Gutxienez, lortutakoa ez galtzea

Hasteko ordua heldu aurretik bildu dira hitzartutako lekuan. Hamar bat dira pankarta aurrean, baina haren atzean kopurua hirukoiztu edo laukoiztu egiten da gutxienez. Donostiako Askatasunaren hiribideko 17. zenbakiaren kanpoaldea hartu dute astelehen ...

Tolosako gazteak pozik daude prozesu parte hartzailearekin

Beste lokal batean kide izan zuten lagun batek eman zien Sara Costelli eta Aloña Lertxundiri Tolosako Udalak bultzatutako partaidetza prozesuaren berri, eta ez zaie damutu parte hartu izana, edozein arazo dutenean udaletxera jo dezaketela badakite-eta orain.

Costellek eta Lertxundik 16 urte dituzte, eta Tolosako Beotibar kalean dute lokala. Udalak bultzatutako partaidetza prozesua hasieran errezeloz hartu bazuten ere, beste lagun bati esker parte hartzea erabaki zuten: "Gure lokal zaharreko kide batek esan zigun, eta, nahiz eta hasieran dudak izan genituen, beste lagun batek konbentzitu gintuen joateko". Behin prozesua amaituta balorazio ona egiten dute biek, egoera hobera aldatu delakoan daude: "Oso ondo iruditu zitzaigun udalak bilerak antolatzea. Hasieran lokalak ez ziren legezkoak, eta edozer gertatuta ere babesik gabe geunden. Gainera, denak gure aurka zeudela iruditzen zitzaigun".

Gazteez gain, lokalen inguruko bizilagunek, lokalen jabeek eta adingabekoen gurasoek ere parte hartu dute prozesuan, eta gorabeherak izan dituzte elkar ulertzerakoan: "Egia esan, ez zen oso erraza bizilagunei gure tokian jartzeko eta gure arazoak ulertzeko eskatzea". Baina pixkanaka denen artean ados jartzea lortu zutela adierazi dute, eta "giro atsegina" egon zela. Lokaletan egoteko ohitura duten gazteen arteko saretzea beharrezkoa jo dute Costellek eta Lertxundik ere, eta partaidetza prozesuak horretarako balio izan duelakoan daude: "Lokal batean sartutakoan, ez zara handik irteten eta kanpoko jendearekin egoteari uzten diozu. Bilerei esker, denon arteko harremanak hobetu dira".

Gazteen arteko harremanez gain, udalarekikoak ere estutu dira, Costellen eta Lertxundiren ustez; "gertuago" ikusten dute orain: "Edozein arazo dugunean, badakigu udalera jo dezakegula".

Piezak taldean mugitzeko, erlojua martxan

Peoiak eta erreginak mugimenduan jarri dira Gipuzkoa osoan; zaldiak ere saltoka dabiltza. Erlojuak martxan dira, abian baita Gipuzkoako taldekako xake txapelketa. Joan den asteburutik, lurraldeko hainbat herritako lokalak txapelketaren egoitza bilakatu dira. Bihar jokatuko dute bigarren jardunaldia; lehiak bizi-bizirik jarraituko du martxora arte.

Guztira, 54 talde ariko dira nor baino nor gehiago, bakoitzean lau jokalari direla. Lau dira kideak, baita txapelketak dituen kategoriak ere: maila gorena, lehen maila, bigarrena eta hirugarrena. Klubei dagokienez, "oso banatuta" dago taldeen jatorria, Mikel Larreategi Gipuzkoako Xake Federazioko presidenteordeak azaldu duenez. Donostian hiru talde daude —Gros, Fortuna eta Añorga—, eta gainerakoan lurralde osoko eskualdeak daude ordezkatuta: Hondarribia, Beasain, Eibar, Arrasate, Tolosa, Zarautz... Horietatik guztietatik, lehiara azkena batu dena Legazpiko taldea da; sortze prozesuan dagoenetako bat, berriz, Azpeitikoa. Dena den, aldaketa gutxi batzuk kenduta, "azken lauzpabost urteetan" antzekoa izan da parte hartzea, jokalari kopuruari dagokionez.

Markak hobetzea

Lehen jardunaldian bezala, bihar arratsaldean ere herri askotara helduko da norgehiagoka, eta lehen jardunaldian lortutako emaitza hobetzeko edo berdintzeko ahaleginetan ariko dira denak. Oraingoz, maila gorenean, Eibar A eta Anaitasuna berdinduta daude lehen postuan; lehen mailan, Andoain da nagusi; bigarrenean, Gros G taldea, eta hirugarren mailan, Gros H eta Hondarribia-Marlaxka berdinduta daude.

Gipuzkoako taldekako lehiaketa horretatik haratago, "badago mugimendua" urte osoan xakearen inguruan. Larreategik dioenez, eskoletan xakean jokatzen irakasten da, eta, horrez gain, herri askotan dituzte xake klubak. Bostehun bat federatu kalkulatzen dituzte gutxi gorabehera, "Bizkaian duten kopuruaren antzekoa".

Aisirako aukerak handitzeak izan du zerikusia parte hartzearekin: "Aukera aniztasuna dela-eta, murriztu egin da parte hartzea gazteenen artean; horri buelta eman ezinda gabiltza". Larreategiren ustetan, dena den, ziurrenik ez da soilik xakean gertatu; beste hainbat kirol edo jardueretara ere zabal daiteke kasua.

Hala eta guztiz ere, Larreategik izandako esperientziaren arabera, haur asko ari zaizkie gerturatzen xakean ikasteko interesarekin. "Agian ez dira gero txapelketaren mundura sartzen, baina ikastera etortzen dira".

Lehiaketak urte osoan

Lehiaketei dagokienez, federazioak antolatzen ditu gehienak. Hiru dira esanguratsuenak, horietatik bi, ofizialak: orain jokatzen ari diren taldekako txapelketa eta banakako txapelketa —urritik abendura izaten dena—. Bestea Aste Santuan egiten dute, eta, ofiziala ez izan arren, garrantzi handikotzat dute, nazioarteko jokalariak etortzen baitira Gipuzkoara; azken urteetan, "150-175 lagun". Horiez gain, klubek ere hartu ohi dute hainbat lehiaketa antolatzeko ardura; herriko jaietan ere izaten da halakorik.

Zaborraren inbidiak

Zu hor eta ni hemen!" gure atsotitz famatuena da, eta gauzak nola dauden ikusita, kasu gehien egin behar geniokeena. Gero "Akuna Matata!" eta bestelako esamolde arraroez apaindu zuten arren, esanahia berbera da: bizi hadi eta utzi ezak bizitzen. Baina gure Gipuzkoa zahar eta inbidiaz jositako honetan, bereak eta bi kostatzen zaigu bizi eta besteari bizitzen uztea. Ezin egon albokoa gustura ikusita. "Zorionak, hi!" aurretik, eta "nahigo nike lepa-hezurre hautsiko bahuke…" atzetik. Oso geurea da bizilagunari begiratu eta haren lurren, ganaduaren edo emaztearen inbidia izatea.

Besteen zoriona ez da inoiz izan geure zoriona, ez horixe. Loteria tokatzen denean, geure etxeko sofatik xanpainez blai dauden haiek ikusten ditugunean, ez gara ez pozez betetzen, "neronek edukiko baniake… horrek zertako dik horrenbeste diru?". Inbidia, nik uste, gizaki guztiena dela eta horren aurka ezer gutxi egin ahal dugula. Hala ere, bi inbidia mota daude, inbidia sanoa eta inbidia txarra. Albokoa baino aberatsagoa, ederragoa edo artistagoa izatea ez da txarra, inbidia sanoa da. Baina bada beste inbidia bat, ez gaituena geurea hobetzera bultzatzen, albokoa izorratzera baizik; horri inbidia txarra deritzo, eta hori da gure gizarteko gaitza.

Badugu gurea, inbidia txarraren adibide bikain bat, zaborren kudeaketa. Porrot mugagabera zihoazen zaborra biltzeko sistema berriak funtzionatzen ari diren garai honetan, berriro diot, funtzionatzen ari diren garai honetan, zail da inbidia txar hori ahoko zulotik barrena sartu eta urdailaren zokoren batean gordetzea. Sistema berriek funtzionatzen dutela ikusi eta horiek zoriontzea ez da, nonbait, politikoki egokia. Hobea da inbidia txarraren ikurrina hartu eta sistema berri hau ahal dugun heinean kritikatzea eta izorratzea, nahiz eta kritikatze horretan geure teilatura harriak bota eta esandakoak mila aldiz kontraesan. Hasiera batean atez atekoak herri guztia poltsa zintzilikatuez betetzea ekarriko zuela esaten zutenek ederki ikusten dute nola zabor guztia kubo koloretsu eta politetan ateratzen den. Ikusi dute nola zabor edukiontzi erraldoi batek baino leku gutxiago betetzen duten eta ez dagoela usain txarren arazorik.

Zergatik jarraitzen dute orduan protesta modura beren zabor poltsak kaleko zoruetan uzten edo edozein lekutan zintzilikatzen? Ez al genuen, ba, gure herria zabor poltsa zintzilikatuz betetzea ekidin nahi? Zertan ari gara orduan, gure hasierako amets gaiztoa egia bihurtzen ala? Konpostatzea zerrikeria zela esan zuten haiek zergatik ari dira besteen auzokonpostagailuak arropaz betetzen? Agian arropa ere, jatorri organikoa izanik, konpostatu egin al dute? Eta konpostatzeak arratoiak erakarriko zituela aho betez esan zutenek ikusi dute ez dagoela arratoirik konpostagailu inguruan; beraz, zergatik hartu horrenbeste ardura errekatik hildako arratoi bat hartu eta auzokonposta gunera botatzen?

Bai, noski, arratoi bat ere material organikoa da nonbait eta. Konpostagailuaren tapa irekitzeak gas toxikoak ekoizten dituela esaten zutenak zergatik ari dira bereak ez diren banakako konpostagailuak giltzaz ixten? Denon airearen osasunagatik ote? Egunean hamar bat konpostagailutako airea arnasten dut, eta azken medikuaren errebisioetan ez da nire biriketan ezer arrarorik agertu. Bosgarren edukiontziaren fan leialentzat, non dago edukiontzi horren erabilera? Kontuan hartu organikoaren bilketaren arrakasta ez dela soilik pisuan kalkulatu behar, bilketaren kalitateari ere kasu egin behar zaiola. Zertarako ehun kilo organiko bildu, tartean bost kilo plastiko baditu? Konpostatzeko ez behintzat!

Organiko izenean bildu arren, hori errefusa da, eta zabortegira doa. Askok diotenez, zabor politikan aldaketak egiten hasi aurretik, birziklatzen erakutsi behar omen zaio gizarteari; hori egia da; arazoa da lehenengo paper eta ontzi arinen edukiontziak orain 25 urte inguru ipini zituztela. Beraz, 25 urte daramatzagu birziklatzen ikasten. Ez al da asko samar? Arrainek hiru segundoko memoria omen dute, ba gipuzkoarrok justu 25 urteko memoria izango dugu! 25 urte birziklatzen ikasten eta 26.ean dena ahaztu!

Zorionez, birziklatzen ikastea ez da EHUko master berria; eskuliburu bat, zabor-hiztegi bat eta lau irudi ikastean datza. Eta ez da adin kontua ere, makina bat adineko jende ikusi dut ederki asko birziklatzen eta konpostatzen dakiena. Beraz, 2014rako proposamen polita da: funtzionatzen duena bakean utzi, eta hobekuntzarik bada, proposatu, gurdi honetan denok batera goaz eta!

“Ilusioa besterik ez da behar xakean dibertitzeko”

Gros Xake Taldeko Gros A taldean aritzen da Iñigo Argandoña (Donostia, 1981), Euskal Ligako Ohorezko Mailan. Gustura dago klubak Gipuzkoako taldekako txapelketako lehen jardunaldian lortutako emaitzarekin.

Zer moduz hasi duzue txapelketa?

Guretzat, txapelketa oso ondo hasi da, Orvina iruindarrari 4-0 irabazi eta gero. Gros B taldeak binako berdinketa lortu zuen Arrasateko taldearen kontra. Emaitza ona haientzat, helburua mailari eustea baitute. Aurten, zortzi talde atera ditugu Gros Xake Taldean, hainbat kategoriatan.

Nola ikusten duzu, oro har, Gipuzkoako jokalarien maila?

Gipuzkoako jokalariek maila oso onean jarraitzen dute; hala ere, jokalari gazteei kosta egiten zaie beteranoen mailara iristea.

Zer behar da xake jokalari on bat izateko?

Xakean dibertitzeko, ilusioa besterik ez da behar. Jokalari on bat izateko, talentu handia eta diziplina zorrotza behar dira.

Noiz hasi zinen xakean jokatzen? Zergatik aukeratu zenuen?

Aitak erakutsita hasi nintzen jokatzen. Kirol askotan lehiatu eta gero —eskubaloia, saskibaloia, atletismoa eta abar—, azkenean xakean jarri ditut indar guztiak.

Zer emaitza espero duzue Gipuzkoako txapelketan?

Helburu hauek jarri ditu klubak: jendeak ondo pasa dezala eta jokalari gazteek aurrerapauso handiak eman ditzatela. Tituluren bat irabazten badugu, ongi etorria izango da, noski.

‘Ataria’-ren atariko bertso saioa

Bertsolaritza

Tolosa

Azken urteetan bezala, aurten ere bete egingo da Tolosako Leidor aretoa Txolarre irratiak antolatu ohi duen bertso saioan. Punta-puntako bertsolariak bilduko dira bihar, 18:00etan: Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia eta Andoni Egaña. Gaiak jartzen, berriz, Amaia Agirre ariko da. Sarrera guztiak saioa izan baino astebete lehenago bukatu ziren.

Bertso jaialdiak bosgarren aldia du aurten. Aurrekoetan, Txolarre irratia izan du antolatzaile; orain, ordea, Tolosaldeko Ataria proiektu berriak hartu du lekukoa. Hiru hedabide elkartu dira horretan: Txolarre irratia bera, Galtzaundi aldizkaria eta Tolosaldeko Hitza egunkaria.

Proposamenak Twitterren

Berezia izan ohi da Txolarreren jaialdia; neurri eta doinu jakinetan kantatu beharreko bertsoak ez ezik, ariketa bitxiak ere aurkezten zaizkie bertsolariei. Bihar, sare sozialei tarte bat egingo diete; hori horrela, Twitterren edonork du gaia proposatzeko aukera, #bertsogaia traola erabiliz. Irabazlearen proposamena jarriko die Agirrek bertsolariei, eta, gainera, saridunak jaialdirako bi sarrera eskuratuko ditu. Orain arte, askotariko gaiak proposatu dituzte sare sozialean erabiltzaileek: Eguberriak, politika, heriotza, independentzia, 2014rako asmoak...

Umoretik asko izaten du urtarrileko jaialdiak. Iaz, esaterako, zazpi filmen kartelak erakutsi zizkion Agirrek Lujanbiori, eta hernaniarrak gainerako bertsolariak non kokatuko lituzkeen erabaki behar izan zuen. Casablanca-n jarri zuen Jon Maia, filmeko esaldi ezagunari eta Maiaren Gazta zati bat lanari erreferentzia eginez: "Beti geratuko zaigu guri Idiazabal". Alaia Martin Drakula izan zen, eta zehaztu gabe utzi zuen Lujanbiok Amets Arzallus nor izango ote zen Titanic filmean: "Leonardo DiCaprio edota izozmendia".

Eskualdeko hainbat bertso eskolatako haurrak ere aritu izan dira bertsolariak zirikatzen, baita euskara ikasten ari diren eskualdeko atzerritarrak ere. Puntu hau jarri zion mexikar batek Maiari duela bi urteko jaialdian: "'Mexiko lindo' da, baina zu ere bai, alajaina". Eta Maiak erantzun: "Ene ze ondo mugitzen duen euskaraz mingaina / hizkuntza baten ordaina / lore politen tamaina / 'Mexiko lindo' izango da bai, baina ez zu aina".

Teknologiari begira

Urrian ekin zioten Tolosaldeko Ataria-ko hiru hedabideek proiektu bateratuari, nahiz eta aurretik ere elkarlanean aritu izan diren. Bihar egingo duten bezala, beren eguneroko jardunean ere teknologia berriei lekua egitea dute asmoetako bat. "Iritsi da unea beste jauzi bat egiteko, adibidez, Interneteko plataforma sendo bat egiteko", zioen Ainhoa Oiartzabal Ataria-ko arduradunak proiektuaren aurkezpenean. Aldi berean, herritarrei zuzenean parte hartzeko aukera ere eskaini nahi diete, biharko jaialdian egingo duten bezala.

Euskalgintza du oinarri Tolosaldeko Ataria-k, eta esparru horretan ere eragin nahi dute. "Batzuetan, ahaztu egiten dugu zein esfortzu eskatzen duen euskarazko komunikabide bat kalean izateak. Hutsune asko daude, eta horretan lanean jarraitu behar dugu". Biharko saioa bide berri horretako lehen fruituetako bat izango da.

BERTSO JAIALDIA

Non. Tolosan, Leidor aretoan.

Noiz. Bihar, 18:00etan.

Bertsolariak. Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia eta Andoni Egaña ariko dira kantuan. Gai jartzailea: Amaia Agirre.

Jakingarriak. Sarrera guztiak amaitu dira.

3.000

Zarauzko Daniel Txopitea bekaren dirua eurotan. Zarauzko Udaleko Kultura Sailak Daniel Txopitea bekaren bigarren deialdia ireki du. Marrazkiak, argazkiak, eskulturak, bideoak eta beste hainbat gauza egin eta Zarauzko malekoian erakusteko aukera egongo da.

EROMENAREN ZURRUNBILOAN BUELTAKA

"Komedia ero bat" ikusteko aukera izango dute gaur Zumaiako Aita Mari aretora biltzen direnek. Terapiak antzezlana egingo dute 22:00etan Vaiven eta La Pavana konpainiek. Antzezlanean, pertsonaiak oreka emozionalaren eta identitate sexualaren bila dabi...

Gazteen eta bizilagunen arteko oreka bila Errenterian

Errenteriako Udalak martxoan martxan jarri zuen prozesu parte hartzaile bat, gero eta ugariagoak diren gazte lokalak arautzeko. Unai Unsuain Gazteria zinegotziaren ustez, "gazteek eskubidea daukate lokalean ibiltzeko, baina baita bizilagunek ere etxea...

Gorrak partaide izan daitezen

Eskolara joandakoan, herrian Mari Domingirekin harrera egitean edo etxean idatzitako eskutitzak bidaltzean eskatzen dizkiote haurrek Olentzerori opariak. Baina badira bestelako bideez baliatzen direnak ere: horren adibide dira haur gorrak, eta, GPGE Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak antolatuta, hainbat haur keinu hizkuntzan komunikatu ziren Olentzerorekin duela aste batzuk. Gorrek muga ugari gainditu behar izaten dituzte egunero. Traba ia ikusezinak dira entzumen arazorik...