Iñaki Lasa Etura
Ondarea eta historia Gipuzkoako herritarrengana hurbilduko dituzte datozen egunotan, 2017ko Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien harira. Bigarren urtez jarraian antolatu du ekinbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak —Europako Kontseiluaren programarekin bat eginez, eta Arabako eta Bizkaiko aldundiekin elkarlanean—. Ondarea eta natura: aukeren paisaia bat da Europako Kontseiluak aukeratutako gaia, eta Paisaia bizi leloa erabili du Gipuzkoako Aldundiak. "Paisaiara gerturatzea izan dugu helburu, faktore askok parte hartu duten hainbat eraldaketaren bidez", azaldu du aldundiko Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak.