Birziklatze tasa handitzeko asmoz, batzorde bat osatuko dute Urnietan

"Materia organikoaren birziklatze tasa handitzea". Asmo hori zuten Urnietan EAJk, Bilduk eta PSE-EEk 2012ko urrian. Urtebete pasa igaro ondoren, jarritako helburuetatik "urrun" daude emaitzak, eta, hori horrela, hondakinen gaia espresuki lantzeko batzorde bat sortzea erabaki dute.

Udaleko ordezkarien helburua birziklatze tasa %65era iristea zen, baina, eman berri dituzten datuen arabera, %43 ingurura heldu dira bosgarren edukiontziarekin. Materia organikoa biltzeko edukiontzietarako giltza, berriz, familien %66k dute herrian. Mikel Pagola alkateak (EAJ) urte amaierako osoko bilkuran azaldu zuenez, baliteke hainbat familiak giltza hartu izana soilik zaborren tasan %20ko hobaria jasotzeko. Beste aukeretako bat materia organiko guztia edukiontzi marroian bota ez izana dela gaineratu zuen.

Hilabetez hilabeteko joera aztertuz gero, ez dago aldaketa handirik batetik bestera. Tasa altuenera ekainean heldu ziren (%46,5); jarraian, urtarrilean %46,3kora heldu ziren. Gainerako hilabeteetan ez dira %45era iritsi. Hondakinak biltzen dituen kamioiaren inguruan sor zitezkeen zalantzak argitze aldera, Pagolak azaldu zuen egunero kamioi bera izan arren hondakinak gaika eta bananduta biltzen dituela: "Asteko sei egunetan kamioi bera da, baina astearte eta ostiraletan soilik organikoa jasotzen du, eta beste egunetan errefusa. Ez ditu batzuk eta besteak nahasten".

Hasieran ezarritako kopuruetara iristeko, beraz, batzorde bat osatuko dute, udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdietako ordezkariekin —alegia, EAJ, Bildu eta PSE-EEkoekin —. Lantaldearen lehen egitekoa hondakinen bilketaren inguruan udal arautegi bat sortzea izango da. Gainera, funtsezkoa deritzote herritarrek birziklatzearen gainean kontzientzia hartzeari, eta, horregatik, adin tarte eta sektore guztiengana heltzeko egitasmoak bultzatuko dituzte.

Hiru alderdiak bilketa sistemaren gainean ados egon ez arren, bat egin zuten hasieratik Urnietarrok birziklapenaren alde kanpainan, birziklatze tasak handitzeko asmoz. Orduan, %32ko birziklatze tasa zuen herriak. Bilduk orduko hartan esan zuen atez ateko sistemaren aldeko hautua egin zuela baina, aurreko agintaldiko udalbatzak bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia hartu zuenez —EAJ eta PSE-EEren aldeko bozekin—, errespetatu egingo zuela. Gipuzkoan hiru alderdiok gisa horretako akordio bat egiten zuten lehen aldia izan zen.

Ikaztegietan, atez atekoa

Aste honetan hasi dira Ikaztegietan hondakinak atez ateko sistemaren bitartez biltzen. Herenegun jarri zuten martxan, eta, lehen egunean, paper eta kartoiarekin hasi ziren bilketa sistema berriarekin. 20:00etatik 22:00etara atera beharko dituzte kuboak. 469 biztanle ditu herriak, eta bi eremutan banatu dute. Landa eremukoek giltzaz ireki ahal izango dituzten bilketa guneetan utziko dituzte hondakinak gaika sailkaturik, eta gainerakoei, atez ate bilduko zaie. Ikaztegietako etxeak zintzilikario bidez eta ontziak lurrean utzita ariko dira.

Atez ateko sistema ezarri aurreko faseetan herritarrek izandako jarrera goraipatu du Tolosaldeko Mankomunitateak; gizarteratze prozesuan zein ontzien banaketetan herritarren parte hartzea "handia" izan dela gaineratu du. Urrian jarri zuten abian Ikaztegietan atez atekoaren berri emateko gizarteratze prozesua. Orain, informazio bulegoa martxan dute udaletxean, edozein arazo edo zalantza argitzeko. Asteartetan, goizez egongo da zerbitzua, eta asteazkenetan, arratsaldez.

47 urte gorrei eta haien familiei zerbitzua ematen

Aransgi elkartea 1967an sortu zen, eta, ordutik, gorren eta haien familien beharren arabera egokituz joan da. Donostian, Bergaran eta Tolosan dituzte egoitzak, eta, horrez gain, etengabeko harremana dute haur gorrak dituzten ikastetxeekin, guztiei arr...

2013ko uzta bikaina

Joan da 2013. urtea. Une egokia balantzea egiteko. Hondakinen kudeaketaren arloan, atzera begira jarrita, askok urte zalapartatsua izan delako irudipena izango dute. Gure osasunaren eta ingurumenaren kontura bestelako etekinak atera nahian dabilenik e...

Neskak eta mutilak, kirolean bat

Gabonetako oporraldia bukatu eta eskolara bueltan, 8 urtetik gorako ikasle askok eskola kiroleko sasoi berria hasiko dute. 2012-2013ko ikasturtean 125.000 ikasletik gora aritu ziren Gipuzkoan, hainbat kiroletan. Taldeka jokatzen direnetan, gehien-gehi...

Musika ikusteko jaialdia

Ikus-entzunezkoak

Donostia

Askotariko ikus-entzunezkoak ematen ari dira Donostian aste osoan, Dock of The Bay musika dokumentalen nazioarteko jaialdian. Asteburuan ere izango da lan gehiago ikusteko aukera; jaialdiak Antzoki Zaharra eta Trueba aretoa hartuko ditu igandera bitarte.

Aurten hamalau dokumentalek osatzen dute Sail Ofiziala, horietatik lau Euskal Herrian ekoitzitakoak. Sail horren barruan, dokumental hauek emango dituzte gaur, 19:30etik aurrera, Trueban: Europe in 8 Bits; Last Shop Standing: The Rise, Fall and Rebirth of The Independent Record Shop; eta 160 metros: una historia del rock en Bizkaia.

Dokumentalak ez ezik, musika ere izango da gaur. Intxaurrondoko kultur etxean kontzertua emango dute Cooper eta Parrots taldeek, 21:30ean. Gauerdian, berriz, Dock of The Bay jaia egingo dute, Le Bukowskin.

Gaurkoaren ildo beretik, bihar arratsaldean ere Sail Ofizialeko hainbat lan aurkeztuko dituzte: Los Wild Ones; Good Ol' Freda; eta Nitsa 94/96 el giro electrónico. Trueban izan ordez, Antzoki Zaharrean izango dira, 19:00etatik aurrera. Igandean, berriz, Erakusketarako Saileko dokumentalak ikusi ahal izango dira Antzoki Zaharrean. Lehena, 18:00etan, The Rolling Stones Charlie Is My Darling izango da. Taldeari buruzko lehen dokumentala da, 1965ekoa, gerora Mick Gochanour zuzendariak berritu eta osatua. 19:15ean emango dute Beware of Mr. Baker, eta 21:00etan The Stone Roses: Made of Stone.

Urrian hasitako finantzaketa kolektiboari esker antolatu dute Dock of The Bay. Guztira, 181 lagunek eman zuten dirua jaialdia aurrera ateratzeko.

DOCK OF THE BAY JAIALDIA

Zer. Dokumentalen emanaldiak eta kontzertuak.

Non. Donostian, Antzoki Zaharrean eta Trueba aretoan.

Noiz. Gaurtik igandera bitarte.

46.612

Abendu bukaeran Gipuzkoan zegoen langabe kopurua. Iazko azaroaren aldean, %5,28 jaitsi da langabe kopurua Gipuzkoan, eta 2012ko abenduaren aldean, berriz, %2,26 apaldu da tasa. Hau da, aurtengo azaroan baino 2.596 langabe gutxiago zeuden abendu amaieran, eta iazko abenduan baino 1.076 gutxiago.

GRABAZIOAREN LEKUAN, KONTZERTUA

Bide Ertzean taldea azken diskoa grabatu zuen tokira itzuliko da igandean. Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean kontzertu berezia eskainiko du, 19:30etik aurrera. Taldeak bere webgunean azaldu duenez, Urnietako Udalaren eta Sarobe gunearen laguntza...

@sarean

Gorreria duten nahiz inguruan gorrak dituzten gipuzkoarrek sarera jo dezakete informazio bila:

www.apsggpge.blogspot.com.es. Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkartearen webgunea.

www.aransgi.org. Gipuzkoako gorren familien elkartearen webgunea.

Xedeak axola du, ez bideak

Urtarrilaren 6an Astigarragan Zero Zabor Eguna ospatuz ekin zion Gipuzkoak urteari, hondakinen gaiari dagokionez, baina 2013a amaitu artean hainbat zeresan eta zalaparta eragin ditu zaborraren kudeaketak. Hasierako asmoetatik urrundu dira zenbait; beste zenbaitek jarritako helburuak bete dituzte, eta herritarren nahiari bide emateko aldarriarekin denetariko iritziak eragin dituzten galdeketak egin dira hainbat txokotan.

Urtea hasi orduko adierazi zuen Euskal Herria Bildu koalizioak zaborren gaian adostasuna lortu nahi zuela gainerako alderdiekin. Gipuzkoan hondakinen %30 eta %35 baino ez zela birziklatzen eta hori handitu beharra zegoela nabarmendu zuten, atez ateko sistemarekin %80 birzikla daitekeela nabarmenduz. Zero zabor filosofiarekiko adostasunez, hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea aipatu zituzten EH Bilduko kideek helburuen artean, eta gaitzetsi egin zuten gaia "politizatu" izana: "Gipuzkoako zenbait tokitan ez dugu lortu hondakinen kudeaketak behar duen eztabaida lasaia eta sostengatua".

PSE-EEkoek, berriz, hondakinen kudeaketan Bildurekin akordioak lortzeko prestutasuna azaldu zuten urte hasieran; agintaldi honetan errauste plantarik ez eraikitzea onartu zuten, baina "Gipuzkoako gehiengo sozial eta politikoa" atez atekoaren aurka dagoela ohartarazi. Otsailaren hasieran, hondakinen atez ateko bilketa abian zuten herrietako —Antzuola, Hernani, Oiartzun eta Usurbil— dozenaka lagunek agerraldi batean azaldu zuten atez ateko bilketa "erosoa, garbia eta merkea" dela. "Nazkatuta gaude gezurrak entzuteaz. Batzuk errauste planta kutsakor eta garestia egiteko tematu direlako bilketa sistema bikain bati oztopoak jartzen ari dira", adierazi zuen Axun Larburu kazetariak, bildutakoen izenean.

Sinadurak eta zabor poltsak

2012 hasieran adierazi zuten Gipuzkoako 34 herritako ordezkariek atez ateko bilketa sistema jartzeko asmoa, baina hilabeteak igaro ahala aldaketak izan dira, eta aurreikusitako epeak ez dituzte bete.

Atez atekoaren aurkako iritziek hautsak harrotu dituzte, eta hainbat mobilizazio eragin ere bai. Martxo erdialderako, esaterako, Gipuzkoako 28 herritan 75.000 sinadura batu zituzten atez ateko bilketaren aurka. EAJren arabera, datu horiek esan nahi zuten "gipuzkoarren gehiengoa" atez atekoaren aurka zegoela, eta Bilduri hori kontuan ez hartzea leporatzen zioten. Zenbait herritan, sinaduretatik harago ere jo zuten atez atekoaren aurkakoek. Bergaran, esaterako, manifestazioa egin zuten apirilaren 12an, eta herritarrei "kikildu gabe" atez atekoaren aurka segitzeko deia egin zieten.

Sinadura bilketei balkoietan zintzilikatutako zabor poltsek hartu zieten lekukoa, Zumaia, Bergara eta Villabona horren adibide. Hainbat herritan galdeketak ere egin zituzten. Legazpin, apirilaren 20an eta 21ean. Herritarren erdiek baino gehiagok eman zuen botoa, eta horietako ia %98k atez atekoaren aurka eta bosgarren edukiontziaren alde egin zuten. Baina, ezker abertzalearen iritziz, herritarren borondatea errespetatu behar den arren, "bozkatzera joan ezin zirenek botoa beste baten esku utzi ahal izan zuten", eta hori zalantzak eragiteko modukoa zen.

Adostutako bilketa moduak

Apirilaren erdialdean, berriz, atez atekoa martxan jarri eta hiru astera birziklatze tasa bikoiztera heldu ziren herrietako datuen berri eman zuten, Legorreta, Itsasondo eta Zaldibia kasurako. Baina herritarren artean sortutako haserreak atez atekoaren ordez bestelako sistema batzuk agertzea eragin zuen. Maiatzaren hasieran jakinarazi zuten Legazpin bosgarren edukiontzia eta atez atekoa batuko zituen sistema ezarriko zutela.

Horren ostean, EH Bilduk jakinarazi zuen birziklatze xedeei eutsiz gero beste bilketa modu bat babesteko prest zegoela. Zumaian, txipa duten edukiontzien eta barra kodea duten zabor poltsen bidez biltzea adostu zuten maiatzean; Azpeitian, "edukiontzien sistemarekin jarraituta hondakinen %70 birziklatzera heltzeko apustua" egin zuten; eta Ormaiztegin ere gaikako bilketa derrigorrezkoa izango duen edukiontzien sistemaren alde egitea erabaki zuten.

Horrek ere denetariko iritziak sortu zituen. Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak kritikatu egin zituen atez ateko bilketa alde batera utzi zuten udalak. Ekainaren erdialdean jakinarazi zutenez, "edukiontzien sistemak kasu guztietan porrota izan du, eta ez du inoiz %40ko gaikako bilketa gainditu. Atez atekoak kasu guztietan %70etik gora gaika biltzea ahalbidetu du, martxan jarri eta hilabete bakarrera".