“Hasieran lehertuta bukatzen nituen lasterketak”

“Hasieran lehertuta bukatzen nituen lasterketak”

Aizpea Amas

Behin baino gehiagotan entzun behar izan du Xabier Alonso ultrafondistak ea erotuta dagoen. Ehun kilometro, 24 ordu, eta egun eta erdiko probak ere korritu ditu Errenterian jaiotako irundarrak. Duela zortzi urte sartu zen mundu horretan. "Bizikletan ibiltzen nintzen, eta egun batean, Zegama-Aizkorri lasterketaren iragarki bat ikusi nuen. Mendia gustatzen zitzaidanez, animatu nintzen. Gero, BATen [Bidasoa Atletiko Taldea] federatu nintzen". Oraindik ere hor jarraitzen du, etxean dagoelako eta taldeak egiten duen lana atsegin duelako.

Korrika hasi eta laster, menditik asfalto gainerako jauzia eman zuen. Bigarrenak erakarri zuen, eta hobekiago moldatzen zela ikusi zuen: "Maratoiak egin nituen hasieran, eta gero lehen lasterketa handia ehun kilometrokoa izan zen. Gainera, lehena, irabazi egin nuen, 2012an, Calellan [Herrialde Katalanak]. Mendian gorabeherak dituzu, paisaia aldatzen doa... baina asfaltoan, oso erritmo egonkorra eraman behar da. Ez da gauza bera asfaltoa edo mendiko lurra. Asfaltoan beti modu berean zapaltzen duzu, eta mingarria da".

Alonsori, ordea, erronkak gustatzen zaizkio, eta mugak gainditzea. "Bakoitzaren filosofiaren araberakoa da hori, baina niri noraino irits naitekeen bilatzea gustatzen zait. Denek esaten didate erotuta nagoela, baina beste batzuek esaten didate oraindik gaztea naizela, eta helduago naizenean oraindik eta erokeria gehiago egingo ditudala". Batzuetan, ordea, pentsatzen du ez duela berriro egingo. "Adibidez, lehenengo larunbatean [24 orduko proba bat egin zuen hilaren 17an], lehertuta nengoen; psikologikoki oso nekatuta bukatzen duzu. Hala eta guztiz ere, gero pasatzen zaizu eta erronka berriak bilatzen dituzu".

Egun osoa korrika

Ehun kilometroko proben ondoren etorri dira 24 ordukoak, eta baita luzeagoak ere. Esate baterako, Spartathlon lasterketan parte hartu du ultrafondistak —Atenas eta Esparta artean egiten da, 246 kilometro—. Ezohiko lasterketa dela esan du: "Zuriz joan behar zara; han dagoen iturri sakratu batetik ematen dizute edateko. Bukaeran, Leonidasen estatua musukatu behar duzu eta erramu koroa bat jartzen dizute. Denentzat sari bera dago, ez da lehiakorra edo elitista. Oso polita da".

Milan-San Remo proba ere oso ezaguna da txirrindularitzan, baina korrika ere egiten da, eta Alonsok probatu du aurten. 285 kilometroko proba da —40 orduan egin zuen irundarrak—: "Ez da hain konpetitiboa. Gainera, jende bera topatzen duzu, ez daudelako horrenbeste lasterketa, eta denek laguntzen diogu elkarri".

Alonsoren hurrengo helburua ehun kilometroko Munduko Txapelketa izango da. Murtzian (Espainia) jokatuko dute, azaroaren 27an. Lehenengo aldia izango da ultrafondistarentzat: "Harrigarria izan da Munduko Txapelketan parte hartzeko deitu izana. Espainiako Txapelketan bigarren geratu nintzen, eta Espainiako Selekzioak aukeratu nau munduko txapelketarako. Pozgarria da niretzat".

Marka hobetzeko helburuarekin aterako da korritzera: "7 ordu eta 38 minutuko marka dut ehun kilometrotan, eta hogei minutu jaitsi nahiko nituzke, 7.20ra". Aurretik egindako txapelketei begiratuta, denbora horrekin lehen 25 postuetan geratzeko aukera izango luke. Oraindik ibilbidea zehaztu gabe dagoen arren, baldintzak egokiak dira Alonsorentzat: "Zirkuitua nahiko laua izango da, eta gainera, azaroan korrituko da, eta garai horretan bero asko egiten ez duenez, hobeto niretzat".

Orain lasterketa horretarako prestatzen ari da, baina azaldu du ez dela ari "modu berezian" prestatzen: "Ez da zertan gehiago entrenatu behar; agian hobeto bai, baina gehiago ez. Gorputzak memoria du, eta badaki zer entrenatu duen. Ahalik eta saio onenak egiten saiatuko naiz, eta ateratzen dena aterako da".

Proba luzeen entrenamendua ez da atletismoko gainontzeko alorren bera izaten: "Nik ezin ditut ehun kilometro egin entrenatzeko". Entrenatzaile batek asteko entrenamenduak zehazten dizkio, eta berak bere ordutegira moldatzen du. Gainera, nahiko autodidakta da, eta helburuaren arabera prestatzen du entrenamendua.

Edonola ere, horrelako lasterketatarako erresistentzia eta burua dira gakoak. Erresistentzia lasterketaz lasterketa lortzen dela uste du Alonsok: "Ehun kilometroko lasterketak egiten hasi nintzenean lehertuta bukatzen nuen, asko kostatzen zitzaidan, baita lehen aldiz Spartathloia egin nuenean ere, baina pixkanaka gorputza ohitu egiten da". Izan ere, ultrafondoan aritzeko, urteak mesedegarri dira. "Zenbat eta urte gehiago eduki, abiadura galdu arren, erresistentzia lortzen duzu. Nik 36 urte ditut, eta gaztea naiz, adin egokiena 45 urte inguru baita. Beraz, hobetzeko tartea badut".

Alderdi psikologikoa oso garrantzitsua dela nabarmendu du: "Burua oso argi eduki behar duzu, eta oso kontzentratuta egon. Entrenamenduetatik burua eta gorputza akituta dituzula joaten bazara lasterketara, behera zatoz". Munduko Txapelketa eta gero, atseden hartzeko asmoa du, baina ez denbora askorako: "Korrikan aritzea gustatzen zait, eta azkenean, egun batzuk badaramatzazu korri egin gabe, gorputzak eskatu egiten dizu".

Kronologia

Zalantzaz eta zurrumurruz betetako uda izan du GBCk.Maiatzak 22. Maila galdu zuen.Ekainak 14. Palentziak eta Melillak, Urrezko LEB ligatik ACB ligarako igoera lortu zuten bi taldeek, uko egin zioten igotzeari.Ekainak 16. GBCko zuzendaritzak jakinarazi...

Saskibaloiarekiko ilusioa berreskuratzera

Saskibaloiarekiko ilusioa berreskuratzera

Eider Bereziartua

Retabet.es Gipuzkoa Basket taldeak Urrezko LEB ligan jokatuko du 2016-2017ko denboraldian. Azken zortzi denboraldiak Espainiako goreneko mailan, ACBn, jokatu ostean, azkenengoan maila galdu zuen talde donostiarrak. Udara osoan "ziurgabetasunak" inguratu du taldea, eta hainbat iskanbilatan murgilduta ibili da kluba. Zalantza eta zurrumurru askoren ondoren, bigarren mailara itzuliko da Gipuzkoa Basket. Orain, Illunbeko Donostia Arena alde batera utzi, eta Gaska kiroldegian arituko dira gipuzkoarrak. Apurka-apurka berriro goraka egitea du taldeak helburu.

Irailaren 30ean hasiko du liga GBCk, baina duela hilabete ingurutik ari dira lanean lehen partidara "ahalik eta ondoen" iristeko. Gainera, bihar eta etzi, Euskal Kopa jokatuko dute, Azpeitian, LEB mailan aritzen diren gainontzeko hiru euskal taldeen aurka: Sammic ISB (Azpeitia), Zornotza saskibaloi taldea (Zornotza, Bizkaia) eta Saenz Horeca Araberri (Gasteiz). Denboraldia ondo hasteko denboraldi-aurrea "sentipen onarekin" amaitzea garrantzitsua dela esan du Francisco Javier Oyon Bully-k (Donostia, 1987), Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile laguntzaileak. Ondorioz, "kopa irabazteko asmotan" doazela gaineratu du.

Hiru jokalari gipuzkoarrek jokatuko dute probintziako lehen taldean: Xabier Orozek (Azkoitia, 1996), Lander Lasak (Tolosa, 1988) eta Julen Olaizolak (Donostia, 1993). Hala ere, Bullyk azpimarratu du "proiektu gipuzkoarra" dela. "Entrenatzaile nagusia kenduta [Porfi Fisac espainiarra], gainontzeko talde teknikoa Gipuzkoakoa da. 11 jokalarietatik hiru dira bertakoak, eta hori ehuneko handia da. Gainera, denboraldi-aurrean beste bost jokalari gipuzkoar ere gurekin izan dira entrenatzen".

"Gustura" hartu dute hiru jokalari gipuzkoarrek Gipuzkoa Basketen jokatzeko berria. Hala ere, bakoitzaren kasua desberdina da. Esate baterako, Lasa goi mailako saskibaloian jokatutakoa bada ere, EBA mailan aritu zen joan den denboraldian, Tolosako taldean. Orain, bi maila gorago ibiliko da. "Oso pozik nago", adierazi du tolosarrak: "Beti gustatu zait goi mailako saskibaloia, eta Gipuzkoako talde bateko partaide izatea goraipatzekoa da". Olaizola ere ados dago Lasarekin: "Niretzat pribilegioa da hemen egotea. Haurra nintzenetik miretsi izan dudan klubeko kide izatea saria da". Donostiarraren bosgarren denboraldia izango da Gipuzkoako lehen taldean. Orozek, berriz, lehen aldia izango du GBCko jokalari gisa. Azken urteetan, Iraurgi Saski Baloiarekin Zilarrezko LEB mailan jokatu du azkoitiarrak, nahiz eta askotan izan zen Gipuzkoa Basketi laguntzen —taldearekin entrenatu eta aritu izan da—. "Esperientzia berria hasteko gogoz nago. Horrelako talde batean ikasten jarraitzea aukera ona da".

Bakoitza bide desberdinetatik iritsi den arren, orain taldekideak dira, eta Lasak dio emaitza onak lortzeko guztiek "familia bat bezala" izan behar dutela. Olaizolak uste du horretan "plusa" eman diezaiokela taldeari: "Bertakoa naiz ni, eta taldekideei ahal dudan guztian lagundu behar diet". Horrez gain, tolosarrak dio "talde borrokatzailea" izan behar dutela; "defentsatik abiatuta borroka egin behar dugu".

Olaizolak esan duenez, ondo ari dira entrenatzen, eta, "apurka-apurka", aurrera doaz. Entrenatzaileak ere iritzi bera du: "Denboraldi-aurrean nahiko lan ona egin dugu. Taldea ondo ari da erantzuten". Oroz ere itxaropentsu agertu da denboraldiari begira: "Elkarrekin ez dugu orain arte inoiz jokatu, eta elkar ezagutzeko pixka bat falta zaigu oraindik. Hala ere, itxura ona hartzen diot taldeari. Etortzen diren gazteak ongi etorriak izango dira.

Denboraldirako helburuez hitz egitean, ordea, ez daude hain ziur. "Ez dakit gainontzekoek nolako taldeak osatu dituzten", esan du Orozek. Lasak liga hori "oso gogorra" dela azpimarratu du: "Ez dago lehen posturako faborito nabarmenik: oso liga borrokatua da".Olaizolaren ustez, partidaz partida joatea da gakoa. Entrenatzailearen esanetan, ordea, lehen helburua afizioa berriro "Gipuzkoa Basketez bustitzea" da: "Ahal dugun guztia egingo dugu Gipuzkoako jarraitzaileek saskibaloiarekiko ilusioa berreskura dezaten". Guztiak ados daude horretan: "Jendea gurekin identifikatzea nahi dugu. Zaleak ostirala iristeko gogoz egon daitezen lortu behar dugu". Uste dute horren gakoa partidaz partida borroka egitean datzala.

Gipuzkoako harrobia

Gipuzkoa Basket klubaz gain, maila bat beherago, Azpeitiko Iraurgi Saski Baloi taldeak jokatzen du. Espainiako hirugarren maila horretan emaitza onak lortu dituzte azpeitiarrek azken urteetan. Horrez gain, harrobiko lehiaketetan emaitza ezin hobeak lortu izan dituzte Gipuzkoako taldeek azken urteotan. "Lehen ez bezala, orain entrenatzaile prestatu asko daude, eta horrek asko laguntzen du jokalariek ikas dezaten", azpimarratu du Lasak: "Kalitate handiko jokalariak dauzkagu hemen, eta, egunero gogor entrenatu eta beren buruarengan sinesten badute, ziur nago Gipuzkoa Basketeko elastikoa jantziko dutela noizbait".

Bullyk azaldu duenez, kluba Gipuzkoako saskibaloia indartzen saiatzen ari da. "Horretarako, hitzarmenak egin ditugu probintziako hainbat talderekin. Eliteko jokalari gehiago izango ditugu denborarekin".

“Sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean”

“Sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean”

Iñigo Otaegi

Aspaldidanik dabil bertsotan Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992), nahiz bertsozaleentzat orain ari den ezagun bilakatzen. Lizardi sariko txapelaz, aurrera begirako asmoez, eta Harituz bertsozale elkarteaz hitz egin du.

Lizardiko txapela jantzi aurretik, nolako ibilia egin duzu bertso munduan?

12 urte nituela hasi nintzen bertsotan. Nire lehen txapelketa eskolartekoa izan zen, taldekako lehia izaten zena. Hurrena, eskolarteko banakako txapelketa izaten zen, baina segurtasun faltagatik ez nuen parte hartu. Halaber, bertso eskolan jarraitu nuen, eta denbora aurrera zihoan heinean, inguruan abesteko abaguneak sortzen hasi ziren. Ordea, eskolarteko banakakoan ez aritzeak gazteen sariketako kate horretatik aldendu egin ninduen; sariketa entzutetsuenetan sartzeko erakusleihoa baita eskolartekoa. Pena hartu nuen ez zidatelako deitzen, alabaina, gerora on egin didala deritzot. Izan ere, Mikel Artola eta Beñat Iguaran garaiz samar harrapatu zituzten sariketa horiek. Niri, ostera, sasoi hobean tokatu zait: 24 urte ditut, eta beste heldutasun batekin iritsi naiz sariketetara.

Lizardiko saioan nola sentitu zinen?

Epaileak aurrean egongo direla jakite hutsak aparteko urduritasuna jartzen du. Goizetik antzeman nuen gorputza ez zegoela egun arrunt bateko lasaitasunarekin. Hala ere, behin agurra abestuta, taula gaineko sentsazioak onak izan ziren. Nahiz umoreko bertsoaldiak nahiago ditudan, Lizardik gutxi izan zuen arinetik. Zortziko handian, Eli Pagola eta biok baleko ofizioa egin genuela iruditzen zait. Zortziko txikian, berriz, ez genuen jakin Maialen Akizuk eta biok elkar ondo ulertzen. Puntukako ariketan, dezente ondo aritu nintzen; baita seiko motzean ere Aitor Salegi lagun nuela, nahiz erreparoa nion teknikoki neurri zailena delako. Azkenik, bakarkakoan maitasunari kantatu nion; gai originala ez den arren, jendeak eskertu egin zuen umore printzak sartu izana, saioa serioa izan zelako hasi eta buka.

Agurrean, aitona gogoan hartuz, malkoak ia masailean behera joan zitzaizkizun.

Bai, nahikoa lan izan nuen eusten. Etxean izan den bertsozale bakarrenetarikoa izan da aitona, gertuen sentitu nuena. Behin, ikastolan bertso idatzien txapelketa antolatu zen, eta animatu nintzen. Aurrez sekula idatzi gabekoa nintzen, eta ez dakit errimatuta edo gabe zeuden, baina bigarren saria lortu nuen. Eskolan lanketarik egin gabe gai izan nintzen hala moduz bi bertso neurrian sartzeko; hori lortu nuen lehendik aitonari entzunda nengoelako. Zer egokiagoa Lizardiko txapela baino, aitonari eskaintzeko. Hasierako pausoa haren eraginez izan zen, nahiz gero bertso eskolan sakondu.

Erniarraitz eta Laboa ere irabazi dituzu, eta Gipuzkoako Txapelketan lan polita egin zenuen. Aspaldian ezagun zara bertsozaleentzat.

Ni ere harrituta nago izan dudan bilakaerarekin. Horren errudun nagusia Gipuzkoako Txapelketa izan da, ezbairik gabe. Harituz-en lan mardula egin genuen txapelketari begirako prestakuntzan, gustu handiz. Txapelketan asko antzeman da eginiko esfortzua, ez nigan bakarrik; Mikel Artola, Beñat Iguaran, Oihana Iguaran, eta Haritz Mujikarengan ere bai —nahiz emaitzek ez dioten asko lagundu—. Talde mailan koska bat gora egin dugu. Txapelketa honek neure buruarengan konfiantza handiagoa izaten eta urduritasuna kontrolatzen lagundu dit. Txapelketa honetako albisteetako bat izan naizela esan didate, eta sorpresa izateak plaza ugaritako ateak ireki dizkit; Lizardirena, besteak beste.

Harituz bertsozale elkargunetik, denbora gutxian, bertsolari on asko atera zarete.

Orain hiru urte-edo bildu ginen, lehen aldiz, eskualdean bertsotan aritzen ginenok. Bakoitza bere aldetik ibiltzen zen, eta elkarrengandik oso gertu bageunden ere, ez genuen orain dugun harreman esturik; Mikel Artolak esaten duen gisan, artxipelago batzuk ginen [barreak]. Konturatu ginen elkartzeko premia genuela, eta halaxe hasi ginen; ez bertso eskolen kontuagatik soilik, urte osoan bertsoaren bueltako ekintzak antolatzeko asmoarekin ere bai: bertso jarrien afaria, herrien arteko txapelketa, Pernando Amezketarra sariketa...

Talde osoa gara, ez bertsolariak soilik, gai-jartzaileak eta epaile lanetan jarduten dutenak ere badira. Lagun talde bikaina dugu, giroa ederra izan ohi da; finean, horrek eragin ditu gutako batzuen lorpenak. Gelan beti egon ohi da ikasleren bat ikasi gabe bikain ateratzen duena; hori ez da gure kasua: guk nota ona atera dugu, baina galtza bete lan eginda. Astean bitan edo hirutan biltzen ginen bertsotan aritzearren; paperean ez dugu asko idatzi, baina erratzaren kirtenetik kantatzen arratsalde andana igaro ditugu.

Etorkizunari begira, jomugarik baduzu?

Orain sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean, konfiantzarekin. Lehen helburua bertso maila honi eustea da, eta plazetan gozatzen jarraitzea. Orain arteko nahia Gipuzkoako lehen fasea igarotzea zen. Ikusita finalerdietara ia pasatu nintzela, Euskal Herrikora sailkatzea izango litzateke jomuga; alabaina, ez dut horrekin itsutu nahi. Etorriko dira aukera gehiago.

Ondarearen Europako Jardunaldiak. Bidaia jatorrira, oraina ulertzeko

Ondarearen Europako Jardunaldiak. Bidaia jatorrira, oraina ulertzeko

Maite Alustiza

Migrazio mugimenduek arte eta kultura ondarean duten eragina ezagutarazi nahi dute Ondarearen Europako Jardunaldiek. Kontinenteko herrialde ugaritan ari dira egiten, eta, Gipuzkoan, 53 jarduera prestatu dituzte 22 herritan, irail eta urri bitartean. Gipuzkoako Aldundiarekin batera, EHUk ere parte hartu du antolaketan eta programazioan. Esaterako, Etxetik kanpotik Europa plazara erakusketa prestatu du. Urriaren 3tik 28ra irekiko dute, Donostian, Carlos Santamaria zentroan. Honako hauek dira aste honetarako proposamenak:

ASTIGARRAGA
'Sagardo ibaiak, bizitza iturri' erakusketa

Igandera arte, 16:00etatik 19:30era. Gipuzkoako bi ibai nagusiek, Urumeak eta Oriak, sagardoaren inguruko sekretu ugari gordetzen dituzte. Garai batean, bizilagunen komunikazioaren eta harreman ekonomikoen artikulazioa ahalbidetu zuten, eta garrantzia izan zuten Gipuzkoako garapen historikoan. Bi ibaion bazterretan, gainera, hamaika pasarte izan dira azken mendeetan: langileen greba bat XVIII. mendean, Ergobian (Astigarraga) ordaindu behar zen bidesaria, itsasoko lanei lotutako langileen soldataren zati bat sagardoarekin ordaintzen zenekoa...

Aldi baterako erakusketa ibiltaria da. Usurbilen eta Hernanin egon ondoren iritsi da Sagardoetxera, eta, 2017an, Donostiako Aquariumean jarriko dute.

BERGARA
Arte inportatua Jauregi etxeko erliebean

Bihar, 11:00etan. Ezohikoa eta berezia da Bergarako Jauregi etxea, bai eraikina bera eta bai dekorazioa. Erabilitako materialek eta teknikek egiten dute ezberdin, baina zein da jatorria? Horiek ezagutzeko, Jesus Muñiz Petralandak hitzaldia emango du, etxeak artearen historian duen garrantzia azaltzeko —gazteleraz—. Jarraian, bisita gidatua egingo dute. Bergarako udaletxean jarri dute elkartzeko tokia. Ez da aldez aurretik erreserba egin behar.

ERRENTERIA
Pista jokoa: bost ateen bila

Igandean, 10:30ean. Herriko gune historikoa ezagutzeko pista jokoa egingo dute, 5 eta 12 urte arteko haurrak dituzten familiei bideratuta. Jolasaren bidez, Erdi Aroa eta Aro Modernoa, Errenteriak itsasoarekin izan duen harremana eta euskaldunek itsasoan izandako tokia ezagutuko ahal izango dituzte. Ordubete iraungo du, eta udaletxeko arkupeetan hasiko da jokoa. Beharrezkoa da aurretik izena ematea: 943-44 96 10 edo archivo@errenteria.eus. Bihar, gazteleraz egingo dute jokoa, toki eta ordu berean.

Bisita gidatua: Errenteria itsas hiria

Bihar, 12:00etan. Errenteriako udaletxean hasiko da ibilbidea, eta ondare arkitektonikoak itsas iraganarekin daukan lotura ezagutu ahal izango dute parte hartzaileek: itsas merkataritzak herrian izan zuen eragina, herri harresiduna... Atlantikaldia kultur jaialdiaren barruan antolatutako ekintza bat da. Izena emateko: 943-44 96 10 edo archivo@errenteria.eus. Gaztelerazko saioa igandean izango da, leku eta ordu berean.

HONDARRIBIA
Hirigune historikora bisita

Bihar, 10:30ean (euskaraz) eta 12:00etan (gazteleraz). Leku estrategikoa izan da Hondarribia historian, eta merkataritza portu garrantzitsua izan zen. Arma plazatik atera, eta hiri harresidunetik ibilbidea eginez, herrian bizi izan ziren hainbat familiatan arakatuko dute. XVI. mendetik aurrera, jatorri ugaritako herritarrak izan dira han bizitzen: gaskoiak, ingelesak, italiarrak, frantziarrak... Nahitaezkoa da bisitarako aldez aurretik izena ematea: 943-64 46 23 edo armaplaza@armaplaza.eus.

IRUN
Bisita gidatua: Oiasso, muga eta kultur topagunea

Bihar, 12:00etan (gazteleraz). Erromatar garaiko aztarna arkeologikoak ezagutu ahal izango dira bisitan. 2.000 urte baino gehiago egingo dute atzera. Aztarnategien berri izateaz gain, Oiassoren garapena nolakoa izan zen eta identifikatutako hainbat espazio —portua, adibidez— deskubritu ahal izango dituzte. Oiasso Erromatar Museotik aterako da bisita. Beharrezkoa da izena ematea: 943-63 93 53 edo actividades. oiasso@irun.org. Prezioa: 2 euro.

ANDOAIN
Bisita gidatua: bi andoaindar, eliza bat

Igandean, 10:00etan. Aita Larramendik eta Agustin Leitzak herrian egindako lana ezagutzeko bisita izango da. Loiolan bizi zen Larramendi, eta Argentinan Leitza. Hala ere, Andoain presente zuten biek: baten kudeaketa lanei eta bestearen diruari esker, San Martin eliza eraiki zuten. Ibilbidea 09:45ean aterako da, autobusez, Goiko plazatik. 10:00etan geratu dira Garagorri baserrian, bere kabuz joan nahi duenarentzat, eta handik oinez abiatuko dira. Oinetako erosoa eramatea gomendatu dute. Izena emateko: 943-30 35 40 edo kultura1@andoain.eus.

TOLOSA
Bisita gidatua 'Eroen ontzia' erakusketara

Igandean, 12:00etan. "Errealitate garaikideko gaiak" biltzen ditu erakusketak, Topic zentroan. Joan Baixas katalanak sortu du, arte plastikoak eta txotxongiloak uztartuz. Txotxongiloekin ikuskizunak egiten aritu izan da Baixas bere ibilbidean, eta erakusketa bat ontzen duen lehen aldia da. Instalazioak, margolanak, objektuak eta liburuak jaso ditu. Bisita gidaturako taldeak gehienez hamabost lagunekoak izango dira, eta izena eman behar da aurretik: 943-65 04 14 edo cit@cittolosa.com. Erakusketa urriaren 2ra arte egongo da irekita.

DONOSTIA
Hitzaldia: 'Bidrioaren jendea'

Asteazkenean, 19:00etan (gazteleraz). Beiragileen fabrikak XIX. mendeko lehen erdian agertu ziren. Ontziak behar zirela eta, portuetan herriko enpresariak beiragileak kontratatzen hasi ziren, eta, beste herri askotan bezala, Donostian ere gertatu zen. Brunet anaiek Miquelete izeneko sagardoarentzat botilak egiten zituzten, eta fabrika bat ireki zuten. Hamar urte besterik ez zuen iraun, ordea. Beiragileek euren familiakoei bakarrik erakusten zizkieten teknikak, eta, horregatik, jarraitu ezinda geratu ziren.

Koldo Mitxelena Kulturunean izango da hitzaldia, Genvitrum elkartearen eskutik. Ordubete iraungo du. Informazio gehiagorako eta erreserbak egiteko: 648 19 85 16 edo jaramberri@i2basque.es.

[Herriz herri] Elgeta. Espaloia ez dago memorian soilik

[Herriz herri] Elgeta. Espaloia ez dago memorian soilik

Maite Alustiza

Urriaren 4an 80 urte beteko dira tropa frankistak, Bizkaia konkistatzeko ahaleginean, Elgetara heldu zirela. Frankistei aurre egiteko, Intxorta mendiaren inguruetan batu ziren hainbat gudari eta miliziano. "Erreferentzia gune bat izan zen Elgeta. Handik hiru egunera, Lehen Eusko Jaurlaritza osatu zen". Memoria historikoaren gaian lanketa sakona egiten ari dira herrian, eta Iraitz Lazkano alkateak azaldu duenez, gertatutakoa gogoratzeko eta salatzeko lana egingo dute aurrerantzean ere. Besteak beste, Intxortako Erresistentzia Eguna egin zuten apirilean, emakume erresistente eta errepresaliatuak omenduz. Horrez gain, urte osoan Intxortako gunean bisita gidatuak antolatzen dituzte, hileko lehen eta azken igandeetan. Ibilbidea Espaloia kafe antzokitik abiatzen da, eta bost kilometroko bide tematikoa egiten dute oinez, frontearen xehetasunak ezagutzeko. Memoria historikoari lotuta ere, Argentinako kereilan "konprometitu" da udala. Udako oporrak hartu aurreko azken osoko bilkuran, frankismoaren krimenen aurkako kereila jartzea adostu zuten udalbatzako bi alderdiek —EH Bilduk eta Gu Geu plataformak—. "Erronka oso garrantzitsua izango da udalarentzat", Lazkanoren arabera.

Kultur arloan, eskaintza "hobetu" nahi du udalak. Espaloia kafe antzokia "erreferente" izan da eskualdean. 2004an ireki zuten; azken urteetan, ordea, bide "gorabeheratsua" izan du. Aurreko kudeatzaileak apirilean utzi zuen aretoa, eta uneotan ekintza puntualak egiteko bakarrik irekitzen dute. Baina berriro martxan jartzeko bidean da. Kudeaketarako proposamenak aurkezteko epea ireki zuen udalak, bukatu da epe hori, eta proposamen bakarra jaso dute. "Hori aztertzen ari gara, eta espero dugu urri bukaerarako martxan hastea". Lazkanorentzat "idealena" litzateke kultur eskaintza eta ostalaritza emango dituen zerbitzu bat osatzea. "Elgeta herri txikitxoa da, eta asko aportatzen dio Espaloiak". Jaso duten proposamenak bi zerbitzuak biltzen ditu.

Euskararen alorrean, "Euskal Herriko arnasgune gehienetan bezala", beherakada nabaritu du Lazkanok azken urteetan, bai jakintzan, eta baita erabileran ere. Euskara sustatzeko, hainbat ekintza egin dituzte herrian: Elgetan Berbetan mintzalagun egitasmoa legealdi honetan abiatu dute, adibidez. Herritik kanpo euskara ikasteko diru laguntzak ere badituzte. Bihar festa dute herrian: Euskaltzaleen Eguna egingo dute, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.

2009tik Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da Elgeta. Uztail bukaeran lankidetza hitzarmena sinatu zuen Uemak finantza erakundeekin, eta, horri esker, Elgetako Kutxabankeko bulegoetan euskara lehenetsiko dute aurrerantzean. Langile elebidunak jarriko dituzte, eta euskara erabiltzea sustatzeko neurriak hartuko dituzte.

Udal mailakoak

Bi milioi eurotik gorako zorra dauka udalak ordaintzeko, hainbat kalte-ordainekin lotuta. Pasa den asteko osoko bilkuran, birfinantziazio plan bat onartu zuten, aho batez. Ordainketa horiei aurre egiteko, Kutxabankekin duen zorra epekatuko du udalak: ordainketa epea hamalau urtera zabaltzea proposatu du. Beste gastu batzuetarako, beraz, "aukera oso murritza" geldituko zaio udalari. Egitekoen artean ditu argiteri publikoa berritzeko LEDak jartzea eta futbito kantxa konpontzea. Segurtasun hobetzeko, eskolako jolasguneko hesien altuera handitzeko lanak egin berri dituzte —120 umek hasi dute ikasturtea dagoeneko—.

Hondakinei dagokienean, herritarrak zoriondu ditu Lazkanok. Txipa duten edukiontzi bidez biltzen dute, eta %80ko birziklatze tasara iritsi dira —apirilean %81,04 izan zen; maiatzean %83,21—. Dena den, maiatzean errefusaren edukiontzietatik hartutako lagin bat karakterizatu zuten, eta ondorioztatu dute errefusan biltzen denetik "%20 baino ez" dela errefusa, bestea birziklagarria dela. "Kontzientziazioa bultzatu behar dugu, jendeari egiteko erraztasunak eman, eta inportantea da ingurumenean ez ezik, ekonomikoki daukan pisua azaltzea. Errefusaren kudeaketa oso garestia da".

Egitaraua. Euskaltzaleen Eguna

Bihar10:45. Dultzaineroekin esna deia.11:00. Puzgarriak.12:30. Euskararen Soka ekitaldia, eskolatik plazaraino.13:30. Dultzaineroekin eta buruhandiekin kalejira.14:30. Bazkaria.15:30. Puzgarriak.16:30. Erromeria Egan taldearekin.20:30. Zozketa.(*) Eur...

Tiritak, generoa eta rolak

Leire Narbaiza

Jon farmazian sartu da umeendako tiritak erostera: - Egun on, haurrentzako tiritarik?

- Mutila edo neska da?

- ????

- Neskentzat Peppa Pig, mutilentzat Bob Esponja (Bob Belakia).

Euskal Herriko farmazia batean gertatu da hau, eta nik Twitterren irakurri. Ahoa bete hortz laga nau txioak, eta hausnarketarako hainbat motibo.

Jakinekoa da kolore arrosa eta urdinaren bereizketarena. Aspaldi jardun dugu honetaz. Rol generoa arropa, kolore eta produktuetan, alegia. Ohikoa da printzesa/superheroi dikotomia; printzesak/munstroak aukeratu beharra haurrei opari bat egiteko orduan. Zerga arrosaz ere hitz egin da aspaldion, baita ama bezain polita, aita bezain azkarra leloak zeuzkaten kamisetez ere. Orain marrazki bizidunen txanda iritsi da, antza.

Ez dakit inoiz ikusi dituzuen zorioneko marrazki bizidun horiek. Peppa Pig-en txerri familia bat agertzen da. Marrazkiak oso infantilak dira, naifak ia. Koloretsuak, txerriak arrosak dira. Baina arrosa fuertea da. Beste koloreak ere halakoak dira. Istorioak nahiko domestikoak, ume txikien kontuak eta bihurrikeriak. Peppa, txerri protagonista neskatila da, nahiko zintzoa.

Bob Belakia, ordea, marrazki tradizionalagoa da marrazki bizidunen munduan, nire iritziz. Diseinua ez da hain infantila, eta koloreak ez dira hain indartsuak. Bob, mutila, belaki bat da itsasoan bizi dena, eta sukaldaria da. Istorioetan lagunekin gertatutako pasadizoak eta abenturak kontatzen dira.

Marrazki bizidun bi hauek ikusi izan ditudanean beti adinarekin lotu izan ditut. Peppa Pig txikiei gustatzen zaie, eta nagusitxoagoei Bob Belakia. Hala da nire inguruko umeen artean, behintzat. Garapenarekin edo heldutasunarekin lotuagoa. Hizkerak eta egoerek adinarekin dutelako zerikusia. Sekula ere ez nituzke erlazionatuko, baina, generoarekin! Burutik ere ez zait pasatu!

Pasadizo txiki honek zalantza bat piztu dit: nola iritsi dira pentsatzera Peppa Pig neskendako produktua dela? Zerk eragin die hori? Koloreak? Txerriak marrazkietan askotan dira arrosak. Koloreak ez nau kezkatzen —edo esan beharko nuke oraingoan ez dela nire kezka nagusia, kolore segregazioak beti ardura didalako—. Kontu sakonagoak estutzen nau, marrazki bakoitzaren atzean dagoenak, eta asoziazioa ahalbidetu duenak.

Eta zer ematen dute aditzera marrazki biek? Bada, Peppa Pig-enak umekeria, infantilismoa, familia giroa. Bob Belakiarenak, aldiz, lagun giroa, mutil nagusien abenturak, lan kontuak, ganberrokeriak.

Ai, ene! Zelako asoziazio mentalak! Berriro ere betikoan gaude. Betiko rolak betikotzen, eskuz esku, tiritaz tirita, transmititzen. Neskei dagozkie familia, etxea, heldutasunik gabeko kontuak. Mutilei, ostera, kalea, lagunak, mundua, abentura harrigarriak, familiarengandik aparte, bihurrikeriak… Neskak etxean txintxo. Mutilak drogan kalean.

Farmaziako langileak hori guztia izango zuen subkontzientean, jakin barik. Baina tiritaz estalitako zauri bakoitzeko esaten ari zaio ume bakoitzari zer espero duen berarengandik: familia zalea/lagun zalea, sinplea/konplexuagoa, etxerako/kalerako. Ez da gehiegikeria, ez zait burua joan, patriarkatuak zirrikiturik txikiena erabiltzen baitu ahalik eta gazteen geureganatu dezagun berari komeni zaiona. Urratu txikienetatik sar litezke bakteria kutsakorrenak ere, tiritaren bitartez.

[Museora] Burdinbidearen Euskal Museoa. Ikusteko bai, ibiltzeko ere bai

[Museora] Burdinbidearen Euskal Museoa. Ikusteko bai, ibiltzeko ere bai

Eider Goenaga Lizaso

Abuztuan heldu zen Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museora azkeneko pieza. "Motor elektrikoa duen automotor bat da, 1928an eraikia. 88 ditu, eta duela bi urte arte zerbitzuan izan dute. Lehenik, Bilboko Transportes Urbanos enpresan bidaiariak eramaten zituen, eta azken urteotan Bilboko metroan erabili dute, barne zerbitzuetarako. Euskotrenen tailerretan zaharberritu zuten, eta gurean daukagu orain". Juanjo Olaizola zuzendariak (Donostia, 1965) dioenez, trenaren museoa museo bizia da.