45

Donostiako disko eta liburu azokako partaideakDonostiako 39. Disko eta Liburu Azokan 45 erakusketariren lanak ikus eta eros daitezke. Idatzietatik Kantuetara lana nabarmendu dute antolatzaileek: Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga eta Xabier Leteren testu...

Bertso jaialdiak hainbat herritan

Asteburu honetarako bertso saioak antolatu dituzte hainbat herritan. Usurbilen, bihar izango da saioa, herriko frontoian, 22:30etik aurrera. Miren Amuriza, Asier Azpiroz, Etxahun Lekue, Amets Arzallus, Unai Gaztelumendi eta Andoni Egaña arituko dira kantari.

Bergaran, aldiz, bertso bazkaria izango da igande eguerdian San Martzial zelaian. Agin Laburu eta Miren Amuriza izango dira han.

Bertso jaialdiak

Bihar, 22:30ean Usurbilgo frontoian. Igandean, 12:00etan, Bergaranko San Martzial zelaian.

Ukrainar eta sahararren arnasgune

Txernobyldik eta Saharatik datozen haurrak hartzen dituzte udan Tolosaldean. Lan horretan aritzen dira Chernobil elkarteko eta Oporrak Bakean dinamikako kideak. Joan den astetik, Ukrainako hiru haur eta Saharako errefuxiatu kanpamentuetako beste 26 es...

Klik panpinekin osatuta

Romanorum Playmobil Populus izeneko erakusketa ikusgai dago Irungo Oiasso Erromatar Museoan. Playmobil jostailuko klik panpinekin osatutako erakusketa da eta gaztetxoenak erakartzea du helburu.Guztira 2.000 klik panpinek osatzen dute Oiassoko erakuske...

Rapa eta musika esperimentala

Uztailerako egitarau bete betea prestatu dute Oñatiko Antixeneko gaztetxean. Igandean, bi ikuskizunez gozatzeko aukera izango da: Etxepare Rap, batetik, eta Eroa Naizen taldea, bestetik.

Etxepare Rap izenaren atzean Imanol Epelde zarauztarra dago. Euskal literatura eta rap musika uztartzen ditu. Ikus entzunezko bitartekoak ere erabiltzen ditu. Literatura klasikoa eta rap doinuak sarri nahasten ez badira ere, Epeldek Axular, Bilintx, Jon Mirande, Txirrita eta beste askoren hitzei base erritmikoa jartzen die.

Eroa Naizen, berriz, Eibarko talde esperimental berria da.

Etxepare Rap eta Eroa Naizen

Igandean, 19:00etan, Oñatiko Antixeneko gaztetxean.

Gazteak lanean

Goierriko lanbide eskolak 50 urte bete ditu egun hauetan. Lanbideetan trebatzeko ekimen sozialez sortu zena titulazio unibertsitarioak eskaintzera iritsi da eskualdeko enpresen eta jarduera produktiboen lagungarri. Horrelakorik ez zatekeen posible izango borondate asko eta oso desberdinak bide berean jarri ez balira. Ondare handia da Goierriko eskolarena.

Antzeko esperientzia anitz ditugu Gipuzkoan eskualdez eskualde. Tokian tokiko industriaren beharrak eta laneratzeko eskubide eta aukerak maila orotako familiei eskaintzeko gogoak horrelako hamaika esperientzia sorrarazi zuen. Inoiz aztertu beharko da herri ekimen horien eragina gizarte kohesioan eta garapen ekonomiko, industrial zein teknologikoan.

Gazteei lan merkatuan txertatzeko aukera ematea eta bizibidea eskaini nahia zuten helburu esperientzia horiek. Esan daiteke, hamarkada luzeetan, gazteari herrigintzatik aitortu izan zaiola bere eskubideen artean eskolatua izatea, lanbide bat ikastea eta lanaren bitartez bere autonomia ekonomikoa eskuratzea.

Horren gurea izan den sentsibilitate horrek, ordea, egungo errealitatearekin talka egiten du. Hau da, Euskal Herrian 24 urtez beheiti lanerako prest dauden gazteen %43 langabezian daudela (Gipuzkoan %34,5). Gainera, lanean ari diren gazteen %22,6 aldi bateko kontratuarekin ari direla eta orotara %40,4k dedikazio murriztua dutela nahiz eta gehiago lan egiteko prest egon. Esaten ari garena beste hitz batzuekin esan daiteke: alegia, gure artean gazteentzat lana eskas dela eta pobrezian bizitzeko bidea zabal-zabala.

Begien aurrean duguna, beraz, Gipuzkoako gizarte eragileek hamarkadetan sustatu izan duten gizarte ereduaren kontrakoa dugu. Gazteak trebatu arren, gazte horientzat lekurik ez gure lan merkatuan. Hainbat gazte bere gaitasunaz azpiko lanak betetzen, beste hainbat urte luzez ikasitako horretan ezin jardun… alferrik galtzen ari den hamaika ahalegin eta ilusio.

Errealitate konplexu baten aurrean gaude, eta ez dago formula magikorik. Gazteek lan merkatuan lekua izatea edo ez izatea "merkatu" delako horren baitan ez ezik, enpresa jabeen asmo, finantzaketa aukera, araudi eta lege nahiz politika publikoen baitan ere badago. Baina arretaz aztertuta, ikuspegi konplexuzale hori aitzakia ere izan daiteke. Izan ere, gurearen oso antzekoak diren ekonomietan, Danimarkan, Finlandian edo Alemanian, esaterako, gazteen langabezia %10aren azpitik dabil. Hau da, jarduera produktiboak gazteak kontratatzeko joera izan dezake edo ez, horretarako jartzen diren bideen arabera. Argi dago gazteen enplegua herri estrategien parte dela, eta horrek herri mailako adostasuna behar duela, nork berea bete dezan.

Gazteak kontratatzea enpresaren egungo negozio bolumenak izan dezakeen bilakaeraren arabera utziz gero, jai dago bolada batez. Beraz, esan daiteke gazteen enplegua eraginkortasunez sustatu behar dela, eta eginkizun hori lideratzea administrazioari dagokiola.

Egia da Madrilgo administrazioaren erabakiak pairatzen ari garela lan merkatuari eta gastu publikoari dagokionez. Eta egia da horrek mugatu egiten gaituela herri gisa lan harremanak arautzeko orduan. Baina milaka gazte kalean utzi, gure baliabideak alferrik galtzera eman eta gure eskualdetako enpresak zaharkitzera kondenatzen dituen inposizioak erantzun indartsuagoa eskatzen du. Egun indarrean dagoena baino indartsuagoa. Gazteek beren bizitza proiektu duina egiteko eskubidea dutelako, eta gure gizarteak zein ekonomiak gazteak behar dituelako. Gainerakoan, gure gizartearen hamarkadetako joeraren kontra goazela onartu beharko dugu, horretan ere bai.

Folk-pop intimista, Hondarribian

The Icer Company talde nafarrak zuzeneko kontzertua eskainiko du gaur, Hondarribiko Pub Uxoan.

Proiektu pertsonal gisa aurkezten dute The Icer Company. Bizipen pertsonal latz baten ostean Arima Sutan taldeko Iker Zia abeslariak kanta multzo batzuk bildu zituen, formatu akustikoan eta etxean grabatuta. Baina, hasierako grabazio horiek lagun musikarien belarrietara eta eskutara iritsi ziren (Kerobia, Arima Sutanen eta Soñadores natosen egondako musikariengana). Hasierako grabaziok hartuz kantu akustiko haien gainetik disko osoa euren kabuz grabatu eta osatu zuten. Emaitza, Ur abisalen espedizioa da, mimoz sortutako folk-pop intimista eta landua.

'The icer company'

Gaur, 21:00etan, Hondarribiko Pub Uxoa-n.

Herri izaeradun argazki jaia

Argazkilaritza pasio dutenei aukera bat emateko jarri zen martxan Argazkialdia, iaz. Bide batez, kulturaren sustapenak ez duela garestia izan behar erakutsi zuten antolatzaileek. Datorren urtean antolatuko dute bigarren aldiz, Andoainen, eta, 2015eko...

Kolorez beteko da

Cirque du Soleil Kanadako taldea Gipuzkoako hiriburuan izango da asteburuan, Dralion lana aurkezten. Anoetako belodromoan izango da igandera arte. Agertoki gainean pailazoak eta akrobatak izango dira protagonista nagusiak.

Guztira sei emanaldi eskainiko ditu konpainiak Donostian. Atzo egin zuten lehena; gaur, 17:30ean eta 21:00etan izango dira ikuskizunak; bihar ere ordu berean izango dira; eta, igandean, 16:00etan.

Dralion-i dagokionez, diziplina anitzeko ikuspuntua eta Txinako akrobazia artearen 3.000 urteak uztartuz egin du emanaldia Cirque du Soleilek. Ikuskizuna ekialdeko filosofian eta gizakien zein naturaren arteko harmonia bilatzean oinarritua dago. Dralion izena bi izaki legendarioen uztartzetik dator: Ekialdea irudikatzen duen herensugea eta Mendebala irudikatzen duen lehoia. Ikuskizunean naturako lau elementuek —airea, ura, sua eta lurra— gizakien itxura hartzen dute, gizakiak eta bere inguruak lortzen duten oreka erakutsiz. Dralion-en unibertsoan nahastu egiten dira kulturak, gizakiak eta naturak bat egiten dute eta, lanaren sortzaileen esanetan, oreka lortzen da.

Musika, mimoak, malabarismoak, umorea, saltoak eta koreografia ikusgarriak izango dira asteburuko protagonista Donostiako Belodromoan. Gaur egun, 40 herrik eta 25 hizkuntzak osatzen dute zirkua eta 3.000 langile dituzte munduan osoan. Horrez gain, 34x20 metroko pista erabiltzen dute. Espazio horrek, bi ordu eta erdiko ikuskizunean barrena murgiltzeko aukera ematen dio ikusleari.

Bide luzea eginda

Cirque du Soleil 1984an Quebecen Guy Laliberték eta Daniel Gauthierrek sortutako zirku konpainia da. Mundu osoan ezaguna da bere ikuskizunengatik eta 125 miloi lagunek ikusi dute zuzenean. 100 sari baino gehiago lortu ditu Cirque du Soleil konpainiak. Horrez gain, hilero casting-ak antolatzen dituzte munduko ikuskizun onena emateko.

Konpainia zirkuko arauak berritzeko asmoz sortu zen. Bere lehen ikuskizuna La Magie continue izan zen. 1987an AEBetara bidaiatu zuten eta 1990ean Europara. Beldurra, fantasia, poza, denboraren iragana edo Ekialde eta Mendebaldeko ohituren inguruan aritzen dira. Gaur egun, AEBak, Europa eta Japoniaren artean bidaiatzen dute.

Kolorea da zirkuaren ezaugarrietako bat. Quebeceko egoitza nagusian ekoizten dituzten jantzi, zapata, kapela, maskara eta makillaje zirriborroak edonor liluratzeko modukoak dira. 2.500 jantzi baino gehiago dira, hiriz hiri 50 bat edukiontzitan gordeta garraiatzen dituztenak. Eta horiekin batera lau arduradun, arropak zaintzeko eta konpontzeko eginbeharra dutenak. Hiri bakoitzean beste bi lagun ere kontratatu ohi dituzte laguntzaile gisa, emanaldi bakoitzean hiru aldiz aldatzen baitute artistek euren janzkera.

Cirque du Soleilek mundu osoko bazterrak kolorez eta magiaz margotzen ditu. Euskal Herria ere kutsatuko du zirkuak, Donostiatik Bilbora egingo baitu abuztuan.

Donostiako udalak Cirque du Soleil taldearen ikuskizunerako 420 sarrera eskaini zituen joan den astean langabe donostiarrentzat. Ordu gutxitan banatu zituzten guztiak.

Cirque du Soleilen 'Dralion' ikuskizuna

Igandera arte Donostiako Anoeta Belodromoan.