Turista gehiago hoteletan.

Gipuzkoan izandako turisten hazkundea hoteletan igarri dute, batez ere. Iaz, 2012an baino 24.502 bisitari gehiago igaro ziren lurraldeko hoteletatik: 881.547. Turista bakoitzak, batez beste, 1,97 gau igaro zituen. Guztira, 1.734.975 gau.

Turista gutxiago landetxeetan. Landetxeetan ez dituzte lortu hoteletan bezain datu onak. Iaz, 2012an baino ia 4.000 bisitari gutxiago (%4,5) igaro ziren landetxeetatik. Abuztua hobea izan zen —1.500 bisitari gehiago—, baina urtea makalago joan da oro har.

Espainiako Estatutik kanpoko turisten hazkundea. Krisialdia hasi zenetik, jaitsi egin da Madrildik eta Herrialde Katalanetatik etortzen den turista kopurua. Ez, ordea, urrutiagotik datozenena. Azken urteetan ugaldu egin da turista mota hori. Donostia inguruan, batez ere.

Arima handiko musikaria

Arimarekin jotzen du akordeoia Gorka Hermosa urretxuarrak. Musika barru-barrutik bizi duen horietakoa da, sortzen dituen piezen bitartez sentitzen duen hori transmititzea baita bilatzen duena. Horregatik, eta bere lanaren kalitateagatik, akordeoi jotzaile askorentzat erreferente da Hermosa mundu mailan. Bere estilo berezia eta pertsonala biltzen duen lan berria kaleratu berri du orain Heterodoxia izenburupean.

Disko berriaz galdetuta, eman zuen lehenengo kontzertuaren 25. urteurrena ospatzeko egin duen bilduma lana dela erantzun du Hermosak. Guztira, azken urteetan grabatutako hamazazpi abesti jaso ditu, tartean, "aurrez argitaratutako lanetan kanpoan geratu diren hainbat". Lagun onez inguratzen da beti Hermosa, eta azken lana ez da salbuespena izan. Azken 25 urteetan kolaboratzaile izan dituen musikari guztien artean aukeraketa egin eta "gusturen sentiarazi" dituen horiek aukeratu ditu disko honetarako, hamazazpi, abestiak bezala.

Izenari kasu eginez, disko berria erabat heterodoxoa da, aniztuna. "Musika garaikidea, tangoa, flamenkoa, folka, jazza, ganbara musika... aurkitu daitezke bertan. Denetarik, akordeoi jotzaile batengandik espero daitekeen hori izan ezik", zehaztu du Hermosak. Argitaratu dituen lan guztietatik "hobekien definitzen" duen lana da oraingoa. Aurrekoek ez bezala, ez diolako ildo jakin bati jarraitzen: "Aniztunagoa da, kanape txikiez osatutako menu bat bezala". Izan ere, estilo oso ezberdinetan aritzea da gehien gustatzen zaiona, "gozatzeko eta ikasten jarraitzeko".

Hermosak lehenengo kontzertu hura eman zuenetik mende laurdena pasatu da dagoeneko. Ikaslea irakasle bihurtu da, eta gaztetako ametsa betetzea lortu du: musikatik bizitzea. Une hura, dena den, "maitasun handiz" gogoratzen duela aitortu du musikariak. "Amaia Usabiaga akordeoi jotzailearekin batera jo nuen, baina ez dut gogoratzen ondo edo gaizki irten zen", dio, barrez.

Ikasle garaitik heldutasunera

Orduan hasitako bideak emaitza eta fruitu ugari eman dizkio urretxuar gazteari. Mundu mailan bere musikak aitorpen eta sari asko jaso ditu, baita kontzertu ugari egin ere. Besteak beste, hainbat agertoki musikari handiekin partekatzeko aukera eman dio akordeoiak. Bidean, azken lanaz gain, beste hiru disko ere argitaratu ditu: IlunaBar (2002an), Tangosophy (2006an) eta Flamenco Etxea (2011n).

Disko berriaren argitalpenarekin batera, beste hainbat proiektu ere baditu esku artean; izan ere, "saltsa askotan sartuta egotea" gustatzen zaion horietakoa ere bada. Martxoan, adibidez, lau eguneko kontzertu bira egingo du Txinan, "Pekingo Kontserbatorioko irakasle batek gonbidatuta". Izan ere, munduko akordeoilari askok jotzen dituzte Hermosaren lanak kontserbatorioetan, lehiaketetan edo kontzertuetan, tartean txinatarrak ere bai. Horregatik, bertan emanaldi batzuk eskaintzeko eta Master Class batzuk emateko gonbidapena jaso zuenean, ez zuen zalantzarik egin. Musikariarentzat "gozamena" izango da han jo ahal izatea.

Lehenengo aldiz joango da Hermosa Txinara: "Iaz Shangaira joateko gertu izan nintzen, baina ez nuen hango musika agentearekin akordio bat ixterik izan", azaldu du. Txina bezalako herrialde batek "asko erakartzen" duela dio, eta datorren urterako Shangairako bidaia egingo duen "itxaropena" gordetzen du oraindik. "Asko gustatuko litzaidake txinatarren kultura ezagutzea eta Pekinen eta Shangairen arteko ezberdintasunak ikustea eta sentitzea".

Herri Opera antolatzen dabil

Hala ere, Urretxu-Zumarragan datorren ekainaren 21ean egingo den Herri Opera izeneko ikuskizuna da azken hilabeteetan akordeoi jotzaileari ordu gehien kentzen dizkion proiektua: "Urtebete daramagu jada buru-belarri honetan; lan handia da, baina oso polita ere bai".

Hermosa ideiaren sortzailea, bultzatzailea eta antolaketa lanaz arduratzen ari dena da. Baina Herri Opera anbizio handiko proiektua da, eta "bi herrietako bostehun pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute bertan". Bi helburu nagusi ditu: "Herriko kultur ondarea balioan jartzea eta ezagutzera ematea eta kulturaren munduan dabiltzan herrikideei elkarrekin lana egiteko aukera bat eskaintzea".

Bi herrietan dauden kultur taldeen eta beren ibilbidea herritik kanpora egiten ari diren artisten —tartean aurpegi ezagun asko— arteko fusioa egingo dute. "Jon Plazaolak egingo du gidoia, Joseba Apaolaza, Barbara Rivas eta Josune Goenaga izango dira aktore nagusiak, Edurne Iturbek eta Jon Maiak egingo dute ikuskizunerako abestia, Jose Mari Aleman arituko da eszenografia lanetan, Julen Izagirre diseinuan, Iñigo Sbeltza bideoak egiten, Natalia Mora-Gil arduratuko da jantziez...". Eta horrela bostehun herritar baino gehiagoko zerrenda osatu arte.

Kontzertu birak eta gehiago

Norbanakoekin batera arituko dira bi herrietako musika taldeak, abesbatzak, txalapartariak, dultzaineroak, txistulariak, dantza taldeak, antzerki taldeak, argazkilariak, margolariak... Jende hori guztia harremanetan jartzeko eta kontaktua mantentzeko, Facebooken Urretxu-Zumarragako Artea izeneko gune bat ireki dute: "Vanessa Blazquezek eta biok herrikideek egiten dituzten kultur ekintzak zabaltzen ditugu bertan, besteak beste". Dagoeneko, 1.100 bat lagun batu dira Facebookeko profilera, eta egunero "mugimendu handia" izaten dela dio Hermosak.

Gainera, Txinako biraz gain Frantzian, Bosnian, Suitzan eta Espainian ere kontzertuak dauzka aurreikusita urretxuarrak, eta horiek prestatzen ere ibiliko da datozen hilabeteetan. Christine Rossi akordeoi jotzaileak bere lanekin grabatuko duen diskoa ekoiztuko du.

Ekainean, Malandro taldearekin beste disko bat grabatuko du eta Italiako eta Portugalgo zenbait musikarirentzako hainbat abesti ere egin behar ditu. Tartean, Santanderko Kontserbatorioan (Espainia) irakasle lanetan jarraituko du.

1923az geroztik, urterik euritsuena izan da 2013a

Turismoaz hitz egitean ohikoa da eguraldiaz hitz egitea. Bada, 1923az geroztik, iazkoa izan zen urterik euritsuena Gipuzkoan. Uztaileko bigarren astera arte egun gutxitan agertu zen eguzkia. Bi hilabetetan bero handia egin zuen gero, baina irailetik a...

Historia, sagardoz gozatuta

Hernaniko kultur ondarea modu atseginean ezagutarazteko helburuz prestatu du GPS Gipuzkoako Parketxeen Sarea fundazioak Gozatua Hernanin deituriko eskaintza, Ereñozu auzoko Larre Gain sagardotegiarekin elkarlanean. Hiru orduko bisita gidatuan, trikuharriak, saroiak eta antzekoak ikusteaz gain, sagardotegiko otorduaz gozatzeko aukera dago.

Bisita gidatua Aiako Harria parke naturaleko eremuan egiten denez, bertarako sarreretako bat den Arditurri parketxeko ingurumen hezitzaileak arduratzen dira gidari lanaz. Miren Oliva da horietako bat, eta Gozatua Hernanin eskaintzak natura eta sagardoaren arteko uztarketa egiten duela azaldu du: "Aukera polita iruditu zitzaigun natura zein kultur paisaia sagardoarekin lotzea". Hala, txotx garaiak azken urteetan hartu duen indarra sagardoaren ingurura ez mugatzea lortu dute, goiz edo arratsalde pasa bat egiteko aukera eskainiz.

Iazko urrian eskaini zuten lehen aldiz, larunbatetan, goizez zein arratsaldez, eta aurten, txotx garaiarekin batera ekin diote berriz. Sagardo garaia amaitu arren, aurrera jarraituko du, baita sagardotegietako otorduak ere. "Izan ere, eskaintza banaezina da, ibilaldia eta sagardotegia elkarrekin doaz", azaldu du Olivak.

Ereñozuko Larre Gain sagardotegia da Gozatua Hernanin jardueraren abiapuntua. Bertatik, zailtasun txikiko mendi ibilaldi gidatua egiten dute bisitariek, Aiako Harrian dagoen Saratsetako leporantz. Olivak nabarmendu du ibilaldiak ez duela "zailtasun berezirik" eta edonork egiteko modukoa dela. Egiten den bideak inguruko kultur paisaia ezagutzeko aukera ematen du, saroiak eta trikuharriak ikustekoa, bereziki. Inguru horietan baitaude 5.000-6.000 urteetako datazioa duten trikuharriak eta Euskal Herrian soilik topatu diren Erdi Aroko saroiak, bisitaren lehen zatian ikus daitezkeenak.

Bigarrenean, sagardogintza da gai nagusia. Ibilaldian sagardogintzari lotutako arloak lantzen badira ere, esparru hori gertutik ezagutzeko aukera Larre Gainen egiten den bisitak ematen du. Sagardoaren historia, egiteko prozesua zein ezaugarriak ezagutu daitezke hala. Gainera, urte garaiak ere badu zeresana: "Garai bakoitzak eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditugu sagardogintzaren lanak ezagutzeko; sagar jotzea, botilaratzea...". Behin bisitak amaituta, Larre Gainen bertan sagardotegiko menuaz gozatzeko aukera dute bisitariek.

Taldeei egokituta

Azaroan, abenduan eta urtarrilean, asteartetik igandera bitartean eskaini dira bisitak, goizez. Olivaren hitzetan, ordutegia gutxi gorabeherakoa da, eta taldearen arabera egokitzen dituzte: "Goizez den kasuetan, 10:00 aldera hasiko lirateke, hiru orduko bisita egin eta 13:00 alderako bazkaltzeko prest izateko". Otsailetik irailera bitartean, ordea, asteko egun berberetan arratsaldeetan ere —igandeetan izan ezik— egongo da jardueraz gozatzeko aukera: "17:00 aldera has daiteke bisita, eta 20:00etarako afaltzeko moduan izango lirateke".

Gutxienez hogei laguneko taldea eskatzen dute bisita egin ahal izateko. Hala ere, badituzte bestelako asmoak buruan: "Data zehaztu ez badugu ere, lau larunbatetan deialdi ireki bat egiteko asmoa dugu, gutxieneko kopururik ezarri gabe bisita gidatua egiteko aukera emanez". Jardueraz gozatu nahi dutenek hainbat bide dituzte arduradunekin kontaktuan jartzeko. Arditurri parketxera deitu dezakete, baita Larre Gain sagardotegira bertara ere. Horrez gain, Arditurrira eskaera posta elektronikoz bidaliz gero, interesatuekin harremanetan jartzen dira parketxeko hezitzaileak.

Prezioei dagokienez, helduentzako eta haurrentzako egokitutakoak dituzte. Helduentzako eskaintzak 33 euro balio du; horietatik 28 euro sagardotegiko otorduarenak lirateke, eta gainerako 5 euroak, bisitari dagozkionak. 12 eta 15 urte arteko haurren kasuan, 15 euro dira ordaindu beharrekoak; otorduak 12 euro balio du, eta bisita gidatuak, 3 euro.

Gizentasunari aurre hartzea badagoelako

Zenbait ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren %15 inguruk obesitatea dute; eta, haur horiez gain, beste %15ek, gehiegizko pisua. Munduko herrialde askoren datuekin alderatuta, hemengo datuak ez dira hain kezkagarriak. Espainian, esate baterako, umeen %45 inguruk dute behar baino pisu handiagoa. Hala ere, arazoa handiagoa izan aurretik gaiari heltzea erabaki dute Debagoienean. Eskualdeko hainbat eragilek egitasmo bat martxan jarri dute, haurren gizentasunari aurre egiteko. Ikastetxeetako haurrei urtarrilean egin dizkiete lehen neurketak. Uda baino lehen Debagoieneko errealitatearen argazkia atera nahi dute, ondoren horren araberako neurriak proposatzeko.

Duela urtebete hasi zen egitasmoa gorpuzten; hain zuzen ere, Debagoieneko Ospitaleak lantalde bat sortu zuenean haur loditasunaren inguruan eztabaidatzeko. Lantalde horretan, gaiari buruz zeresana duten talde eta norbanako ugari elkartu dira: Debagoieneko Ospitaleko pediatrak, Arizmendi ikastolako erizaintza ikasleak, udaletako ordezkariak, ikastetxeetako ordezkariak eta osasun eta kirol alorreko profesionalak.

Lantaldean parte hartu dutenetako bat da Iñaki Ugarteburu Bergarako Udaleko Kirol teknikaria. Haren esanetan, prozesua aurrera eramateko beharrezko pausoak ematen aritu dira azken hilabeteetan. Haurrei buruzko emaitzak jasotzeko, datu base bat sortu dute, eta neurketak egiten ari direnek trebakuntza saioak jaso dituzte, "ahalik eta azterketa sakonena" egiteko. Izan ere, egitasmoaren oinarria neurketa horiek dira. EAEko zenbaki orokorrez harago, eskualdeko datu zehatzak eskuratu nahi dituzte: "Herritarrek kontzientzia hartzeko interesgarria da eskualdeko datu zehatzak ezagutaraztea".

Lehen neurketak egin dituzte

Neurketa metodologiak zehaztuta, urtarrilaren 14an abiarazi zuten proiektua. Urtarrilaren 20ra bitartean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako umeen datuak bildu zituzten eskualdeko ikastetxe guztietan. Besteak beste, altuera, pisua eta gantz portzentajeak neurtu zizkieten neska-mutikoei. Horrez gain, galdera sorta bat egin zieten haien eguneroko ohituren berri izateko, eta joko batzuen bidez elikadurari buruzko irakaspenak ere eman zizkieten. Lehen fase horretan, 10 eta 12 urte arteko haurren datuak bildu dituzte, baina udaren aurretik 6 eta 10 urte artekoen errealitatearen berri ere jaso nahi dute.

Datu horiek landu egingo dituzte gero, jasotako informazio guztia ikastetxeei eta gurasoei aurkeztu aurretik. Ugarteburuk nabarmendu du ikastetxeek "oso harrera ona" egin diotela proiektuari: "Hasieratik, laguntzeko prest agertu dira". Gurasoei, berriz, gutun bidez baimena eskatu diete haien seme alabak egitasmoan parte hartzeko. Haien aldetik ere erantzun ona jaso dute, ia denek eman baitiete oniritzia.

Egitasmoaren bidez, haurrak eta gurasoak kontzientziatu nahi dituzte gizentasunak osasunean sor ditzakeen arazoez. Zenbait ikerketaren arabera, haurtzaroan, gizentasunak ez du eragiten ondorio nabarmenik, bai, ordea, nagusitzean. Haur gizen batek hiru aldiz aukera gehiago ditu helduaroan ere gizentasuna izateko. Ondorioz, horrek eragiten dituen gaixotasunak ere lehenago agertzen zaizkie sarri: bihotzekoak eta hipertentsioa, esate baterako.

Proiektuaren arduradunek argi dute prebentziorako eta, ondorioz, haurren obesitatea gutxitzeko kontzientziazioa dela bidea. Hori alor ezberdinetan lantzea ezinbesteko jotzen du Ugarteburuk: "Beste arazo batzuk konpontzeko egin den moduan, kontzientzia sortu behar da gizartean". Hori alde askotatik egin behar dela dio Bergarako Udaleko kirol teknikariak: "Etxean, ikastetxeetan eta erakundeetan lan egin behar da; beti plangintza orokor baten barruan".

Ohiturak aldaraztea helburu

Haurren ohiturak aldaraztea ere bada proiektuaren helburua. Genetikak ez ezik, elikadurak eta jarduera fisikoak eragin zuzena baitute gizentasunean. Eskualdeko haurren ohiturei erreparatuta, Ugarteburuk ez du uste Debagoieneko datuak oso desberdinak izango direnik EAEko datuekin alderatuta: "Aurreikuspenak egitea zaila da, baina eskualdeko haurrek ere denbora asko ematen dute ordenagailuaren edo telebistaren aurrean. Elikadura ere behar baino gutxiago zaintzen dute batzuek".

Hemengo datuak herrialde askotan baino hobeak izateak ez du lasaitu Ugarteburu: "Datuak leku askotan baino hobeak dira, baina horrek ez du esan nahi zer hobetu ez dugunik". Ugarteburuk datu bat nabarmendu du egoeraz ohartarazteko: "Duela hamabost urte, haurren %5ek zuten gizentasuna; gaur egun, berriz, kopuru hori halako hiruk dute".

“Energia berriztagarriak bultzatu nahi ditugu”

Energia berriztagarrien kontsumoa sustatzeko sentsibilizazioa bultzatzeko helburuz, energia burujabetzari buruzko jardunaldiak egin zituzten lehengo astean Errenterian. Santiago Otxoa de Eribek, bide horretan urratsak egiteko sortutako Goiener koopera...

1.080. Urtarrilean aztertu dituzten haurrak.

Haurren gizentasunari aurre egiteko egitasmoaren barruan, 1.080 neska-mutikoren datuak bildu dituzte urtarrilean. Lehen fasean, 5. eta 6. mailako haurrak aztertu dituzte. Uda aurretik, 6 eta 10 urte bitarteko beste 3.000 haur aztertu nahi dituzte.

Kanpoan lagunduz, etxerako ikasi

Iaz antolatu zuen Tolosako Hirukide ikastetxeak Giza Eskubideen Astea lehen aldiz, borondatezko ekintzak eta kanpainak gauzatuz "gizartea hobetzeko zerbait egiteko". Aurten bigarren aldiz antolatu dute, eta egitarauaren barnean bi mahai inguru egin di...

Nagusi zara, a ze deskantsua

Heldutasunera ez zinen iritsi zure etxe berriko logelan gortinak edo estoreak jarriko zenituen erabakitakoan. Ezta, duela urte gutxi promesten zenituenak ahaztuta, haurrak gustura heziko zenituzkeela jabetu zinenean ere. Gin-tonika edabe ezin garratzagotik trago kuttunera pasatzeak ere ez zintuen nagusi bihurtu. Hurrengo arratsalde arteko gaupasei uko egin zenien, baina hasiberri bat zinen oraindik bizitzan. Hetero izanda ere uzkiarekin jostatzea gustatzen zitzaizula onartzeak ez zuen ziklo aldaketarik esan nahi izan. Heldu bilakatu zinen —eta, beraz, zure gainbehera saihestu ezinezkoa hasi zen— hamar ordu jarraian inongo etenaldirik gabe lo egiteko gaitasun zoragarria egun batetik bestera, abisatu gabe, galdu zenuenean.

Hasieran, ez zintuen kezkatu asteazken neketsu baten ondoren zergati barik goizeko laurak arte esna egon izanak, bizialdi osoan horizontalean jartzearekin ziplo erori zaren horri. Hiruretan ardotxo batzuk hartuta oheratu eta gero oilarraren kukurrukuarekin batera begiak zabaldu zitzaizkizun hartan gehiago erretxindu zinen. Zazpi ordu jarraian lozorroan eman zenituenetik hilabete pasa zela konturatu zinenerako, bazenekien guztia okerrera aldatzera zihoala.

Laneko estresa izan zitekeela pentsatu zenuen segituan, baina oporretan ez zuen egoerak hobera egin. Betidanik kafeinari immunea zara; hori ere ezin izan. Zure buruhauste berbera duen Jonekin hitz egitea bururatu zitzaizun: kafeinagabea hartzen du aspaldian, eta takikardia eragiten zion oheratu aurreko zigarreta parea ere lagata dago. Alferrik, aitortu zizun.

Lurretik hain hurbil lo egiteak ez zizula batere onik egiten erabaki zenuen gero. Bazenekien azkenean koltxoi horrekin komeriaren bat izango zela, horrelakoetan ez da-eta zentimo bat bera aurreztu behar. Aldatutakoan, somier berria ere paratu zenion azpian, zorutik metro erdira edo, zuri beti gustatu izan zitzaizun gisara. Burko mordoxka ere probarazi zizkizuten denda zuri-zuri hartan, eta garesti askoarekin kotoiz betetako ametsak izango zenituela konbentzitu. Kaka zaharra.

Lo arina berriz; konturatzerako hor izango duzu iratzargailuaren txistu desatsegina; ez duzu batere deskantsatu. Jaiki arteko tartea beste zerbaitetan baliatu ala ez deliberatzen zabiltza. Beti izan duzu aita bezala bukatzeko beldurra. Goizeko zortzietarako osteratxoa eginda, gosalduta, egunkaria goitik behera errepasatuta, aspertuta. Baina hainbeste maniatan bezala, honetan ere gero eta haren antz handiagoa duzu. Heldua zara orain; izorratuta zaude.