1.080. Urtarrilean aztertu dituzten haurrak.

Haurren gizentasunari aurre egiteko egitasmoaren barruan, 1.080 neska-mutikoren datuak bildu dituzte urtarrilean. Lehen fasean, 5. eta 6. mailako haurrak aztertu dituzte. Uda aurretik, 6 eta 10 urte bitarteko beste 3.000 haur aztertu nahi dituzte.

Kanpoan lagunduz, etxerako ikasi

Iaz antolatu zuen Tolosako Hirukide ikastetxeak Giza Eskubideen Astea lehen aldiz, borondatezko ekintzak eta kanpainak gauzatuz "gizartea hobetzeko zerbait egiteko". Aurten bigarren aldiz antolatu dute, eta egitarauaren barnean bi mahai inguru egin di...

Nagusi zara, a ze deskantsua

Heldutasunera ez zinen iritsi zure etxe berriko logelan gortinak edo estoreak jarriko zenituen erabakitakoan. Ezta, duela urte gutxi promesten zenituenak ahaztuta, haurrak gustura heziko zenituzkeela jabetu zinenean ere. Gin-tonika edabe ezin garratzagotik trago kuttunera pasatzeak ere ez zintuen nagusi bihurtu. Hurrengo arratsalde arteko gaupasei uko egin zenien, baina hasiberri bat zinen oraindik bizitzan. Hetero izanda ere uzkiarekin jostatzea gustatzen zitzaizula onartzeak ez zuen ziklo aldaketarik esan nahi izan. Heldu bilakatu zinen —eta, beraz, zure gainbehera saihestu ezinezkoa hasi zen— hamar ordu jarraian inongo etenaldirik gabe lo egiteko gaitasun zoragarria egun batetik bestera, abisatu gabe, galdu zenuenean.

Hasieran, ez zintuen kezkatu asteazken neketsu baten ondoren zergati barik goizeko laurak arte esna egon izanak, bizialdi osoan horizontalean jartzearekin ziplo erori zaren horri. Hiruretan ardotxo batzuk hartuta oheratu eta gero oilarraren kukurrukuarekin batera begiak zabaldu zitzaizkizun hartan gehiago erretxindu zinen. Zazpi ordu jarraian lozorroan eman zenituenetik hilabete pasa zela konturatu zinenerako, bazenekien guztia okerrera aldatzera zihoala.

Laneko estresa izan zitekeela pentsatu zenuen segituan, baina oporretan ez zuen egoerak hobera egin. Betidanik kafeinari immunea zara; hori ere ezin izan. Zure buruhauste berbera duen Jonekin hitz egitea bururatu zitzaizun: kafeinagabea hartzen du aspaldian, eta takikardia eragiten zion oheratu aurreko zigarreta parea ere lagata dago. Alferrik, aitortu zizun.

Lurretik hain hurbil lo egiteak ez zizula batere onik egiten erabaki zenuen gero. Bazenekien azkenean koltxoi horrekin komeriaren bat izango zela, horrelakoetan ez da-eta zentimo bat bera aurreztu behar. Aldatutakoan, somier berria ere paratu zenion azpian, zorutik metro erdira edo, zuri beti gustatu izan zitzaizun gisara. Burko mordoxka ere probarazi zizkizuten denda zuri-zuri hartan, eta garesti askoarekin kotoiz betetako ametsak izango zenituela konbentzitu. Kaka zaharra.

Lo arina berriz; konturatzerako hor izango duzu iratzargailuaren txistu desatsegina; ez duzu batere deskantsatu. Jaiki arteko tartea beste zerbaitetan baliatu ala ez deliberatzen zabiltza. Beti izan duzu aita bezala bukatzeko beldurra. Goizeko zortzietarako osteratxoa eginda, gosalduta, egunkaria goitik behera errepasatuta, aspertuta. Baina hainbeste maniatan bezala, honetan ere gero eta haren antz handiagoa duzu. Heldua zara orain; izorratuta zaude.

Euskal zonbien bigarrena

Zinema

Ormaiztegi

Beñat Iturriotz eta Xabier Padin hernaniarrek egindako Ataun of the dead II. Joxean's hileben pelikularen emanaldia izango da bihar, 19:00etan, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan.

Urtarrilaren 17an estreinatu zuten Hernanin, beren jaioterrian. Trilogiak lotura estua du Goierrirekin, protagonista nagusia Tomas Zumalakarregi jeneral ormaiztegiarra baita. Gainera, irudi batzuk eskualde horretan grabatu dituzte. Trilogiaren bigarren zatia Zumalakarregi museoan emango dute bihar. Lehen zatian, bi zientzialari lehenengoz Ajuria Enean lehendakari ez-abertzale bat zegoelako haserretu egin ziren, eta Zumalakarregi berpiztu zuten.

Joxean's Hileben deituriko atal berrian, Jon Tomas eta Josu-Jon Tomas (lehen pelikulako zientzialari karlistak) XlX. mendean hildako soldadu karlistak lurpetik atera eta berpizten hasten dira, Zumalakarregirekin egin bezala. Zonbi plagak Partidu Nazionalista Banpiroko kideen nagusigoa eta iraupena kolokan jarriko ditu, eta kinka horretatik ateratzeko modurik onena Agirre lehendakaria esnatzea dela erabakiko dute. Zumalakarregi eta Agirreren arteko norgehiagoka hasiko da, Euskal Herri osoan nork aginduko duen erabakitzeko.

Iturriotzek estreinaldiaren aurretik zenbait sekretu aurreratu zizkien komunikabideei: "Zonbiak ditu protagonista, eta filmean ageri diren burmuinak azaloreekin egin ditugu".

Arkeologoak dira lanbidez Iturriotz eta Padin, baina baita zinemazaleak ere. Zonbizaleak, bereziki. Ataunen lanean zirela sortu zitzaien zonbiei buruzko film bat egiteko asmoa. "Dena elurtuta zegoen, eta oso paisaia ederrak ikusten genituen alde guztietan", dio Padinek. "Mundu guztiak pentsatzen duena etorri zitzaigun burura: ez dago zonbi film nahikorik, eta beste bat egin behar genuke, euskal zonbiei buruzko bat".

Euskal tradizioetan sustraituriko zonbiak sortu dituzte Padin eta Iturriotzek. Filmaren eszena batean, adibidez, musean jolasean ageri dira haietariko lau. Umorez azaltzen du Padinek: "Euskaldunak oso euskaldunak garela irudikatu nahi genuen, baita zonbi bihurtuta ere".

“Irudiarekin zerikusia daukan guztiaren inguruan aritzen naiz”

Bideoak, argazkiak, grafikoak edo animazioak landuz, ikus-entzunezko lanak egiten dituzte bideo editoreek. Gehienetan, musika edo hitzen bidezko audioa izaten dute editatuko bideoek. Eta bideo baten ekoizpeneko alderdirik garrantzitsuena hitzez adierazitakoa irudi bidez azaltzea dela azaldu du Izaskun Bernedok (Pasaia, 1981).

Irudiarekin erlazionatzen den guztiarekiko afizio eta ofizioa du Bernedok. Bartzelonan egin zituen zinema ikasketak. Irudia eta postprodukzioa ere landu zituen, baita Andoaingo eskolan soinuaren inguruko ziklo bat egin ere. Azken urteetan telebistan aritu da lanean, errealizadore, editore zein kamerari gisa. Egun, Euskal Telebistako Airean saioko editorea da. Horrez gain, ezkontzetan, bataioetan eta jaunartzeetan aritzen da argazkilari lanetan: "Irudiarekin zerikusia daukan guztiaren inguruan aritzen naiz".

Hitzetik Hortzera saioan ere lan egin du Pasaiakoak. "Saio horretan editore moduan hasi nintzen lanean, baina, azkenean, errealizadore lanak egiten amaitu nuen", azaldu du. Orain arte, ia denetarik egin du irudiaren munduan: "Publizitatea, bideo korporatiboak eta beste hainbat gauza ere jorratu ditut arlo horretan". Telebistan aritzeaz gain, senarraren ekoizpen enpresan ere laguntzen aritzen da Bernedo. "Senarraren enpresan soinuaren estudioa eta irudi gela dauzkate, eta bertan bideoklipak eta horrelakoak grabatzen ditugu".

Normalean, ordenagailu bidez lan egiten dute bideo editoreek. Bideoak maneiatzeko programa berezia izaten dute, eta programa horiek irudian esku hartzeko beharrezkoak diren tresnak izaten dituzte. Hori horrela, bideo editoreen lana irudi eta soinuaren konposizio bat egitean datza, lortu nahi duten irudi eta soinua ardatz hartuta, betiere. Bideoa egiteko irudiak hartzea bezain beharrezkoa da ondoren etorriko den postprodukzio lana: "Azken finean, postprodukziorako, programak erabiltzen ikasi behar da, eta, ondoren, bakoitzaren gustua eta irudiaren kontrola izatea ere sartzen dira lan horren barruan". Horregatik, "kamerari eta editore lanetan aritzea lagungarria da editore batentzat; hau da, grabatu eta editatu biak zeuk egiten badituzu, azken finean errazagoa da".

Oinarrizko edizioa

Bideoen ekoizpena hartutako edo grabatutako irudien postprodukzioa izango da. Ekoizpenarekin hasi aurreko lan horretan gidoilariek grabazio plana deiturikoa egiten dute. "Bertan, orduak eta grabatu beharrekoa zehazten dira, baita zer eta norekin grabatu behar den ere", azaldu du Bernedok. Ondoren, errealizadoreen lana hasten da, eta horiek kamerari grabatu beharrekoa zer den azaldu behar diote: "Errealizadoreak gidoia irakurtzean irudikatu egiten du grabatu beharrekoa zer den".

Irudiak grabatutakoan, postprodukzioa etorriko da, eta orduan hasiko da editoreen lana. Bideoen ekoizpeneko oinarrizko edizioan, bitartekoak hartu, moztu eta denbora errealean ordenatzen dira. Horrez gain, beste mota batzuetako edizio lanetan bezala, efektu bereziak, trantsizioak, iragazkiak, bideoa aberasteko testuak eta beste hainbat gauza sar daitezke ekoizpenean. "Postprodukzio gelan, aurrez grabatutako irudi horiek lotzen dituzu, hau da, gidoian agertzen denaren arabera forma ematen zaio bideoari", azaldu du pasaitarrak. "Azken batean, gidoian hitzez adierazita dagoena bideoan irudiz bete behar da, eta, horretarako, grabaketan argi izan behar da zein irudi behar diren, ondoren postprodukzioan arazorik izan ez dadin", gaineratu du.

Irudiak beti zerbait adierazi behar duela azaldu du Bernedok, baina irudiak bezainbeste garrantzi soinuak daukala: "Irudiak eta soinuak bat etorri behar dute, eta hori ongi adierazita badago, indarra hartuko du esan nahi duzun horrek". Irudia eta soinua ez dira edizioan kontuan izan beharreko gauza bakarrak. Argiztapena eta estetika ere oso garrantzitsuak direla azaldu du: "Bideo baten emaitza ez da berdina izango planoak gaizki grabatuta edo gaizki enkoadratuta edo planoak zainduta badaude. Azken batean, esan nahi den hori irudi eta soinuen bidez ongi azaltzea da garrantzitsuena".

'Txantxillo' dokumentala

Bideo editore eta errealizadore moduan aritzeaz gain, Donostiako eskalerik ezagunena izan zen Santiago Hernandez Redond Txantxillo-ren bizitzari buruzko dokumentala egin zuen Bernedok 2003. urtean, eta Fernando Mas izan zuen gidoigile. "Bartzelonako ikasketak amaitu ondorengo erronka txiki bat izan zen hura".

Oso maitatua izan zen Txantxillo Donostian, eta horren lekuko dira haren estatuaren alde egindako ahalegina, Crónica de San Sebastian abestiko bertsoetan ageri diren hari buruzko aipamenak, baita Bernedok egindako dokumentala ere. "Kamera txiki bat oparitu zidaten, eta nire kabuz hasi nintzen Txantxillo grabatzen", azaldu du. Donostian eta inguruetan ez zen, eta ez da oraindik, Txantxillosri buruz entzun ez duenik. Bernedok haren bizitza jaso nahi izan zuen dokumental batean, eta "oso gomendagarria da pertsonaia bera ezagutzeko". Masek, Txantxilloren lagunak, lagundu zion gehienbat beharrezko informazioa biltzen, eta, hari esker, eskalearen bizitzaren hainbat momentu grabatzeko aukera izan zuen. "Irudi asko bildu nituen, eta hainbeste informaziorekin zerbait egitea pentsatu nuen".Urtebete igaro zuen Bernedok Txantxilloren bizitza kontatzeko grabaketa lanetan.

Bere bizitzaren azken egunetan, dagoeneko oso gaixo zegoela, Txantxillok berak dokumentala ikusteko aukera izan zuen erietxean zegoela. "Azken finean, haren azken urtea grabatzeko aukera izan nuen".

ALI BABAREN ISTORIOA, ANTZERKIAN

Borobil antzerki taldeak Ali Baba eta 40 lapurrak obra emango du gaur, 18:00etan, Errenteria Hiria kulturgunean. Umeentzako ipuin klasikoan dago oinarrituta antzezlana. Anartz Zuazua aktore eta zuzendariak egin du moldaketa, eta, harekin batera, taula...

24

Irungo Udalak kontratatuko dituen langabeak. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako enplegua indartzeko programez baliatuz, datozen hilabeteetan lanik gabeko 24 herritar kontratatzea aurreikusten du Irungo Udalak. Kontratatutako lagunei aldi baterako lana emango die.

Turista gehiago 2013an.

Eustaten datuen arabera, Gipuzkoara 2012an baino 20.551 bisitari gehiago etorri ziren iaz: 943.773. Eustatek kontuan hartzen ditu hoteletan eta landetxeetan gaua pasatzen duten turistak. Ez ditu zenbatzen, esaterako, kanpinetara etortzen direnak.

Egiten dituzten kilometroak.

Korrikalariek bost kilometro egiten dituzte Lilatoian. Bulebarrean hasi eta bukatzen da lasterketa, Donostiako hirigunea zeharkatu ondoren. Berotzeko, aerobik saio bat egiten dute Bulebarrean bertan, lasterketa baino ordu erdi lehenago.

60.000

Orioko Kilometroetako zozketako saria. Bost euroren trukean, poltsiko egutegi formatuko 100.000 txartel salduko dituzte Orioko ikastolako kideek, eta guztien artean 60.000 euroko sari bakarra zozketatuko da urriaren 7an, Kilometroen jaia igaro eta bi egunera.