Udaletako Berdintasun sailek aspalditik antolatu izan dituzte Literatura eta emakumeak gaiaren inguruko ikastaroak, baina gazteleraz gehientsuenetan. Azken urteetan, ordea, euskarazko eskaintza ere ugaritu egin da, eta indar berezia eman zaio begirada feminista lantzeari. Horren adibide dira Donostiako Emakumeen Etxean egiten diren bi ikastaro: Irakurle eskola feminista eta Mito literarioak eta irakurbide feministak. Iratxe Retolazak dinamizatzen ditu bi ikastaroak.
Irakurle eskola feminista iaz sortu zuten Kaxilda liburu gunean, eta urrian hasi ziren Emakumeen Etxean elkartzen. Talde mistoa da, eta, gutxi gorabehera, 10-15 lagun elkartzen dira hilero. Ikastaroaren helburua da pentsamendu feministan sakontzea, baina betiere abiapuntutzat hartuz esperientzia pertsonalak. Hori dela eta, gorputzak hitz azpititulua gehitu diote. "Diskurtso feministek ohartarazi dute geure gorputzaren esperientziari erreparatu behar zaiola, eta dei egin digute gorputzari buruzko diskurtsoei erreparatzera". Horregatik, pentsamendu feminista landu duten testuak irakurtzean, irakurleen "gorputzak eta esperientziak hitz bihurtu" eta "partekatu" egiten dituzte.
Partaideen arteko elkarrizketa da saioen muina, eta elkarrizketa horiek irakurgai jakin batzuen inguruan bideratzen dituzte. Batzuetan, irakurgai motzak irakurtzen dituzte —iritzi testuak, artikuluak—, eta, irakurri ahala, irudipenak partekatzen dituzte; beste batzuetan, berriz, liburu baten inguruan aritzen dira.
Mito literarioak eta irakurbide feministak ikastaroa duela hiru urtetik antolatzen du Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak. Beste ikastaroan ez bezala, fikziozko testuak irakurtzen dituzte bertan. Besteak beste, mito literarioetan gorpuztutako genero eraikuntzak aztertzen dituzte.