Dozena bat kontzertu

Musika

Zarautz

Bihar arratsaldetik gauera arte musika etenik gabe entzungo da Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Dozena bat talde eta bakarlarik parte hartuko dute Defenestre Fest jaialdian, 18:00etatik aurrera; luzea da oholtzara igoko direnen zerrenda: Adrenalized, Bataalla, Gaitze, Gasmask Terror, Managaitz, Mass Burial, Morse, Nashgul, Perras Salvajes, Redneck Surfers, We Love Dolce Vita DJ, Rufus DJ eta El Naturista DJ.

Estilo nahasketa

Askotariko estiloak nahastuko dira emanaldian: hardcorea, punka, metala... Estilo ezberdinekin batera, hainbat jatorritako taldeak ere elkartuko dira, Euskal Herriko taldeak nahiz atzerrikoak. Euskal Herrikoen artean daude Adrenalized eta El Naturista DJ (Donostia), Gaitze (Azpeitia), Managaitz (Zarautz), eta We Love Dolce Vita DJ eta Rufus DJ (Bilbo). Atzerriko taldeen artean, Espainiakoak dira denak, Gasmask Terror izan ezik —Okzitaniakoa da hori, Bordelekoa—.

Laugarren aldiz egingo dute aurten Defenestre Fest jaialdia. Amurrion (Araba) egin zuten lehenengoz, 2011n, La Kuadra eraikina hustu zutela-eta protesta egiteko, baita proiektu hura aurrera ateratzeko oinarrian jarri zituzten balioak gogoratzeko ere. "Jarrera sexista, homofobo, espezista edota arrazoirik gabeko bortizkeria era ireki batean gaitzesten dituen ekitaldia" dela iragarri dute jaialdiaren webgunean.

Kontzertuetarako sarrerak hamar euroko salneurria izango du, eta, jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, "onura ekonomiko posible guztiak gertuko proiektu politikoetarako" izango dira.

Eskutik helduta, bizkorrago

Emakumeak kirola kalean egitera bultzatzea eta beldurrak eta lotsak uxatzea. Emakume talde batek helburu horiekin antolatu zuen lehen aldiz Lilatoia 1990ean. Geroztik, urtez urte haziz joan da Donostiako lasterketa. Emakumeen Nazioarteko Egunaren buel...

EUSKAL KANTAGINTZA GOGOAN, UMOREZ

Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreak Koka Kola eta Barea antzezlanean dabiltza buru-belarri. Asteburu honetan, esate baterako, hiru emanaldi egingo dituzte. Hala, gaur eta bihar Donostian ariko dira, Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Igandean, berriz, ...

Jaioterriari zor diodana

Dozena bat urte baino gutxiago izango nituen lehenengo aldiz zapaldu nuenean. Bizitza osoa aurretik, eta etorkizunaren orriak idazteko oraindik. Zirrara berezi bat sentitu nuen oinak gainean jarri orduko, sentsazio berria zen hura gorputz heldugabe ha...

Emakunderen Berdintasun Saria eman zioten 2009an

Lilatoiak sari eta aitorpen ugari jaso ditu azken urteetan. 2009an, besteak beste, bi sari eman zizkioten, hogei urteko ibilbidea goraipatzeko: Emakunderen Berdintasun Saria eta Donostiako Udalaren Hiritar Merezimenduaren domina —argazkian, Berdintasun Saria jasotzen Lilaton taldeko hainbat kide—.

Gazteen eta bizilagunen alde

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen bostetik batek lokala du egun, Gazteen Euskal Behatokiak lokalen fenomenoari buruz egindako ikerketaren arabera. Horrek herriz herri lokal asko daudela esan nahi du, eta Gipuzkoa ez da salbuespena. Aisialdia lokaletan pasatzen duten gazteen eta lokalen inguruko bizilagunen artean sortu izan diren arazoak direla medio, egoera arautzeko erabakia hartu dute hainbat...

8,52

Ibilgailu astunek Deskargan ordaindu beharrekoa. Deskargako errepidea 2015. urteko apirilerako zabalik egotea espero da, eta Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzetan, "ibilgailu astunei 8,52 euro kobratuko zaie, eta ibilgailu arinei, 90 zentimo".

Lokala duten EAEko gazte kopurua.

Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %20k lokala dute, 62.000 lagunek guztira. Orain ez badute ere, izan dutenak laurdenak dira adin tarte horretan.

“Autismoarentzako sendagai berriak ikertzen ari gara”

Donostiako Urrezko Danborra jasoko du San Sebastian egunean Joaquin Fuentes Biggi psikiatrak (Donostia, 1949). Autismoaren ikerketan aditua eta erreferentea da, eta lan horretan Donostiaren izena munduan zabaldu izana sarituko dute, baita Gautena Gipuzkoako Autismoaren Elkartearen bilakaeran egindako lana ere. Gaur egun Gipuzkoako Poliklinikako Haurrentzako eta Gazteentzako Psikiatria zerbitzuko burua da; Haur Psikiatriako Munduko Elkarteko presidenteorde gisa ere badabil.

Urrezko Danborra jasoko duelako "oso pozik" dagoela dio jaiaren aurreko egunetan: "Donostiar batentzat zoragarria da zure hiriak era honetako aitortza egitea". Donostiako jai egun handian ondo pasatzeko asmoa du, baita autismoaren ikerketan eta aurrerabideetan erronka berriei ekitekoa ere.

Autismoaren ikerketan eta Gautenaren garapenean egindako lanagatik eta Donostia ezagutarazteagatik emango dizute saria. Erraza al da kanpoan Donostia saltzea?

Bake egoera daukagunetik, askoz ere errazagoa da. Edozein bisitarirentzat Donostia beti izan da erakargarria: hemengo jendea, pintxoak, hondartzak... Eta, gure kasuan, kanpotik etorri izan dira Gautenan garatutako lana eta haurren psikiatrian egiten ari ginen ikerketak ezagutzera. Hori dela eta, Donostiara bisitariak erakartzeko eragingarri bat gehiago gara.

Psikiatrian, autismoaren ikerketan eta tratamenduan lanean ari zarenetik, zer aurrerabide egin dira?

Ikerketaren ondorioz jakin dugu autismoa uste baino ohikoagoa dela, eta gaur egun adimenaren ez-gaitasunik gabeko kasuak atzematen ditugu. Gai izan gara sendabideak gehitzeko heziketa arloan eta autismoa dutenen integrazio komunitarioan. Horrek, gainontzeko pertsonekin batera bizitzea eta gogo betetze pertsonala izatea eskaini die autismoa dutenei. Orain, berriz, eraginkorrak izatea espero dugun sendagai berriak ikertzen ari gara.

Aurrerabideez ari zarela, autismoa duten pertsonentzako e-Mintza aplikazio informatikoaren sustatzailea ere izan zara. Zertan izan da lagungarria? Eta nolako harrera izan du, erabiltzaile aldetik eta?

Ukigarria den berrikuntzen artetik, e-Mintza aplikazioak eman dit asebetetze handiena. Gaur egun euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dago erabilgarri. Hemengo bertako haurren eta helduen benetako ahotsekin egina dago. Hitz egin ezin duten horiek tableta batekin jardun dezaten jarri dituzte euren ahotsak. Dagoeneko, aplikazioa 30.000 aldiz jaitsia izan da, ehun herrialdetan baino gehiagotan.

E-Mintza aplikazioa doakoa da, Espainiako Industria Ministerioaren Plan Avanza-ren bidez finantzatua izan delako. Erraza al da krisi garaian ikerketarako eta proiektu berritzaileetarako finantzabidea lortzea?

Horrela da, aplikazioa guk geuk egiteko diru funts bat eman ziguten. Horregatik, aplikazioagatik euro bakar bat ere ez genuela kobratuko erabaki genuen Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak, Orange Fundazioak eta Nesplora teknologia parkeak. Orain, nahasmendu neurodegeneratiboak —Alzheimerren gaitza, Parkinsonen gaitza...— dituzten pertsonentzako aplikazioa egin nahi dut. Baina egia da finantzabideak murrizten ari zaizkigula, eta ez doa aurrera.

Autismoaren tratamenduaren gainean, zeintzuk dira erronkak gaur egun?

Baliagarriak eta desberdinak diren sendagaiak bilatzea. Sendagai berri baten gaineko Europako proiektu batean ikerlari nagusi izendatu berri naute. Egitasmo horretan, hil honetan bertan hasiko gara lanean. Frantziako ospitale sare batekin elkarlanean ariko gara. Ilusio handiarekin nago, benetan.

Haur Psikiatriako Munduko Elkarteko presidenteordea zara batetik, eta Gipuzkoako Poliklinikako Haur eta Gazteen Psikiatriako zerbitzuaren arduraduna bestetik. Arlo horretan nolakoa da egoera beste herrialde batzuekin alderatuz?

Zoritxarrez, [Espainiako] Estatuan ez dago aitortuta haurren eta nerabeen psikiatriako espezialitatea. Arlo horretan, 400 espezialista ari gara lanean; titulu berezirik gabe, psikiatrak gara. Madrilgo azkenengo gobernuek hori zuzentzea agindu izan dute, baina lehengoan segitzen dugu. Tamalez, ia bakarrak gara Europan.

Gautenaren bilakaeran ere zuzenean parte hartu izan duzu.

Gautenaren ibilbidean hainbat zereginetan jardun dut; gaur egun, Gautenaren ikerketarako aholku emailea naiz. Ordea, beti nabarmendu dut bakarrik ez dudala jardun, ez Gautenan eta ezta beste tokietan ere. Dena besteekin elkarlanean egiten dut: familiekin, pazienteekin, laguntzaileekin... Gainera, eurek nik eurei adina edo gehiago erakusten didate. Nire lanak pertsonei laguntzea du oinarria. Horrek, hobeak egiten gaitu, bai herritar gisa, eta baita herri gisa ere.

2016an Espainiako Haur Psikiatriako Biltzarreko presidentea izango zara, eta AACAP (American Academy of Child and Adolescent Psychiatry) Donostiara ekartzea da zure asmoa. Horrek ahalegin handia eskatzen al du?

Ahalegin handia eskatzen du, baina gero poz eta gogobetetze handia ematen du. Esaterako, erreferente diren zientzialariak Donostiara ekartzea eta lortzea Donostia zientziaren eta ezagutzaren hiria izatea, oso garrantzitsua da maila askotarako.

Aurten, Urrezko Danborra jasoko duzunez, jaia nola ospatzea aurreikusten duzu?

Duela hogei bat urtetik lagun batzuekin batera elkarte batean afaltzen dut, eta gero danborradan irteten naiz Europaren Lagunak taldearekin; San Sebastian eguneko arratsaldean ateratzen gara danborra jotzen. Niretzat momentu hori ederra da. Ahal dela, aurten ere, aurreko urteetakoaren antzekoa izan dadin saiatuko naiz. Baina, desberdina izango da. Desberdin sentituko naiz, nik esango nuke pozik eta hunkituta biziko dudala jaia.