Gipuzkoar gorrak, 2012ko datuen arabera.

Duela bi urteko datuen arabera, 1.832 gor daude Gipuzkoan; horien artean daude jaiotzez gorrak direnak eta gorreria gerora etorri zaienak. Gorreriarekin jaiotzen direnen %10ek baino ez dute guraso gorren bat.

Informazio osoa jasotzeko bermea da interpretea

Podologoaren kontsultan sartu, eta eseri egin da Xabier Kaperotxipi, jaiotzez gor-mutua (Zarautz, 1963). Nekane Mujika Euskal Gorrak elkarteko interpretea haren parean zutik geratu da, eta Eneko Txurruka podologoa kontsultara sartu orduko, elkarrizketa abian da: Txurrukak Kaperotxipiri hitz egiten dionean, Mujikak keinu bidez itzultzen ditu podologoaren esanak; eta Kaperotxipiren keinu bidezko erantzunak hitzez adierazten dizkio Mujikak Txurrukari.

Hemezortzi urte daramatza interprete lanetan Mujikak. Joan da podologoa barne zolak egokitzera, eta Kaperotxipik egiten duen lana eskertu du: "Imajinatu interpreterik gabe etorri banintz, elkarrizketa hau guztia ez litzateke posible izango. Berak ez lidake zein min dudan ulertuko, eta nik ere ez nioke esan nahi didana ulertuko". Urtean hamar-hamabost bat aldiz eskatzen du interprete zerbitzua, osasunarekin lotutako kontuetarako eta haurren eskolako bileretarako, adibidez. "Gauza sinpleak direnean, ez dut eskatzen, eta nolabait moldatzen naiz: idatziz, keinuez baliatuz...", azaldu du. Baina, halakoetan, informazio guztia jasotzen ez duen irudipena du: "Errazago ulertzeko, gauzak oso sinple azaltzen dizkigu jendeak, eta, askotan, dena jaso gabe geratzen gara".

Txurrukak gogoan du interpreterik gabe moldatu izan den aldiren bat edo beste. Duela pare bat urte, Kaperotxipiren seme Eneko amarekin —jaiotzez gor-mutua hura ere— kontsultara joan zen batean, Enekok, "heldutasun handiz", amak esan nahi zuena azaltzen ziola oroitu du. "Interpreteen laguntzarik gabe elkarrizketako datu garrantzitsu asko galtzeko arriskua dago", azaldu du podologoak. "Kaleko elkarrizketetan ez dio axola, akaso, baina hitz teknikoak-eta direnean bai. Gure kasuan, jendearen mina zein den zehaztea oso garrantzitsua da: ezin dugu irudipenaren araberako tratamendurik eman; gaixoen arazoari konponbidea ematea dagokigu".

Garagunea, pertsonen bilgune

Pertsona guztiek, jaiotzatik heriotzara arte, norbere bizi-plana osatzen eta egituratzen dute, bidean hartutako erabakien eta egindako hautuen bitartez. Baina badira erabakitzeko eskubide hori urtetan ukatu zaien pertsonak, eta haien bizi-plana beste batzuek hartutako erabakiekin osatuz joan da. Hala izan da urtetan adimen urritasuna duten pertsonen kasuan, adibidez. Sarri, gainera, gizartetik baztertuak eta zokoratuak ere izan dira.

Horiek, dena den, iraganeko kontuak dira jada kasu askotan. Izan ere, adimen urriko pertsonen garapenean laguntzeko asmoz lan egiten duten erakunde, zentro eta norbanako askok aukera eta baliabide ugari eskaintzen dituzte, eta, bide batez, gizarteko ikuspegiak aldatuz joan dira. Helburu horrekin lanean dihardutenetako batzuk dira Garagune zentroak.

Irabazi asmorik gabeko Goyeneche Fundazioaren barneko elkarteak edo zentroak dira, eta Gipuzkoan gisa horretako 11 zentro daude martxan: Legazpin, Irunen, Errenterian, Tolosan, Ordizian, Arrasaten, Eibarren eta Azpeitian zentro bana dago, eta hiru daude Donostian. Garaguneek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jasotzen dute.

Legazpiko Garagunearekin, esaterako, 2004an hasi ziren, eta, Asun Jauregi bertako arduradunak esan duenez, 2004tik 2008ra arte Urtatzako Gureak lantegiaren ondoko gela batean aritu ziren lanean adimen urritasuna zuten bost pertsonarekin.

2008tik 2011ra bitartean, Ordiziako Garagunera joan behar izan zuten Legazpiko erabiltzaileek, "Legazpiko gunea handitzeko azpiegitura faltagatik". 2011n jarri zuten martxan, azkenean, Legazpiko Garagunea, Aizkorri kaleko 16. zenbakian dagoen lokalean.

Neurrira egindako planak

Gaur egun, adimen urriko hogei pertsona daude Legazpiko Garagunean, hiru profesionalek lagunduta. Garagunera iritsi aurretik, ordea, bertako profesional batek adimen urritasuna duen pertsonaren inguruko azterketa bat egiten du, eta, azterketa horren emaitzen arabera, Garagunera edo beste zerbitzu batzuetara bideratzen dute erabiltzailea, bakoitzaren beharretara gehien egokitzen den zerbitzua jaso dezan.

Garaguneko erabiltzaile gehienak Gureak lantegietatik eratorritakoak dira, "lan zikloa amaitutzat eman dutenak". Garaguneak, baina, Gureak bezalako zentroak ez bezala, "ez dira lanerako leku bat". Lan eremutik harago, "bizitza pertsonala aberasteko beste zerbitzu bat behar dutenentzako guneak dira".

Hala, Garagunea izenak berak dioen bezala, pertsonei garatzen laguntzeko guneak dira zentro horiek. Jauregik hala azaldu du: "Pertsona bakoitzaren araberako bizi-planak egiten ditugu Garagunean, haien bizi-kalitatea hobetzeko". Bizi-plan horren oinarrian, planifikazio bat dago. "Pertsona bakoitzaren zaletasunak, gustuak eta ezinegonak aintzat hartuta, norberaren neurrira egindako ekintzak antolatzen ditugu Garagunean", zehaztu du Jauregik.

Legazpiko zentroa 09:30etik 17:00etara arte egoten da irekita. Bertan, ohiko eginbeharrak taldetan banatuta egiten dituzte. Egunero, eguneko ekintzak errepasatzeko bilera batekin hasten dute eguna. Ondoren, lagun bakoitzak egun horretarako egokitu zaizkion ekintzak egiten ditu: "Tailerrak, dantza saioak, irakurketa, paseoa, eskulanak, sukaldaritza...". Astean bitan, Garagunean bertan prestatzen dituzte guztientzako otorduak.

Lotura komunitatearekin

Ekintza plan horien bitartez, "adimen urritasuna duten pertsonak komunitatean integratzeko bideak aurkitu behar dira". Izan ere, Garagunea ez da lau paretetara mugatzen den leku bat, "barrutik kanporako zubiak eraikitzeko erreminta bat da, adimen urritasuna duten pertsonek gizartean beste harreman batzuk garatzeko eta duten sarea handitzeko balio dezakeena".

Alde horretatik, Garaguneko kideek ekintza asko antolatzen dituzte Legazpin herriari begira. Hileko lehenengo ostiraletan, bidezko merkataritzako produktuen eta Garagunean bertan egindako eskulanen salmahai bat jartzen dute azokan. Era berean, bidezko merkataritzako hiri proiektuaren barneko talde eragileko kide ere bada Garagunea. Hala, udaletxean egiten diren bileretan parte hartzen dute, adibidez.

Horrez gain, Markel Lopez Urretxuko haurrarentzako tapoi bilketan ere aktiboki parte hartzen dute —Epidermolisis bullosa gaixotasuna du Lopezek—. Legazpin jada abian dute dauden guneetan tapoiak jaso eta Garbigunera eramateko proiektua.

Herrian laguntzeko ekintzak

Herriko elikagai bankuan ere laguntzen dute Legazpiko Garaguneko kideek. "Astean bitan supermerkatuetatik janaria bildu eta biltegira eramateko ardura dauka Garaguneko talde batek". Gainera, herriko tabernariekin eta merkatariekin elkarlanean "adimen urritasuna duten pertsonak ondo artatzeko dekalogo bat ere" jarri dute martxan. Dendarien edo tabernarien eta adimen urriko bezeroen artean komunikazioa erraztea dute helburu dekalogo horrekin.

Gizarteko hainbat alorretan laguntzeko egitasmoez, ekintzez eta proiektuez gain, Garagunearen eta Legazpiko gainontzeko eragileen artean zubiak eraikitzeko proiektuek ere badute lekua. Ateak irekitzeko jardunaldiak antolatzen dituzte, adibidez, Garagunea ezagutzera emateko. Bizilagunekin, eskolekin eta bestelako taldeekin aritzen dira elkarlanean ateak irekitzeko jardunaldietan. Elkarlan horren beste adibide bat Haztegi ikastolarekin batera nobela bat irakurtzeko egitasmoa da, esaterako: "DBHko ikasleek eta Garaguneko kideok gaztelaniazko nobela bera irakurriko dugu, ikasturtearen amaieran elkarrekin tertulia bat egiteko", azaldu du Jauregik, Legazpiko Garaguneko arduradunak.

Ekintza horiek gero eta ugariagoak dira egunez egun, urritasuna dutenei babesa emateko. Baina bestelako joera batzuk ere eragotzi nahi dituzte. Hala, historikoki baztertuak izan dira, baina orain gehiegizko babesa ematea saihestu nahi dute, "askotan ikuspegi paternalista batetik" aritzen baita jendea. Hala, muturreko bi joera horiekin apurtzeko, adimen urriko pertsonei dituzten mugak gaindituz autonomoak izaten irakatsi eta beren bizi-proiektua berek nahi bezala eraikitzeko aukerak eman nahi dizkiete Garagunean.

Doako interprete zerbitzua Euskal Gorrak-en eskutik

Euskal Gorrak elkarteak pertsona gorrei zeinu hizkuntzako interpretea eskaintzen die doan, izaera pertsonaleko eginbideak gauzatzeko: osasun azterketak, lan bilaketa, informazio eskaerak, justizia zein aholkularitza eginbideak... Horri esker, autonomo...

Gauero, gurutze bera pizturik

Larrialdi batean funtsezkoa da nora jo jakitea. Arazoa larria izan gabe ere, ezinbestekoa da kasu askotan; hala gertatu ohi da farmaziara joan beharra suertatzen denean. Gipuzkoan, gauean botika zerbitzua behar duenak badu hainbat erraztasun martxan dagoen sistema bateratuari esker. Urtea abiatzearekin batera hasi ziren Debabarrenean gaueko txandakako farmazien sistemarekin, eta jadanik ia lurralde osoan dago hedatuta.

Sistema horren bidez, lurraldea eremuka antolatzen da, eta hainbat herritan gaueko txandakako farmazia zerbitzua jartzen da. Herri horietan, urtero farmazia bat arduratzen da urte osoko zerbitzua emateaz. Horrela, erabiltzaileek badakite gauetan beti zein farmazia aurkituko duten zabalik. Kasu batzuetan, bi herriren artean txandaka aritzen dira urtez urte.

"Erabiltzailearentzat alde onak ditu argi eta garbi; badaki bere herriari zein farmazia dagokion, eta bermatua du larrialdi bat dagoenean botika bat izango duela". Hala mintzo da Estibaliz Goienetxea, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko idazkari teknikoa. Haren arabera, botikarientzat ere alde onak besterik ez du; nagusiena, zerbitzuaren antolaketari dagokiona, sistemak kudeaketan laguntzen baitu.

Goienetxearekin bat dator Lukas Arandia, Ordiziako Laurnaga botikan lan egiten duen farmazialaria. Haien kasuan, txandak ez dituzte Ordiziakoen artean soilik egiten, Ordiziako eta Beasaingo botikak txandaka aritzen baitira urtero —aurten Igor Odriozola farmazia dago, Beasainen—. "Oso ondo funtzionatzen du hemen sistemak. Herri txikientzat traba izan daiteke beharbada, baina horrela jende gutxiago mugiarazten duzu. Gure kasuan zentzua dauka gaueko zerbitzua Ordizian edo Beasainen jartzeak. Legorreta edo Alegiatik pertsona bat etortzen da agian, baina farmazia han balego Beasaindik 25 lagunek-edo joan beharko lukete hara". Bi herri horietan, astelehenetik larunbatera botika bera dago zabalik, 22:00etatik 09:00etara; igandeetan, berriz, asteburuko txanda egin duen farmaziak lan egiten du. Jaiegunetan ere aldaketak egon ohi dira.

Goienetxeak azaldu duenez, sistema bateratuaren beste asmoetako bat da txandako farmazia txandako mediku zerbitzua dagoen lekuan egotea, dena bateratzea. Arandiaren arabera, egokia da era horretan funtzionatzeko modua. "Gehienak errezetarekin etortzen dira, medikuarenean egon eta gero. Haurrak gaixo dituztela-eta arduratuta datoz asko".

Gau guztietako ardura botika batek hartu arren, ez dagokio farmazia horri langileak jartzea. Goienetxeak dioenez, "espresuki gaueko zerbitzu horretarako kontratatzen dira; horregatik, gauetako mediku zerbitzuekin harreman estua izaten duten botikariak dira, eta arazo askori irtenbidea ematen diete".

Sistema bateratuan urtez urte txandakatzen doazen farmaziez gain, 24 orduko botikak ere badaude Gipuzkoan. Horiek borondatezko ordutegia delakoaren bidez funtzionatzen dute, eta ez dira sartzen gaueko zerbitzuko txandetan; euren farmaziak jarritako langile batek lan egiten du.

Sistema martxan, 1994tik

Gaueko txandakako sistema bateratua duela hainbat urte jarri zuten martxan Gipuzkoan. 1994an ezarri zuten lehenengoz Donostian; ondoren, era mailakatuan beste inguru batzuetara hedatzen joan da. Gaur egun, lurraldearen gehiengoan dago sistema; gutxi dira bateratzeko falta diren udalerriak. Gipuzkoa osoan gaueko hamabi farmazia egongo dira aurten.

ITSASOA ZAKAR, ETA OLATUAK INDARTSU

Astelehen gauean zakar ibili zen itsasoa, eta hori nabarmendu zen Gipuzkoan. Astearte goizeko zortziak inguruan izan zen itsasgora, eta, irudian ikus daitekeenez, lau metrotik gorako olatuak iritsi ziren Zarauzko itsas hesiraino. Donostian ere, itsaso...

Hondarribiko aireportua sustatzeko neurri eske

Hondarribiko aireportua "epe laburrean eraikin fantasma" bilaka ez dadin, neurriak hartzeko eskatu die langile batzordeak erakundeei. Aireportua sustatu eta hegaldi berriak erakartzeko, lanari "berehala" ekiteko deia egin die, "behingoz" aireportuaren alde egin dezatela, "Gipuzkoarentzat eta haren ekonomiarentzat oso garrantzitsua delako". Hala mintzatu zen, joan den ostiralean, Emilio Garcia langile batzordeko bozeramailea.

Langileen ordezkariek bilerak egin dituzte azken hilabeteetan zenbait erakunderekin; Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Gipuzkoako Bazkundean izan dira, eta Irun, Hondarribi eta Donostiako alkateekin ere elkartu dira. Bilera horietan aireportuaren etorkizunaren gainean duten kezka plazaratu dute. Haien arabera, langileak galtzen joan dira pixkanaka, eta %35 gutxitu da lantaldea. "Martxan jarri beharra dago, hortxe daukagu Gasteizko kasua. Guztiak aireportu hau sustatzearen alde daude; beraz, alderdi politiko eta erakundeei eskatzen diegu has daitezela lanean".

Horrez gain, Garciak Ortzibia sozietatearen jarrera kritikatu du —aireportua sustatzeaz arduratzen den taldea da—. Uste du 2010etik hona ez duela "ezer" egin, eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzari mezua igorri dio: diru sail bat eman diezaiola sozietateari, "funtzionatzen has dadin".

Une honetan bi hegazkin konpainiak eskaintzen dute euren zerbitzua Hondarribian: Iberiak Madrilerako hegaldiekin eta Vueling-ek Bartzelonakoekin. Langile batzordearen arabera, aireportuak badu gaitasuna konpainia gehiago erakartzeko, baina "borondatea" falta da lehiakortasuna sustatzeko.

Hegaldi berriak laster

Good Fly Canary Airlines taldeak iragarri berri du Madrilerako hegaldiak eskaintzen hasiko dela urtarril amaieran, eta otsailaren 7tik aurrera Teneriferako zerbitzua ere emango du. Hala ere, langileen ordezkariak mesfidati daude, uste baitute enpresak ez dituela "erreferentzia onak".

Tartean aipatu dute Hellit-ekin gertatutakoa: zerbitzua eskaintzen hasi eta hiru hilabetera, bertan behera utzi zuen. Madril eta Bartzelonara joateko hegaldiak zituen, eta euren eskaintza aurkeztean, Iberiarenak baino prezio merkeagoak hitzeman zituen Abel Pizarro enpresako buruak. "Erabiltzaile faltagatik" utzi zion Hondarribian aritzeari.

Erditzean

Gaur gauean jaioko da; su txikian bor-bor eginez denbora luzean egon da. Gaur ezagutuko du jendeak ilunpe gozoan pixkanaka sortzen joan den hori; bada garaia argi artera ateratzeko. Izena ere pentsatua dugu aspaldidanik, ze egunetan zein tokitara paseoan eramango dugun ere bai, soinean eramango duena ere pronto jarri genuen duela pare bat aste. Baina jaioberria ez da amaren bularrean goxatuko, oholtza gaineko argi bortitzen azpian baizik.

Gaur estreinatuko dugu, Andoaingo antzokian, antzezlan berria, Ondoko hilobiko tipoa. Antzezlan baten estreinaldia, azken finean, erditze baten antzeko zerbait dela esango nuke; seguru-seguru ere ezin esan, erditzea zer den ez dakit eta. Baina jaiotza horren aurretik —edo atzetik— zenbat lan dagoen gutxi batzuk jakingo duzue seguruenik. Egun, ordu, zalantza, lan, barre, akats, ateraldi eta ahalegin askoren artean osatutako bide luzea, laneko "familia" horrekin egunero zapaldu dudan bidea. Lehenengo eguneko irakurketan, taula gainean kontatuko dugun istorio hori ezagutzen dugu. Testuaren inguruan egin nahi diren aldaketa txikiak proposatzen dira, eta onartuak direnean arkatzez zuzenketak egiten hasten gara, liburuxka horren birjintasuna urratuz eta pixkanaka orrialde horiei geure nortasuna kutsatuz. Lehenengo irakurketa horien ostean, entseguen txanda; mahai, aulki eta arkatzaren babesa atzean utzi eta eszenaz eszena antzezlana altxatzen hasteko garaia. Eta azken fasean, eszena guztien nondik norakoa marraztuta dagoenean, pase osoak egiten hasten gara, kolore ezberdinak bilatuz, intentzioak borobilduz eta eszena sorta horri osotasuna emanez.

Bi aktore taula gainean, Iker Galartza eta biok. Komedia, oholtzaren bazter guztietatik dariola. Barre egiteko garaia eta maitasun istorio xelebreetan sinesteko aukera. Erraz egin dut orain arteko bidea; lanik zailena Ikerren ondoan egon eta barreari eustea izan da, "ez didak lan samurra jarri, Galartza!". Hemendik aurrerakoak funtzio bakoitzean ikasiko ditugu; zuen barreekin, zuen isiltasunekin eta zuen txaloekin osatuko dugu lana. Guztiona delako, eta zuek begira ez bazeundete oholtzara alferrik igoko ginatekeelako.

Atzerriak oso ondo zaindu banau ere, deseatzen nengoen Euskal Herrira itzuli eta berriz ere antzerkian aritzeko, deseatzen etxean sentitzeko. Eskerrik asko, ekipo, Iker, Begoña, Martin; polita da lanean elkarrekin gozatzea. Eta eskerrik asko hemendik aurrera Ondoko hilobiko tipoa-ri begira besaulkian egongo zareten ikusle guztiei; eskerrik asko guztiei. Taula gainak ez luke zentzurik pareko besaulkirik gabe.

Begiratu, aldatu, eta agian erosi

Izan zitekeen abenduaren 24ko goiza, edo Errege egunaren bezpera. Baina astearte goiza da Donostian, eta jendea hara eta hona dabil saltokiz saltoki. Merkealdiaren lehen eguna da. Gabonetarako opariekin asmatu nahian izandako buruhausteak pasatu ondoren, erosteko bainoago aldaketak egiteko baliatu dute askok eguna: jertseak sorbaldetatik eutsita dabiltza batzuk, neurri egokiaren bila; beste batzuk, diru zorroetan geratzen zaienari begira; gehienak poltsak eskuan dituztela ateratzen dira dendatik. Gabonetako salmentekin pozik, merkealdia ere sasoi ona izatea espero dute saltokietako arduradunek; hala ere, bat datoz merkealdi garaia ez dela duela urte batzuk zena.

Ehunekoen dantza dabil kalean: %20 eta%30eko beherapenak dituzte saltoki ugaritan; %50era artekoak ere aurki daitezke. Dendetako batean %75era arteko beherapenak iragartzen dituzte. Bitxiak eta modako osagarriak dituzte salgai Claire's-en, eta, beste hainbat saltzailek ez bezala, eurek ez dute aurretik eskaintza berezirik egin. Eguberriak "iazkoen antzeko" igaro dituzte; gustura daude salmentekin: "Urteko asterik onenetariko bat izaten da". Hala dio Laura Vilariño Claire's-eko saltzaileak, erosle bati dirua itzultzen dion bitartean. Haurrentzako osagarriak dituzte gehien saldurikoen artean, batik bat modan dauden pertsonaien irudiak dituztenak. Merkealdiari dagokionez, berriz, salmentak egon egongo direla uste du, baina fakturazioa ez da haziko, prezioak normalean baino baxuagoak direlako.

"Jendeak jada egin ditu opariak, eta orain askok erosteagatik erosten dute". Vilariñoren uste hori baieztatzen duen adibide bat da Lucia Etxarrirena. Alboko kalean dabil, zapata denda bateko erakusleihoari begira. "Oraingoz ez dut ezer erosteko asmorik, sekulako pagotxa den zerbait topatzen ez badut, behintzat. Erosi beharrekoa erosia dut".

Jon Larrarte gaztea ere ez da egon merkealdia noiz iritsiko zain; egin ditu erosketa gehienak, baina poltsa eskuan duela atera da arropa denda batetik. "Gutxitan" erosten du saltoki horretan, prezio altuengatik gehienbat, eta, horregatik, "merkexeago" egoteak bultzatu du hara joatera.

Gastua, iazkotik gertu

88 euro gastatuko du erabiltzaile bakoitzak merkealdian batez beste, Espainiako FUCI erabiltzaile-kontsumitzaile independenteen federazioak kalkulatu duenez. Ez dago iaz egindako aurreikuspenetik urrun, orduan 85 euroko gastua espero baitzen. 2007ra begiratuz gero, ordea, nabarmen jaitsi da kopurua —138 euro ziren—.

Merkealdiaren lehen egunak aurretik erositakoak aldatzeko aprobetxatzen dituzte askok. Arropa saltzen duen kate ezagun batean hamar bat laguneko ilara osatu da; errenkada utzi ondoren atera da dendatik Amaia Ibarbia. Ondo ezagutzen du halako egunetan egon ohi den "eromena", erosle izateaz gain saltzaile gisa ere lan egindakoa delako. Baieztatu duenez, merkealdiko lehen egunetan joan-etorri dezente izaten da, aldaketak eta erosketak batzen direlako.

Saltoki handietan horrela dabiltza; denda txikiagoetan, ez horrenbeste. Casa Susperregui da horren erakusle. Bi saltzaile denda leihoan ari dira zeloarekin eta paperarekin merkealdia iragartzeko kartela jartzen. Linjeria eta halakoak saltzen dituzte, eta lasai dabiltza. Dena den, Eguberri garaia azken urteetan baino hobeto joan zaie. "Izan dira lauzpabost urte txarrak, baina aurtengoa hobea izan da".

Erositakoak aldatzeko eguna izateaz gain, oparitutakoak eskuratzekoa ere bada zenbaitentzat. Azken urteetan errepikatu duten ohiturari jarraiki, Aimar Etxanizek eta haren familiak opari txartelak egin dituzte Errege egunean. "Jertse bat opari", zioen aurten egokitu zaionak, eta gustuko baten bila ari da Donostiako erdigunean. "Askotan hobe izaten da egun batzuk itxarotea, produktu bera merkeago erosi ahal bada. Batzuetan ez da alde handirik egoten, baina gauden garaian euro gutxi batzuk asko dira".

Hainbat gomendio

Prezioak jaitsi arren, kontsumitzaileen eskubideak ez dira gutxitzen merkealdi sasoian. Hala gogorarazi dute aurten ere kontsumitzaile elkarteek, saltzaileek dituzten hainbat betebehar azalduz. Produktuaren etiketan, esaterako, beharrezkoa da uneko prezioarekin batera beherapenaren aurreko salneurria azaltzea. Aldaketak eta itzulketak egiteko baldintzak eta produktuaren bermea ere gainerako sasoien berberak dira.