Gaztetxea festaleku

Bergarako kartzela zaharrean dagoen gaztetxeak hamalau urte bete ditu jada. Horregatik, bergararrek ahalegin berezia egin dute egitarau zabal eta osatu bat prestatzeko. Adin guztietako pertsonentzat osatu dute jai egitaraua, gaztetxea herritar ororen ...

Berrerabilpena eta elkartasuna xede, 3. EkoCenter gunea

ARRASATE. Azalera handiko Debagoieneko 3. EcoCenter gunea ireki du Emausek Arrasaten, bertako udalak utzitako lokal bat baliatuz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren 511.000 euroko diru laguntzari esker. Emausek kudeatuta, erabilerarik gabeko objektuak bil...

“Etzitik aurrera egiaz saretzea nahi dugu”

Funtsarekin "guztiz ados" zegoelako eta herriko lagun batzuek proposatuta batu zen Iñaki Gomez (Errenteria, 1963) Gure Esku Dago dinamikara, eta uneotan Gipuzkoako herri batzordeen koordinazio lanetan dabil.

Noiz eta zergatik batu zinen Gure Esku Dago-ra?

Urtarrilean bat egin nuen dinamikarekin. Errenteriako lagun batzuek gutako zenbaiti dinamikara batzea proposatu zigutenean. Dinamikaren funtsarekin guztiz ados nagoelako batu nintzen, erabakitzeko eskubide osoa dugulako herritarrok. Garai berri batean gaudela sinetsita nago, eta horren aldeko dinamika oso txukuna eta garrantzitsua iruditu zait Gure Esku Dago.

Zein lan egin edo egiten duzu?

Gure lanak ez daude oso zehaztuta, sortutako beharren arabera aritzen gara gehienok. Ni, batez ere, Gipuzkoako herri batzordeetako koordinazio eta informazio lana egiteaz arduratzen ari naiz.

Arrakasta izan du Gipuzkoan?

Bai, hala iruditzen zait. Noski, nahiago genuke jende gehiago batu eta saretuko bagenu. Baina uste dut oso arrakastatsua izaten ari dela. Gainera, hau ez da ekainaren 8an amaituko den gai bat, hain justu, etzitik aurrera egiaz saretzen hastea da gure planteamendua.

Plurala izan da?

Bai. Nire nahia oraindik aniztasun handiagoa lortzea litzateke, aldarrikapen demokratikoa denez. Baina bidea egiten ari gara, anbizioa badugu, eta egingo dugu.

Giroa bero al dago iganderako?

Bai, hain zuzen, joan den astean egin genituen bilerak herrialde guztietan, eta jendea alai sumatu dugu.

Gipuzkoako metroen aurreikuspenik egin daiteke?

Badakigu 25.000 badaudela, gutxienez; eta espero dugu azken egunean ere jende asko batzea. Herri honetan egon dira une historiko batzuk, eta igandekoa horietako bat gehiago bizitzeko aukera da herritarrentzat.

Eta igandekoaren ondoren, zer?

Saretu garenok erabakiko dugu gure batzordeetan hitz eginda. Nahi genukeena da erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pasatzea. Hori lortzeko antolatu beharko dugu, bakoitza bere herri dinamikatik abiatuta.

“Euskaldunon eskubideak bermatzea ez da txalogarria; egin beharrekoa da”

Zeresan handia eman du aste honetan Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendariak, 2015erako aldundiaren zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko dituela iragarrita.

2015erako zerbitzuak euskaraz eskaintzeak helburu utopikoa zirudien orain arte, baina errealista dela esan duzue…

Nahita jarri genion helburu hori geure buruari. Izan ere, epemuga bat ezartzea ezinbestekoa da. Grafiko batekin erraz uler daiteke: Y ardatzean gure helburua koka dezakegu [zerbitzu guztiak euskaraz ematea], baina X ardatzean mugarik ez badago, helburu hori infinituraino luza daiteke, bete gabe. Guk epe zehatz bat zehaztu dugu X ardatz horretan: 2015, eta horrek erakusten digu zein izango den gure erritmoa eta lanaren intentsitatea. Hori da egin behar duguna.

Zertan oinarritu zarete epemuga hori ezartzeko?

Borondatean eta erosotasunean. Helburua lortzeko bideak erosoa izan behar du, jakina, baina gauza bat da erosotasuna eta oso bestelako bat, erosokeria. Lehen, administrazioak onargarritzat edo erosotzat jotzen zuena lehenesten zen, beti herritarren hizkuntza eskubideen gainetik, eta hori ez da bidezkoa. Hori erosokeria da. Herritarrengan jarri behar dugu arreta. Administrazioak moldatu beharko ditu bere egiturak, herritarren eskubideak bermatzeko, eta ez alderantziz.

Plangintza horretan, lehentasunak ezarri al dituzue?

Lehenik eta behin, identifikatu egin behar da zeintzuk diren jendaurreko lanpostuak. Eta hori ez da edonolako auzia: batzuentzat, herritarrekin harremana duten lanak mostradore baten atzean egiten direnak dira soilik, baina guk uste dugu ikuspegia zabaldu behar dela. Adibidez, errenta aitorpeneko kanpainan, gizarte eragile batek paperak aurkeztu behar baditu, ez da diputazioko harrera gelan geldituko. Gure administratzailearen bulegora joan beharko du, eta harekin ere euskaraz hitz egiteko eskubide osoa dauka. Lan hori ere jendaurrekoa da, baina orain arte ez zaio aitortu izaera hori. Horrez gain, gure departamentuetan eskaintzen diren zerbitzu guztietan ere euskara bermatu nahi dugu, eta horrek egitura osoa eta eguneroko funtzionamendua birplanteatzea eragiten du: zein da zerbitzua Errepide sailean? Eta Gizarte Politiketan? Zerbitzuak euskalduntzeko helburua ezarri izana aurrera urrats handia izan da administrazioa bera euskalduntzeko, eta ez soilik jendaurreko lanpostuak. Langile batzuk lekuz aldatzea ekarri du horrek, jakina. Adibidez, errenta kanpainarako kontratatutako langile erdaldunak.

Eta ez al duzue kexarik jaso horregatik?

Hain zuzen, iazko errenta kanpainarako behin-behineko langileen lan poltsa osatzeko, 3. hizkuntza eskakizuna ezarri genuen baldintzen artean; bada, horretan aritzen zen langile talde batek auzitara eraman zuen aldundia. Epaiketa irabazi genuen, eta epaian argi eta garbi adierazten zen administrazioari zegokiola herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.

Herritarrek begi onez ikusi al dute aldaketa?

Gipuzkoarrek oso ondo hartu dute aldundiaren euskararen aldeko jarrera. Dena den, guretzat hau ez da zoriontzeko modukoa. Egin beharreko kontua da, eta atzorako egina behar zuen.

Beste administrazio batzuetan ere arazo handiak izan dituzte hizkuntza eskubideak bermatzeko. Hortxe dugu Dbusen afera Donostian...

Argi dago Espainiako erakundeek eta zenbait alderdik ez dutela lana errazten. Gaia judizializatzen dute, eta, ondorioz, eguneroko funtzionamendua trabatu egiten da. Finean, alderdi eta erakunde horiek euskararen alde erakutsi nahi duten adostasun hori faltsua da, eta legearen ezarpena geroratu besterik ez dute egin nahi.

50

batzordeak herrietanIrungo Ficoban Gure Esku Dago dinamika aurkeztu zenetik ia urtea betetzear denean, 50 batzordetik gora sortu dira Gipuzkoako herrietan. Horien lanari esker, milaka gipuzkoar batuko dira igandeko giza katera.

Gidariarekin erdaraz

Autobusaren atzeko partean eseri beharko du euskarak beste behin ere. Donostiako Lan arloko 2. auzitegiko epailearen arabera, Dbus garraio zerbitzu publikoko erabiltzaile euskaldunek ez dute zertan gidariekin hitz egin, eta egitekotan, gaztelaniaz egi...

Larrugorrian

Ederra bezain onuragarria omen da arroparik gabe lo egitea. Ederra dela banekien, baina osasuntsua zenik ez nekien duela gutxi arte. Zenbait ikertzailek egindako azterketen emaitzek hala diote, eta nik nire ikertzaile propioengana jo nuen euren uste e...

“Eskola da herri txikien bizkarrezurra”

Duela 27 urte, orduko Bidanian ospatu zen eskola txikien lehen festa antolatzen ibili zen buru-belarri Antton Beloki. Garai hartan gurasoa zen, eta orain Bidania-Goiazko Txinkorta eskolan ikasten dute haren bilobek.Eskola Txikien Festaren sortzaileeta...