%32

Balentziaga museoko bisiten beherakada. Getariako Balentziaga museoko bisita kopurua %32 murriztu zen 2013an, aurreko urteko datuekin alderatuta. Guztira, 45.892 bisitari izan ziren iaz bertan, orain bi urte baino 22.330 gutxiago, hain justu.

Parte hartzaileak, adinaren araberako hiru kategoriatan

Lilatoian, adinaren araberako hiru kategoria dituzte: gazteak —14 eta 25 urte bitartekoak—, seniorrak —26 eta 45 urte bitartekoak— eta beteranoak —46 urtetik gorakoak—. Lehen urteetan kategoria bakarrean lehiatzen ziren denak, baina Lilatoia Gipuzkoako Federazioan erregistratu zutenetik, hiru kategoria dituzte.

“Hitz gurutzatuak jolasa, plazera, denbora-pasa eta kultura dira”

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VII. Txapelketako irabazlea da Ibon Zaldua (Donostia, 1976). Ormaiztegira ezkonduta dago, eta Luma euskarazko denbora-pasa aldizkariarekin eta hitz gurutzatuen lehiaketako garaile txapelarekin iritsi da herriko Arana tabernako hitzordura. Ingeniaria da ikasketaz, eta hala ateratzen du bizimodua; metal arloan ari da lanean, autoen osagaiak egiten dituen enpresa batean. Dioenez, "hitz gurutzatuen lehiaketa irabazteko ez dago zertan filologoa izan; xelebrea ere ez da izan behar". Kirola, musika eta kultura ditu gogoko: "Azkenaren barruan daude hitz gurutzatuak".

Hitz gurutzatuak txikitatik egiten dituzu, ezta?

Gure aita joko horiek egiten ikusten nuen, eta haren bitartez harra piztu zitzaidan 9 urte inguru nituela. Aitak egiten zituenez, ni ere saiatzen nintzen, baina, gehienetan, ez nuen lortzen; ordutik datorkit zaletasuna. Hitz gurutzatuak jolasa, plazera, denbora-pasa eta kultura dira.

Batek baino gehiagok pentsatuko du beste garai bateko kontua dela pantailen aroan arkatza eskuetan hitz gurutzatuak egiten denbora pasatzea.

Niri aisialdian lasaitasuna ematen didan jarduera da. Besaulkian jarri eta lasai egoteko nire moduetako bat da. Ezin gara bakarrik pantailara lotuta egon.

Zeintzuk dira hitz gurutzatuak gobernatzeko giltzak?

Ezinbestekoa da hizkuntza horretan ondo moldatzea. Hitz gurutzatuak ondo egiteko, asko egin behar dira, definizioak behin eta berriz errepikatzen direlako. Gaurkotasunari kasu egitea ere garrantzitsua da; are gehiago, lehiaketarako.

Ehun urte dira The New York World egunkarian lehenengo hitz gurutzatuak argitaratu zirenetik; euskarazko lehenak geroagokoak dira. Hizkuntzak erabat baldintzatzen al ditu hitz gurutzatuak?

Jokoak ezberdinak dira hizkuntza bakoitzean. Definizioen planteamendua aldatu egiten da, eta hizkuntza bakoitzaren ñabardurak agerian geratzen dira. Definizioetan, hizkuntza bakoitzak duen munduaren ikuskera antzeman daiteke. Erantzunei dagokienez, hizkuntza bakoitzak bere mekanismoak ditu. Esate baterako, euskaraz infinitiboan eman daitezke erantzunak, eta irakurri idatzi ordez irakur idatz daiteke hizki kopuruak hala aginduz gero.

Euskararen zein berezitasun antzeman daitezke hitz gurutzatuen bidez?

Euskal hiztegiak duen aberastasun handiak joko itzela ematen du; lehiaketan eta Mihiluze telebista saioan agerian geratu izan da. Euskalkietan nahikoa trebatuta nagoela esango nuke, betidanik jakin-mina sortu didatelako; halere, lehiaketan inoiz entzun ez ditudan hitzak ateratzen dira.

Adibidez?

Azken lehiaketan, bizkaieraz mozkorrari esateko modua eskatu ziguten definizio batean; kale hizkuntzan behar zuen. Guk Gipuzkoan atxurra, legatza edo arraia esaten diogu, baina entzun gabe nengoen Bizkaian katua esaten diotela.

Lehiaketaren zazpi aldietan parte hartu duzu. Nola izan zenuen txapelketaren berri?

Lehen txapelketa baino egun batzuk lehenago, BERRIA egunkarian txapelketa iragarri zuten, eta izen-ematearen gaineko xehetasunak eman zituzten. Gustuko dut lehia, gustukoak hitz gurutzatuak, eta halako lehiaketa bat antolatu izanak poza eman zidan.

Zergatik poza?

Kulturarekin lotutako egitasmo berri bat zelako, euskaraz eta Euskal Herrian. Euskarazko egunkaria badugu, baita euskarazko telebista eta irratia ere, ezta? Hitz gurutzatuen lehiaketa egotea beste urrats bat da euskararen normalizazioaren bidean. Luma aldizkaria ere hor dago. Horrelakoekin Euskal Herria eraikitzen dugulakoan nago.

Azaroan, azken hitz gurutzatuen lehiaketaren egunerako, zeintzuk izan ziren Irungo Ola sagardotegira eraman zenituen lanabesak?

Arkatza antolatzaileek ematen dizute, eta norberak hiztegia eramaten du. Nik sinonimoen hiztegia eramaten dut. Hiztegien paperezko edizioak erabil ditzakezu.

Beharrezkoak al dira?

Hitz gurutzatuak etxean egiteko ez, baina lehiaketakoak betetzeko bai. Beharbada, euskalkiak menderatu ahal dituzu, Euskal Herriko toki guztiak ere bai, baina lehiaketan aurrera egiteko hitz gurutzatuak zuzen eta azkar osatu behar dira. Hiztegiek azkarrago egiten laguntzen dizute. Eskatzen dizkizuten erantzun guztiek hiztegian jasota egon behar dute. Beste parte hartzaileek eramaten dituzten hiztegiak ere erabiltzen ditut. Elhuyarren hiztegi entziklopedikoa oso baliagarria izaten da toponimikoak aurkitzeko.

Txapelketako jokoetako definizioak ez dira ohikoenak, ezta?

Erantzunak zeharka eta arbitrarioki eskatzen dira; ez dira Xederakoek Luma aldizkarian argitaratzen dituztenak bezalakoak. Lehenengo urtean harrituta utzi gintuzten; Luma-rekin egin genuen entrenamendua, eta definizio arruntak espero genituen. Lehiaketan sorpresa hartu genuen definizio askorekin.

Ezuste haietako bat gogoratzen duzu?

Definizio bat zen: bi aldiz lo. Hitz gurutzatuaren taulan, lau gelaxka zeuden betetzeko. Burura etorri zitzaidan lehenengo erantzuna lolo izan zen, baina, ingurukoak bete eta gero, erantzuna okerra zela konturatu nintzen. Erantzun zuzena etzi zen: bi aldiz lo egin eta gero datorren eguna. Beste definizio bat hau zen: su emanez gero, kontuz. Bi hizki erantzunean; kea izango al zen? Ondokoak osatu eta gero ke alboratu, eta erantzuna ka zen. Beste adibide gisa, Iparraldean zein Nafarroan kontuz esan beharrean kasu esaten dute. Definizioan erantzunaren zati bat eman ziguten; nik ez dakit hori posible den beste hizkuntzetan. Horrelakoek txapelketari indarra ematen diote, piperra ere bai. Orain, definizio arruntetan ere tranpak bilatzen ditugu.

Lehiaketan, goizetik eguerdira arte hitz gurutzatuak egiten aritu zineten.

Bai, 34 lagunek parte hartu genuen. Lau sailkatu ginen finalerako. Azkeneko ariketak zutik eta jendaurrean egin genituen, eta tentsioa sortzen da. Uste dut ikusleentzat polita dela finalista bakoitzaren sistema ikustea.

Zein sistema erabili duzu zuk hitz gurutzatuak egiteko?

Azken lehiaketan estrategia aldatu nuen, eta ongi atera zen. Finalean denborak agintzen du: azkar aritu behar duzu derrigor. Ez nion goitik beherako eta ezkerretik eskuinerako sistemari jarraitu. Hitz gurutzatuen taula beste era batera bete nuen, baina ez dut esango nola [barreak], aurten ere txapelaren bila joango naiz eta.

Patinatzaileen lasterketa ere egiten dute 2009tik

Korrikalariek ez ezik patinatzaileek ere egingo dute Lilatoia, martxoaren 9an. Lehen aldiz 2009an antolatu zuten patinatzaileentzako lasterketa. Lasterka egin behar dutenak baino bost minutu lehenago aterako dira Bulebarretik. Urterik urtera, gero eta...

Hiru hamarkada lasterka eginez

Idiazabalgo Herri Krosak 80ko hamarkadaren hasieran du hastapena. Garai hartan ez zen ohikoa korrikarako zaletasuna, eta nekez aurki zitezkeen korrika egiteko bidea ematen zuten probak. Donostiako maratoia zen inguruan egiten zen proba bakartsuenetako...

ABIAN DA TXOTX GARAIA

Kalakan musika taldeko kide Thierry Biscaryk, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk eman diote irekiera aurtengo sagardo garaiari. "Mikatz puntua" du sagardoak, Joxe Anjel Goñi Sagardun elkarteko kidearen ustez. Irudian, hiru musikariak Astigarragako Alorrenea sagardotegian, lehengo asteko asteazkenean.

Lehen pertsonan hitz egiteko aukera

Teknologia pertsonen zerbitzura jartzea aurrerabidea bada, zer esanik ez teknologia horrek handitu egiten badu egunerokoa urritasun bat dela medio baldintzatua duten pertsonen bizi-kalitatea. Orduan, ezinbestekoa bilakatzen da. Gipuzkoako Aspacek Ekip...

“Hamalau urterekin hasi nintzen aitak egindako gaztak saltzen”

Familiatik datorkio gaztaren inguruko lanbidea Juan Goikoetxeari (Donostia, 1962); ekoizpenari jarraitu ez badio ere, gaztaren tradizioari gogor eutsi dio, bere ofizio eta ogibide bihurtuz. Uztegin (Nafarroa) jaioa da, baina urteak daramatza Donostian bizitzen. Baserriko ardiak zaintzea, gazta egitea, saskian gaztak hartzea, eta merkatuan saltzea. Hori da Goikoetxeak txikitatik etxean ikusi eta ikasi izan duena.

Umea zela hasi zen familiako negozioan lanean, eta, ordutik, Euskal Herriko nahiz kanpotik ekarritako gazten salmahaiaren atzean egiten du lan Zarautzen, Juantxo Gaztak dendan: "Hamalau urte nituela hasi nintzen aitak egindako gaztak saltzen". Goikoetxearen aitak, Aralarko mendietan egiten zuen gazta, eta Zarauzko azokako postuan saltzen zuen —gaur egun oraindik martxan jarraitzen du azokako postu horrek—. Goikoetxeak aitaren ofizio berari eutsi zion eskola amaitu ondoren: "Txikia nintzela gurasoek merkatuan jartzen ninduten bertako baserritarren artean, aitak egindako gaztak saltzen. Eta horrela ikasi dut pixkanaka ofizioa".

Goikoetxeak azaldu duenez, uda Etxarri Aranatzen (Nafarroa) pasatzen zuten, aitak gaztak egiten zituen bitartean. Negua, aldiz, Zarautzen, gaztak saltzen. "Udan esne litro gutxiago behar da gazta egiteko, esnea loditu egiten baita", azaldu du. "Aralarren gazta bat egiteko sei litro esne erabiltzen genituen, eta hemen egin behar izanez gero, bederatzi litro beharko genituzke gazta bat egiteko".

Gazta egiteaz gain, ardiak saltzera ere joaten zen Goikoetxearen aita Ordiziara. Baita Ordiziako gazta txapelketetan parte hartzera ere. "Urte batean Ordiziako gazta txapelketa ere irabazi zuen aitak; Subijanak erosi zion gazta 35.000 pezetaren truke".

Soldadutza egitera joan beharreko bi urte kenduta, ofizioan aritu da Juan Goikoetxea betidanik. Eta gaur egun, aitagandik datorkion gazta ekoizteko lanbideari jarraitu ez badio ere, gaztaren tradizioari eutsi eta gaztak saltzen jarraitzen du.

Idiazabalgo gazta

Euskal Herriko gaztarik ezagunena Idiazabalgoa izanik, gehien saltzen duten gazta da. Kanpoko gaztek baino arrakasta handiagoa dutela azaldu du saltzaileak. "Atzerritik etortzen diren turistek ere Idiazabalgo gazta erosten dute gehienetan". Dena dela, dendako saltzaileek aholkuak ematen dizkiete bezeroei, euren gustuen arabera. Idiazabalgo gaztaz gain, Roquefort gazta, Mantxako gazta, behi gazta, ahuntz gazta eta beste hainbat ere saltzen dituzte. "Artzainek baserrian egindako gaztak eskaintzen ahalegintzen gara, fabrikakoa ahal baldin bada ez dugu eskaintzen".

Produktu gehienak Euskal Herritik ekarritakoak ditu Goikoetxeak; tokiko ekoizleen arteko elkarlanetik ateratzen diren produktuak, batik bat. Baina, baditu nazioartetik ekarritako hainbat produktu ere: Frantziatik ekarritako gazta, Herbeheretatik ekarritakoa... "%85 hemen inguruko produktuak dira, baina, hainbat gazta kanpotik ere ekartzen ditugu, gainontzeko merkatutik berezitasun hori izateko".

Merkatuak eta konpetentziak hala eskatuta, aitarekin hasitako gazta salmenta produktu berriekin areagotu du Goikoetxeak. Gazta bakarrik saltzetik hainbat produktu saltzera pasatu da, hau da, gazta denda bat izatetik gutizia denda bat izatera. "Egunetik egunera jendeak gauza gehiago eskatzen zituen, eta gaur egun gaztarekin bakarrik geratuz gero, bezero kopurua asko murrizten da. Hori horrela, produktu eskaintza zabaltzea erabaki genuen".

Gaur egun goi mailako produktu gastronomikoak saltzen dituzte, hots, originalak edo eskuz egindakoak direnak, supermerkatuetan nekez aurki daitezkeen produktuak. "Kalitatea" ezaugarri nagusitzat duten elikagaiak, alegia: ardoak, txakolinak, hegaluzea eta piperrak, besteak beste. Baina, produktu izarrak, Aiako gazta, hegaluzea eta antxoa direla nabarmendu du. "Aiako gazta bertako baserritar batek ekartzen digu, eta jende mordoa etortzen da horren bila".

Gutizia dendetako produktuek zerbait berezia eskaintzen diete bezeroei: "Gainerakoengandik bereizten garela sentiarazi nahi diegu bezeroei", azaldu du Goikoetxeak. Gainera, uste du saltoki txikietako bezeroei arreta berezia eskaintzen zaiela saltoki handietan ematen den arretarekin alderatuta. "Beharrezkoa da bezeroari arreta berezia eskaintzea, azken finean horregatik nabarmentzen gara, azkenean konfiantza sortzen da saltzailea eta eroslearen artean".

Sasoiaren arabera

Lan gehiena udan eta Gabonetan izaten dutela nabarmendu du Goikoetxeak. "Udan kanpotarrak etortzen dira, eta gazta, txakolina eta Euskal Herriko ohiko produktuak eraman nahi izaten dituzte". Gabonetako egunetan, aldiz, jendea gutizia bila joaten da bazkari nahiz afari berezietarako, eta orduan ere izaten dute nahikoa lan.

Egoera ekonomikoak eta merkatuaren gorabeherek bere ogibidean eraginik izan ote duten azaltzean, hala dio Goikoetxeak: "Lehen gazta lau bat dendatan bakarrik saltzen zuten, eta orain, leku guztietan saltzen dute; horrenbestez. espezializatu egin behar izan dugu". Gainera, erosleek gehiago begiratzen diote patrikari: "Lehen jendeak hainbat gutizia erosteko joera zuen; orain, ordea, gehiago begiratzen zaio diruari".

Lurrari loturiko bizimodu bila

Gomiztegi baserriko artzain eskolan (Arantzazu, Oñati) artzain izateko ikastaroa egiten ari dira Zaira Gomez Gil (Madril), Albert Maso Coll (Girona, Herrialde Katalanak) eta Kiko Bardagi (Madril); "gaztelarra naiz, ez espainola", dio Bardagik. Beste bizimodu bat hasteko asmoarekin hartu zuten artzain eskolan hasteko erabakia. Hirurak oso pozik daude izaten ari diren esperientziarekin. Bizi proiektu berria lantzen ari dira, "ilusioz".

Artzain izateko ikastaroa beste ikasle batzuekin batera egiten ari dira. Lurrari lotutako bizimodu bat hasteko itxaropenaz ari dira hirurak. Gomezek kontatu duenez, "orain arte egin ditudan ikasketek ez dute zerikusirik nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin; bulego lanetan jardun dut. Baina munduarekin haserre sentitzen nintzen, eta naturan edota nekazaritzan jarduteko gero eta gogo handiagoa nuen. Halako batean, gehiago ezin nuela eta bizitza aldatu beharra neukala sentitu nuen. Orduan, informazio bila hasi, eta Gomiztegiko artzain eskolara etortzea erabaki nuen".

Arantzazura ikastera etortzeko Masoren arrazoiak ere Gomezenen antzekoak dira. "Hamar urtez lorezaintzan jardun dut lanean, baina abeltzaintzarekin zerikusirik ez duten ikasketak nituen eginak. Ordea, nire aitonak, birraitonak... landa eremuan lan egin dute, eta nik ere lurrari lotutako bizimodu berri bati ekin nahi izan diot". Maso familiarekin etorri da Euskal Herrira: emaztearekin eta semearekin. "Pixka bat irten eta aire berria, arnasa hartu nahi genuen. Esperientzia desberdin bat izan nahi genuen". Katalunian ere bada beste artzain eskola bat, baina Arantzazukora etortzea erabaki zuen Masok: "Ez dakit besteak baino hobea edo okerragoa den, baina beste artzain eskola batzuen aurretik sortu zen, eta erreferentzia da haientzat".

Bardagik artzain eskolara etortzeko arrazoiak bestelakoak ditu; "ideia batzuengatik" etorri da. "Gaztelako herria nekazari mundutik indarrez kanporatua izan da: aurrena iraultza liberalak, gero frankismoak, eta ondoren parlamentarismoak. Landa eremuak hutsarazi dituzte, gero eutsiezinak diren guneak masifikatzeko", dio. Hirietako bizimodua "txarra" dela uste du. "Jendea bizitzaren zentzua galduz doa hirietan". Abeltzaintza estensiboa oinarrizko ikusten du, eta "ahal duen guztia" ikasi eta lanean hasteko asmotan etorri da Gomiztegira.

Praktikak artzainekin

Artzain eskolako ikastaroa sei hilabetekoa da, eta hasiera-hasieratik bakoitza bere proiektua egiten ari da. Martxoan bukatuko dute ikastaroa. Saio teorikoak Gomiztegin izaten dituzte, eta praktikoak artzain profesionalen baserrietan. Bardagi Aizkorriren hegoaldeko baserri batean ari da praktikak egiten, eta Gomez, Leongo baserri ekologiko batean. Saio teorikoak dituzten egunetan, berriz, Arantzazun ostatu hartzen dute biek. Masoren kasua desberdina da: hura familiarekin etorri da, eta, ikastaroak iraun artean, Antzuolako Pikunieta baserrian bizi da familiarekin, praktikak ere bertan eginez. "Familiarentzat tokia izango zuen baserri bat bilatu nuen. Ni gustura nago ikasten ari naizenarekin, baina familia ere gustura egotea funtsezkoa da niretzat, eta hala izaten ari da".

Ikastaroak aurrera egin ahala ilusioan "gorabehera asko" izaten dutela diote. "Jakin-nahia eta gogoa haziz doaz, baina lan eta bizi proiektua aurrera ateratzeko egon daitezkeen zailtasunak ere azaleratzen dira. Oraintxe goian zaude, eta hurrengoan behea jota", dio Masok. Gomez ere bat dator: "Etorri aurretik ez neukan garbi zer aurkituko nuen, baina esperientzia oso positiboa izaten ari da. Egia da gorabehera handiak izaten direla, baina pozik eta zorteko sentitzen naiz".

Bizitzan oro har artzaintzak duen garrantziaz jabetu da Bardagi, eta pozik dago. "Progresismo liberalak animaliekiko tratua eta landareen eta basoen inguruko ezagutza galarazi ditu. Tradizioko gauza onei eusteko garrantziaz ohartu naiz ikastaroan, baita artzaintzak landa eremuaren aberastasunean duen garrantziaz ere".

Eta gero, zer?

Ikastaroa bukatzean, Bardagik garbi du bere proiektuari helduko diola: "Aukera asko ditut, eta horri ekingo diot. Gomiztegiko jendeari eskerrak eman nahi dizkiot, ardiekin nola jardun jakiteko erremintak eman dizkidatelako". Baserriaren eta tradizioko gauza onen alde lan egiteko gogoz dago.

Gomezek, berriz, ikastaroa bukatu ondoren, egun praktikak egiten ari den baserrian jarraitu nahi du: "Horregatik, lasaiago hartuko dut proiektu propioa". Proiektua aurrera ateratzeko "finantzaketa handiagoa" beharko duela dio Masok: "Beraz, proiektuarekin hasi baino lehen, dirua lortzeko beste lan batzuk egin beharko ditut. Eta ea gero zer gertatzen den; ikusiko dugu".