47 urte gorrei eta haien familiei zerbitzua ematen

Aransgi elkartea 1967an sortu zen, eta, ordutik, gorren eta haien familien beharren arabera egokituz joan da. Donostian, Bergaran eta Tolosan dituzte egoitzak, eta, horrez gain, etengabeko harremana dute haur gorrak dituzten ikastetxeekin, guztiei arr...

2013ko uzta bikaina

Joan da 2013. urtea. Une egokia balantzea egiteko. Hondakinen kudeaketaren arloan, atzera begira jarrita, askok urte zalapartatsua izan delako irudipena izango dute. Gure osasunaren eta ingurumenaren kontura bestelako etekinak atera nahian dabilenik e...

Neskak eta mutilak, kirolean bat

Gabonetako oporraldia bukatu eta eskolara bueltan, 8 urtetik gorako ikasle askok eskola kiroleko sasoi berria hasiko dute. 2012-2013ko ikasturtean 125.000 ikasletik gora aritu ziren Gipuzkoan, hainbat kiroletan. Taldeka jokatzen direnetan, gehien-gehi...

Musika ikusteko jaialdia

Ikus-entzunezkoak

Donostia

Askotariko ikus-entzunezkoak ematen ari dira Donostian aste osoan, Dock of The Bay musika dokumentalen nazioarteko jaialdian. Asteburuan ere izango da lan gehiago ikusteko aukera; jaialdiak Antzoki Zaharra eta Trueba aretoa hartuko ditu igandera bitarte.

Aurten hamalau dokumentalek osatzen dute Sail Ofiziala, horietatik lau Euskal Herrian ekoitzitakoak. Sail horren barruan, dokumental hauek emango dituzte gaur, 19:30etik aurrera, Trueban: Europe in 8 Bits; Last Shop Standing: The Rise, Fall and Rebirth of The Independent Record Shop; eta 160 metros: una historia del rock en Bizkaia.

Dokumentalak ez ezik, musika ere izango da gaur. Intxaurrondoko kultur etxean kontzertua emango dute Cooper eta Parrots taldeek, 21:30ean. Gauerdian, berriz, Dock of The Bay jaia egingo dute, Le Bukowskin.

Gaurkoaren ildo beretik, bihar arratsaldean ere Sail Ofizialeko hainbat lan aurkeztuko dituzte: Los Wild Ones; Good Ol' Freda; eta Nitsa 94/96 el giro electrónico. Trueban izan ordez, Antzoki Zaharrean izango dira, 19:00etatik aurrera. Igandean, berriz, Erakusketarako Saileko dokumentalak ikusi ahal izango dira Antzoki Zaharrean. Lehena, 18:00etan, The Rolling Stones Charlie Is My Darling izango da. Taldeari buruzko lehen dokumentala da, 1965ekoa, gerora Mick Gochanour zuzendariak berritu eta osatua. 19:15ean emango dute Beware of Mr. Baker, eta 21:00etan The Stone Roses: Made of Stone.

Urrian hasitako finantzaketa kolektiboari esker antolatu dute Dock of The Bay. Guztira, 181 lagunek eman zuten dirua jaialdia aurrera ateratzeko.

DOCK OF THE BAY JAIALDIA

Zer. Dokumentalen emanaldiak eta kontzertuak.

Non. Donostian, Antzoki Zaharrean eta Trueba aretoan.

Noiz. Gaurtik igandera bitarte.

46.612

Abendu bukaeran Gipuzkoan zegoen langabe kopurua. Iazko azaroaren aldean, %5,28 jaitsi da langabe kopurua Gipuzkoan, eta 2012ko abenduaren aldean, berriz, %2,26 apaldu da tasa. Hau da, aurtengo azaroan baino 2.596 langabe gutxiago zeuden abendu amaieran, eta iazko abenduan baino 1.076 gutxiago.

GRABAZIOAREN LEKUAN, KONTZERTUA

Bide Ertzean taldea azken diskoa grabatu zuen tokira itzuliko da igandean. Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean kontzertu berezia eskainiko du, 19:30etik aurrera. Taldeak bere webgunean azaldu duenez, Urnietako Udalaren eta Sarobe gunearen laguntza...

@sarean

Gorreria duten nahiz inguruan gorrak dituzten gipuzkoarrek sarera jo dezakete informazio bila:

www.apsggpge.blogspot.com.es. Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkartearen webgunea.

www.aransgi.org. Gipuzkoako gorren familien elkartearen webgunea.

Xedeak axola du, ez bideak

Urtarrilaren 6an Astigarragan Zero Zabor Eguna ospatuz ekin zion Gipuzkoak urteari, hondakinen gaiari dagokionez, baina 2013a amaitu artean hainbat zeresan eta zalaparta eragin ditu zaborraren kudeaketak. Hasierako asmoetatik urrundu dira zenbait; beste zenbaitek jarritako helburuak bete dituzte, eta herritarren nahiari bide emateko aldarriarekin denetariko iritziak eragin dituzten galdeketak egin dira hainbat txokotan.

Urtea hasi orduko adierazi zuen Euskal Herria Bildu koalizioak zaborren gaian adostasuna lortu nahi zuela gainerako alderdiekin. Gipuzkoan hondakinen %30 eta %35 baino ez zela birziklatzen eta hori handitu beharra zegoela nabarmendu zuten, atez ateko sistemarekin %80 birzikla daitekeela nabarmenduz. Zero zabor filosofiarekiko adostasunez, hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea aipatu zituzten EH Bilduko kideek helburuen artean, eta gaitzetsi egin zuten gaia "politizatu" izana: "Gipuzkoako zenbait tokitan ez dugu lortu hondakinen kudeaketak behar duen eztabaida lasaia eta sostengatua".

PSE-EEkoek, berriz, hondakinen kudeaketan Bildurekin akordioak lortzeko prestutasuna azaldu zuten urte hasieran; agintaldi honetan errauste plantarik ez eraikitzea onartu zuten, baina "Gipuzkoako gehiengo sozial eta politikoa" atez atekoaren aurka dagoela ohartarazi. Otsailaren hasieran, hondakinen atez ateko bilketa abian zuten herrietako —Antzuola, Hernani, Oiartzun eta Usurbil— dozenaka lagunek agerraldi batean azaldu zuten atez ateko bilketa "erosoa, garbia eta merkea" dela. "Nazkatuta gaude gezurrak entzuteaz. Batzuk errauste planta kutsakor eta garestia egiteko tematu direlako bilketa sistema bikain bati oztopoak jartzen ari dira", adierazi zuen Axun Larburu kazetariak, bildutakoen izenean.

Sinadurak eta zabor poltsak

2012 hasieran adierazi zuten Gipuzkoako 34 herritako ordezkariek atez ateko bilketa sistema jartzeko asmoa, baina hilabeteak igaro ahala aldaketak izan dira, eta aurreikusitako epeak ez dituzte bete.

Atez atekoaren aurkako iritziek hautsak harrotu dituzte, eta hainbat mobilizazio eragin ere bai. Martxo erdialderako, esaterako, Gipuzkoako 28 herritan 75.000 sinadura batu zituzten atez ateko bilketaren aurka. EAJren arabera, datu horiek esan nahi zuten "gipuzkoarren gehiengoa" atez atekoaren aurka zegoela, eta Bilduri hori kontuan ez hartzea leporatzen zioten. Zenbait herritan, sinaduretatik harago ere jo zuten atez atekoaren aurkakoek. Bergaran, esaterako, manifestazioa egin zuten apirilaren 12an, eta herritarrei "kikildu gabe" atez atekoaren aurka segitzeko deia egin zieten.

Sinadura bilketei balkoietan zintzilikatutako zabor poltsek hartu zieten lekukoa, Zumaia, Bergara eta Villabona horren adibide. Hainbat herritan galdeketak ere egin zituzten. Legazpin, apirilaren 20an eta 21ean. Herritarren erdiek baino gehiagok eman zuen botoa, eta horietako ia %98k atez atekoaren aurka eta bosgarren edukiontziaren alde egin zuten. Baina, ezker abertzalearen iritziz, herritarren borondatea errespetatu behar den arren, "bozkatzera joan ezin zirenek botoa beste baten esku utzi ahal izan zuten", eta hori zalantzak eragiteko modukoa zen.

Adostutako bilketa moduak

Apirilaren erdialdean, berriz, atez atekoa martxan jarri eta hiru astera birziklatze tasa bikoiztera heldu ziren herrietako datuen berri eman zuten, Legorreta, Itsasondo eta Zaldibia kasurako. Baina herritarren artean sortutako haserreak atez atekoaren ordez bestelako sistema batzuk agertzea eragin zuen. Maiatzaren hasieran jakinarazi zuten Legazpin bosgarren edukiontzia eta atez atekoa batuko zituen sistema ezarriko zutela.

Horren ostean, EH Bilduk jakinarazi zuen birziklatze xedeei eutsiz gero beste bilketa modu bat babesteko prest zegoela. Zumaian, txipa duten edukiontzien eta barra kodea duten zabor poltsen bidez biltzea adostu zuten maiatzean; Azpeitian, "edukiontzien sistemarekin jarraituta hondakinen %70 birziklatzera heltzeko apustua" egin zuten; eta Ormaiztegin ere gaikako bilketa derrigorrezkoa izango duen edukiontzien sistemaren alde egitea erabaki zuten.

Horrek ere denetariko iritziak sortu zituen. Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak kritikatu egin zituen atez ateko bilketa alde batera utzi zuten udalak. Ekainaren erdialdean jakinarazi zutenez, "edukiontzien sistemak kasu guztietan porrota izan du, eta ez du inoiz %40ko gaikako bilketa gainditu. Atez atekoak kasu guztietan %70etik gora gaika biltzea ahalbidetu du, martxan jarri eta hilabete bakarrera".

Hildako enpresak pilatzen

Urte hasierako aurreikuspenak ez ziren onak. Adegi patronalak 3.000 lanposturen galera aurreikusten zuen Gipuzkoan 2013an, eta urrian plazaratutako datuek "atzeraldiaren putzuan" mantentzen zuten lurraldea: barne produktu gordina orain sei urteko mailan, eta 48.000 langaberekin.

Hartzekodunen konkurtsoak eta itxierak ohi baino gehiagotan aipatu dira aurten, eta ehunka langilek lanpostua galtzea ekarri du horrek. Beharginek hilobien bitartez irudikatu dute euren etorkizuna "hil" nahi dutela. Kasuren batean, baina, langileen presioak balio izan du multinazionalen erabakiak aldarazteko; "heriotzara" zeramatzaten arren, bizirik eusteko ahaleginetan jarraitzen du hainbatek. Honako hauek 2013ak utzitako adibide batzuk dira, kronologikoki ordenatuta:

1. Corrugados

Sei hilabete eta erdiko greba utzi egingo zutela iragarriz hasi zuten urtea Azpeitiko Corrugadoseko hirurehun langileek. "Negoziazioaren mesedetan" hartutako erabakia izan zen; hala, amaitutzat eman zuten "hirurogei langile kaleratzeko, urtean 49 lanordu gehitzeko eta soldatak %35 jaisteko asmoa" salatzeko hasitako greba. Baina, lanera itzuli orduko, kanpoan ziren: Gallardo Taldeko zuzendaritzak oporrak eman zizkien urtarrilaren 15era arte, egoeraren aurrean denbora irabazteko. Oporraldia hainbat egunez luzatu eta gero, lanera itzuli ziren.

Martxoan heldu zen langile batzordearen hurrengo abisua. Gallardoren ordezkariak enpresa batzordeko ELA eta LABeko ordezkariekin bildu ziren, eta enpresak Azpeitiko planta ixteko asmoa zuela azaldu zien. Halaxe izan zen: apirilean aurkeztu zuen erregulazio espedientea, txosten bakarrean lau enpresa sartuz, —horietako bi Gipuzkoakoak—: Azpeitiko plantan hirurehun langileak kaleratzeko asmoa zuen; eta Lasaoko Corrugadosen, 68 lagunetatik 38 botatzekoa. Taldeak Madrilera jo zuen beharginak kaleratzeko azken dosierra aurkezteko, jakinda langileen balizko salaketa bat Espainiako Auzitegi Nazionalak aztertuko zuela.

Maiatzaren 23an amaitu zen negoziazio epea. "Fartsa hutsa" izan zen langileen ordezkarientzat; akordioa, hortaz, ez zen iritsi, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera jotzea erabaki zuten.

Bitartean, pixkanaka beharginak kaleratzen hasi ziren: uztail erdirako berrehundik gora bota zituzten Azpeitiko lantegitik, eta azken berrogeiak abuztuaren 6an. Itxierak, Azpeitiari ez ezik, Urola eskualde osoari "ondorio sozial eta ekonomiko larriak" ekarriko zizkiola ohartarazi zuen Azpeitiko Udalak. Hurrengo egunean kanporatu zituzten Lasaon 38 langile.

Erregulazio txostenaren gaineko epaiketa urriaren 29an egitekoa zen, Madrilen, baina urtarrilaren 27-28ra atzeratu dute.

2. TS Fundiciones

Zortzi hilabete baino gehiagoko gatazkaren ostean, akordioa lortuta hasi zuten urtea Zestoako lantegian. Zuzendaritzak 50 lagun kaleratzeko dosierra proposatu zuen, baina, itunari esker, lanpostu guztiak bi urtez mantentzea hitzartu zuten. Ordainetan, %33 murriztu zieten lanaldia. Horrela, greba utzi eta urtarrilaren 14an lanera bueltatu ziren 145 beharginak.

Baina azaroak bestelako kontuak ekarri zizkien. Enpresak bideragarritasun plan bat aurkeztu zion langileen ordezkaritzari; 50 kaleratze, %25eko soldata jaitsierak eta lanordu gehiago biltzen zituen plan bat. Hori baino lehen, enpresak esana zuen "premiazko neurriak" hartu beharrean zegoela, enpresa ixtea nahi ez bazuten —28 milioiko zorra argudiatu zuen—. Langileek "negargarritzat" jo zuten plana: "Ezin dugu onartu".

Urriko eta azaroko soldatak jaso gabe daude, eta enpresak hartzekodunen konkurtsora joateko eskaera egina du Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian. Balizko kaleratzeen aurrean, beharginek protestekin jarraitzen dute —abenduaren 12an Kutxabanken Zestoako egoitzan egon ziren, "zordun nagusia" delakoan—.

3. Huyck Wangner

Urola eskualdea ez ezik, Tolosaldea ere gogor jo du krisiak. Horren adibideetako bat da Zizurkilgo Huyck Wangner enpresako gatazka. Urtarrilean, lantegiko 81 langileetatik 75 kalean uzteko asmoa agertu zuen zuzendaritzak, eta horri greba mugagabearekin erantzun zioten beharginek. Perot zenaren zuzendaritzak argudiatu zuen jarduerari eustea ez zela bideragarria; langileen ordezkariek, aldiz, salatu zuten lantegia husteko erabakia soilik "estrategikoa" zela.

Espedientea negoziatzeko epea akordiorik gabe amaitu zen, baina, ustekabean, martxoaren 6ko goizean enpresak atzera bota zuen txostena. Goizeko iragarpenaren ondotik, ordea, beste bat iritsi zen arratsaldean: beste dosier bat. Arrazoia? Kaleratzeen baldintzak negoziatzea. Dosierrari helegitea jartzeko, auzitara jo zuten beharginek, baina bi aldeek akordiorako oinarri bat eskuratuta, bertan behera geratu zen auzitegietako bidea. Zuzendaritzak proposatutako kalte-ordainen igoera onartu zuten langileek; guztira, 6,4 milioi euro.

4. Fagor Etxetresnak

"Ekitaldi konplikatua izango da". Hala aurreikusten zuen 2013a Mondragon Taldeak, eta ez da ez samurra izan. "Urteko ekonomia albisterik txarrena" heldu zaie, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan bezala. Euskal Herrian, ia 1.700 langilerekin eta finantzaketa ezin lortuta, konkurtso legera jo behar izan du Fagor Etxetresnak kooperatibak; harekin batera, haren gainontzeko konpainia guztiak ere hartzekodunen konkurtsoan daude dagoeneko —azkenak Grumal eta Proiek izan ziren—. Baina, Fagor Etxetresnek eta haien filialek ez ezik, zeharkako hainbat lantegik ere jasan dituzte erabaki horren ondorioak, haien hornitzaileek, adibidez.

Mondragon taldearen elkartasun mekanismoak Arrasateko kooperatibak eragindako enplegu galeraren zati handiena xurgatzea du xede; 1.000-1.200 bazkideri lanpostu edo erretiroa eskaintzeko helburua jarri zuen, eta aurreikuspena betetzeko "buru-belarri" ari da. 350 bazkideri, gutxi gorabehera, erretiro aurreratua eskainiko die 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera. Bazkide askori beste lan bat ematea, ordea, behin-behineko langileen kalterako izango da.

Datorren urteko lehen hilabeteetan ezagutuko da Fagor Etxetresnen barruan bideragarria den filial edo lerrorik ote dagoen.

5. Marie Brizard / Antalis

Urteko azken txanpan iritsi zaizkie berririk txarrenak Tolosaldeko bi enpresa horietako langileei. Zizurkilgo Marie Brizardekoentzat, hala ere, esperotakoa baino hobea izan da amaiera: lau egunean goitik behera aldatu du eskaintza enpresak, eta hasieran 48 langileak kaleratuko zituela jakinarazi arren, martxan da berriro lantegia. 55 urtetik gorakoek erretiro aurreratua hartuko dute soldataren %80 jasota, eta gainerakoek lanean jarraituko dute, egungo baldintzekin. Langileen arabera, enpresaren erabakiaren aurrean batu eta mobilizatu izana —mugagabeko greba tarteko— baliagarria izan da Marie Brizardi zabalik eusteko.

Albizturko Antalisen, berriz, zabalik jarraitzen du auziak. Enpresa ixteko dosierra aurkeztua zutela jakinarazi zuen abendu hasieran ELAk. Horrela, 39 langile lanik gabe leudeke. Negoziazio fasean langileen ordezkariekin egin dituen azken bileretan, lan egindako urte bakoitzeko 45 egun eskaini ditu zuzendaritzak, 18 hilabeteko mugarekin. Langileek greba mugagabean segitzen dute.

6. IAT

Luze doa Urnietako eta Irungo IAT ibilgailuen azterketa teknikoko lantegietako gatazka. Ez da aurten hasi, baina urte osoan presente egon da. Eta urtarrilaren 15era arte "gutxienez" hala egongo da, ituna berritzeko negoziaziorik ez bada behintzat —2011ko abenduan utzi zion itunak indarrean egoteari—. Beharginek iraungitako lan hitzarmenak biltzen zituen klausulak mantendu nahi dituzte. Asteazkenean gogorarazi zuten 65 egunetan egin dituztela lanuzteak, eta 183 egun daramatzatela greban. IATak kudeatzen dituen TUV Rheinland Iberica SA konpainiako zuzendaritzaren arabera, "arduragabea" da langile batzordearen jarrera.