2010eko urriaren 22an, Espainiako Poliziak Segi gazte erakundearen aurka egindako sarekadatik ihes egin zuen Beñat Lizeagak (Zumaia, 1989), eta hurrengo otsailean Izpuran (Nafarroa Beherea) agertu zen beste zazpi gazterekin batera. Haren kontrako akusazioa erretiratu du fiskalak aste honetan bertan.
Nola hartu zenuen zure kontrako karguak erretiratzeko erabakia?
Nik, pertsonalki, ez nuen halakorik espero, antzeko epaiketetan oso gutxitan gertatu baita fiskalak horrelako erabaki bat hartzea. Erabateko ezustea izan zen. Finean, fiskalak esan zuen ez zegoela froga nahikorik gu Segikoak ginela ziurtatzeko, eta beraz, hamabi auzipetu prozesutik at utzi gintuen.
Beraz, pozik?
Positibotzat jotzen dugu, baina auzipetuok irailean esan genuen bezala, gazte guztien absoluzioa ez den beste epairik ez dugu onartuko. Auzitegi Nazionala ez da nor euskal herritarrak auzipetzeko; alde batetik, gure militantzia politikoa epaitzen ari direlako, eta bestetik, gure kontra erabili dituzten froga gehienak torturapean lortutako adierazpenetan oinarrituta daudelako.
Askegunea zeure eskualdean izatea berezia izan al zen?
Positiboa izan zen, Zumaiatik gertu egoteak geure herriko gazteak mobilizatzeko balio izan zuen: desobedientziaren ideia eurengan garatzeko. Baina komunikabideak irakurrita eta, irudipena dut ez genuela asmatu lekuari eman nahi genion sinbolismoa zabaltzen. Loiolan bertan bake prozesu bat garatzeko saiakera egin zela gogora ekarriz, orain ere bake prozesuan gaudela erakutsi nahi genuen, garaiotan gure aurkakoa bezalako epaiketak ez direla ulergarriak.
Eskualdeko auzipetu bakarra zinen arren, ez zinen Loiolan geratu epaiketara aurkeztu gabe.
Etxeko egoerarengatik hartutako erabakia izan zen, etxekoek ez dute ongi pasatu denbora honetan guztian. Zalantzak izan nituen, baina animo aldetik indartsu egon behar da halako erabaki bat aurrera eramateko, eta gertukoen iritziak ere garrantzia du. Gainera, Loiolakoak berritasun bat zuen, ez gindoazen sententziaren aurkako desobedientzia egitera, epaituak izateari uko egitea planteatu genuen. Horrek arrisku gehigarria zekarren, eta ez genekien epaileak zein erabaki har zezakeen.
Madrilen egonda, nola bizi izan zenuten Loiolan gertatzen ari zena?
Gogorra izan zen espetxera joango zirela bazekiten lagunak han zeudela ikustea. Baina poz handia ere sentitzen nuen: herritarrek zabaldu nahi genuen mezua ulertu zuten eta babesa adierazten ziguten.
Itxaropentsu al zaude, oraindik auzipetuta dauden 16 lagunengatik?
Angela Murillo epaileak Loiolako bostak aske utzi zituela eta 2009ko sarekadako 40 gazteak absolbitu zituztela ikusita, baikorra naiz. Baina gauzak egun batetik bestera alda daitezke, eta hankak lurrean izatea komeni da.