Duela hamabost urte Italian Banca Popolare Etica de Padova deiturikoa abian jarri zenetik, Fiare Inbertsio eta Aurrezte Arduratsua Fundazioak hedapen handia izan du. Gipuzkoan ere badu presentzia, eta poliki-poliki hedatuz doa banku etikoaren proiektua. Orain arte Italiakoaren agente gisa funtzionatu badu ere, irailetik aurrera, bankuen ohiko zerbitzua emateari ekingo dio.
Fiarek Oiartzualdean duen taldeko kide Beñat Irasuegiren arabera, "beti izango da txikia beste bankuekin alderatuta, baina, krisiarekin, finantza sistemaren hutsuneak nabarmendu egin dira, eta geroz eta jende gehiago etortzen da". Bankuen zerbitzuak herritarren eskura jartzean handitu egingo dela uste dute.
1. Zer da Fiare?
Bankuen esparruan, hainbat forma juridiko daude, eta Fiare kreditu kooperatiba da; beraz, biltzar bidez funtzionatzen du. Horietan, bazkide bakoitzak boto bat du, eta botoaren balioa ez da bazkidearen kapitalaren araberakoa; guztiek balio bera dute. Banku etikoen ideiak Eskandinaviako herrialdeetan badu ere jatorria, Italian sortu zen bere horretan Banca Popolare Etica de Padova deiturikoa, duela hamabost urte. Herritarrek behar dituzten finantza zerbitzuak irizpide etikoen arabera egitean oinarritzen da.
Italiako banku horren agente gisa jarduten du egun Fiarek, bere lizentziarekin jarduteko aukera izan artean. Italiako banku horrek Padovan du egoitza, eta FEBEA Banku Etiko eta Alternatiboen Europako Federazioaren sortzailea ere bada.
2. Zein dira helburuak?
Etekin hutsean oinarritutako finantza sistema ekonomikoari aurre egitea da Fiareren helburu nagusia. Irasuegiren hitzetan, "ez da alternatiba unibertsala, baina bada uneko egoerari aurre egin diezaiokeen zerbait". Funtsean, ekonomiak eraldaketarako eduki dezakeen gaitasunean jartzen du indarra, eta mota horietako egitasmoak finantzatzeko ematen du dirua.
Hau da, beren egitasmoak aurrera eramateko diru laguntza eskatzen duten elkarteak finantzatzen ditu, soilik gizarte eraldaketa bultzatzen badute. Hargatik, "egungo eredu ekonomikoaren arauen barnean, gauzak beste modu batera egiteko aukera eman dezake", Irasuegiren hitzetan. Oiartzualdeko taldeko ordezkariaren arabera, "egungo sistema ekonomikoak sortutako justiziarik eza arintzen diharduten esparruetako proiektuak soilik finantzatzen ditu".
3. Zerk bereizten du beste bankuetatik?
"Printzipioz, kontuan izan behar dugu merkatuen logikaren barruan dauden bankuez osatutako finantza sistema batean gaudela; etekina da horien helburu bakarra, eta ez diote beste ezeri begiratzen", dio Irasuegik. Horrela, etikoa izateak bi arlotan du eragina: batetik, Fiareren kudeaketa demokratikoa da —bazkide bakoitzak boto bat—; eta, bestetik, eskaintzen diren produktuen izaera ere etikoa da, ekonomia errealean oinarritutakoa, "eta ez espekulazioan".
Egiturari dagokionez ere, etikoa da, herritarrek sortutako kooperatiba delako eta, ondorioz, banku erakundearen kontrola ere herritarrek dutelako: "Erakunde handia izanik, herritarren kontrola eraginkorra ez izateko arriskua du, eta, horregatik, kontrolaz tokian tokiko taldeak arduratzeko estrategia planteatzen du Fiarek, kontrol eremuak oinarrira eramateko".
Gardentasuna ere nabarmendu du Irasuegik, bazkide guztiek baitakite egiten diren eta ez diren finantzaketa guztien eta horien zergatien berri. Horrez gain, irabazi asmorik gabeko erakundea da, nahiz eta aktibitate ekonomikoa eta fakturazioa badituen. Izan ere, urte amaieran lor daitezkeen etekinak berriro inbertitzen dira Fiare proiektuan bertan edo izaera sozialeko egitasmoetan.
4. Zer eskaintzen du?
Orain, trantsizioan dago Fiare. Zortzi urtez Italiako banku etikoaren agente gisa funtzionatu du, Euskal Herrian ere egitura sortu ahal izateko, eta eskaintzen zituen produktuak mugatuak izan dira horregatik: urtebeteko edo biko aurrezkiak egiteko aukera eta elkarteen proiektuak —betiere ekonomia errealean oinarritutakoak eta izaera sozialekoak— aurrera ateratzeko diru laguntza.
Orain, ordea, kreditu kooperatiba sortu da, eta, irailaren 1etik aurrera, edozein banketxek ematen duen zerbitzu bera emango du: kontu korrontea eduki ahal izango da, diru mugimenduak egin ahalko dira, gordailuak eduki... Funtsean, produktuak edozein banketxek eskain ditzakeenak bezalakoak izango dira, baina Fiareren izaera etikoa kontuan izanda: "Esaterako, etxebizitza bat erosteko kreditua eskatuz gero, etorkizunean ez da emango krediturik bigarren etxebizitza erosteko. Hala ere, beti izango dute lehentasuna egitasmo kolektiboek; etxebizitza kooperatiba bat egiteko, proiektu bat lehenetsiko da, norbanako baten etxebizitza erosteko asmoaren gainetik".
Berezitasun bat ere izango du, ez baitu martxan jarriko bulego sare zabalik: Internetez, telefonoz eta banku agente mugikor bidez funtzionatuko du. "Fiarek ez baitu inbertsio handirik egiterik nahi; xumetasunari eutsi nahi dio", ihardetsi du Irasuegik.
5. Nola dago antolatuta?
Proiektua bultzatzen duten pertsona eta erakundeetatik hurbil, lurraldeetako elkarteak daude, proiektua bera eraiki eta iruteko lurraldeetan sortu diren organoak, alegia. Tokian tokiko taldeen bidez, Fiare proiektua herrien eremuan zabaltzeaz eta sentsibilizazioa egiteaz arduratzen dira talde horiek, eta lurraldeko gizarte sareetan parte hartzen dute.
Fiareren organo nagusia, berriz, Estatuko Batzarra deritzona da, eta han lurraldeetako batzarrak eta proiektuko zeharkako bazkideak ordezkatuta daude. Maila orokorreko zuzentarauak emateaz arduratzen da organo hori. Bilerak hiru hilean behin egin ohi dituzte, eta, eztabaida eta erabakitzeko espazio horretan, lurraldeetako ordezkariek Fiare proiektuak beren eremuetan duen egoera azaltzen dute.
Euskal Herriko bulego bakarra Bilbon dago, eta gainerako lekuetan, Gipuzkoan kasurako, informazioguneak baino ez daude. Hala ere, gauzak ondo badoaz eta bazkide kopuruak gora egiten badu, "Donostian-edo bulego bat zabaldu daiteke", azaldu du Irasuegik. Herrietan, berriz, tokiko taldeak sortzen dituzte.
Horrez gain, Etika Batzordea dago, eta haren helburua da Fiareren organoei eta egiturei aholkuak ematea etikari buruzko gaietan. Halaber, proiektua garatzeko estrategian koherentzia eta osotasuna zaintzeko ardura ere badu. Lurraldeen eremuan, ebaluazio etiko sozialeko batzordeak arduratzen dira finantzaketa eskaeren egokitasunari buruzko txostenak egiteaz. Egun, ebaluazio etiko sozialerako bederatzi batzorde daude, Fiare proiektua garatzen ari den lurralde bakoitzean bana.
Bazkideek, berriz, ez dute betebeharrik, biltzarretara joan eta botoa ematea besterik. "Hala ere, tokian toki sortzen diren taldeek erabakitzen dute zein ardura hartuko duten; normalean, informazioguneetan zerbitzua emateko ardura izaten da", azaldu du Irasuegik. Izan ere, herritar horien lana borondatezkoa denez, "ezin zaie eskatu lan profesionala egiteko", Irasuegiren arabera. Edonola ere, tokiko taldeek "lan garrantzitsua dute": "Izan ere, herrietako elkarteek finantzaketa eskatzen dutenean, tokiko taldeek egiten dute lehen iragazki lana".
6. Gipuzkoako egoera
Hainbat udalek hitzarmen bat sinatua dute Fiarerekin; Donostiakoak, Errenteriakoak, Hernanikoak, Tolosakoak eta Zarauzkoak, besteak beste. Guztira, 435 bazkide gipuzkoar ditu Fiarek, eta lurraldean tokiko informazioguneak daude ia eskualde guztietan: 11 gune, guztira. Horien funtzionamendua ordukakoa da, boluntario gisa ari diren herritarrek ematen dutelako zerbitzua. Irasuegik azaldu duenez, "krisiaren aurretik jarri zen Fiare martxan, baina, krisiarekin, finantza erakundeen hutsuneak nabarmendu dira; eta jende gehiago etortzen da alternatibaren beharraz kontzientziatuta".