“Familiako ofizio honen laugarren belaunaldia naiz ni”

Erlojugileek, ordulari baten mekanismoaren bitartez, denbora kontrolatu eta doitu behar dute. Erloju konpontzaileen ezaugarririk nabarmenenak abilezia eta intuizioa dira, erlojua konpontzeko arazoa nondik datorren ikustea ez baita nolanahiko lana.

Jose Ramon Munduate (Ordizia, 1950) erlojuak konpontzen aritu da 14 urte zituenetik, aitak Ordizian zeukan erloju tailer-dendan, eta hantxe ikasi zituen ogibidearen nondik norakoak. Aitarengandik ikasi zituen erlojugintza tradizional mekanikoari buruzko ezagutzak: "Aitak eta aitonak erakutsita ikasi nuen ofizioa; lehendabizi birraitona hasi zen ofizio honekin, ondoren aitonak jarraitu zuen, gero aitak, eta, gaur egun, ni ari naiz tradizioari jarraitzen. Sendiko ofizioaren laugarren belaunaldia naiz ni".

Gaur egun, Ordiziako Kale Nagusian dagoen Munduate erloju dendan lan egiten du. 1883. urtean eraiki zen Ordiziako Munduate erloju denda, eta, geroztik, belaunaldiz belaunaldi lanean jarraitu dute senitartekoek, herritarren zein beste edozein bezeroren erlojuak konpontzen.

Erlojuak konpontzeaz gain, eskaintza zabala dute erloju dendan: bitxiak, oparitarako elementuak… Gainera, merkatuan ezagunak diren markekin lan egiten dute. Horrez gain, erlojuak konpontzeko lantegi propioa daukate, eta bertan konpontzen dituzte bezeroen ordulariak.

Garai bateko erlojuekin alderatuta, gaur egungoek ez dute zerikusirik hasierakoekin. Erloju mekanikoak alde batera utzi dira, eta digitalak dira nagusi. "Erlojuak erabat aldatu dira; orain berriro automatikoak erabiltzen hasi denik ere bada, baina oso gutxi hala ere. Erloju automatikoek ez dute pilarik, mugimenduarekin ibiltzen direnak dira, eta kargatu egiten dira", azaldu du Munduatek. Hala ere, gehien erabiltzen diren ordulariak kuartzoan eginak eta digitalak direla jakinarazi du.

Garai batean ordularien zenbait alderdi elektroniko konpongarriak baziren ere, gaur egun, kasu gehienetan pieza osoa aldatzen dela adierazi du erloju konpontzaileak. Gainera, gaur egungo ordularien arazoak konpondu ahal izateko, erloju konpontzaileek tresna bereziak eduki behar dituzte. "Garai batean, erlojuen konponketa lanak egiteko, beharrezkoa zen piezak desmuntatu, pieza bakoitza banan-banan garbitu eta hautsita zeuden piezak konpondu ondoren berriro guztia muntatzea; eta, horren ondoren, bezeroari itzultzen zitzaion erlojua. Baina, orain, oso gutxitan egiten dira horrelako konponketak", azaldu du erloju konpontzaileak.

Zaila izaten da, beraz, ordulari digitalak konpontzea, mekanismo guztia ukitu ere egiterik ez dagoen zirkuitu itxi batean biltzen delako. Erloju konpontzaileak esan duenez, "gehienetan dena aldatu behar izaten da. Moduluak bezala izaten dira, eta batzuetan horiek ezin dira konpondu hondatuta dauden piezak aldatuta ere". Dena dela, izaten dira konpondu ezin daitezkeen arazoak ere: "Askotan denbora mordoa pasatzen dugu, eta ez dugu asmatzen zein den arazoa, eta horrek sekulako amorrazioa ematen du".

Egungo bezeroak

Horrenbeste ordulari marka izanda, erloju konpontzaileek hainbat pieza eduki behar izaten dituzte beren tailerretan. "Ofizio honetan aspalditik gabiltzanez, pieza mordoa ditugu, baina, batzuetan, eskatu egin behar izaten dira hainbat almazenetatik: bai Donostiatik, bai Bartzelonatik baita Madrildik ere".

Ordiziarrak esan duenez, erosleen profila askotarikoa da. Adinekoek nahiz gazteek erosten dituzte erlojuak. Gainera, gaur egun ordulariak maiz ematen dira opari modura ere: "Gehienbat, edadetuei oparitzen zaizkie ordulariak. Batzuetan ezkondu zirenetik 50 urte bete dituztelako, besteetan erretiroa hartu dutelako... Gazteak gehiagotan etortzen dira ordulariak erostera, sarriago aldatzen baitute erlojua, moda kontuengatik gehienetan". Baina, azken urteetan, krisiaren ondorioz erloju salmenta ere gutxitu egin dela adierazi du.

Bezeroak erloju zaharrak edo familiako oroigarriak konpontzera joaten diren galdetuta, honela dio Munduatek: "Erloju zaharrak konpontzera etortzen direnean gehienetan hormako erlojuak izaten dira. Eskumuturreko erloju zaharrak ere konpondu izan ditugu noizbehinka, baina gehienetan oso hondatuta egoten dira, eta batzuetan ez du merezi horiek konpontzea. Ongi jartzeak ere denbora asko eskatzen baitu eta horren ondorioz gora egiten baitute prezioek".

Konponketa prozesua

Prozesu guztietan, ordulariak konpondu edo garbitu behar dituenean, lehendabizi aurrean duen pieza aztertzeari ekiten dio erloju konpontzaileak, arazoa zein den ikusteko. Ondoren, bezeroari aurrekontu bat prestatzen dio, eta horrek onartzen badu, erlojuaren konponketarekin hasten da. "Lehendabizi, erlojuak zein arazo daukan ikusten da, eta, ondoren, bezeroei gure iritzia ematen diegu konponketa egitea merezi duen ala ez esanez".

Munduateren esanetan, bere ogibidean bi bertute nagusi behar dira: pazientzia eta pultsua. "Pazientzia da, nire ustez, ofizio honen gakoa, baina pultsuak ere badu garrantzia. Baita ikusmenak ere, baina hori luparekin konpontzen da", azaldu du. Horiez gain, komenigarria da eskarmentua eta intuizioa izatea ere, diagnostikoa azkar eta zehaztasun osoz egin ahal izateko: "Esperientziak ere asko esaten du".

“Mistoa aurten ez da berrikuntza izango”

Lander Oterminek lan bikoitza izango du aurtengo Munduko Sokatira Txapelketan. Alde batetik, tiratzaile moduan ariko da Ibarrakoa, eta, bestetik, nesken taldearen entrenatzaile gisa.Nola iritsi dira munduko lehiara Ibarrako neskak? Lauko txapelketan o...

Goi tentsioko linea geldiarazteko, lur eremuak babestuko dituzte

Handiegia da 247 elektrizitate dorreren itzala; ilunegia sor lezaketen ikuspegia. Goi tentsioko tinearen aurkako taldeak ez du itzal erraldoi hori onartu nahi, argitan bizitzen jarraitu nahi du. 400 kilowatti egin behar diete aurre, eta, horretarako, oso bestelako energia darabilte, herritarren batasunaren indarra.

2011ko abuztuan iritsi zen Goierriko udaletara goi tentsioko linearen proiektua —Nafarroako Deikaztelu eta Gipuzkoako Ezkio-Itsaso herrien artean eraiki nahi dute——, eta irailean bertan, horri aurre egiteko taldea sortu zuten. Hasieratik izan zuten argi autobide elektrikoa geldiarazi beharra zegoela, eta hori lortzeko, ekintza ugari egin dituzte. Azkena Lurkide Konpromiso izeneko kanpaina izan da, eta aurkeztu zutenetik, harrera bikaina izaten ari da.

Otsailaren 8an aurkeztu zuten egitasmoa Zeraingo kultur etxean, Geroa lurretik hasi lelopean. Goi tentsioko lineak funtziona dezan, 247 dorre behar dira, eta beste hainbeste lur eremu horiek eraikitzeko. Kanpainaren helburuetako bat, hain zuzen ere, lur eremu horiek babestea da. Horretarako, lurkideak behar dira, hau da, eremu horiek babestuko dituzten taldeak.

Lurkideek zenbait ekintza antolatuko dituzte eremuak babesteko. Lehena udaberri aldean izango da, eta egun garrantzitsua izango dela nabarmendu dute Enara Sodupek eta Xabier Lazkanoiturburuk, goi tentsioko linearen aurkako taldeko kideek: "Kanpainako parte hartzaileak euren lur eremuetara joan, eta argazkiak ateratzea da egun horretarako asmoa".

Kanpainaren bitartez, plataformatik kanpo ere informazioa zabaltzea espero dute, eta hala, gizartean, goi tentsioko linea gelditzeko "sare bat eratzea". Izan ere, "kanpainako partaideek batzarretan hartuko dute parte, eta denen artean erabakiko da zein pauso eman".

Kanpainak hasieratik oso harrera ona izan du, eta dagoeneko, herritar askok egin du bat; "benetan arrakastatsua izaten ari da". Sodupek eta Lazkanoiturburuk adierazi dutenez, "prentsaurrekoa egin zenetik, jende askok eman dio bere babesa kanpainari". Horrenbestez, plataformatik kanpo ere ari da sarea osatzen, eta horrek "elkartea aberastu egiten du".

Lurkide Konpromiso kanpainak berehala ekin dio partaideak mobilizatzeari. Hain justu ere, joan den larunbatean izan zuten lehen batzar orokorra Artikako kultur etxean (Nafarroa). Batzar horretan aurrerantzean egingo dituzten ekintzak adostu zituzten. Ekintza horien berri aurreraxeago emango badute ere, plataformakoek adierazi dutenez, batzarra oso ondo joan zen, eta oso gustura geratu ziren bertaratu zirenak.

Linearen arriskuak

Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean eraiki nahi dute autobide elektrikoa; horrenbestez, 127 kilometroko ibilbidea izango luke. Ibilbide horretan, 247 elektrizitate dorre jarri beharko lirateke; horietako batzuk 85 metroko garaierakoak. Neurriak direla eta, plataformakoen hitzetan, "lautada batean ere eragin txarrak izango lituzke, baina pentsa hemen —Goierrin—, dena mendia izanda".

Tamaina ez da, ordea, plataformakoak kezkatzen dituen afera bakarra; horrez gain, oso larria deritzote lineak sortuko duen elektromagnetismoari: "Autopista elektrikoak 400 kilowatt garraia ditzake, eta bi noranzkotan, gainera; ez dago imajinatzerik zer-nolako elektromagnetismoa sortuko lukeen horrek".

Autobide elektrikoak zer-nolako eraginak izan litzakeen galdetzean, eraiki ahal izateko "naturan sekulako txikizioa" egin behar dela azaldu dute: "Zuhaitz mordoa bota behar da, eta dorreen inguruan ezin da ezer landatu". Elektromagnetismoak, gainera, espezie babestuei eragingo lieke, eta pertsonen osasunak ere kalte itzelak jasango lituzke: "Gisa honetako dorreen inguruan bizi direnek lo egiteko arazoak eta buruko minak izaten dituzte, besteak beste, eta minbizia kasuak ere ugariak dira".

Hori guztia jakinda, logikoa da pentsatzea azpiegitura horrek herriguneetatik urrun egon beharko lukeela. Hain justu ere, Europako Batasunak gomendatzen du halako dorreak herriguneetatik gutxienez 400 metrora jartzea.

Baina aholkuari uko egitea ez denez legez kanpokoa, neurriak, kasu honetan bezalaxe, ez dira beti errespetatzen. "Esaterako, Barbarin —Zeraingo auzoa—, baserrien gainetik pasatuko da linea; benetan gertu izango dituzte dorreak. Gabirian, berriz, herrigunetik 50 metrora eraikitzeko asmoa dago".

Herritarren erantzuna

Plataformakoak gogor ari dira lanean goi tentsioko linea eraiki ez dezaten, eta 2011n sortu zenetik, ekintza ugari antolatu dituzte. Besteak beste, alegazioak biltzeari ekion zioten; aurrez udalek egin zuten moduan, herritarrek sinatzea zen xedea.

Helburua 10.000 alegazio lortzea zen, eta guztira 14.000 lortu dituzte. Alegazio horien erantzuna gaurdaino, ordea, "isiltasuna" izan da. "Urtarrilean jakin behar genuen zerbait, baina otsaila ere iritsi da, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso", azaldu dute plataformakoek. Erantzunik ez da heldu, baina plataformakoek lanean segitzen dute. Nabarmendu dutenez, era guztietako pertsonak daude taldean; "adin, ideologia, sexu, lanbide eta izaera desberdineko jendea da"; alabaina, xedeak batzen ditu. Sodupek eta Lazkanoiturburuk nabarmendu dute Autopista Elektrikorik Ez plataforma eta antolatzen dituzten ekintzak erabat irekiak direla; horrenbestez, informazio bila nahiz parte hartzera doana "ongi etorria izango da".

Ertzainen dukesa

Otsailaren 2a, igandea. Zuetako asko bazkalosteko tertulian egongo zineten, beste batzuk zinera bidean agian, eta larunbateko pozaren osteko ajearekin ezin adiskideturik zebilenik ere izango zen. Gu, ordea, teatrerook, ohikoa den moduan, lanera bidean gindoazen. Bagoaz, furgonetaren aurrealdean eserita hiru taldekideak, Martin gidari lanetan, ni erdian eta Iker beste aldean. Behobiako ordaintokira iritsi gara; furgoneta gelditu eta bidesaria ordaintzeko zain gaudela, Ikerrek segurtasun uhala askatu, GPSa piztu eta, bide batez, galtzetako atzeko poltsikotik dirua ateratzeko aprobetxatu du geldialdia. Eta gutxien espero genuenean, ttaka, ertzain bat bide ertzean guri begira alto eginez. "Jode, zinturoia", entzun diot Ikerri segituan. "Lasai, gizona, geldirik gaudela oraintxe kendu duzu eta, hori ulertuko dizu!", izan da gure erantzuna, suposatuz, noski, parean genuen ertzainak adimen maila minimoa izango zuela. Kale egin dugu gure suposizioan, lastima.

Gidariaren aldeko leihora hurbildu da; Martinek leihatila jaitsi, eta "epa, atsalde on" fresko batekin agurtu du 26 bat urteko autoritate gaztea. Ez zaio askorik gustatu euskarazko agurra, aurpegian nabarmendu zaio deserosotasuna, eta segituan ulertu dut zergatia. Hizketan hasi orduko konturatu gara bere euskara maila eskasaz, Ana Botellaren ingelesa alde ederrekoa da haren euskararen aldean, pentsa! "Kaiso, dokumentasioa fabores, surea eta... sure lagunarena". Lagunaren erreferentzia hatzarekin Iker adieraziz esan du. Eta ni? Ni zer, ez al naiz existitzen? Horretan ere diskriminatu egin behar al gaituzte? Hementxe noa ba, furgonetaren aurrealdean, erdi-erdian, ze uste du Ambipur Pino naizela?

Bi nortasun agiriak hartu, eta hogei bat metro aurrerago dagoen furgoneta batera abiatu da. Eta hogei metro horiek Oliver eta Benjiren futbol zelaiak baino luzeagoak iruditu zaizkit. Gauza motelagorik ez dut ezagutu sekula! Albako Dukesak askoz bizkorrago egiten du hondartzatik uretarainoko joan-etorria udako egun beroetan. Zortzi minutu joateko eta beste zortzi bueltatzeko, furgonetaren barrukoak kontatu gabe, hamasei minutu zakarretara Ertzaintzak fitxatu duen Dukesa makalaren ganoragabekeriagatik. Noizbaiteko batean iritsi da gure furgoneta parera, oraingoan Ikerren leihatila aldera, eta isun bat eskutan duela harroxko tonuan hasi zaio hizketan: "Te comento...". Ez dauka adorerik esan beharrekoa euskaraz esateko, ez duelako potrorik bere akatsak eta gabeziak airean uzteko. "Tienes una multa por infringir el precepto 117.1, por no llevar el cinturón de seguridad abrochado...", minutu batzutan jarraitu du, non eta zenbat ordaindu behar duen esanaz; Ikerrek pazientzia osoz entzun ditu Dukesaren indikazio guztiak. Bukatu duenean, Ikerren txanda, euskaraz erantzuten hasi zaio, gustatu zait eragin didan zirrara: "Hi heurera? Ba gu ere geurera", pentsatu dut harro-harro. Nabarmenak dira Ikerren ahots lasaia, dardararik gabea eta estropezurik gabeko argumentu sendoak. Dena azaldu dio, eta berak segurtasun uhalik gabe ikusi gaituenean geldirik geundela azpimarratu dio. Ertzain motelak inongo interesik gabe entzun dio kontatutakoa, patata tortillaren errezeta entzuten balego bezala.

Alferrik izan dira Ikerren ahaleginak; nabarmena da Dukesari autoritatearen botereak orgasmo batek baino plazer handiagoa ematen diola, sekula orgasmorik ezagutu badu, noski. Ikerrek, ahotsik altxatu gabe, erantzun dio "Hara, zu aspertuta zaude igande arratsalde batean hemen egotea tokatu zaizulako; gu lanera goaz, eta denbora piloa galdu dugu hemen zure zain, ze barkaidazu, baina zu baino pertsona motelagorik ez dut sekula ezagutu. Motela, bai, mo-te-la. Ordainduko dut isuna, eta kito, baina pena handia ematen dit zu bezalakoengatik gure poliziak hain itxura txarra izateak". Eta babo aurpegi horrekin gelditu den Dukesak orduan ikusi du Ambipur Pinok irribarre maltzur bat egin duela, harrotasuna ezin disimulaturik. Berriz ere, ahots dardaratiaz Botella estiloko euskaran hitz egin digu. Gauzak modu horretan esan beharrik ez omen dago, eta beste jarrera bat izan balu isuna kenduko liokeela, baina "orain ja es disut kenduko".

Lau aldiz gertatutakoa edukazio osoz azaldu ondoren isunik kentzeko imintzio txikienik ere ez duzu egin, gandorra tente zenuela gozatu duzu gure eginahalei begira, eta orain hau sinestea nahi duzu? Eta beste gauza bat: hori al da zure autoritate karguari ematen diozun errespetua? Ipurdia zupatzen dizunari isuna kentzeko promesa egitea? Lotsa eman behar lizuke zure euskara mailak; lotsa 80 urteko agure makuludun bat baino motelago ibiltzeak; lotsa arrazoizkoa ez den isun bat jartzeak; eta lotsa bizitzan hori baino helburu gehiagorik ez izateak. Ikerrek ordainduko ditu 100 euroak, baina zure ezintasuna ordaintzeko adinako dirurik ez duzu sekula bilduko.

‘Potologuekin’ bueltan

BakarrizketakElgeta eta ZarautzBodologuak ikuskizunak izandako arrakastaren ondoren, bueltan dira Mikel Pagadi, Nagore Aranburu eta Egoitz Lasa bakarrizketa saio berriekin. Mejoratuta datoz, gainera. Gaur estreinatuko dute Potologuak, mejoratuta gatoz...

ALJIBEA BIZIBERRITZEKO LEHEN HARRIA

Jon Plazaolaren bakarrizketaz eta Petti musikariaren bakarkako emanaldiaz gozatzeko aukera izango da gaur, 22:30ean, Villabonako Aljibea gunean. Aljibean formatu txikiko emanaldiak antolatzen hasi da Villabonako Udaleko kultura saila. Gaurkoa da antol...

%17,85

Ekainberriko bisiten igoera, 2012tik 2013ra. Urte ona izan zen iazkoa Zestoako Ekainberri museoan, orain bi urteko datuekin alderatuta %17,85eko igoera izan baitzuten bisitek. 2012. urtean 25.000 lagun joan ziren museora, eta 2013an, berriz, 29.500etik gora.

Berdintasun proiektuetarako, 360.000 euro diputazioak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014an 360.000 euro zuzenduko ditu tokiko berdintasun proiektuetara. Bi arlotan banatuko du diru sail hori: berdintasun arloak dituzten udalei emango dizkie 160.000 euro; emakumeen elkarteei eta talde feministei, berriz, 200....

Egungo ekonomia ereduan, eraldaketa bilatzen du Fiarek

Duela hamabost urte Italian Banca Popolare Etica de Padova deiturikoa abian jarri zenetik, Fiare Inbertsio eta Aurrezte Arduratsua Fundazioak hedapen handia izan du. Gipuzkoan ere badu presentzia, eta poliki-poliki hedatuz doa banku etikoaren proiektua. Orain arte Italiakoaren agente gisa funtzionatu badu ere, irailetik aurrera, bankuen ohiko zerbitzua emateari ekingo dio. Fiarek Oiartzualdean duen taldeko kide Beñat Irasuegiren arabera, “beti izango da txikia...