Kontatu zidatenean, barre batean lehertu eta ia aulkitik erori nintzen. Aspaldi entzundako ateraldirik jatorrena iruditu zitzaidan, eta audioa topatu nahi izan nuen, hitzez hitz zuzen transkribatzeko. Punkaren meza nagusia den Info7 irratiko Kaleko Mobida irratsaioan oparitu zuen perla Oñatiko Sospechosos taldea zenaren baxu joleak, Txebik, duela urte batzuk. "Toki bat" aukeratzeko eskatu zioten galdetegi labur horietako batean. Osagarri bezala laguntzen duten elkarrizketa bera baino zuku gehiago izaten dute galdetegi laburrek gehienetan. Eta Txebiren erantzuna autentikoa izan zen.
"Ba, aurrekuan eon nintzan Eibarren eta nei holako gauzak me inspiran mogollón, tío. La suciedad, la fábrica, los bocinazos. Es que ni oain nao Oñatin y ese pueblo de Barbies me aburre, tío. Es que ahí no pasa nada, tío".
Idatzi gabeko dogma batek Eibar toki itsusien zerrenda beltzera kondenatu zuen behin. Galdetegi laburren —eta ustezko edertasunaren— kanonak aintzat hartzen dituenari ez zaio bururatu ere egiten Astelena eta lehen mailako futbol taldea dituen hiribildu hori Donostia, Hondarribia edo Urbiako landa xarmantak baino askoz erakargarriagoa izan daitekeenik inorentzat. Ni ez naiz batere fio, ordea, galdetegi laburretan erantzun estandarrak ematen dituztenez. Eta, beraz, galdetegi labur eskasen elkarrizketa inudeez ere paso egin ohi dut. Izan ere, lastoa bereizteko modurik onena da galdetegi laburra. Hor sustantziarik eta egiarik ez badago, zertarako galdu astirik itaunketaren zati trinkoenarekin.
Musika talde kuttunagatik galdetu eta Radiohead, Wilco edo Lisabö ihardesten duten topiko zaleak susmagarritzat ditut. Maskararik gabe, Julio Iglesias betidanik maite izan duela edo George Michaelekin aldaka zoratzen zaiola aitortzen duena askoz ere sinesgarriagoa iruditzen zait. Bikotekidea topatzeko arreta zertan ipintzen duten azaldu behar eta "barre eginaraz nazala" diotenak justu-justu barkatzen ditut. Ni hortzekin naiz oso maniatikoa; asko begiratzen dut nesken hortzeria.
Baina hori bai. Popatik hartzera bidaltzen dut, azkar, gehien gorrotatzen duen akatsa "hipokrisia" dela esaten duen oro. Horra hor adierazpen automatiko hutsal perfektua, ezer esan gabe batere ez bustitzeko botatakoa, futbol jokalarien tradizio eskasenari jarraiki. Gorroto dut hipokrisia erantzutearen hipokrisia.
Txebik ederki ulertu zuen galdetegi laburren funtsa. Dogmarik eta errazkeriarik gabe, ariketa modu zintzoan osatzeko punk samarra izan beharra dago. Eta punkaz eta Kaleko Mobidaz badakizki Txebik bizpahiru gauza, bistakoa denez. Ni ez naiz sekula Eibarren izan, baina desiratzen nago.