Eider Goenaga Lizaso
Itsasondo ez da herri handia, baina, bere txikian, ekitaldi handia antolatu dute astebururako, euren herria utzi eta gainean daramatenarekin bizimodu berri baten bila atera behar izan duten milaka eta milaka errefuxiatuekin elkartasunean. Ongi Etorri Errefuxiatuak jarri diote izena jaialdiari, eta gaur arratsaldean hasita egitarau zabala atondu dute. Ongietorria, baina, ez da soilik errefuxiatuentzat. "Itsasondora datorren guztiari egingo diogu ongietorria. Izan ere, zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta hobeto, diru guztia errefuxiatuekin lanean ari diren taldeentzat baita", azaldu du Erkuden Mendizabalek, Itsasondoko Ongizate zinegotzi eta jaialdiaren antolatzaileetako batek.