Perkusio doinuak nagusi

Musika

Lasarte-Oria

Dinbi Banda aisialdi elkartearen eta Lasarte-Oriako Udalaren eskutik, Euskal Herriko II. Batukada Topaketa egingo dute Lasarte-Orian, bihar. Egun osoko festa izango da, eta Hego Euskal Herri guztitik etorritako hamar taldek herria erritmoz beteko dute.

Jaiaren bigarren aldia berrikuntzaz beterik dator; festa parte hartzaile eta herrikoiagoa izango da aurtengoa. Programazio zabalagoa izango du, gainera: goizetik gauera arte perkusioa izango da nagusi.

Honako talde hauek parte hartuko dute batukada topaketan: Dinbi Banda (Lasarte-Oria), Buruntzantzan (Urnieta), Taupada (Donostia), Zo Zongo (Errenteria), Kaleanbatu (Iruñea), Beriba eta Kumbalaye (Gasteiz), Batukale (Bilbo), Batukotx (Otxandio) eta Zaparrada (Zornotza).

Egitaraua 11:00etan hasiko da. Ordu horretan, batukada taldeak auzoz auzo ibiliko dira kalejiran. 11:30ean, haurren tailerrak hasiko dira Okendo plazan. Batukada erritmo sinpleak eta abesti labur bat landuko dituzte haurrek. Ondoren, 12:30ean, tailerrean ikasitakoarekin emanaldi bat eskainiko dute. Taldeen bazkariaren ondoren, arratsaldean, ekitaldi nagusia izango da. 18:30ean hasiko da, eta Ibon Fernandez eta Maider Gorostegi Gaztea irratiko esatariek aurkeztuko dute. Ekitaldi horretan, aurtengo saioan parte hartuko duten hamar taldeek saio bat egingo dute; banaka ariko dira lehenik, eta, amaieran, denen artean batukaden topaketaren erritmoa joko dute.

BATUKADA TOPAKETA

Noiz. Bihar, 11:00etan.

Non. Okendo plazan.

DANTZAN, BERTSOA OINARRI HARTUTA

Altzako XIV. Bertso Astearen barruan askotariko jarduerak antolatzen ari dira hil honetan, guztiek bertsoa ardatz dutela. Asteari amaiera emateko, igandean Errimak oinetan ikuskizuna eskainiko du Haatik dantza konpainiak, 18:00etan, Altzako Plaza Gorrian. Ikuskizunak bertso saio baten egitura du —hasierako agurrak, bakarkako nahiz binakako saioak eta azken agurra—, baina oholtza gaineko artistak ez dira bertsolariak, dantzariak baizik. "Dantza berriak bertsoei jarriak" dira, ikuskizunaren azpitituluak dioen moduan. Unai Elizasuk eta Aiert Beobidek zuzentzen dute obra. Argazkian, ikuskizunaren aurkezpeneko irudi bat.

“Kafeak garbia, atsegina eta orekatua izan behar du”

Barista da ofizioz eta afizioz Javier Garcia (Irun, 1972). Goi mailako sukaldariak janariarekin bezala, hura kafea ezagutu eta lantzen aritzen da. Haren ofizioa ez da soilik barista izatea, kafeari eskaintzen baitio arreta guztia. Kafezalea da, eta edari hori probatzea gustatzen zaio. Hala ere, ona izateko ezaugarriak argi ditu: "Kafeak garbia, atsegina eta orekatua izan behar du; gozo, gazi eta mingotsaren arteko oreka betetzen duena".

Zerbitzari gisa hasi zuen ibilbidea, eta horretan ari zela egin zitzaion kafea deigarri. Pixkanaka, bere kasa ezagutuz joan zen: fruitu baten hazia dela, zer-nolako motak dauden, lurrak nola eragiten duen produktuan, altuerak, nola biltzen den...

Lehia gosea sartu zitzaion, eta 2007an animatu zen lehen lehiaketan parte hartzera, eskualde mailan. Handik urtebetera, serio heldu zion gaiari, eta Espainiako Txapelketa irabazi zuen, lehenbizikoz. Orduz geroztik, beste hiru irabazi ditu; duela hilabete eskas, azkena. Bide horretan, kafearen munduan murgiltzen jarraitu du. 2009an Nikaraguara joan zen. "Asko ukitu" zuen bidaia hark, kafearen jatorria lehen eskutik ezagutu ahal izan zuelako.

Urte horretan bertan parte hartu zuen lehen munduko txapelketan, Atlantan. AEBetako kafearen gaineko aurreiritziak irauli zituen bidaia hartan: "Kafe harrigarriak probatu nituen AEBetan. Azkenean, gauza guztiekin bezala da: edonon dago denetarik". Esperientzia horrek zentzu guztietan aldatu zuen.

2010eko txapelketa Londresen izan zen, eta ez zen esperientziarekin oso gustura gelditu, ez zuelako gozatu. Orduan enpresa garrantzitsu batean lanean ari zen barista gisa, eta, hurrengo urteari begira, lana utzi zuen, Espainiako Txapelketa ongi prestatzeko. Irabazi egin zuen. 2011n ere, Bogotako munduko txapelketan laugarren geratu zen.

Entrenatzeko prest

Garcia laster hasiko da munduko txapelketarako prestatzen. Jaso berri du han egingo duen erakustaldian erabiliko duen kafea (60 kilo), nahiz eta horren gaineko xehetasunak txapelketaren bukaerarako utzi dituen; sorpresa. "Oso ongi aztertutako kafea da". Garciak azaldu duenez, hainbat txigorketa egingo dituzte kafeak nola erantzuten duen jakiteko, eta uztailaren 10era arte entrenatuko dira —egun horretan izango da txapelketa—.

Bidasoa Bizirik-ek utzitako lokal batean entrenatzen ari da. Han, munduko txapelketan aurkituko duen agertoki bera erreproduzitu du: neurri jakin batzuk dituzten erakusleihoak, munduko txapelketaren babeslearen makina bera eta bestelako tresnak. Munduko txapelketakoa hamabost minutuko ariketa bat izaten da, eta, alde teknikoaz gain, hitzak eta musika ere gaineratzen ari dira. "Behin ariketa prestatuta, errepikatu eta errepikatu egin behar dugu". Puntuazioaren zati handiena, %86, sentsoriala da.

Munduko txapelketa irabaztera doa. "Baina ez munduko txapelduna naizela esateko, hori izateak kafearen mundua hobeto ezagutzeko ematen dizkizun aukerengatik baizik: bidaiak, kultura...". Zehaztu duenez, aldeko, esperientzia du, eta kontrako, denbora, Espainiako Txapelketaren ondoren pare bat hilabeteko tartea izango dutelako prestatzeko.

Joaquin Parrarekin lanean

Azken bi urteetan Right Side Coffee proiektuan murgilduta dago, Joaquin Parra kafe txigortzailearekin. Batik bat kafea txigortzeko eta ikastaroak emateko enpresa bat sortu dute. Txigortzean maila teknikoa asko hartzen dute kontuan, nahiz eta haientzat oinarrizkoena kafe alea bera den.

Hala, kafea ekartzerakoan, kontuan hartzen dute zein iraunkortasun duen eta lehengaia zein baldintzatan ekoizten den. Horrek prezioan eragina duela uste du, baina baita kalitatean ere: "Ekoizleak diru gehiago irabaziko du, eta nik kafe hobea izango dut". Erdialdeko Amerikatik (El Salvador), Hego Amerikatik (Kolonbia) eta Afrikatik (Ruanda, Etiopia) ekartzen dute lehengaia: kafe freskoa.

Behin txigortuta, Internet bidez saltzen dute (www.rightsidecoffee.com). Garciaren arabera, ez dute kafea ehota saltzen, alea bera baizik. Batik bat jende gaztea dute bezero: kafetegi edo coffee corners-en jabeak eta baita partikularrak ere. "Ardo onak erosten dituzten bezala, kafe ona erosten duen jendea dago. Kafearen inguruan, pixkanaka-pixkanaka kultura bat sortzen ari da".

Izan ere, kafea inoiz baino eskuragarriago dago: dendak, etxerako kafe makinak... Horren arrazoia kafearen industriak marketinaren alde egin duen apustua dela iritzi dio Garciak. "Begietatik sartzen den marketina egiten ari dira". Etxeko kafe makina horien gainean, ordea, oso kritiko azaldu da irundarra: "Marketin handi bati esker, produktu bat saltzea lortu dute. Zorroko zopa zerbait esklusibo gisa saltzea lortu dute".

Dioenez, makina horien inguruan entzun du tabernako kafea baino goxoagoa egiten dutela ere, "tabernan ere produktuaren kalitatea falta delako eta prestatzen ari den pertsonaren ezagutza falta delako". Hala ere, kafe makina horiek bezeroei zapore aukera handitu diela iritzi dio: "Hori ondo dago, mundu zabalago bat badela erakusten baitu".

% 5,5

Bidegorrietako txirrindulari kopuruaren igoera urtebetean. Foru Aldundiak herri arteko bidegorrietako kontagailuen 2013ko datuak aztertu ditu: herri arteko bidegorrietan 2012an baino % 5,5 txirrindulari gehiago izan dira 2013an. Guztira, 3,2 milioi joan-etorri izan ziren iaz.

“Ez gara inorenak”

Gogorra da esatea, baina ohitu egiten zara hala bizitzera ere. Ingurukoek salatu egin behar duzula esaten badizute ere, ezin duzu; ezin duzu pertsona hori utzi”. Amandak hitz horiekin azaldu du bikotekideak tratu txarrak ematean sentitzen zuena, Anak ere buruaz baietz dio. Eusko Jaurlaritzak apiril amaieran kaleratutako datuen arabera, genero indarkeria da biktimen arreta zerbitzura jotzeko arrazoi nagusia. Gipuzkoako kasuan, 1.138...

“Terapiari esker, ahalduntzeko aukera dute tratu txarren biktimek”

Tratu txarrak jasandako emakumeei arreta terapeutikoa eskaintzen die Maria Angeles Alvarez psikologoak (Donostia, 1957). Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialeko elkargokidea da, eta elkarte horren mintegian hitzaldia eman zuen astelehenean. Zergatik antolatu duzue mintegia? Ezinbestekoa delako arreta eskaintzea indarkeria matxista jasan dutenei. Pairatzen duten emakumeek behar bezalako arreta jasotzeko, beharrezkoa da psikologo talde on bat txukun formatuta egotea ere. Guri dagokigu genero...

Umeentzat arreta programak lantzen ari da Agintzari

Agintzari elkartea ikerketak egin eta genero indarkeria sufritzen duten adingabeen tratamendurako programa bereziak lantzen ari da. Bertako indarkeria eta harreman gatazkatsuetako lerroaren zuzendari Josu Gagoren arabera, "amen aurkako indarkeriaren l...