Sailkatugabeak

Hogei urtez itsasargi

Atzera begiratuz gero, esango nuke ezinezkoa zirudiela honaino iristea". Hogei urtez egin du atzera Maria Luisa Ustarrozek Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen hastapenak gogora ekartzeko. Hura da elkarteko lehendakaria, eta inork bai...

“Gauza asko egindako gizon langilea eta hitzekoa zela ikusi dut”

Azpeitiko Uztarria herri aldizkarian kolaboratzen du Aintzane Larrañagak (Azpeitia, 1992), eta argitaratzen duen komunikazio taldetik jaso zuen Patxi Azkargortari buruzko liburuxka biografikoa egiteko proposamena. Iazko irailean proposatu zioten, eta "ezustekoa" izan zela dio: "Orduantxe hasita nengoen aldizkarirako artikuluak idazten, baina ezer gehiago egin gabe nengoen. Bat-batean liburu bat egiteko proposamena jasotzea ezustekoa izan zen niretzako".

"Pozik eta ilusio handiarekin" idatzi du Azkargorta zenari buruzko liburuxka.

Irailean jaso zenuen proposamena, eta noiz hasi zinen liburua egiteko lanean?

Irailean, Uztarriakoek Azkargortaren familiarekin hitz egin zuten, eta liburuxkarako elkarrizketak egiten urrian hasi nintzen.

Patxi Azkargorta ez zenuen ezagutzen, eta lan hau egiteko orduan, zer-nolako pertsona iruditu zaizu?

Aurretik, Patxi Azkargortaz nekien Azpeitiko Ilunpe pilota elkartean ibiltzen zela, gazteekin eta, baina gainontzean ez nuen ezagutzen. Gero, jakin dut lan handia egindako gizona izan zela: Azpeitiko Ikastolaren sorreran jarduna, arropa garbitegia zuen, Azpeitiko danborradan hasieratik ere ibilitakoa eta baita Ilunpe pilota elkartean ere. Gauza pilo bat egindako gizon langilea eta hitzekoa zela ikusi dut. Liburuxka egiteko hitz egin dudan guztiek horixe nabarmendu didate Patxiz: hitzeko gizona zela eta umoretsua. Arropa garbitegia zuen, eta hori zuen bizibide, baina lan hori egiteaz gainera, beste gauza asko egiteko gai izan zen, eta horrek asko harritu nau. Alor oso desberdinetan aritu zen lanean, baina denek euskara zuten ezaugarri komun.

Izatez bergararra, baina azpeitiar peto-petoa izan zela esan zenuen aurkezpenean. Zergatik?

Patxi Azkargorta Azpeitira etorri eta hasiera-hasieratik herriko hainbat alorretan parte hartzen hasi zen, bertakoa balitz bezalaxe jardun zuen.

Patxi Azkargortari buruzko lana egiteko zeinekin egon zara?

Hasteko, haren seme-alabekin, Irunerekin eta Iñakirekin; Xabierrekin ezin izan naiz egon kanpoan zegoelako, Bolivian. Pilotarien aldetik, Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-ekin hitz egin nuen eta ikastolaren sorreraren kontuaz, berriz, Inaxio Mari Olarterekin. Lau pertsona horiek izan dira oinarrizkoak lana egiteko.

Baten batekin hitz egitea faltan sumatu al duzu lana egiteko orduan?

Hasteko, Patxi bera. Pena handia izan da; hura hil eta tarte gutxira hasi nintzen biografia egiten, harekin egon eta ezagutzea ederra izango zen niretzat. Hala ere, familiaren bitartez hari buruzko informazio asko jaso dut, eta hori eskertu beharra daukat.

Joan den larunbatean aurkeztu zenuten lana jendaurrean.

Oso esperientzia polita izan da; nik uste nuen baino jende gehiago joan zen aurkezpenera. Urduri egon nintzen, baina familiakoek harrera ona egin diote lanari, eta oso gustura gelditu naiz.

Industriaren eragin sozialaz

Industria maila handieneko eskualdeak omen dira bizitza mailari dagokionez adierazle onenak dituztenak, eta, ondorioz, industria maila txikienekoak gizarte desoreka handienak dituztenak. Beste era batera esaten hasita, industrializazio handieneko eskualdeetan dago larrialdi sozialeko egoera gutxien. Ondorio horretara iritsi dira, besteak beste, Gizarte eta Ekonomia Arazoetarako Kontseiluko ikerlariak, eta ondorioak Desequilibrios territoriales en la CAPV en el marco de la crisis económica izeneko txostenean jakinarazi dituzte. Aipatzekoa da txostena gaztelera hutsez eman dutela, euskaldunak gutxietsiz.

Txostenak aztergai dituen alderdiei erreparatuz (eskualde bakoitzaren industrializazio maila, lan merkatua, demografia, bizi-baldintzak...) Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeen artean Gipuzkoakoak dira ezaugarri onenak eskaintzen dituztenak, eta, horien artean, batez ere Debagoiena eta Tolosa-Goierri eremuak dira emaitza onenak dituztenak.

Aipatu azterketak, beraz, mahai gainean bi ondorio uzten ditu; batetik, industrializazio mailak duen garrantzia, eta, bestetik, eskualdeen artean dauden desorekak. Denok Euskal Herrian bizi gara, baina berebiziko eragina du gure bizilekuak (edo gure bizilekuarentzat eginda dagoen lurralde planak zein bertako eragileen ekimenak).

Gipuzkoako industriaren errealitate geografikoari begira aipatzekoa da Goierri, Debagoiena, Tolosaldea eta Urola Kosta direla jarduera industrial handienekoak eta horien artean Urola Kosta eta Goierri direla gainbehera larriena nozitu dutenak. Horrez gainera, Urola Kosta da eskualde industrialen artean langabezia hazkunde handienekoa (+%124,3) eta lanaren errentari dagokionez 2009-2011 aldian Gipuzkoan behera egin duen bakarra.

Ezin esan zein izango den eskualde horien etorkizuna, baina kontuan hartzekoa da zer nolako aldaketa nozitu duten Oarsoaldeak edo Beterrik (gogoan izan bertan metatu direla Gipuzkoako prekaritate egoera gehienak azken hiru hamarkadetan). Inoiz nagusiki industrialak izandakoak, egun, gero eta emanagoak Donostiari lotutako zerbitzuetara,(errenta apalak eta prekaritatearekin oso lotutakoak). Beraz, ezin esan orain jarduera industriala galtzen ari diren eskualdeek berreskuratuko dutenik.

Beraz, egun Gipuzkoan (eta Euskal Herrian oro har) aurrean dugun galdera etorkizuneko industrializazioaren ezaugarriekin lotuta dator. Hau da, nolako industria, zenbateko industrializazioa, non kokatua, nola sustatua.

Industria mailan, garapen teknologikoarekin batera, jarduera eta sektore berriak datoz, eta funtsezkoa izango da maila teknologiko handi edo ertain-handiko enpresen proportzio egokia izatea lurraldeko industriaren eragile izan daitezen. Horri begira jarrita, Gaindegiak urte amaieran burututako azterketa batek argazki aski esanguratsua utzi digu. Hau da, teknologia maila altuko establezimenduak %5,7 dira Gipuzkoan (%33,3 maila ertain-altukoak kontuan hartuz gero) eta Debabarrena, Debagoiena eta Donostialdean metatzen dira. Beste ikuspegi batetik begiratuz, teknologia maila baxuko empresa proportzio handiena duten eskualdeak Bidasoa Beherea, Urola Kosta, Donostialdea eta Tolosaldea dira.

Gauzak honela, badirudi gure herrialdea biharko industriaren atarira iristeko bi abiapuntu daudela, bata aurreratua eta sasoitsu agertzen dena, eta bestea garai berriei neurria hartzeko abiapuntu ahulagoa duena. Bistakoa da Donostialdeak ezaugarri geopolitiko garrantzitsuak dituela (hiriburuaren aldeko lurralde politika, Pasaiako portuaren eta mugaren erakargarritasuna. Deba arroak, aldiz, ez du halakorik, baina bai ongi organizatutako gizarte ekintzailea eta, hein handian, kooperatibista). Eta horren arabera izango da biharko gure kohesio soziala ere. Badugu, beraz, zer pentsatua nork bere eskualdean, sektore sozioekonomikoan eta instituzioan aldaketa eragiteko orain falta dena bihar gabezia izan ez dadin.

Patxi Azkargorta zenari buruzko lana argitaratu du Uztarriak

Bergaran jaio eta 24 urte zituela joan zen Azpeitira bizitzera Patxi Azkargorta Arteaburu zena, ezkondu zenean. 1950. urtea zen. Azpeitiko Santiago kalean lehen arropa garbitegia zabaldu zuen orduan. Aitaren lanbideari heldu zion Azpeitira joanda ere: aitak Bergarako Onena tindategian garbiketa eta tindaketa lanak egiten zituen, eta han ikasi zuen ofizioa Patxik. Besteak beste, Azpeitiko Ilunpe pilota elkartearen eta ikastolaren sortzailea izan zen Azkargorta. "Langilea eta umore handiko gizona" zela nabarmendu dute hura ezagutu zutenek. Iazko irailaren 10ean hil zen, 88 urterekin.

Azkargortari buruzko biografia liburuxka kaleratu berri du orain Azpeitiko Uztarria komunikazio taldeak. Aintzane Larrañaga kazetari gazteak egin du, eta joan den larunbatean aurkeztu zuten jendaurrean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Uztarriak 2009ko martxoan jarri zuen abian hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua eta Azkargortarena proiektuko hamaikagarren lana da.

Aintzane Larrañaga biografiaren idazlea denak lanaren aurkezpenean esan duenez, Azkargortak herrigintzan lan handia egin zuen: "Lanerako gogo handikoa zen. Garai gogorrak ezagutu izan zituen frankismoan eta, baina Azpeitiko pilotan, ikastolaren alde eta bestelakoetan hainbat lan egin zuen".

Iñaki eta Irune Azkargortak, Patxiren seme-alabetako bik, Uztarria taldeari eta biografia idazleari eskerrak eman zizkieten haien aitari buruz egindako lanagatik: "Lanaren enamoratua zen gure aita, eta alaia ere bai. Umore handia zuen".

Bigarren etxea, frontoia

Betiko zaletasuna eskupilota izan zuen Azkargortak, eta horri lotuta lan egin zuen Ilunpe pilota elkartean, hainbat gazteri pilotan erakutsiz. Gainera, Ilunperen lehen presidentea eta bakarra izan zen. Haren gertukoen arabera, "bigarren etxea" zuen Azpeitiko Frontoi Txikia. Euskaltzalea eta abertzalea ere bazen "Bergarako" azpeitiartua, eta Azpeitiko lehen ikastola sortzeko 1960ko hamarkadan "ahal zuena eta gehiago eman zuen".

Liburuxka biografikoen proiektua, hainbat azpeitiarren biografiak argiratu eta herriko kazetari gazteei idazteko aukera emateko helburuekin sortu zuen Uztarriak. Patxi Azkargortari buruzko biografia hamaikagarrena da. Aurretik honako hauenak atera ditu: Julian Bereziartua, Leo Etxeberria, Valentina Agirre, Santi Lazkano, Amaia Garmendia, Enkarna Arregi, Iñaki Bergara Pio, Bernardo Aizpitarte Kabra, Enrike Zurutuza eta Maria Jesus Arregi. Aurten ere liburuxka biografikoen proiektuarekin jarraituko du Uztarria komunikazio taldeak, baina iragarri du hamabigarren liburuarekin proiektuari bukaera emango diola.

Donostia ONCEren Antzerki Bienalaren hiriburu izango da

Estreinakoz egingo da Euskal Herrian ONCEren Antzerki Bienala. Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta urtarrilaren 14tik 17ra bitartean egingo da. Guztira, Euskal Herriko bederatzi udalerritan emango dituzte emanaldiak, hiru Gipuzkoan: Eibarren (Coliseo antzokian), Irunen (Amaia KZn) eta Donostian (Viktoria Eugenia antzokian). Gipuzkoako hiriburuan Cadizko (Espainia) Orozu taldeak eskainiko du bienalaren amaierako emanaldia, urtarrilaren 17an.

Bienalean Arte Eszenikoen Amateur Max saria jaso duten zortzi antzerki taldek parte hartuko dute: Galiziatik Ourenseko Muxicas eta Coruñako Valacar, Herrialde Katalanetatik Palmako Sa Boira eta Bartzelonako Sarau, Espainiatik Madrilgo La Luciernaga eta Cadizko Orozu eta Euskal Herriko Oroimenak Donostiako taldea.

Javier Dominguez Donostiako ONCEko zuzendariaren esanetan, "itsuen ardura handienetariko bat kulturara eta, zehatzago, antzerkira iritsi ahal izatea izan da beti. Ardura horren babespean, orain 30 bat urte ikusmen urritasuna zuten aktoreez osatutako antzerki taldeak sortu ziren, kultura zabaltzeko asmoz, eta antzerkia taularatzearekin batera modu intentsoan bizitzeko ere bai". Reyes Lluch bienalaren zuzendari eta kultura eta braille sustapenerako saileko buruaren iritziz, "pertsona hauen bizitzarako osagarri garrantzitsua da, batetik, kulturara gerturatzen dituztelako eta, bestetik, mugikortasuna lantzen laguntzen dietelako. Izan ere, pertsona itsuentzat batetik bestera ibiltzea beti baita zaila".

Sarrerak doan izango dira, eta antzokietako leihatilatan eta ONCEren zentroetan jaso daitezke, eserlekuak bete arte. Egitarau zabala prestatu dute, lan garaikideak eta klasiko egokituak tartean, eta ikusleek taldekako manifestazio artistiko handi bat ezagutzeko aukera izango dute. Esteve Ferrer bienalaren zuzendari artistikoaren ustetan, "pertsonek interpretatutako lanak ikusteko aukera izango dute ikusleek, elbarritasunak alde batera utzita".

Donostiako talde bat

Oroimenak Donostiako taldea 2004an jaio zen antzerki tailer gisa, Maribel y la extraña familia lanarekin. Ordutik hona, hamar bat izenburu muntatu eta ehun bat emanaldi eskaini ditu Hego Euskal Herrian eta Kantabrian (Espainia).

Parte hartuko duen antzerki talderik zaharrena Bartzelonako Sarau izango da. 1970eko hamarkadan sortu zen, Arco Iris izenarekin. Hala ere, 1994an, Esteve Ferrerren gidaritzapean, izenez eta estiloz aldatu zuen. Irunen izango dira Federico Garcia Lorcaren Los amores de don Perlimplin con Belisa en su jardín lanarekin.

Eibarren, berriz, Galiziako Valacar antzerki taldea izango da, Somos tan imbéciles antzezlanarekin.

Somotoko tronutik akusatuen aulkira

Dirutza handiak kudeatzen ditut nik, eta 944.485 dolar bildu ditut oraingoan, Somoton lan garrantzitsua egiten duten erakundeen artean banatzeko". 2007ko uztaila zen, eta harro mintzo zen Ana Urtxuegia Somotoko (Nikaragua) biztanleen aurrean. Garai hartan, Lasarte-Oriako alkate zen Urtxuegia, eta kooperaziorako diru laguntza publikoak nahieran erabiltzea leporatu zion Espainiako Epoca aldizkariak artikulu batean. Salaketak gezurtatzeko egin zuen agerraldia alkateak. "Diru hauek ez dira ezein erakunderenak. Nireak eta beste hiru pertsonarenak dira, eta eskuzorroen nahiz bestelako artikuluen salmentari esker bildu ditugu, Somotoko herriari laguntzeko". Beste askok, ordea, ez dute horren argi zer gertatu zen 2000 eta 2010. urteen artean kooperaziorako emandako diruarekin. Laguntzak nola kudeatu ziren ikertzeko eskatu die Lasarte-Oriako Udalak epaileei.

Abenduaren 19an hartu zuen erabakia udalbatzak, Bildu, EAJ, LOHP Lasarte-Oriako Herritar Plataforma eta PSEko zinegotzi ohi Marisa Zubiriren botoekin. PSE eta PPren udal taldeek, berriz, abstentziora jo zuten. "Alkatetzarenak ez diren zenbait eskumen erabili zituen Urtxuegiak urte horietan: lokal bat erosi, ondasunak eman, lan kontratuak sinatu... Hori guztia prozeduratik kanpo egin zen. Horrek bide ematen digu esateko kudeaketa erabat desegokia izan zela eta diru publikoen erabilera bidegabearen zantzuak daudela. Gertatutakoak, gutxienez, ikerketa bat merezi duela uste dugu", azaldu du Lasarte-Oriako egungo alkate Pablo Barriok (Bildu).

PSEko bozeramaile Jesus Zaballosek, berriz, interes politikoak eta elektoralistak izatea egotzi zien alderdi abertzaleei, urteko azken osoko bilkuran: "Zuen helburu bakarra PSE Lasarte-Oriako alkatetzatik kanporatzea zen. Ez duzue ezer argitu nahi izan; gure izena gezurrez belztea izan da zuen asmoa". Egia azaleratzeko interes handiena duen alderdia PSE dela gaineratu du Zaballosek behin baino gehiagotan.

Barrio alkatearen ustez, baina, aurkeztutako kereilak oinarri sendoak ditu, eta ez du hauteskundeekin zerikusirik: "Kereilaren inguruko lanketa ez zen agintaldi honetan hasi, aurrekoan baizik. Batzorde berezi bat sortu zen udalean auzia ikertzeko, eta alderdi guztiek adierazi zuten gertatutakoa argitzeko asmoa. Horren ondorioa da aurkeztu berri dugun kereila. Egia da prozesua asko luzatu dela, guk nahi genuena baino askoz gehiago, baina hortik harago, ezin zaigu ezer egotzi, agintaldia hasi zenetik buru-belarri aritu baikara auzi hau ikertzen. Orain arteko jarrerarekin koherenteak izan gara, besterik ez".

Zehazki, Barrioren esanetan, bi oinarri nagusi erabili ditu udalak kereila aurkezteko: alde batetik, ikerketa batzorde bereziak bildutako dokumentazioa; eta, bestetik, 2012an Zubizarreta Consulting aholkularitza enpresak egindako txostena. "Informazio horrek guztiak oinarri sendoa ematen digu aurrera egiteko, zantzuak asko direlako eta asko dagoelako argitzeko", gaineratu du alkateak.

Legedi espezifikorik ez

2012ko txostena ontzean, Zubizarreta Consulting taldeko ikerlariek "irregulartasun ugari" atzeman zituzten Lasarte-Oriako diru laguntzen banaketa prozesuan. Txostenean aipatzen denez, 38/2003 legea indarrean jarri arte (2004ko otsailaren 18an) sektore publikoak ematen zituen diru laguntzen alorra ez zegoen arautua, eta udal bakoitzak ordenantzen bidez erregulatzen zuen bere kooperazio politika. Diru banaketa eta operazio opakuak ahalbidetu zituen horrek.

Zehazki, 2000. eta 2010. urteen artean, Lasarte-Oriako Udalak 2.486.386 dolarreko laguntza (2.112.505 euro) eman zien hiru entitateri: LOSSB Lasarte-Oria-Somoto Senidetzearen Bulegoa, Asodecom eta Somotoko alkatetza. Lehenbizikoak ez zuen izaera juridikorik ere, eta, beraz, desagertu egin zen 2008an. Horren ordez, Somoto Fundazioa sortu zuten bi udalerrietako alkateek.

Asodecom elkarteari emandako dirua ere polemika iturri izan zen 2006an. Diagonal aldizkariak argitara eman zuenez, kooperaziorako funts publikoa Somotoko enpresaburu handiak aberasteko erabili zen: "Besteak beste, Lacteos Froylan enpresa. Diru publikoen truke, esnearen kalitatea eta kantitatea hobetzeko eta ekoizle txikiak laguntzeko proiektu bat garatu behar zuen enpresak, baina, horren ordez, prezio merkeena eskaintzen zuten konpainiei erosi zitzaien esnea", argitaratu zuen aldizkariak. Asodecom elkarteko presidentea, Marcio Rivas, Somotoko alkate eta Urtxuegiaren bikotekide ere bazen garai hartan.

2011n, bestalde, Noticias taldeko zenbait kazetarik erreportaje sorta sinatu zuten Somoton aurkitutako irregulartasunen inguruan. "Ordurako, entzunak genituen hainbat zurrumurru, eta afera bolo-bolo zebilen euskal kooperanteen artean", gogoratu du Guillermo Nagore kazetariak. "Finean, gure iturriek esan zigutena izan zen Urtxuegia alkateak nahieran banatzen zituela diru laguntzak eta bere burua Somotoko erreginatzat zuela".

Nikaraguara joan zirenean, ordea, zurrumurru horiek izozmendiaren tontorra besterik ez zirela ikusi zuten kazetariek. "Ikertzen hasi ginenean, Urtxuegiaren izenean zeuden sei lursail eta higiezin topatu genituen. Eta hori oso susmagarria da berez: oso deigarria da, Lasarte-Oriako alkate izanda, udalak kooperaziorako daukan diru sail osoa Nikaraguako herri bakarrari ematea eta —hango biztanle gehienak miseria gorrian bizi diren arren— toki horretantxe hainbat lursail eta etxebizitza erostea", azaldu du Noticias taldeko kazetariak.

Jabetza horien guztien artean, atentzioa eman ziena milioi bat metro koadroko etxalde bat zen. Hori erosteko prozesua erabat iluna izan zela uste du Nagorek: "Lasarte-Oriako Udalak emandako laguntzekin gobernuz kanpoko erakunde bat sortu zuten Somotoko alkate ohiak eta Urtxuegiak berak; gero, GKE horrek lursail bat erosi zuen eremu hartako ekonomia pizteko, abeltzaintza sustatzeko eta baserritarrei laguntzeko... eta, handik urte gutxira, Urtxuegiaren esku gelditu zen dena".

Auziak hedabideetara jauzi egin zuenean, Urtxuegiak zenbait bilera egin zituen Somoto inguruko nekazariekin, bere burua zuritzeko eta, aldi berean, bere azpilanen berri ematen zutenei mehatxu egiteko. "Irakurtzen eta idazten ere ez zekiten baserritar askok lau orduko bidaia egin zuten Doña Ana-ren konferentzia entzuteko, ogitarteko baten truke. Baina baten batek hitzaldia grabatu eta Youtube atarian jarri zuen, eta polemikak eztanda egin zuen. Nekazari xume horien aurrean Urtxuegiak izandako jarrera harroa eta mehatxuzko tonua iraingarriak ziren. Kolonien garaiko jauntxo bat ematen zuen. Kazike bat".

Itzalaldi informatiboa

Hedabideek argitaratutako guztia gezurra zela esan zuen Urtxuegiak, eta PSEk ere babestu egin zuen Lasarte-Oriako alkatearen jarduna. Nagoreren esanetan, Eusko Jaurlaritza bera ere (sozialisten eskuetan) kazetarien lana oztopatzen saiatu zen: "Somoto auziak eztanda egin zuenean, 2011n, Patxi Lopez Ajuria Enean zegoen, eta halako eskandalu bat azaleratzeak izugarrizko kaltea eragin ziezaiokeen. Gainera, Espainiako eta Euskal Herriko komunikazio enpresa handienentzat, Lopez heroi bat zen, Ibarretxe agintetik kenduta, PPren babesarekin gobernatzen zuelako. Horregatik ez zuten txintik ere esan auzi horren inguruan. Isiltasun mediatikoa izugarria izan zen; inoiz ezagutu dudan itzalaldi informatiborik zorrotzena. Lehendakariak bere esanetara zituen Espainiako egunkari, irrati eta telebista jeneralista nagusiak. Ukiezina zen".

Euskal Herrian hedabideek aurre egin beharreko oztopoak ez ziren deus izan Somotoko berriemaileek sufritu zituztenekin alderatuta. "Guk zailtasunak eta trabak jasan genituen hau guztia ikertzeko, baina Nikaraguan genituen kontaktuek bereak eta bi egin behar izan zituzten informazioa lortzeko: zenbait erregistrotara sartzeko debekuak, datuak eskuratzeko trabak... Ustelkeria eta indarkeria oso hedatuta daude hango erakundeen barruan, eta Urtxuegiak Somoton zuen boterea izugarria zen. Herritar askok ez zuten kazetariekin hitz egin nahi. Beldur ziren", gogoratu du.

Oztopoak oztopo, sare sozialen eta hedabide alternatiboen ugaritzeak erraztu egin zuen irregulartasun salaketen zabaltzea, eta horrek Urtxuegiaren ibilbide politikoaren gainbehera bizkortu zuen. "Ordura arte, PSEk gehiengo osoa zuenez, eroso ibili zen alkatea, baina 2007ko hauteskundeetan galdu zuten gehiengoa sozialistek, eta Ezker Batuarekin ituna sinatu behar izan zuten udalean. Une horretatik aurrera, Urtxuegiak ez zuen den-dena kontrolatzerik izan, eta orduantxe hasi ziren lehen arrakalak. Aldi berean, PSEren barruan ere, militante asko nazkatu egin ziren Urtxuegiaren moduekin. Berez, informazio baliotsuena filtratu zutenak ez ziren oposizioko zinegotziak izan, PSEko kide batzuk baizik", azaldu du Nagorek.

Arrazoi batengatik zein besterengatik izan, alderdiarentzat zama handia bihurtu zen Ana Urtxuegia. Alkate izateari utzi zion 2010ean. Txile eta Perurako EAEko ordezkari izendatu zuten, eta kargu horretantxe lan egin zuen 2013an, EAJ Eusko Jaurlaritzara itzulita, kargugabetu zuten arte.

Garai ilunak argitara

Ikasmahaiak tintontzi eta guzti, emakume ona izateko eskuliburuak, idatzizko zigorrak, ikastetxeetako aktak, argazkiak, maisu-maistra batzuek ikasleak jotzeko erabiltzen zituzten tresnak... Horiek eta gehiago ikus daitezke Arbel beltza. Sasoi ilunak ...

Etxerik gabekoak hotzetik babesteko zerbitzua abian jarri dute Donostian

Donostiako Udalak prest dauka etxerik gabeko pertsonentzako Ate Irekien Zerbitzua. Muturreko baldintza meteorologikoetan zabaltzen da zerbitzua; hau da, zero azpitik gradu bateko edo hori baino baxuagoko hotzaldiak iragarrita daudenean. Leku kopurua mugagabea da, beraz, gerturatzen diren lagun guztiei eskainiko zaie lo egiteko tokia. Aurreko negoan, gau bakar batez aktibatu zen zerbitzua —2013ko azaroaren 27ko gauean—, eta 17 lagunek erabili zuten.

Abegi Etxean kokatua dago Ate Irekien Zerbitzua, Mons pasealekuko 3. zenbakian, eta martxoa bukatu arte egongo da indarrean. Han, beste bi baliabide eskaintzen ditu Donostiako Udalak: Abegi Etxea bera, eta gaueko aterpea. Horietan, 40 eta 32 pertsonentzako lekua dute hurrenez hurren, baina gaur egun, beteta daude.

Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziaren esanetan, "administrazio publikoaren betebeharra da" egoera ahulenean dauden pertsonak artatzea eta laguntza ematea: "Donostiako Udalak konpromiso sozial irmoa dauka, eta lehentasunezkoak dira guretzat izaera soziala duten politikak; baliabide hauek sustatzea horren baitan kokatzen da".

Pobrezia, hedatzen

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako azken Pobreziaren Inkestak errealitate gordina azaleratu du: herrialdeko adingabeen laurdenak pobrezia eta gizarte bazterketako egoeran bizi dira. 33.213 adingabe daude egoera horretan herrialdean —18 urtetik beherakoen %26,6—, eta horietatik 10.000 pasatxok (%8,1) gabezia material larriak dituzte.

Oro har, 160.600 pertsona daude pobrezia eta gizarte bazterketako arriskuan Gipuzkoan; alegia, biztanleen %22,7. "Inkestaren emaitzek argi uzten dute pobreziaren poltsa adinduetatik haurretara mugitu dela; alegia, beren kargu seme-alabak dituzten familia gazteen sektorera, eta eragin berezia du ama bakarreko familietan", nabarmendu du Ander Rodriguezek Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak.