Gipuzkoa ere jomugan dago

Ez da libratu. Gipuzkoak ere haustura hidraulikoaren eragina paira dezake, eta, hori eragozteko, lanean hasi dira hainbat talde, Fracking Ez plataformaren babespean. Herrialde osorako erakundea ez dute osatu oraindik, baina hori ere aurreikusia dute, eta, azken hilabeteetan, hamaika hitzaldi eskaini dituzte, "gasa ateratzeko teknika kutsakor horrek egin dezakeen triskantzaz ohartarazteko".

Zehazki, Sustraia eta Landarre izeneko zulatze guneak dira Gipuzkoan eragin handiena izan dezaketenak. Herrialdeak duen lur eremu osoaren %40 hartuko lukete bi gune horiek, Deba, Goierri, Urola eta Oria eskualdeetan. Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen SHESA enpresa publikoak baimena eskatua du eremu horietan fracking-aren teknika erabiltzeko, eta, Debagoieneko Fracking Ez taldeko kideen ustez, "triskantza izugarria" eragin dezake. "Lurra, haizea, ura eta parean topatzen duen guztia kutsatzen du haustura hidraulikoak, baita lur azpian gasa duten harrien txikizioa eragin ere".

Izan ere, inork ez du ukatzen jada fracking-aren teknikarekin gasa edo petrolioa ustiatzeak ingurumenarentzat hainbat arrisku dakartzala: ustiaketa konbentzionalak baino negutegi gas gehiago askatzen ditu; karbono dioxido gehiago ere isurtzen da airera; eta ura ere kutsa dezake teknika honek, ustiatze putzu batek milaka metro kubo ur behar dituelako, eta ur hori harearekin eta osagai kimikoekin nahasten dutelako. Gainera, putzuaren hormak behar bezalakoak ez badira edo arroketan pitzadurak badaude, akuiferoetara igaro daiteke kutsadura.

Orain dela gutxi hasi zen fracking-aren kontrako mugimendua Debagoienan, Araba eta Bizkaiko esperientziak eredu hartuta, baina Gipuzkoa osoko jendea hurbildu zaie azkenaldian, eta gehiago hazi nahi dute etorkizunean ere. "Pozik gaude, bi hilabetetan, hutsetik hasita, hamabost bat herritara informazioa eta sinadura bilketa hedatzea lortu dugulako", azaldu zuten Debagoieneko Fracking Ez taldeko kideek, mugimenduaren aurkezpenean. 30.000 sinadura bildu nahi dituzte, Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegile bat aurkeztu eta fracking-aren gaineko eztabaida politikaren lehen lerrora eramateko. Horregatik, ekainaren 30etik uztailaren 5era herriz herri ibiliko dira sinadurak biltzen. Gasteiztik abiatuko da martxa, baina Gipuzkoa mutur batetik bestera zeharkatuko du: Arrasate, Oñati, Legazpi, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Tolosa, Donostia, Zarautz, Zumaia, Elgoibar, Soraluze eta Bergara. Herri horietan guztietan informazio guneak jarriko ditu Fracking Ez taldeak.

Herri ekinbideez gain, fracking-aren kontrako proposamenek oihartzuna izan dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere. Iragan asteazkenean, haustura hidraulikoaren kontrako mozio bat onartu zuten Bilduk, Aralarrek, PSE-EEk eta PPk. Ezker abertzaleko diputatuek aurkeztu zuten proposamena, eta, bertan, "fracking-ak ingurumenari eragiten dion kalte izugarria" azpimarratu zuten. Testu horri zuzenketa bat egin zion PPk, Gipuzkoako Aldundiak "energia berriztagarrien aldeko politika aktiboak" aplika ditzan, eta hori ere onartu zen.

EAJk, aldiz, ez zion babesa adierazi fracking-aren kontrako mozioari. Horren ordez, "batzorde zientifiko independente bat" eratzea proposatu zuen, "gasa ateratzeko haustura hidraulikoaren teknikaren eboluzioa aztertzeko". Jeltzaleek ez diote atea erabat itxi nahi gasaren negozioari, baina fracking-aren bidezko ustiapen proiektuak "ingurumeneko legediaren arabera" garatu beharko liratekeela uste dute.

EAJren kontrako botoarekin ere, Nafarroako Parlamentuak iaz urratutako bide berari ekin diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek, eta fracking-a herrialdean debekatzeko lehen urratsa egin dute. Ikusteko dago, ordea, noraino helduko den bide hori, Espainiako Justiziak mugak jarri baitizkio autonomia erkidegoek —eta, ondorioz, baita Gipuzkoa bezalako herrialdeek ere— alor horretan dituzten eskumenei.

Aste honetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du estatuari bakarrik dagokiola gasari eta energiari buruzko legediak ezartzea eta, beraz, erkidegoek ezin dutela fracking-a debekatu. Konstituzionalaren arabera, ordea, diputazioek "baldintzak eta kargak" ezarri ahalko dizkiete haustura hidraulikoa erabiltzeko baimen eskaerei.

Fracking Ez plataformaren aburuz, "onartezina" da erabakia, uste baitu Auzitegi Konstituzionala "hausteko arriskua duten eremuetan bizi diren herritarren borondatearen gainetik" pasatu dela. "Eskrupulo gutxi duten enpresekin bat egiten duen gobernu bati jarraiki, Auzitegi Konstituzionalak ingurunearekin erasokorra den erauzte teknika baten kontrako [...] lege bat atzera botatzea tamalgarria da".

Hala ere, abiatu duten sinadura bilketa eta herri ekinaldi legegilea "inoiz baino biziago" daudela nabarmendu dute plataformako ordezkariek. "Fracking-aren kontrako kanpainak zentzu handiagoa du gaur atzo baino". Taldearen ustez, "borondate politikoa" da haustura hidraulikoa gelditzeko behar den gauza bakarra, eta gogoratu du SHESA enpresa publikoak dituela fracking teknika erabiltzeko baimenen %90 eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak "noiznahi" geldi dezakeela gasa erauzteko praktika hori.

Ingurunearen zaintza, festa bihurtua

Debegesa Debabarreneko garapen ekonomikorako elkarteak Deba ibaia garbitzeko IV. jardunaldia antolatu du biharko. Hala, ingurumena zaintzeaz gainera, elkarrekin ederki pasatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.Debako Anes Arrindan elkartuko dira,...

“Aurpegiaren estetika goitik behera alda dezakete hortzek”

Andoaingo Binardent laborategira sartzen den jendea harritu egiten dela aitortu du Juan Peñalverek. "Portzelanazko hortzak ez al zituen dentistak egiten?", galdetzen dute. Hortz-protesigilearena ofizio ezezaguna da askorentzat, baina arreta, teknika eta diziplina itzela eskatzen duena.

Zertan datza, zehazki, hortz-protesigilearen lana?

Dentistaren lanaren gehigarria edo osagarria dela esan daiteke, hark jarritako irizpideen arabera protesiak egiten ditugulako. Hiru protesi multzo handi daude: alde batetik, protesi finkoak; bestetik, ken-ipinizkoak; eta, azkenik, hortzak zuzen jartzeko ortodontziak. Laborategi honetan, lehen bi motatakoak egiten ditugu.

Oro har, nolakoa izaten da prozesu hori?

Paziente bakoitzak dituen beharrak identifikatzean hasten da dena. Horien arabera egiten du dentistak aurrekontua, eta hortzetako molde bat egiten du. Guk horren gainean lan egiten dugu. Moldean dauden inpresioak positibatu, eta, horrela, aho bakoitzaren igeltsuzko ereduak fabrikatzen ditugu, inplanteak eta protesiak egiteko.

Ahoaren osasuna gai delikatua da. Urduri jartzen al zaizkizue pazienteak?

Nire ustez, arazoaren gakoa beste bat da: jendeak noiz jotzen du dentistarengana? Ahoan mina duenean; hau da, beranduegi denean. Motorrak zarata egiten duenean autoari olioa aldatzea bezalakoa da hori. Berez, ahoaren osasuna eta autoaren mantentze lanak antzekoak dira: urtero egin beharko genuke azterketa. Hori da pieza guztiak mantentzeko modurik eraginkorrena eta merkeena.

Hortz-protesien fabrikazio prozesua azaltzen ari zinen. Igeltsuzko ereduen ostean, zer egiten duzue?

Protesien oinarri gogorra egiten dugu lehenbizi, hezurrera inplanteen bidez finkatuko den hori, eta gero, zati estetikoa, benetako hortz baten itxura duena eta agerian geldituko dena. Oinarria egiteko metala erabiltzen dugu gehienetan, baina, gaur egun, litiozko silikatoaren gisako material estetikoagoak ere baditugu; eta hortzaren zatia, berriz, zeramikarekin egiten da kasu gehienetan.

Apaingarriak edo material bereziak eskatzen al ditu jendeak?

Adibidez, hortz zuri-zuriak nahi dituzte batzuek. Orain arte, pazienteek ez zuten informazio nahikorik, eta dentistaren esku uzten zuten protesien aukeraketa. Gaur egun, ordea, jende dezente etortzen da laborategira.

Baina batzuetan eskaera horiek ez dira oso naturalak. Hortz zuri-zuriak, adibidez, ez al dira nabarmenegiak?

Normalean, halako eskaerak egiten dituztenek hortz ilunak izan dituzte urteetan, eta kontrakoa nahi dute. Adibidez, gaztetan sendagai asko hartu behar izaten dituzten pertsonei hortzak belzten zaizkie. Kasu horietan, erabat zuria ez den kolore bat jartzen badiezu, ez dira konforme geldituko. Protesien formarekin ere antzekoa gertatzen da. Paziente batzuek berdin-berdinak nahi dituzte hortz guztiak, baina hortz naturalak ez dira uniformeak, eta pieza bat apur bat aterata egoteak nortasuna ematen dio aurpegiari. Aurpegiaren estetika osoa goitik behera alda dezakete hortzek. Horregatik, pazienteen nahiak aintzat hartzen saiatzen gara, baina ez itsu-itsuan. Aholkuak eman eta katalogoak erakusten dizkiegu, non aukeratua izan dezaten. Gaztetako argazkiak ere ekartzen dizkigute batzuek.

Jaizkibel-Ulia itsas eremuaren irudia

Oiartzualdeko Eguzki talde ekologistak erakusketa formatua eman dio Jaizkibel eta Ulia mendien arteko eremua itsas erreserba bihurtzeko aldarrikapenari. Jaizkibel-Ulia itsas erreserba izeneko erakustaldia izango da Errenteriako Xenpelar etxean, uztailaren 5era arte. Asteartetik larunbatera zabalik egongo da aretoa, 17:30etik 20:30era, eta hara joaten direnek Eguzkik maiatzean abiatutako logotipo lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusi ahal izango dituzte, baita lehen saria irabazi zuena ere, Mariñe Arbeo zumarragarrarena.

Jaizkibel-Ulia itsas eremua erakusketa

Uztailaren 5era arte, asteartetik larunbatera eta 17:30etik 20:30era, Xenpelar etxean (Errenteria).

Defentsarako armak

Tolosan bikotekidea hil zuen pertsonaren lekukotza entzun dugu hilabete honetan, epaiketaren harira. Epaituak honela zuritu zuen hilketa: defentsa ekintza izan zela, bikotekideak eraso egin ziola, mailu batekin kolpatu zuela, aizto batez defendatu behar izan zuela bere burua. Lagun batek hala esan zidan: "Hara, ez dago sinesterik, emazteak mailu batez kolpatu zuela…". Sinestezina zitzaion horixe, emazteak mailua hartu izana, halako biolentziaz ekin izana.

Lagunaren iritzi horrek zer pentsatua eman zidan, eta liburu hau gogora ekarri: Esposas nefastas y otras aberraciones: el dispositivo jurídico como red de construcción de feminidad (Diletants, 2013), (Emazte dohakabeak eta beste zentzugabekeria zenbait: lege-egintzak feminitate eraikuntzarako sare). Saiakera horretan Laura Macayak bikotekideei edo maitaleei eraso egin dieten emakumeen kontrako epaiak aztertu ditu, diskurtso horietan eraikitako feminitate ereduak azalerazteko asmoz. Macayak dioenez, diskurtso juridikoek emazteek eta neska-lagunek bete beharreko genero arau orokortu hau irudikatzen dute: etxekoak edo bikotekideak zaintzea eta babestea. Hortaz, bikotekideei edo maitaleei eraso egitean, emakume horiek zigortu egiten dira erruz. Zigorra ezartzerakoan, zer irizpide eta zer diskurtso erabili diren jakiteko, besteak beste, objektu edo armen arabera epaileek ekintza nola baloratu duten aztertu du Macayak.

Kasurik gehienetan emakumeek labana edo aiztoa erabili dute, etxeko zereginetan esku artean izan zezaketen tresna bat, alegia; kasu horietan, defentsa ekintzaren alde errazago egin dute epaileek. Bestelako objekturen bat erabili izan denean, defentsa ekintzaren zantzurik antzemateko zailtasunak nabari dira. Adibidez, maltzurkeriatzat jo zuten —eta hala zigortu— hilketa bat, erasoa hotz egin zelakoan, eta berez ez zegokion objektua erabili zuelako armatzat emazteak, senarraren mankuerna. Nahiz eta emakume horrek 35 urtean tratu txarrak jasan zituela frogaturik egon, epai horretan bertan.

Izan ere, genero identitate markatzaile indartsuak dira gorputzaz besteko zerak ere: objektu, tresna, apaingarri zein tramankuluen bitartez baieztatzen da genero identitatea —edo auzitan jarri—. Tolosako epaituak ere, azken batean, emazteak eraso egin ziola adierazteko eta eraso hori sinesgarri egiteko beharrezkoa zuen emakume dohakabe eta bortitz bat irudikatzea. Aizto batez eraso izanak ez luke ankerkeria hori adieraziko, etxeko —areago, sukaldeko— tresna delako, feminitate ereduari loturikoa, eredu orokortuan hausturarik edo arrakalarik ez dakarrena.

Jokin Mitxelena, haur literaturaz harago

Hiru hilabetean behin, ilustratzaile baten lanak hartzen ditu Aiete kultur etxeak, Ilustratzailearen Txokoa egitasmoaren barruan. Erakustokiek armairu, ispilu, pendulu ordulari eta kutxa forma dute, eta, ipuinentzat egindako ilustrazioak ez ezik, artista horien inspirazio iturri diren liburuak, objektuak, eskulturak eta altxor txikiak ere dituzte erakusgai. Jokin Mitxelenaren txanda da orain. Ilustratzaile donostiar horrek hogei urte daramatza Alemanian bizitzen, marrazkilari bokazioa lanbide bihurtu ostean. 30 liburutik gora argitaratu ditu, Pello Añorga idazle eta ipuin kontalariarekin elkarlanean.

Ilustratzailearen Txokoa

Irailaren 18ra arte, Donostiako Aiete kultur etxean.

“Informazioa ezkutatzen ari dira”

Mobilizatzen hasiak dira fra-cking-aren kontrako taldeak Gipuzkoan. Maritxu Goikoetxea da Debagoieneko taldeko bozeramailea.Zer iruditzen zaizue Gipuzkoa "fracking gabeko lurralde" izendatu izana?Oso berri pozgarria da. Herrialde oso batek haustura hi...

Ajea pasatzeko festa

LGTBen Nazioarteko Egunaren osteko topagune izango da Donostiako Banda Bat elkartearen Guardetxea. Ajea pasatzeko, gainera, festa luzatzea proposatu dute Guardetxeko arduradunek, Gabon Marikon Resaka Party izeneko les-gay-trans jaialdia antolatu baitu...

“Ukitu bategatik ez dugu salaketa sozialik egiten”

Emakumeen kontzientzia garatu izanak eraso gehiago salatzea ekarri duela uste du Idoia Trenor Bilgune Feministako kideak (Donostia, 1984). Erasoei autodefentsaz erantzun behar zaiela uste du, eta balio feministetan oinarritutako jaiak eraiki behar dir...

Sanpedroak, rockaren erritmo bizian

Hasiak dira Lasarte-Oriako sanpedroak; musikaren abiada bizian hasi ere. Askotariko estiloko talde, orkestra eta bakarlariak igoko dira oholtza gainera, baina rock kontzertuak izango dira aipagarrienetako batzuk. Gaur gauerdian, esate baterako, emanal...