Ireki leihoak zoro haizeari

Norbait gogoko dudan antzemateko, hutsezinezko metodo ezkutukoa daukat: inauteriak gustatzen ote zaizkion galdetzen diot. Ezezkoa bada, gurutzetxoa ipini eta nazkanteen zerrenda eguneratzen dut. Mozorrotzeak alferkeria eragiten diela eta etxean geratzea nahiago dutela esaten duten guztiak arbuiatzen ditut; deal-breaker borobila da niretzat. Zoro haizea altxatzen denean leihoak ziztu batean ixten dituzten horiek asper dezatela beste norbait, arraioa.

Milaka irakurle leial eta zorrotzek aurpegiratuko didate txoko honetan dolce far niente-aren apologia behin eta berriz egin izan dudala, ahal den gutxien eginda bizitzearena, alegia. Bulkada eroekin beti salbuespena egin beharra dago, ordea. Inork ez die kontatzen bilobei astearte goiz hotz batez tailerrean tornuarekin zein engranaje perfektuak irten zitzaizkion. Barru-barrutik ateratzen zaizkigun egitasmo ustez burugabeak dira gure lagunek gure hiletan irribarre batekin gogoratuko dituztenak. Eta guztiok gure hileta irribarrez betea nahiko genuke, ezta?

Jar dezagun adibidetzat nire idoloetako bat: Leslie Nielsen zena. Hil baino bi urte lehenago, omenaldia jaso zuen Peñiscolako (Espainia) Komedia Festibalean (existitzen da, bai, eta itxura erakargarria du oso). Bi astez deliberatu nuen autoa hartu eta Frank Drebin teniente jeniala oparitu zigun aktoreari nire begirunea adieraztera hurbildu ala ez. Kikildu egin nintzen, eta beti damutuko zait.

Jar dezagun adibidetzat nire beste idoloetako bat: Imanol Epelde. 27zapata-z miresten ditudan bertute guztien zerrenda egiteko hiru bat paragrafo beharko nituzke behintzat, edo hiru eta erdi, baina bakarra emango diot, gaur tokiz justu nabil eta. Irratian hitz egiteko eta poesia ozen errezitatzeko daukan ahalmena salgai balego, hamaikagarrenez eskainiko nioke arima Kutxabanki haiek bereganatzeko. Bururatzen zaion oro berak bakarrik, ia laguntzarik gabe gauzatzeko daukan kemena are gehiago miresten dut, ordea. Etxepare RAP proiektu ederraz erditzeko gaitasuna behar da, baina baita zoramen maitagarria ere. Portzierto, gaurtik bertatik hasita, bost egunez bisitan izango dut etxean, eta zuek ez; izorra zaitezte.

Talentuz betetako bere igerilekura egiten du jauzi Epeldek, eta nirea huts-hutsik dagoenez ostia galantak hartuko baditut ere, ni ere salto egitera noa. Hurrengo helburuen artean lagunekin film labur bat eta punk musika talde bat osatzea dauzkat, besteak beste. Zineaz hutsaren hurrena dakit, eta, musikari dagokionez, ez dut sekula esku artean instrumenturik eduki (txertatu hemen zure txiste lizuna, errazkeria horrekin aukera-aukeran utzi dizut eta). Egitasmo horien xehetasunak ez dituzu BERRIAren kultura sailean aurkituko, zorionez, amateurismoaren akats propioez gain, gustu eta zentzu onaren kanonak birrinduko dituzten beste milioi bat barrabaskeria burutuko ditugulako. Behin hain kuttun izango ditudan bi gorotz pilo horiek bataiatuta, pitokeria berriei helduko diet, mozorrotzea gustuko duen edozeinekin.

Gipuzkoa, barduloen lurraldea

Gaur egun ezagutzen dugun Gipuzkoa erromatarren garaian aipatzen da aurreneko aldiz. "Gipuzkoa gaur egun ezagutzen dugun bezala ez da ezagutzen, baina gaur egun Gipuzkoako lurraldetzat hartzen duguna beste izen batzuekin aipatuta orduan azaltzen da". ...

Baserriz baserri dantzan

InauteriakAbaltzisketa/AmezketaAsteburu honetan, Gipuzkoako herri eta auzo askotan ospatuko dituzte inauteriak. Konpartsen desfileak antolatu dituzte, haurrentzako antzerkiak, mozorro festak, musika emanaldi bereziak... Askotariko ekintzak egingo ditu...

353

Atzerrian ondasunak dituztela aitortu duten gipuzkoarrak. Zergadunak derrigortuta daude Espainiatik kanpo dituzten ondasunen eta eskubideen inguruan Ogasuna informatzera, martxoaren 31 baino lehen. Orain arte, 353 zergadunek egin dute hori, Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez.

LAGUN ZAHARRAK ELKARREKIN ELGETAN

Napoka Band taldeak eta Mursegok kontzertu bat emango dute igandean, 19:00etan, Elgetako Kafe Antzokian. Napoka Iria taldea biko formatua baztertu, eta boskote gisa igoko da oholtza gainera. Napoka Band proiektuan, beste hiru musikari elkartu zaizkie:...

Gipuzkoan, Oiartzualdean hasi zen proiektua garatzen

Guifi.net-ek Oiartzualdean egin zituen Gipuzkoako lehen urratsak. Gaztaño-Guifi.net taldeak bultzatuta, Errenteriako Gaztaño auzoan jarri zuten lehen antena, 2012an. Gero, sarea zabaltzen hasi zen ondoko herrietara. Eskuineko irudian, hainbat lagun sarearen konfigurazioa eta antenak prestatzen, Hondarribian.

Emakume guztien elkargunea

Emakumeon etxeak hartu duen distira, ametsak sortzen ausartuz eta amets horiek gauzatuz, ametsak sortzen ausartuz egia bihurtzen dira”. Bertso hori kantatu zuen Uxue Alberdi bertsolariak Donostiako Emakumeen Etxearen inaugurazioan, 2010eko azaroaren 13an. Hiru urte baino gehiago igaro dira geroztik, eta hasierako amets hura urtetik urtera “errotuago” dago Donostian. Okendo kaleko egoitza erreferente bihurtu da mugimendu feministentzat, emakume elkarteentzat nahiz antolatu...

Pentsamendu feministan sakontzen irakurgaien bidez

Udaletako Berdintasun sailek aspalditik antolatu izan dituzte Literatura eta emakumeak gaiaren inguruko ikastaroak, baina gazteleraz gehientsuenetan. Azken urteetan, ordea, euskarazko eskaintza ere ugaritu egin da, eta indar berezia eman zaio begirada feminista lantzeari. Horren adibide dira Donostiako Emakumeen Etxean egiten diren bi ikastaro: Irakurle eskola feminista eta Mito literarioak eta irakurbide feministak. Iratxe Retolazak dinamizatzen ditu bi ikastaroak.

Irakurle eskola feminista iaz sortu zuten Kaxilda liburu gunean, eta urrian hasi ziren Emakumeen Etxean elkartzen. Talde mistoa da, eta, gutxi gorabehera, 10-15 lagun elkartzen dira hilero. Ikastaroaren helburua da pentsamendu feministan sakontzea, baina betiere abiapuntutzat hartuz esperientzia pertsonalak. Hori dela eta, gorputzak hitz azpititulua gehitu diote. "Diskurtso feministek ohartarazi dute geure gorputzaren esperientziari erreparatu behar zaiola, eta dei egin digute gorputzari buruzko diskurtsoei erreparatzera". Horregatik, pentsamendu feminista landu duten testuak irakurtzean, irakurleen "gorputzak eta esperientziak hitz bihurtu" eta "partekatu" egiten dituzte.

Partaideen arteko elkarrizketa da saioen muina, eta elkarrizketa horiek irakurgai jakin batzuen inguruan bideratzen dituzte. Batzuetan, irakurgai motzak irakurtzen dituzte —iritzi testuak, artikuluak—, eta, irakurri ahala, irudipenak partekatzen dituzte; beste batzuetan, berriz, liburu baten inguruan aritzen dira.

Mito literarioak eta irakurbide feministak ikastaroa duela hiru urtetik antolatzen du Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak. Beste ikastaroan ez bezala, fikziozko testuak irakurtzen dituzte bertan. Besteak beste, mito literarioetan gorpuztutako genero eraikuntzak aztertzen dituzte.