Osasun ohituretan eragiteko

Pil-pileko gaiak landuz informazio eguneratua eskaintzeko helburuz abiatu da Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgelak ziklo berria. Minbiziari, lesioei, bihotzeko gaixotasunei eta beste hainbat osasun arazori buruzko hamar hitzaldi antolatu dituzte ot...

Agurtzeko moduak

Ez da batere erraza gaur agurrarekin asmatzen. Lehen, aski izaten zen "aupa!" edo "kaixo" bat, edo buruarekin keinu bat eginez agurtzen genuen elkar, "baserritarren erara". Esamoldea ez da nirea, Beckettena baizik. Parisen 1960ko hamarkadan Falstaff edaritegian elkartzen ziren gauean Godard, Ionesco bera tarteka, Sartre ikasle edo jarraitzaile gazteren batekin eta Beckett bera irlandar adiskideekin askotan. Eta elkar modu horretara agurtzen zutela dio, hitzik esan gabe, buruarekin keinua eginez.

Orain berrogei urte, egia da, bazegoen "baserritar erara" diosala egiteko beste era bat, askoz ere basatiagoa, batez ere erromerietan trago batzuk gainean zituzten mutilen artean erabiltzen zena: mutil batek beste bati ongietorria egiteko zangoetatik bi besoekin heldu eta gora altxatzen zuen, airean botatzen ez zuenean. Ongietorria jasotzen zuen mutila lurrera erortzen zen, noski, hezurren bat hausteko arriskuarekin gehienetan. Ikusgarria bezain arriskugarria zen agurtzeko modu hori erabat desagertu da, zorionez.

Orain dozena bat urte hasi ziren besarkadak. Nik hasieran telebistaren eragina izango zela pentsatzen nuen, eta hala izango da gehienetan, programa batzuek negar egin eta besarkadak emateko ikastaroak baitirudite. Baina ez da hala beti. Lanagatik ikastolaz ikastola elkarrizketak egiten ibili nintzen urteetan ohartu nintzen adimen emozionala lantzen zuten zentroetan emanagoak direla besarkada luze horietara. Ohikoa zen idazkaritzara joan, zuzendariagatik galdetu eta hark agertu orduko besarkada estu bat ematea eta ondoren hitz egin behar zenuen irakasle emakume bakoitzeko estualdiak hartu beharra. Ez naiz kexatzen ari, alderantziz. Etxera emakume lurrinez kutsatuta itzultzen zinen, ohe arrotz batean lo egin izan bazenu bezala.

Ez dut esan nahi besarkaden kontu honekin musuak desagertu direnik. 1960ko hamarkadan ohitura exotikoa zen, paristarra esango nuke, inoiz bi edo hiru eman behar ziren, nondik hasi behar genuen (ezker masailetik ala eskuinekotik) ikasi ez bagenuen ere. Oraindik ere ematen dira, eta asko. Hirietako giroan aurkezpen eta agur protokoloaren parte bihurtu dira bi musuak.

Orain modan jarri dena, hala ere, gizonen arteko musuak dira, artista jendearen artean batik bat. Ez dakit ohitura hori generoen arteko berdintasunak ekarri duen ala desertuko haizeak. Badago gizonen artean agurra egiteko modu informalago eta zabalduago bat, eskua jaso eta topa egitea. Badu agurtzeko modu amerikar horrek halako kiroltasun ukitu bat ere, gustagarria egiten dena.

Bakoitzak bere agurtzeko modua du. Argiñanok, esate baterako, ezkerreko eskua gora altxatuz egiten du urrundik diosala. Ezkertiarren ukabil jasoaren eta pilotari baten bolearen arteko keinua da. Eskuarekin egiten diren keinu horiek izaeraren araberakoak dira. Beraz, pertsona adina agur daude. Hori nabarmena da Zinemaldira etortzen diren aktoreen artean. Baina ideologia adina agur ere badaude. Hor daude agur militarrak. Hor daude oraindik Madrilen ikusten diren agur faxistak ere. Hor dago Dieudonne komiko frantziarraren agur polemikoa. Nik neuk, Becketten erara, buruarekin keinu laburra eginez agurtzen jarraitzen dut.

Besarkada guztiak ez dira, noski, agurrak. Asko maitasunezkoak dira. Gizonezko batek emakumea atzetik, bi besoak bularren parean gurutzatuz, besarkatzen badu, maite duen seinale. Emakume hori lasai egon daiteke, zaintzeko eta defendatzeko asmoa adierazten du; izan ere, zer dago bizkarra baino gorputzeko atal babesgabeagorik, mendeetan labankadak eta erasoak hortik etorri baitzaizkigu.

Liburuan bildutako esperientziak. ‘

Herritarrekin' liburuan, 62 herritako 137 parte hartze prozesuren inguruko informazioa jaso dute. Sustatzaileen arabera, urteotan parte hartzearen kultura zabaltzeko egindako lanaren "erradiografia bat" da liburuan bildutakoa.

Zuberoaren erakusleiho

'Hebentik...Zubiak'

Azpeitia

Mugak haustea. Horixe du helburu Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta Zuberoako Hebentik elkarteak elkarlanean antolatutako Hebentik...Zubiak topaketak. Gaur hasi eta igandera bitartean, Zuberoako kultura adierazpideen erakusleiho izango da Azpeitia. Filmak, dantza, kirola, musika. Hiru egunez, askotariko emanaldiak eskainiko dituzte herriko kaleetan nahiz aretoetan: "Helburua da Euskal Herriaren beste txoko batean kultura nola bizi duten ezagutaraztea".

Asteburua hasteko, Peio Cachenaut zuzendariaren Xora filma emango dute gaur, 21:30ean, Soreasu antzokian. Ipar Euskal Herrian euskaraz —zubereraz—egindako lehen filma da Xora. Proiekzioaren ondoren, mahai inguru bat egingo dute.

Bihar, 19:00etan, kantu jira bat egingo dute Azpeitiko kaleetan zehar. Parte hartuko dute Azpeitiko Bagera elkarteko erretiratu taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Hebentik elkarteko kideek. Topaketak afalondoan izango du jarraipena, Sanagustin kulturgunean. 23:00etan hasita, kontzertua emango dute Sendaezinak eta Joxe Replay taldeek.

Iganderako ere ez dute prestatu egitarau makala. Goizean bi tailer egingo dituzte. Lehenik, frontoi txikian, Ipar Euskal Herriko pilota jokamoldeak erakutsiko dituzte, 10:00etatik 12:00etara. Ilunpe pilota elkarteak eta Mixel Iturria Zuberoako zesta puntalari ohiak parte hartuko dute. Eguerdirako, berriz, Zuberoako dantzen tailerra antolatu dute. Eguraldi ona egiten badu, Plaza Nagusian egingo dute; bestela, Sanagustin elkargunean.

Taldeko argazkia atera ondoren, guztiek elkarrekin bazkalduko dute. Amaitzeko, Pilotarhitza ikuskizuna eskainiko dute Sanagustin kulturgunean, 19:00etan. Pilota, dantza, musika eta bertsoa uztartzen ditu ikuskizun horrek. Besteak beste, oholtzara igoko dira Mizel Theret euskal dantzari koreografoa, Jean Christian Irigoien eskusoinu jolea eta Mixel Etxekopar musikaria.

Azpeitiko Kultur Mahaiak Zuberoako zenbait sortzailerekin abiatutako harremanetik sortu da proiektua. Sustatzaileek nahi dutena da bi kultur mugimenduen arteko "zubiaren lehen harria" izatea lehen topaketa hau.

Milioi bateko ipurdia

Aseguru etxeek noizbait betetzen ote dute kontratu hura sinatzean agindu zizuten guztia? Politikoek ere ez dute hainbeste promes egiten hauteskunde garaiko olaturik bizienean. Egia esan, funtsean, funtzionamendu bera dute aseguru etxeek eta hauteskunde kanpainan dauden politikariek. Beraiengana lotu aurretik, direnak eta ez direnak agintzen dizkizute, eta behin zure konfiantza edo zure botoa lortu dutenean, izorrai! "Hezkuntzan eta osasun publikoan murrizketarik ez genuela egingo esan genuela? Ez naiz, ba, gogoratzen..."; "Autoa aseguratzeko garaian hori guztia agindu genizula? Tira, bai, baina berrehun eta hamazazpi salbuespen hauekin". Horrelaxe egiten da dirua. Horrelaxe betetzen dituzte poltsikoak eta horrelaxe uzten gaituzte Infanta Elena aurpegiarekin, inozo sentsazio honekin.

Gaur egun dena asegura daiteke: etxea, autoa, bizitza, osasuna, ordenagailua, den-dena. Pentsa, Jennifer Lopezek bere ipurdia milioi bat dolarretan aseguratu omen zuen. Hori sinesteak lanak ematen dizkit oraindik! Emakume horren gastroenteritisak ez dira samurrak izango, milioi bat dolarreko ipurdia komun zulotik paseoan ibiltzeak ez baitio grazia handirik egingo; ardo onarekin kalimotxoa egitearen parekoa izango da sentsazioa.

Milioi bat euro emango balidate nire gorputzeko atal bakarra aseguratzeko, ahoa aukeratuko nuke ziurrenik, arrazoi askorengatik; ahoarekin jan eta dastatzen delako, ahoarekin ematen delako musu, ahoarekin hitz egiten delako —aktore izanda hori aseguratzea garrantzitsuagoa dela uste dut ipurdia baino, baina, tira, norberak bere lehentasunak ditu—. Beste arrazoi bat ikaragarri garrantzitsua: orain arteko inbertsiorik handiena ahoan egin dudalako. Bost urtean hortzetako aparatua eramatearen fruitua da gaur egun ikusten dena; ez pentsa hortz hauek denak ilara berean zeudenik. Ondo kostata jarri dut hortz bakoitza bata bestearen ondoan, lerro txukunean! Eta, azkenik, pisurik handiena duen arrazoia; irribarre egiteagatik, irribarre bat edonori egin diezaiokezun oparirik errazena eta politena delako, kutsakorra delako eta, Lopezen ipurdia ez bezala, bihotzeko urratu txikiak sendatzera iristen delako.

KIROLA HAUR GUZTIEK EGITEAREN ALDE

Kirolaren irria denontzat jaialdia egingo dute igandean, 18:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Urritasuna duten haurrek kiroletan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatuko dute bertan. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Irrien Lagunak elkarteak elkarlanean sortutako Multiaktibitatea programaren barnean antolatu dute ikuskizuna. Lagun ugarik parte hartuko dute: Marimotots eta Porrotx pailazoek, Goenkale-ko aktoreek, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek, Donostiarra eta Hibaika arraun taldeek, Dinbi Danba batukada taldeak... Bildutako dirua Gipuzkoako Kirol Egokituen Federaziorako izango da.

Garitanok Orio bisitatu du bertako beharrak ezagutzeko

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Orion izan zen lehengo astean, "bertako errealitatea gertutik ezagutzen". Zenbait herritara egiten ari den bisiten artean dago Oriokoa. Herriko hainbat eragilerekin eta ordezkarirekin bildu zen: udal ordezkar...

Errekorrarekin itsutu gabe

Inoizko turismo daturik onenak lortu zituen Gipuzkoak, 2013an. Eustatek emandako datuen arabera, 943.773 turista etorri ziren iaz. Duela bi urte baino 20.000 lagun gehiago (%1). Datu orokorrak baikorrak dira, baina sektoreak zuhurtziaz jaso ditu. Ez dute itsutu nahi errekorrarekin. Lurraldeko hotel edo landa ostaturen batean gaua igarotako bisitariak zenbatzen ditu Eustatek. Ez ditu kontuan hartzen, besteak beste, kanpinetatik pasatako turistak....