Eider Goenaga Lizaso
Mila Iradi, Mayi Ugartemendia eta Izaro Arruarterekin egon da Hitza, Donostian; Ibon Fernandez Iradiren ama, Beñat Aginagalderen ama eta Ugaitz Errazkinen bikotekidea dira, hurrenez hurren; Arruartek, gainera, anaia ere preso du, Gari, gaixotasun larri batekin. Asteartez jarri dute hitzordua, asteburuan bisita eta bidaia izan ostean, astelehena ez baita egun erraza haientzat. Mezu argi batekin azaldu dira hirurak. "Edo konpromisoa hartzen dugu eta gai honi konponbidea emateko lema gizarteak hartzen du, edo bestela barruan ustelduko dira", dio Arruartek, beste biek buruarekin baietz egiten duten bitartean.