Jokoa eta terapia, lagun artean

Hasi berri dute Bidania-Goiatzen Gipuzkoako III. Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako Txapelketa. Zortzi kirolari ari dira lehian, bikoteka; guztiak, Usurbilgo pilota elkartekoak: Hilario eta Edorta, Aizpe eta Beñat, Iñaki eta Aingeru eta Edurne eta Jurgi. Joan den larunbatean jokatu zuten lehiaketako aurrenekoa.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak elkarlanean antolatu dute txapelketa. 2006-2007an sortu zuten gurpil aulkiko paleta kirola. "Beste kirol batzuk egokitzen ari ziren, eta pilota Euskal Herriko kirol bat izanda, kirol egokitua sortzeari ekin genion. Hala, palakoa urritasun fisikoa dutenentzat moldatu genuen", azaldu du Jurgi Olasagasti bi taldeen entrenatzaile eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak.

Hasieran, aisialdiko jarduera fisiko moduan jarduten zuten palan. Baina, pixkanaka, txapelketetara animatu ziren. "Erakustaldiak egiten, partidak eta lehiaketak jokatzen hasi ginen pixka- naka. Orduan, nola arautu genezakeen pentsatzen hasi ginen, bikoteak orekatuagoak izateko. Urritasun fisikoen arabera, muga desberdina da. Beraz, urritasun fisikoaren eta joko mailaren arabera oreka bilatuz osatzen ditugu bikoteak". Gurpil aulkiko palako arautegiaren oinarria palarena da, baina aldaketa batzuk ere egin dizkiote: tresna aldetik, pala eta pilota arinagoak dira, pisuagatik. "Eskuarekin bakarrik ibiltzen direnez, ezin da jokatu bestela". Sakea hirutik bira da, eta laua pasa da. Berezitasun nabarmenena, berriz, bi bote eman daitezkeela da.

Hasieran jokalari gutxi zirenez, eurek sortu behar izan zuten arautegia: "Araudia guk geuk sortu genuen. Horregatik, arautegian edozeinek joka zezakeela gehitu genuen. Beraz, urritasun fisikoa ez dutenek ere joka dezakete. Kirol egokitu bakarra da inklusiboa dena: gizonek eta emakumeek denek nahastuta jokatzen dute, urritasuna izan edo ez". Hala ere, lehentasuna urritasuna daukatenek dute.

Baina kirol hori "oso garestia" da: "Aulkiek diru asko balio dute. Kirol hau egiten duen jende asko izatea ona litzateke, baina horrek atzetik azpiegitura handi bat eta, batez ere, diru asko behar du".

Beñat Lizaso da txapelketako lehiakideetako bat. Bost urte daramatza gurpil aulkiko palan jokatzen; gehientsuenek denbora hori daramatela dio. Pilotan jokatzeak askatasuna ematen dio: "Gehientsuenok lesio fisiko handiak dauzkagu, eta hau guretzat terapia bat da. Guri kirol honek askatasun handia ematen digu: biratzeko, aurrera-atzera... Palak hori ematen digu, eta baita lagunartean kirola egiteko aukera ere. Ondo pasatzeaz gainera, lehia puntua ere badu, galtzea ez baitzaigu gustatzen. Polita da". Txikitatik erakarri du pilotak, eta horretarako aukera eman dio gurpil aulkiko palak.

Konplikazio askorik gabeko kirola da, Lizasoren ustetan: "Guri erraztasunak emateko egokitu dute, beste kirol batzuk bezala". Hala ere, duten lesio fisikoaren araberako mugak dituzte: oreka, balantza, indarra eta mugikortasuna. Hala dio Andoni Aizpeolea Aizpe-k, Gipuzkoako txapelketan Lizasoren bikotekidea denak: "Lesio larriagoak ditugunok oso mugikortasun eta oreka gutxi daukagu. Horrek eragin handia du jokatzeko orduan; asko mugatzen gaitu abiaduran, mugimenduan, indarrean. Gerriarekin ez da ezer egiten".

Irabaztea, bigarren mailan

Muga fisikoak ez ezik, norberaren izaerak ere badu zerikusia, Aizperen ustez: "Batzuk oso lehiakorrak dira, eta beste batzuei hori ez zaigu hainbeste gustatzen. Nik beti kirol asko egin dut, baina bai bizitzan eta bai kirolean lehiakortasuna ez dut inoiz gustuko izan". Hala ere, lagunarteko lehiak tentatzen du: "Beti da atsegina irabaztea, baina galtzeak ere ez dit batere molestatzen".

Beste kirol batzuk ere egiten dituzte; Lizaso, esaterako, bizikletan ibiltzen da. 2012an Espainiako txapelduna izan zen pista estalian. Baina ondoren, eroriko bat izan, eta izterrezurra hautsi zuen. Orain, saskibaloia probatu nahi du, "aulkiari maina pixka bat hartzeko". Iaz hastekotan egon zen, baina denerako dirua ordaindu behar dela dio: "Nik 47ko elbarritasuna daukat, eta laguntzarik ez dut. Kirol batzuk egiteko gauza asko ordaindu behar izaten dira: belodromoa, kiroldegia, segurua... Baina polita da, eta, kirola egitea gustatuz gero, ez dago besterik". Aizpe, berriz, esku bizikletan ibiltzen da, Lizartza inguruan, Alegi aldean, Urbasan eta Araban. "Astegunean eta zirkulazio gutxi dagoen tokietan ibiltzen naiz".

Usurbilgo pilota elkartekoak dira denak, baina guztiak ez dira usurbildarrak: tolosarrak daude, soraluzetar bat, bidaniar bat... Ostegunetan Zubietan entrenatzen dira, eta txapelketako jardunaldi bakoitzean, bikote denek denen kontra jokatzen dute. Partida gehienak lehiakideen herrietan jokatzen dituzte; aurten, aurrenekoz jokatu dute Bidania-Goiatzen.

Usurbilgo taldeaz gain, Errenterian badago beste talde bat, Mindara elkartetik sortutakoa. Baina hasiberriak dira. "Aulkian jokatzen dute haiek ere, baina txapelketan ez dute parte hartzen, aurten hasi direlako eta txapelketa jokatzen ari direnekin konparatuta maila aldetik oraindik berriak direlako", esan du Olasagastik. Gipuzkoako txapelketan parte hartzen ari direnek hainbat urte daramatzate jokatzen, eta "nahiko maila ona dago".

Mila esker, Joxepa!

Hau poza! Goizean esnatu, eta gosaldu bitartean egunkaria irakurtzen hasi, eta hara non egin dudan topo, Aitziber Garmendiaren Etorri da Joxepa idatziarekin. Izenburuak erakarrita, irakurtzeari ekin diot, eta nola esan… barruan sortutako zirrarak egun guztirako pozez bete nau. Pozgarria da jendeak horrelako oroitzapenak barruan gordeta daramatzala entzutea. Batez ere, gu bezalako bikote gazte batek bizitza baserrian finkatu nahi dugunean.

Orendaingo bikote gazte bat gara. Etxe honetakoek betidanik izan dute baserria lanbide —beste etxe askotakoek bezalaxe Euskal Herri osoan—. Orain, behien esnearekin jogurtak eta izozkiak egiten hastekoak gara berehalaxe, eta bide luze eta zail horretan beti izango dut gogoan Joxepa! Ja, ja, ja…

Egia da min handia ematen didala azkenaldian moda kontu hori dela-eta darabilten zurrunbilo itsusi hori ikusteak eta entzuteak; baina egia da min handiagoa ematen didala, jendearen ezjakintasuna kontuan izanda, gauzak irensteko duten erraztasunak. Batzuei ez zaiela komeni, besteei ez zaiela gustatzen, edo nahiago dutela Coca-cola, edo gizendu egiten duela, alergiak ere hor daude…

Noski, hori da errealitatea, baina orokortasun batean esnea txarra dela? Hori esaten duena Aitziber Garmendiaren idatzia irakurtzera gonbidatuko nuke. Eta ondoren berriz egin galdera: esnea txarra dela?

Bueno, idatzitxo hau baliatuz, gure eskerrik beroenak proiektu honetan sinistu eta parte hartu duzuen guztioi. Zuen laguntza ezin bestekoa izan delako! Eta nola ez, omenaldi txiki bat Euskal Herriko baserritarrei!

A, ia ahaztu zait, gu Larreta baserrikoak gara, gure esnekiak dastatu nahi dituena… Ongi etorri! Ezin ahaztu Aitor Esnaola eta gainontzekoak. Leire Lizeaga.

Esperimentazio plaza, berrituta

Gozatzeko espazioak lehia ordezkatu du; mahai bueltak, berriz, oholtza gaina. Martxan da Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. 34. aldia du aurten, eta berrituta iritsi da, bai filosofian, baita formatuan ere. Gipuzkoako Bertsozale Elkartea et...

BIZIKLETA SUSTATZEAGATIK SARITUA

ConBici koordinakundeak 2013ko XI. ConBici saria Gipuzkoako Foru Aldundiari ematea erabaki du. Aldundiak bizikletaren erabilera sustatzeko eta, oro har, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko egindako lana goraipatu du Haritz Ferrando ConBiciko idazkaria...

Astea bete musika

Musika Astea

Pasaia

Pasaiako hainbat txoko musikaz beteko dira gaurtik hilaren 30era arte: Antxoko Musika Astea antolatu du beste urte batez Pasaitarrak Musika Elkarteak. Guztira, zazpi kontzertuz gozatzeko aukera egongo da; gehienak Pasai Antxoko elizan izango dira.

Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietaren saioa izango da lehena, gaur, 20:30ean, Antxoko Kultur Etxean. Bakarkako lehen lana iaz kaleratu zuen gernikarrak, Deserriko kantak (Elkar); horretan, Joseba Sarrionandia, Mario Benedetti, Harkaitz Cano eta beste zenbait idazle eta poetaren hitzak jaso ditu.

Bihar bikote baten emanaldia entzun ahal izango da: Haizea Muñoz sopranoa eta Ana Belen Garcia piano jotzailea elkarrekin ariko dira, 20:00etan, elizan. Dagoeneko ekitaldi ugaritan jardun dute batera, eta, besteak beste, Donostiako Musika Hamabostaldian eman dute kontzertua bikote moduan.

Herriko abesbatzen txanda

Pasai Antxoko elizak hartuko du igandeko saioa ere, 19:30ean. Kasu horretan, herriko bi abesbatzak kantatuko dute: Pasaia Abesbatzak eta Pasaia Gazte Abesbatzak. Lehenak hogei urteko ibilbidea du —iaz bete zituen—, eta 18 eta 30 urte bitarteko gazteek osatzen dute; bigarrena, berriz, nerabeen abesbatza da.

Astegunetako atsedenaren ondoren, hurrengo ostiralean jarraituko dute emanaldiekin. Hilaren 28an Musikeneko hari laukotearen txanda izango da, Pasai Antxoko elizan, 20:30ean. 2001ean goi mailako musika ikastegia zabaldu zutenetik, askotariko taldeak sortu dira, eta hainbatek izan du Antxoko Musika Astean parte hartzeko aukera. Aurten ere, Musikenen aritutako beste musikari batzuen saioak entzun ahalko dira: Ibon Irijoaren jazz konboa hilaren 29an izango da, 20:30ean, kultur etxean.

Musika astea amaitzeko, beste bi kontzertu prestatu dituzte. Bata Pasaiako Illunbe Musika Bandaren eskutik helduko da, hilaren 30ean, 13:00ean, Pasai Antxoko Zumardian; bestea, berriz, Oñate Txiki abesbatzak emango du, egun berean, 19:30ean, elizan.

Neska mutilatuak

Azkenaldian ablazioaren gaiak bazterrak harrotu ditu, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak (UAB) egindako ikerketa batek lehen lerrora ekarri baitu gaia. Migrazio mugimenduak direla-eta, Europako herrialdeetan hazi egin omen da ablazioaren praktika, besteak beste, Saharaz hegoaldeko migrazioak gora egin duelako. Genital mozketa hori sufritzeko arriskuan omen dira Espainiako estatuan 17.000 neska gazte, gutxi gorabehera. Eta horietatik 1.329 dira Hego Euskal Herrian egitekoak. Adriana Kaplanek, ikerketa txostenaren egileak, prebentziorako kanpainak abian jartzeko premiaz jardun du, eta genital mozketak dakartzan osasun arazoak gogora ekarri. Mendebaldeko hainbat pentsalari eta osasungile erritu horrekin aztoratu egiten dira —ulertzekoa!—, baina Mendebaldean ohikoak diren genital mozketak edo genital ebakuntzak ez dituzte aipatu ere egiten, eta ikusezin bihurtzen. Intersexualei praktikatu ohi zaien ebakuntzez ari naiz, jakina.

Duela hiruzpalau hilabete Alemaniak hizpidera ekarri zuen intersexualen auzia. Australiak harturiko bideari segika, Alemaniak legez arautu zuen indeterminate sex. Sexu indeterminatu deiturak, ordea, sexu jazarpena dakar: arautzat baititu sexu determinatuak, eta anormaltasunaren ikurtzat edozein anbiguotasun. Angel Erroren Neska mutilatua poemak trebetasunez adierazi bezala, haurrak krudelak dira —helduongandik ederki ikasita—, eta bizkar ematen diete neska mutilatuei: "(…) Auzoko haurrek kasu ez diote/ egiten [neska mutilatuari]. Hain dira krudelak haurrak / Harekin joatea saihesten dute/ eta amen altzoetara doaz /amak esplika diezaien/ neska mutilatuak ez direla/ existitzen, ez mutil neskatuak". Bizkar ematen zaio anbiguotasun generikoari.

Edonola ere, lege horrek intersexualak ikusgarri egin zituen: batetik, komunitate intersexualaren tamaina egin zen ikusgarri —Alemanian 85.000-100.000 pertsona—; eta, bestetik, Mendebaldeko medikuntzaren praktikak gogora ekarri zituen: intersexualei jaioberritan genitalak moztu ohi zaizkie edo bestelako ebakuntzak ezarri, genero identitate eztabaidaezina esleitzeko, hau da, emakume ala gizon izendatzeko. Ikusezin egin ohi dira halakoak, eta, batik bat, ebakuntza osteko ondorioak: bizi osorako hormona irensle bihurtzea, osasun arazo korapilatsuak. Kathleen Winterren Annabel nobelak, Josu Zabaletak euskaraturikoak, ikusgarri egiten du ibilbide korapilatsu hori, pertsona baten hazkuntza baitu kontagai.

Hortaz, jada 1990eko hamarkadan Cheryl Chasek salatu bezala, ablazioaz hitz egiterakoan handia da Mendebaldeko kulturaren gurasokeria, egun ere.

MUSIKA ETA BERTSOA, UMOREA ETA IRONIA

Bertsoak eta musika uztartzen ditu Bi bala ikuskizunak. Herriz herri dabiltza Iñaki Gurrutxaga, Aitzol Barandiaran eta Julen Goikoetxea emanaldia eskaintzen, eta gaur Andoainen izango dira. 22:30ean hasiko da saioa, Irunberri tabernan. Emanaldi guztiak ezberdinak izaten dira, doazen herrirako propio sortutako hitzak eta doinuak egiten baitituzte. Iazko Bertso Egunerako Gurrutxagak eta Barandiaranek sortutako pieza batetik abiatu zen proiektua; krisia gaitzat hartu eta The Beatles taldearen hainbat kanta moldatu zituzten. Arrakasta lortu zuen ikuskizunak. Oraingoan ere, gaur-gaurko gaiei egiten diete erreferentzia, umorez, ironiaz.

“Gakoa ez dago ahoa ixtean, begiak irekitzean baizik”

Bizitza estilo osasuntsu bat eraman ahal izateko, ezinbestekoa da elikadura egokia izatea. "Eguneroko ekintzei aurre egiteko berebiziko garrantzia izateaz gain, elikadurak gaixotasun askoren prebentzioan eta tratamenduan ezinbesteko tokia betetzen du;...

Portuak jandako berritzea

Pasaiako badiaren biziberritzeak hamaika zeresan eragin du. Duela aste batzuk, Eusko Legebiltzarrean landu zuten gai hori, Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Jesus Maria Zaballos de Llanos, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria eta Herrera Herrira Herritar Batzordeko ordezkariek. Badia nola berrituko den argi ez badago ere, kanpo portuaren eraikuntzaren aferak eragin du urteotan zalaparta gehiena; gai horrek muturreko iritziak eragin zituen, eta, orain,...