Azpeitian lagun arteko bertso afaria antolatu dute gaur iluntzean. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua bertsolariak arituko dira kantuan. Hitzordua, herriko Añota sagardotegian.
Gaur iluntzean, Azpeitian, Añota sagardotegian.
Azpeitian lagun arteko bertso afaria antolatu dute gaur iluntzean. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua bertsolariak arituko dira kantuan. Hitzordua, herriko Añota sagardotegian.
Gaur iluntzean, Azpeitian, Añota sagardotegian.
Hamar urte daramatza gurpil aulkian Florentino Aranburuk (Donostia, 1932), esklerosi anizkoitza diagnostikatu eta oinez ibiltzeko arazoak larrituz hasi zitzaizkionetik. Denbora horretan lagun asko egin ditu Ademgi elkartean.
Noiz diagnostikatu zizuten gaixotasuna?
Berandu. Niri diagnostikatu zidaten esklerosi anizkoitza bigarren mailakoa da. Progresiboa. Gaixotasun honek normalean gazteei erasotzen die, baina nire kasuan adinez oso nagusia nintzen. 60 urterekin hasi nintzen gaizki sentitzen, eta erretiroa hartu nuen. Arazo txiki batzuk hasi zitzaizkidan agertzen, baina gutxika-gutxika arazo horiek haziz joan ziren. Aurreneko minak ezkerreko eskuan nabaritu nituen, zerbait arraroa, eta orduan hasi zitzaizkidan medikuak frogak egiten. Handik gutxira hasi nintzen hankako arazoekin.
Ordura arte min handirik nabaritu al zenuen noizbait?
Ordura arte ia egunero ateratzen nintzen kalera paseatzera. Asko gustatzen zitzaidan. Baina aurreneko minekin egun batzuez gelditu egin behar izaten nuen. Egun gutxiko atsedena hartu, eta mina joaten zenean, normal-normal ateratzen nintzen kalera. Baina arazoak gehituz joan ziren, eta nik ere gero eta baldarrago ikusten nuen neure burua. Frogak egin zizkidaten, baina ez zidaten ezer berezirik aurkitu, ez baita ohikoa adin horretan gaixotasun hau diagnostikatzea. Neurologoarengana ere joan nintzen, baina era guztietako frogak egin arren ez zuten bete-betean asmatzen. Baina apurka-apurka hasi ziren susmatzen, nire hanketako arazoak ere larrituz joan zirelako. Leku asko bisitatu nituen, eta, azkenerako, ia egun berean, bai Iruñean eta bai Donostian, esklerosia diagnostikatu zidaten, duela hamabi bat urte. Hezur-muina atera eta azken frogak egin ostean, diagnostikoa baieztatu zuten.
Zenbat urte daramatzazu gurpil aulkian?
Hamar bat. Hasieran, bastoiaren laguntzarekin hasi nintzen ibiltzen. Gero, makuluarekin, eta, azkenik, gurpil aulkian eseri ninduten. Badut beste bat, motorduna, baina hori ez dut elkartera ekartzen, astunegia baita anbulantziara igotzeko. Etxean, berriz, pertsonentzako garabi bat daukat, eta harekin altxatzen naute ohera zein komunera.
Zer aurkitu duzu Ademgi elkartean?
Neurologoak aholkatu zidan etortzeko, duela zortzi bat urte, eta oso gustura etortzen naiz. Oso lantalde jatorra da, oso ondo zaintzen zaituzte bertan. Gainera, gaixotasun bera duen jendea ezagutu dut. Batzuk joan egin dira, beste batzuk etorri, baina lagunak ezagutu eta gustura etortzen zara.
Zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dizkizu elkarteak?
Errehabilitazio ariketak egitera etortzen naiz. Masajeak ematen dizkidate belaunetan, artikulazioa hobetzeko, eta eskuarekin ere egiten ditut ariketak. Astean behin, gainera, psikologoarekin ere egoten naiz. Lagungarria da burua ondo mantendu eta animoa ez galtzeko.
Bestelako jardueretan parte hartzen duzu?
Igerilekura ez naiz joaten; baldar ikusten dut neure burua. Baina pintura tailerra gustuko dut. Ostiralero joaten naiz margotzera elkarteko lagunekin.
Erritmo biziarekin ekingo dio Berri Txarrak taldeak Denbora da poligrafo bakarra disko berriaren aurkezpen birari. Lau kontzertu, lau egunetan. Guztiak Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Eta sarrerak amaituta daude aspalditik, baita urtarrilaren 29an Atarrabian (Nafarroa) izango denerako ere. Kontzertu sortaren aurrenekoa gaur bertan egingo du talde nafarrak, 21:00etan hasita.
Lekunberriko taldearen azken lanak harrera beroa izan du zaleen artean, eta musika kritikarien txaloak jaso ditu, Euskal Herrian zein atzerrian. Nazioartean, hain zuzen ere, urtarrilaren amaieran ikusiko du argia Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzak, eta dagoeneko atzerriko hainbat hiritan jotzeko tokiak eta egunak lotuak ditu taldeak: Bordele, Paris, Madril, Bartzelona, Frankfurt, Berlin, Hanburgo...
Disko bat, ekoizle bat
Berri Txarrak taldearen diskografia osatzen duen zortzigarren lana da Denbora da poligrafo bakarra —tartean daude Zertarako amestu zuzeneko DVDa eta Denak ez du balio bilduma lana—, Only in Dreams zigiluak joan den azaroan kaleratutakoa. Harian diskoaren eta BTX 20 urte bira arrakastatsuaren ondotik dator azken lana, Los Angeles eta Madrilgo estudioetan grabatua izan dena. Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre hirukoteak 2014ko udaberrian jo zuen Ameriketako Estatu Batuetara, bertan Ross Robinson ekoizle ospetsuarekin lan egitera. Robinson, besteak beste, Sepultura, The Cure edo eta Slipknot taldeekin batera lan egindakoa da. Elkarlana, baina, zabalagoa izan da. Madrilen, esaterako, Ricky Falkner Love of Lesbian eta Sidonie-ko ekoizlearen gidaritzapean jardun zuen hirukoteak, eta laneko hirugarren diskorako Bill Stevensonekin (All, Descendents). Disko bat, ekoizle bat. Emaitza, hogei kantuko disko hirukoitza. Batzuk erritmo elektrikoagoarekin, beste batzuk, berriz, pop ukitu nabariagoarekin.
Zortzigarren lanarekin, 101 dira talde nafarrak idatzi eta grabatutako abestiak. Ezagun egin diren horietako asko entzungo dira gaurtik astelehenera bitarte Intxaurrondoko Kultur Etxean.
Gaur, 21:00ean, Intxaurrondoko Kultur Etxean.
Gabonez berba egiten dugunean, oporrez eta jan-edanez gain, opariz eta jostailuz betetzen zaizkigu elkarrizketak: Olentzero versus Errege Magoak, lagun ezkutua, non erosi eskatutakoa, zer erosi… Ehiza txakurrak dirudigu usnan, oparia jaso behar duenaren desioen atzetik. Edozein iradokizun edo datsegit agindu bihurtzen zaigu, edo, hobeto esanda, erregalua lortzeko parada paregabea. Ideiak ere agortzen baitzaizkigu, gustuak ere aldatu egiten direlako, pertsonaren ezagutza urria delako, edo jasotzailearen zailtasuna benetan agerikoa delako.
Ume sinesberen kasuan errazagoa da. Nahikoa da eskutitza idazteko esatea, bertan apeta guztiak apuntatzeko aukera emango digute-eta. Sarri askotan zer eskatzen duten deskubritzea zaila egingo zaigu, jakin ere ez dugu jakingo zer den idatziz jarri dutena, guk jostailu iragarkirik ez dugulako ikusten. Baina haurraren guraria argitzeko jostailu katalogoak dauzkagu, hainbat dendak egin eta dohainik partitzen dituztenak.
Halako bat erabili zuen eta erabiltzen ari da gure iloba, iaz eta aurten, urte bietan El Corte Ingles almazen handien katalogo mardula. Egunotan bere liburu kuttuna da eta noranahi eramaten du, Olentzerorena pasatuta egon arren. Emozioz beteta seinalatzen dizkigu bere gogoko artikuluak eta gai da behin eta berriro, etengabe, orriak pasa eta begira egoteko. Edozein momentu begitantzen zaio aproposa bere gogokoak gurekin konpartitzeko. Erraz asko altzora igo eta trepeta asko erakutsi, ea gu ere, era sibilinoan, gustatu eta erortzen garen.
Iaz aho bete hortz laga ninduen bertan ikusitakoak. Neska/mutil banaketa oso argia zen: neskentzako zena, arrosa eta more argiz seinalatuta; mutilentzako zena, berde, gorri eta kolore ilunez. Jostailuen ondoan ere neskatilak edo mutikoak ageri ziren, produktu horren hartzailearen arabera. Jakina, beti gizartearen genero-banaketaren ikuspuntu klasiko eta zorrotzenetik begiratuta: panpinak, printzesak, tximeletak eta loreak, arrosak, neskentzat; eta kamioiak, superheroiak, eraikuntza-blokeak eta ninja dortokak, ilunak, mutilentzat.
Orduan sumindu egin nintzen, eta hala segitzen dut. Izan ere, aurtengoa ere berdintsua da. Horregatik ez nau harritu Susaeta argitaletxearekin sortutako polemikak, neska eta mutilentzako ipuinak argitaratzen dituela ikusita, ezta beste merkataritza guneek ere ateratako katalogo eta iragarkietan genero desberdintasun faltsu eta murriztaile hori ageri denean.
Baina nola harritzen gaitu horrek, jaio orduko niniak arrosaz ala urdinez janzten baditugu? Mozorrotzen ditugunean maitagarriz eta spidermanez betetzen baditugu bazterrak? Emakumeok etengabe printzesak garela esanez bonbardatzen bagaituzte? Horrela, pikutara aukera-berdintasuna, emakumeen imajinarioa beti izango delako ahula eta makala, hauskorra, salbatzailea behar duena, bere kabuz ezin duelako ezer lortu. Eta gizonena defendatzaile ahalguztiduna, bestea bezain faltsua eta hutsala.
Rolak betiko eta indartuta, herri desorekatua baino ez dugu lortuko, eguneroko hainbat jardueratarako gai ez diren gizabanakoak, pertsona ahul eta desorekatuak. Hori ote da lortu nahi dutena enpresa handi horietatik? Makalago izanda, zaurgarriago garelako?
Galiziako Valacar taldearen eskutik iritsi da Euskal Herrira Somos tan imbéciles antzezlana. Lino Braxek idatzitako eta zuzendutako obra umoreaz baliatzen da kontsumo ohituren inguruan hausnarketa egiteko. Valacar 1989an jaio zen antzerki tailer gisa, eta laster antzerki konpainia bilakatu zen. Itsuz osatutako Galiziako lehen antzerki taldea izan zen. Valacarrekin 40 aktore baino gehiago hezi dira; gehienak erabat itsuak ziren edo ikusmen urritasun larria zutenak.
Ostegunean, 19:30ean, Eibarren.
Euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzeko "benetako beharrak" detektatu behar dira, hori uste du Villabonako Udalak, eta ideia horretatik abiatuta parte hartze prozesu bat abiarazi zuen 2013an. Helburua bakarra zen: 2017a bitarteko Euskara Sustatz...
The Ramones punk taldearen arima berpizten du Gramones-ek zuzenean jotzen duen aldiro, bai musikari eta bai taula gaineko irudiari erreparatuz gero. 1980ko hamarkadan aitzindari izan zen punk estiloaren bizkortasunari eutsiz, gasteiztarrek sona handi...
Beasaingo Igartza Klubak antolatuko du Euskadiko Arku Tiroko Txapelketa. Urtarrilaren 18an jokatuko da, Azkoitian. Oraindik izen-emateak ixteko badaude ere, lehiaketan Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 90 lagun inguruk parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Ez da lan hau hartzen duten lehen aldia, arku tiroan oso onak izateaz gain lehiaketak antolatzen ere badute-eta esperientzia.
Ligako lehiaketa bat klub batek antolatzen badu, klub horren instalazioetan jokatzeko eskubidea lortzen dute; horregatik, beste inora joan beharrik gabe, zenbait klubek nahiago dute eurek antolatu lehiaketa, beste inora lehiatzera joan baino.
Igartza klubak neguko txapelketak soilik antolatzen ditu, ez baitaukate kanpoko zelairik, ez entrenatzeko, ez eta lehiatzeko ere. Horietako bat izan da Gipuzkoako arku tiroko lehiaketa, orain gutxi antolatu dutena. Kluba entrenatu ohi den lokalean jokatu zuten txapela, Antzizar kiroldegiko azpiko aldean, abenduaren 14an.
"Arku konposatuko modalitatean, txapelketa oso parekatuta egon zen, eta lehenengo postuak lortzeko asko borrokatu ziren", esan du Igartza klubeko Joseba Iturbek.
Gipuzkoakoa pasa berri da
Kanporaketa guztiak gaindituta, Igartza klubeko Vicente Riesco izan zen Gipuzkoako txapelduna. Finala puntu bakar baten aldearekin irabazi zion Rafa Gonzalezi —Igartza klubeko arkularia da hura ere—. Hirugarren postua Azeri taldeko Aitor Berridik lortu zuen. Beraz, Igartza klubak urrea eta zilarra lortu zituen txapelketa horretan.
Arku makurgarriko modalitatean Ostadar taldeko Josu Illarramendi izan zen irabazlea. "16 urte soilik izan arren, sekulako markak lortzen ari da, eta dagoeneko hasi da nazioarteko lehiaketetan parte hartzen", dio Iturbek. Bigarren postua Ostadar taldeko Endika Garciak lortu zuen, eta hirugarren postua, Diarco taldeko Andoni Larrabeitik.
Arku kurbatuko emakumezkoetan Ostadar taldeko Eider Vazquez arkulari gaztea izan zen garaile. Bigarren postuan, Diarco taldeko Maria Teresa Sanchez, eta hirugarren postuan, Diarco taldeko Miren Amorrortu.
Arku tradizionalaren modalitatean, urrea Diarco taldeko Miguel Fernandezentzat izan zen, zilarra Diarco taldeko Iñaki Barrenetxearentzat, eta brontzea Txantxiku taldeko Gorka Martinezentzat.
Txapelketa horrekin, Euskadiko Neguko Liga ere amaitutzat eman dute arkulariek. Hor ere, Igartza taldeko arkulariek sekulako arrakasta lortu dute aurten arku konposatuko modalitatean, podiumeko hiru postuak irabaziz: Euskadiko ligako irabazlea Rafa Gonzalez izan da, bigarrena Vicente Riesco, eta hirugarrena Miguel Rial; guztiak Igartzako taldekideak.
Igartza taldekoak "oso gustura" daude txapelketan lortutakoarekin, eta orain Azkoitiko txapelketara begira jarrita daude. Igartza klubak berak proposatu zion Euskadiko Federazioari lehiaketa eurek antolatzea, laugarren aldiz. Taldea beasaindarra izan arren, "Beasainen arkua jada ezagutzen delako, beste leku batzuetara zabaldu nahi" zuten arku tiroaren afizioa, eta, hala, hilaren 18an jokatuko den Euskadiko txapelketa hori Azkoitian egitea erabaki zuten, klubeko kide bat azkoitiarra delako, besteak beste.
Hogeita hamar federatu
Entrenamenduak Beasaingo Antzizar kiroldegiaren azpiko lokaletan egiten dituzte. Adin askotariko lagunak biltzen dira: aitona bat bilobarekin ere bai, eta egunkari hau hara joan zen egunean "hau da gure etorkizuna!", zioten, barrez. Pare bat gazte ere badabiltza taldean, eta, dudarik gabe, espirituz guztiak daude gazte-gazte. 30 federatu inguru ditu taldeak guztira.
Baina ez ziren hainbeste lagun biltzen hasieran: "Jeronimok bere kasa botatzen zuen, eta Miguelek ere bai. Ander, berriz, ia kasualitatez hasi zen kirol honetan. El Corte Inglesera joan zen egun batean arkua ikusi, eta erosi egin zuen bi aldiz pentsatu gabe. Gutxika hasi ginen batzen 1991. urte inguruan edo. Urteak aurrera joan ahala, taldea handitzen joan da", diote taldekideek.
Gainera, lehiaketetan hasi orduko, garaipenak pilatzen hasi ziren Beasaingo taldekoak: "Leonen parte hartu genuen lehen aldiz; Miguel laugarren gelditu zen, eta Ander, seigarren".
Kirol ezezaguna Gipuzkoan
Gipuzkoan ez da oso kirol ohikoa arku tiroa, kalean behintzat, baina sekulako maila dago. Gipuzkoako klub handiena Donostiako Diarco kluba dela diote Igartza klubekoek, eta beste klub aipagarri batzuk Errenteriako Ostadar, Hondarribiko Azeri eta Legazpiko Luma direla azaldu dute. Bestalde, basoko arku tiroketa egiten duten klubak ere badaude, Ordizian eta Oñatin, esaterako. "Ordizian ere badago arku taldea, baina haiek senezkoan eta ehizakoan aritzen dira, eta gu zehaztasunekoan ibiltzen gara", diote taldekideek.
Urte osoan Igartza taldeko arkulariek hainbat ekintza egiten dituzte herriko hainbat talderekin: "Aspacekoekin eta Gureak-ekoekin jardunaldiak egiten ditugu, eskolekin udalekuetan aritzen gara, eta azkenaldian despedidaren batean ere aritu gara erakustaldiak egiten!".
Orain, Euskadiko txapelketa antolatzen buru-belarri ari diren honetan, babesleen beharra dutela azaldu dute Igartza klubekoek, lehiaketak sortzen dituen gastuei aurre egiteko.
"Diru laguntza gutxi daude kirol honetarako. Federazioak txapelketarako materiala errazten du (dianak, markagailuak...), baina dena prestatzea klubeko arkularien esku gelditzen da, eta eskua bete lan dugu!", esan du Iturbe taldekideak.
Ilusioz doaz lehiaketara, dominaren bat lortuko duten esperantzarekin. Eta ez da gutxiagorako. Igartzakoen lorpenen zerrenda ez baita nolanahikoa: maila gorena erakutsi dute azken urteetan.
Toki guztietako eta garai guztietako gizakiak eta artelanak elkartuz, fusio estetikoak eta sortzaileak aurkezten ditu Primitibo & Garaikidea erakusketak. Tartean dira Afrika, Ozeania, Asia eta Amerikako tribuen artea, bai eta euskal arte modernoa ...
Atzera begiratuz gero, esango nuke ezinezkoa zirudiela honaino iristea". Hogei urtez egin du atzera Maria Luisa Ustarrozek Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen hastapenak gogora ekartzeko. Hura da elkarteko lehendakaria, eta inork bai...
We are using cookies to give you the best experience on our website.
You can find out more about which cookies we are using or switch them off in .
This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.
Strictly Necessary Cookie should be enabled at all times so that we can save your preferences for cookie settings.
If you disable this cookie, we will not be able to save your preferences. This means that every time you visit this website you will need to enable or disable cookies again.