horien zergak biltzea, herri horietako konponketak egitea eta beharrei erantzutea, haien eskubideak Batzar Nagusietan defenditzea eta baita herritarren arteko auzietan justizia administrazioaren lana egitea ere. "Harreman horretan Andoain ia erabat Tolosaren menpekoa zen; gauza garrantzitsu guztiak Tolosan erabakitzen ziren, eta Tolosa aprobetxatu egiten zen menpekotasun horretaz". Truchueloren arabera, "Andoainek ikusten zuen Tolosan ez zirela bere gauzak eztabaidatzen eta borrokatzen berak nahi bezala". Hala, Andoainek —eta baita gainerako herriek ere— hainbatetan jo zuen Batzar Nagusietara "bidegabekeria" horiek salatzera. Batzar Nagusietan, ordea, ordezkaritzarik ez zutenez, gutxitan lortzen zuten arrazoi ematea. Garziaren arabera, herriak "harrapatuta" zeuden egitura horretan. Beste bidea Gaztelako Gortera joatea zen.

Andoainek eta Tolosak izaniko liskarretako bat armen alardearen ingurukoa izan zen. Urtero egiten zen alardea, eta Tolosako alkateak bere menpeko herrietako arma guztien ikuskaritza egiten zuen. Baina Andoainek ez zuen jada gehiago Tolosara joan nahi armak erakustera, eta alardea herrian bertan egin zuten. Liskar handia izan zen, eta Tolosako alkateak, harena baitzen justizia administrazioaren eskuduntza, Andoaingo hainbat herritar zigortu zituen alardea egitera ez joateagatik.

Gortea, dirurik gabe

Hainbatetan eskatu zuen Andoainek Tolosarekiko desanexioa, eta, Garziaren arabera, baita Beasainek ere. Gainerako herrietan ere tankera bereko gertaerak maiz izaten ziren, eta, Garziaren arabera, atsekabe hori primeran etorri zitzaion Gaztelako Gorteari bere diru kutxa betetzeko. "Felipe II.a hil berria zen, eta Borboiek erabateko porrot ekonomikoan utzi zuten estatua. Koroak dirua behar zuen, eta hiribilduen erosketa izeneko formula berria asmatu zuen. 'Eman diezaiegun hiribildu titulua, eta bete ditzagun gure diru kutxak'".

Bizilagun bakoitzeko —bizilagun familia unitateari deitzen zioten, ez biztanle bakoitzari— 25 dukat ordaindu behar zituen herriak, independentzia lortzeko. "25 dukat kopuru handia zen garai hartan". Eta herrixkek ez zuten dirurik, baina bai lurrak, eta horien bidez lortu zuten ordainketa egitea. Izan ere, hiribildu tituluak erosteko aukera ematearekin bat, bere tutoretza pean zeuden herri lurrak saltzeko baimena eman zien Felipe III.ak. Erregeak ez ezik, herriko handikiek ere atera zioten probetxua salerosketari. "Beasainen, eta gainerako lekuetan ere bai, handikiek aurreratu zuten dirua, interes batekin; eta, gero, diru horren truke herri lurrak eskuratu zituzten, hirugarren enkantean eta berezko prezioa baino %30 gutxiago ordainduta. Horrelakoxea zen garai hartako ingeniaritza ekonomikoa".

30 herriek independentzia eta Batzar Nagusietan euren burua ordezkatzeko eskubidea irabazi zuten horrela, euren burua gobernatzeko eskubidea. Eta Segurak, Tolosak eta Ordiziak, pisu ekonomikoaz gain, pisu politikoa nabarmen galdu zuten. "Herri horien galerarekin Ordiziari erdira jaitsi zitzaizkion suak, eta ordezkatzen zituen suek ematen zioten pisu politikoa herri bati Batzar Nagusietan".

Bestalde, Truchueloren arabera, Gipuzkoako 30 herri berri horiek une horretan hasi zuten gaur egun direna bilakatzeko bidea. "Erabaki hori izan zen oinarria. Euren burua gobernatuz, Andoainen beharren arabera hasi ziren gauzak egiten. Komertzioa eta azokak ere garatuz joan ziren, obra berriak egiten, udaletxea eraikitzen hasi ziren, eta herriaren beraren egitura moldatzen joan zen".

Lau aldiz Berri Txarrak

Erritmo biziarekin ekingo dio Berri Txarrak taldeak Denbora da poligrafo bakarra disko berriaren aurkezpen birari. Lau kontzertu, lau egunetan. Guztiak Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Eta sarrerak amaituta daude aspalditik, baita urtarrilaren 29an Atarrabian (Nafarroa) izango denerako ere. Kontzertu sortaren aurrenekoa gaur bertan egingo du talde nafarrak, 21:00etan hasita.

Lekunberriko taldearen azken lanak harrera beroa izan du zaleen artean, eta musika kritikarien txaloak jaso ditu, Euskal Herrian zein atzerrian. Nazioartean, hain zuzen ere, urtarrilaren amaieran ikusiko du argia Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzak, eta dagoeneko atzerriko hainbat hiritan jotzeko tokiak eta egunak lotuak ditu taldeak: Bordele, Paris, Madril, Bartzelona, Frankfurt, Berlin, Hanburgo...

Disko bat, ekoizle bat

Berri Txarrak taldearen diskografia osatzen duen zortzigarren lana da Denbora da poligrafo bakarra —tartean daude Zertarako amestu zuzeneko DVDa eta Denak ez du balio bilduma lana—, Only in Dreams zigiluak joan den azaroan kaleratutakoa. Harian diskoaren eta BTX 20 urte bira arrakastatsuaren ondotik dator azken lana, Los Angeles eta Madrilgo estudioetan grabatua izan dena. Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre hirukoteak 2014ko udaberrian jo zuen Ameriketako Estatu Batuetara, bertan Ross Robinson ekoizle ospetsuarekin lan egitera. Robinson, besteak beste, Sepultura, The Cure edo eta Slipknot taldeekin batera lan egindakoa da. Elkarlana, baina, zabalagoa izan da. Madrilen, esaterako, Ricky Falkner Love of Lesbian eta Sidonie-ko ekoizlearen gidaritzapean jardun zuen hirukoteak, eta laneko hirugarren diskorako Bill Stevensonekin (All, Descendents). Disko bat, ekoizle bat. Emaitza, hogei kantuko disko hirukoitza. Batzuk erritmo elektrikoagoarekin, beste batzuk, berriz, pop ukitu nabariagoarekin.

Zortzigarren lanarekin, 101 dira talde nafarrak idatzi eta grabatutako abestiak. Ezagun egin diren horietako asko entzungo dira gaurtik astelehenera bitarte Intxaurrondoko Kultur Etxean.

Berri Txarrak, zuzenean

Gaur, 21:00ean, Intxaurrondoko Kultur Etxean.