MEMORIA IKERGAI

Beasaingo Udalak memoria historikoa berreskuratzeko hitzarmena sinatu berri du Aranzadi Zientzia Elkartearekin. Jon Kortazar Billabeitia historialariak —irudian, eskuinekoa— ikertuko ditu 1936tik 1945era Beasainen eta beasaindarrei gertatuak.

Gipuzkoako hondartzak prestatzen hasi dira uda garairako

Otsaileko eta martxoko itsas denboraleen ondorioz sortutako kalteak konpontzeko lanak hasita daude. Uda garaia hasterako, Gipuzkoako kostaldeko hondartzak egokitzeko lanek ere badute egutegia. Donostiako Zurriolako hondartza egokitzeko lanak gaur bert...

8,3

Kudeaketan aldundiak izan duen superabita milioitan. Kudeaketa arloan, 8,3 milioi euroko superabita izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013an. Diru hori lurraldearen ekonomia eta ongizatea sustatzeko erabiliko dutela iragarri du Larraitz Ugarte bozeramaileak.

Iraunarazi, aterik itxi gabe

Zabalik dagoen kaiola bat da. Gordailuaren eraikina halaxe irudikatu nahi izan zuten Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoek. Kaiola hori inoiz baino irekiago dago orain, eraikinaren goi eta beheak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu baiti...

Galtza gorriak estutu baietz

Zinean garbitegiak bazter arras interesgarri bezala erakusten dizkigute beti. Han bizi dituzte ezkutuko maitaleek erromantze supersonikoak. Han garbitzen ditu kulpaz kutsaturiko trapuak hiltzaile metodikoak. Deslekuetan desordutan zabalik egoten dira bizimolde irregularra daramatenen (daramagunon) bilgune horiek. Renatok eta biok ez daukagu ikuzgailurik Neckarstrasse 11n. Garbitegira joaten garenetik bizitako erromantzeen zenbaketa hutsean daukagu, baita ebatzitako krimenena ere. Abentura gosez jarraitzen dugu, hala eta guztiz ere. Gaueko hamaikak dira. Motxilak hartu, eta bagoaz asteko gobada egitera —eskerrik asko, Maialen Lujanbio—.

"Tok-tok" jo behar izan diot kristalean atea zaintzen dabilen neskatoari. 5 bat urte izango ditu, beltza da eta txirikorda polit-politak ditu, pistatxo koloredun begizta jostalariekin. Aitatxo dirudiena eta haren adiskide bat eskuoihalak tolesten ari dira. Lanez gainezka dabilela azaldu dio lagunak; ondo doakiola, baina asteburuetan ez duela jakiten zer egin. Berlinen ez du ia inortxo ezagutzen, eta etxean ematen ditu orduak eta orduak, aspertuta. Solte ari dira alemanez biak ala biak. Badira Renato eta ni baino gehiago behintzat.

Ez daude makina asko libre; bulgariar kuadrilla batek martxan dauzka gehienak —ezagutzen ditugu, Boddinstrassekoak dira—. Laneko arropak kiloka ekarri dituzte, eraikuntzan eta erabiltzen direnen modukoak. Kalean apain edo dotore azaltzeko nahiago dute markako txandala eta zapatila eta lepoko distiratsuak luzitu. Ozen egiten diote desafio elkarri, bultzaka. Aspaldi koskortuak dira —baten bat aitona, ziur—, baina institutuko nerabeak dirudite.

Zentrifugazioak 45 minutuko programa agortu du. Orgatxoa bete eta lehorgailuen bila abiatzerako, agure turkiar bat guk utzi makinak betetzen hasi da, maindirez betetako zakua zabalduta. Egundoko txiza kiratsa darie. Hain da sarkorra, ze Renatok eta biok geratzen zaizkigun hogei minutuak kalean ematea beste irtenbiderik ez dugu ikusi.

Badirudi errutina filmen misterioari gailendu zaiola aste honetan ere. Renato eta biok zirrarari leihotxoak zabaltzen abilak gara, ordea. Kotoizko (100%, poliesterrik ez) galtza gorriak handitxo datozkit aspaldian. Estutze aldera, 95 gradutara garbitu ditugu lehenik, eta orain lehorgailuaren programa beroenarekin dantzan ari dira, buelta eta buelta kalejira bertikalean. Galtza gorriak berriz noiz jantziko desiratzen nago, baietz berriro ederki egokitu.

Hasieran ez zion batere graziarik egiten, baina orain Renato bat dator nirekin. Momentuz behintzat, hobe garbigailurik erosten ez badugu.

Ereindakoa babestu nahian

Bi urte eta erdi dira Lezon Apaiziartzako proiektua martxan jarri zutenetik. Gaintxurizketa inguruan, herritar talde batek baserri baten erdia eta inguruko lurrak okupatu zituen; geroztik, nekazaritza ekologikoan aritu dira lanean, kontsumo taldeak eratu dituzte, eta 75 familia elikatzen dira ekoizpen horretatik. Orain, ordea, "alarma" piztu dela ohartarazi dute: "Joan den urteko urritik jazarpen etengabea pairatzen ari gara. Azkeneko aldian baserrira sartu dira, barrutik puskatu dute, baratzeak ere puskatzen ari dira…". Hala eman du egoeraren berri Joseba Pikabeak, kontsumo taldeko ekoizle eta Apaiziartza Bizirik taldeko kideak.

Bi urtez "inolako arazorik gabe" egon dira ondoko bizilagunekin; harremana "normala" izan da, aldaketa iritsi zen arte. "Ez dakigu zer interes dauden atzetik; haiek diote gu baino lehenago daudela, lehentasuna dutela lur horiek eta baserri zati hori erabiltzeko; horretan oinarritzen dira". Pikabearen ustetan, baina, "interes espekulatiboak" egon daitezke jarrera horren atzean: "Gaintxurizketako lurrak hain baliotsuak izanda, baratzeak egin ordez agian nahiago dute beste zerbait egin". Inplikatutako beste aldeak ez du gaiaren inguruko azalpenik eman.

Gutxieneko batzuk lortzea

Egoera bideratze aldera, aldundiarekin —okupatutako inguruaren jabetza du— eta Lezoko Udaleko ordezkariekin hainbat bilera egin dituzte taldeko kideek, baita bizilagunekin eurekin ere: "Behintzat gutxieneko batzuk adostea zen asmoa, elkarbizitzarako arau batzuk. Gure aldetik prest azaldu ginen, baina haiek ez zuten inolako asmorik horretarako. Hor ikusi zen zer prestutasun zegoen arazo hau konpontzeko".

Okupatutako lurretan jarduten dute lanean nekazaritzaren alorrean; horregatik, erabiltzaile gisa ikusten dute euren burua. Pikabearen arabera, bileretako batean aldundiak proposamen bat jarri zuen mahai gainean aurrera begira: "Lur horiek lur banku batean sartzea proposatu zuen, eta konkurtso publikora ateratzea. Horrela, gu aurkez gintezke, baita bizilagunak eta beste edozein herritar ere".

Apaiziartza Bizirik-eko kideek begi onez ikusiko lukete aldundiaren aukera hori, euren nahia bakarra baita: orain arte egindakoari eutsi ahal izatea. "Eman beharreko pausoak emateko prest gaude; hasieratik, gainera". Dena den, gatazka "areagotzen" ari dela ikusten dute, eta bizilagunen intentzioa "ahalik eta gatazka gehien sortu eta gatazka horretatik etekina ateratzea" dela iritzi diote. "Gu alderantziz ari gara: saiatzen gara probokazioetan ez erortzen eta gure eguneroko jardunarekin jarraitzen".

Egoeraren berri emateko, taldeak batzarra antolatu zuten atzo, Lezon. Haien asmoa herritarren artean informazioa zabaltzea izan zen, eurengandik jakin dezaten zer gertatzen ari den: "Gatazka kaleratzen ari da, baina jendeak pentsatzen du bizilagunen arteko gatazka soil bat dela. Guk esaten dugu hor beste interes batzuk daudela, oso lotuta daudenak enpresa eraikitzaileekin. Hor kontrajartzen dira interes partikular edo ekonomikoak eta kolektiboak".

Lurrak eta baserri erdia okupatu zituztenean, nekazaritza ekologikoan oinarritutako kontsumo sare bat sortzea zuten helburu, baina, horrekin batera, etxebizitza arazo "larriari" irtenbidea emateko modu bat ere ikusi zuten. Han eraiki nahi duten plataforma intermodalari aurre egitea ere bazen euren xedea.

Landa eremuetako auziak

Apaiziartzako kasutik haratago, "jazarpen" mota hori beste hainbat tokitan gertatzen dela salatu du Pikabeak, batez ere landa eremuetan. "Ikusten dugu nola presionatzen duten baserritar bat bere lurrak saltzeko, ezinegon hori sortu, azkenean etekin ekonomiko bat lortzeko". Katalunian hainbat kasu izan direla esan du taldeak, eta gertuago ere halakoak gertatzen ari direla ohartarazi du —Tangora Etxeko kasua Getxon, 2003an—.

Taldeak salatu duenez, eraikuntza enpresa handiak etengabe ari dira han eta hemen lurrak ikuskatzen, "etekina emango dien aukeraren bila". Uste dute horretarako "peoiak" dituztela, "belar txarra garbitzen" laguntzen diena.

Magia ikusi eta ikasteko

MagiaElgetaNazioarteko X. Magia Mostra hartuko du Elgetak gaurtik igandera bitarte. Mundu osoko hainbat magok euren abilezia eta trikimailuak erakutsiko dituzte Espaloia kafe antzokian. Horrez gain, haurrentzako tailerrak ere prestatu dituzte, magia m...