EURITEEN ONDORIOZ, ARAZO UGARI

Urtarrilaren 15arekin eurite gogorrak eta uholdeak iritsi ziren. Gainezka egin zuten lurraldeko ibai askok, eta txikizioa eragin zuen euriteak zenbait gunetan. Gehien kaltetuen artean egon ziren Urumea inguruko herriak, Donostian Txomin-Enea eta Martu...

4

Lurraldebusek martxan jarri dituen autobus hibridoak. Gipuzkoako Foru Aldundiak lau autobus hibrido jarri ditu martxan Lurraldebuseko autobusen artean. Motor elektrikoa eta diesel motorra dituzte autobus horiek, eta erregai gutxiago kontsumitzeaz gain, gas emisio gutxiago ere egiten dituzte.

AITORPENA “KONPROMISOARI”

Nestor Basterretxea artistak jaso du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina; Euskaldunon Egunkaria-ko eta Egin-eko langileek, berriz, bereizgarriak. Basterretxeak "herriarekiko izandako konpromisoa eta Gipuzkoaren irudi bikaina zabaldu" iza...

%3,7

Zerga bilketa metatuaren igoera. Azaro amaiera arteko zerga bilketa metatuaren datuei erreparatuta, iaz baino %3,7 gehiago bildu du aurten aldundiak.

SEKTOREKO HITZARMENA ALDARRI

Metalgintzako langileentzat Gipuzkoako sektoreko hitzarmenaren alde mobilizatzeko urtea izan da. Maiatzaren 24an, grebara deitu zuten LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk —%85eko babesa izan zuen, haien arabera; Adegik "erantzun desberdina" aipatu zuen—. Ekainean, sindikatuen desadostasunak islatu zituzten deialdiek; LAB, CCOO eta UGT elkarrekin, eta ELA, bere kabuz.

“Injustizia ikusarazteko borroka esparru berri bat sortu da”

Aske Gunea, herri harresia... Eleak mugimenduari lotuta aurten sortu eta errotu diren kontzeptu berriak dira. Borroka moldeetan bilakaera izan dela argi du Txerra Bolinagak, Eleak mugimenduko bozeramaileak (Arrasate, 1968). Demokrazia eta normalizazio politikoa helburu, eskubide zibilen eta politikoen alde lanean ari da mugimendua.

Eleak mugimenduak lan asko izan du aurten. Ez dirudi "aire berriak" Espainiako Auzitegi Nazionaleraino iritsi direnik.

Aire berriak, zoritxarrez, ez dira iritsi Auzitegi Nazionalera, eta ez hori bakarrik, egoerak okerrera egin du. Hor dugu beste adibide bat, Herrira-ren aurkako operazioa. Uste genuen salbuespen neurriak izango zirela, baina betiko istorio bera ikusi dugu. Oraindik jarraitzen dute legez kanpo uzten eta atxilotzen eskubideak praktikatzeagatik.

Zertan aldatu dira gauzak urtarrilean Errenteriako hiru gazte independentista Donostiako manifestazioan atxilotu zituztenetik?

Nik uste dut bilakaera bat egon dela. Bagoaz bide bat egiten, batez ere atxiloketen uneari lotuta. Injustizia ikusarazteko borroka esparru berri bat sortu da. Eskubideak praktikatzeagatik eta beren aktibitate politikoarengatik nola atxilotzen dituzten ikusarazi dugu. Alde horretatik bilakaera eman da Errenteriako Xabier [Lujanbio], Maitane [Linazasoro] eta Arkaitz [Anza] urtarrilaren 19an egin zen manifestazioaren ondoren kateatu zirenetik. Hor ikusi genuen jendea prest zegoela atxiloketei bere gorputzarekin aurre egiteko, eta hor hasi zen bilakaera. Jendeari beste modu batera borroka egiteko tresnak eman, eta horiek bere egiteko prestasuna bazegoela ikusi genuen. Hortik abiatuta, Donostiako Aske Gunera jauzia eman genuen.

Donostiako Aske Gunea mugarritzat jo izan da. Zuentzat ere hala izan al da?

Nik uste dut baietz. Askotan elkartzen naiz Donostiako jendearekin, eta denek esaten dugu gauza bera: ez dugu inoiz ahaztuko Donostiako Aske Gunearen esperientzia. Bizipenak, sentipenak kristorenak izan ziren, eta horrek taldea indartu egiten du. Hor ikusi zen argi eta garbi jendeak ez duela onartzen betiko eskema. Orduan ez genekien ondorioak zeintzuk izan zitezkeen, eta, hala eta guztiz ere, jendearen erantzuna oso positiboa izan zen. Erantzun hori, gerora, kutsatuta, beste leku batzuetan ikusi ahal izan dugu. Urtza Alkortak berak aitortu zuen berak ez zuela aurretik ezer egiterik pentsatu, baina Donostiakoa ikusita ezkutatzea erabaki zuen, gero Zubi Harresian agertzeko.

Donostia, Ondarroa, Iruñea... Aipatu duzun bilakaera erakusten duten irudiak dira.

Bai, eta egon dira gauza gehiago. Gogoratzen dut Incoesa lantegikoek herri harresi bat egin zutela bere fabrikatik makinak ez ateratzeko. Donostiakoaren ondoren ere, Lander Fernandez ez atxilotzeko herri harresi bat egin zuten Italian. Orduz geroztik, beste borroka molde batzuk hasi dira erabiltzen. Erresistentzia pasiboa indartu da, eta nik uste dut hor jorratzeko bide bat badagoela, horrek argi erakusten duelako zeinek erabiltzen duen bortizkeria, betiere, Poliziak, estatuak edo instituzioek. Horren haritik, badago zertan sakondu. Desobedientziaren inguruan badago lan gehiago egiteko, jendeak tresna barneratu egin duelako.

Izan ere, epai politikoek ez dute etenik izan. Aurrera begira zein helburu dituzue?

Gure azken helburua da epaiketa hauek bertan behera uztea eta inor gehiago ez atxilotzea. Bide horretan, auzipetuekin elkarlanean ari gara aspalditik, aurrera begira jarri eta gure plan estrategikoa izango dena lantzen. Azken epaiketa ere aurten bukatuko da, baina datorren urtean zigorrak etorriko dira, eta hor beste erronka bat izango dugu. Horrez gain, herrietako dinamikei begira, Erreminta Kutxa sortu dugu, orain arteko esperientziak eta dinamikak biltzeko. Dinamika horiek, tokiaren arabera, ezberdinak izan dira, herrietan sortu direlako. Dena sortu da behe-behetik, eta potentzialtasun horri garrantzi handia ematen diogu.

EUSKALGINTZAN, ESKUTIK ESKURA

Andoaindik abiatu zen 18. Korrika, Martin Ugalde kultur parketik, martxoaren 14an. Euskalgintzako langileek hasi zuten bidea, ehunka lagunekin batera. Hilaren 24an Baionara heldu bitartean, jende ugari batu zen ibilbidera; Eman euskara elkarri lelopea...

Akordioz errefusatu dute errauste planta

Euskal Herria Bilduko kideek urtarrilean zioten "Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabalak" ez duela nahi errauste planta eraikitzerik, ingurumenari eta pertsonen osasunari kalte egiten dielako eta, gainera, "errentagarria ere ez delako".

Otsailaren hasieran, "gehiegizkoak" zirela-eta, Zubietako errauste plantaren zorraren interesik ez ordaintzea erabaki zuen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa elkarteak. Juan Karlos Alduntzin presidentearen arabera, aurreko agintaldikoek swap produktu espekulatzaileak sartu zituzten errauste planta eraikitzeko La Caixa eta Banesto bankuei mailegua eskatuta egindako akordioan. Horiei esker, maileguko dirua eraikuntzarako erabiltzen ez bazen ere, zorra estaltzeko hartutako produktuaren interesak pagatzera behartua zegoen GHK. Zehazki, 94 milioi euro guztira, hau da, 300.000 euro hilean.

Poliki-poliki, areagotu egin dira errauste plantaren inguruko susmo txarrak. Otsailaren 6an jakinarazi zuten erraustegiaren eraikuntza datu okerrekin baimendu zuela Jaurlaritzak, energia eraginkortasunerako 0,65eko muga ez zuelako betetzen plantak. Maribi Joaristi abokatuak salatu zuen plantan hondakinen balioztatze energetikoa egin ordez ezabatu egingo liratekeela. Otsailaren amaieran, berriz, aldundiak jakinarazi zuen errauste planta ez egiteagatik kalte-ordainak emateko prest zegoela, eta apirilaren amaieran GHK-k eten egin zituen errauste plantaren proiektuan aritutako bi enpresarekin zituen kontratuak, "irregulartasunengatik".

Uztailaren 13an, berriz, plantaren egitasmoak Jaurlaritzak jarritako ingurumen arauak betetzen ez zituelako bertan behera utzi zuen eraikuntza GHK-k. Urriaren 3an, GHK-k eta planta eraikitzekoak ziren enpresek bi hilabeteko epea eman zioten elkarri bi aldeak lotzen zituen kontratuari "amaiera adostua" emateko. Azaroaren 13an jakinarazi zutenez, baztertuta geratu zen Zubietako errauste planta, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak enpresei zortzi milioi euro kalte-ordainetan emanda. Enpresek obra eginda lortuko zuketen irabaziaren %3 eta plantaren bost urteko ustiapenetik lortuko zituzketen irabazien portzentaje bera ematea adostu zuten. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua argi mintzatu zen errauste plantaren amaieraz: "Mamua amaitu da. Ez da egingo. Ez orain, ez gero".

Urte osoan gatazkan ibili ondoren, kontratua itxi dute Bidegik eta Bidelanek

Gipuzkoako errepide sarea kudeatzeko moduek aurrez aurre jarri dituzte EAJ eta Bildu. Aurten ere, kritika asko izan dute elkarrentzat. Tartean, auzitarako bidea hartu zuen Bidegi sozietate publikoak Bidelan enpresarekin 2010ean egindako kontratuak. Gaur egun aldundian agintzen duen Bilduren ustez, erakunde publikoarentzat "kaltegarria" da kontratu hori. Azkenean, akordioa lortu dute Bidegik eta Bidelanek, eta aldundiak bertan behera utzi du auzitarako bidea. Akordio horrekin, hamazazpi milioi euro baino gehiago aurreztuko ditu diputazioak.

Azaro amaieran sinatu zuten hitzarmena Bidegik eta Bidelanek. Bidelanek kudeatzen eta mantentzen ditu AP1 eta AP8 errepideak, eta enpresa horren fakturazioa urtetik urtera jaitsi egingo da, bost urtez. Bidegiri emango dion zerbitzua, ordea, "egungo bera" izango da, Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak nola aritu diren adierazi du: "Tentuz jardun dugu, kalitatean inolako kalterik ez eragiteko. Lanpostuak bermatuko ditugu, eta Bidelanen zerbitzua ez da aldatuko". Bidelani aurten amaituko zaio AP8 errepidea kudeatzeko ardura, eta 2015ean AP1 errepidearena.

Hasierako hitzarmenarekin, errepideetako zirkulazioaren arabera kobratzen zuen Bidelanek; zenbat ibilgailu igaro errepideetatik, horrenbeste diru ordainduko zion Bidegik. Baina uste baino ibilgailu gutxiago dabil bideetan. Horregatik, kontratuak aldatzea erabaki zuten Bidegik eta Bidelanek 2010. urtean. Aldundiaren arabera, aldatu egin zuten ordaindu beharrekoa zehazteko sistema. 2010etik, enpresak gastuen justifikazioa ematen zion sozietate publikoari, eta hark gastu horiek estaltzeko adina diru eta %7,7 gehiago ordaintzen zion. Aldundiaren kalkuluen arabera, aurreko sistemarekin, 129 milioi euro jasoko zituzkeen Bidelanek lau urtean, 2009tik 2012ra artean; era berriarekin, 144,6 milioi lortu zituen.

Azaroko akordioarekin ez ezik, martxoan ere etorri zen aldaketarik, ordea. Izan ere, Bidegiri eskumenak gutxitzea erabaki zuen aldundiak, hark 900 milioi euroko zorra zuela jakin ondoren. AP8 eta AP1 autobideetako bidesariak kobratu bai, baina aldundiak erabaki zuen errepide horien mantentze lanen ardura diputazioko Bide Azpiegituren departamentuak hartzea.

Kritika trukea

EAJk aurreko agintaldian Bidegin egindako lana gogor kritikatu izan du hainbatetan Bilduk. Aurtengo martxoan, esaterako, salatu zuen EAJk kudeaketa "ezin txarragoa" egin zuela Bidegin: EAJk 900 milioi euroko zorra utzi duela gogoratu zuen. Salatu zuen 2007-2011 arteko gastuen fakturak biltegi batean agertu zirela, eta gaineratu hiru zuzendariren eta administratzaile baten kontratuak babestu zituztela, milioi bat euroko gastuarekin. Hala, zer gertatu den ikertzeko eta argitu beharreko guztia argitzeko eskatu zuen koalizioak orduan. EAJk, berriz, babestu egin zuen egindako kudeaketa. Aldundiko aurreko Bide Azpiegituretako zuzendari Eneko Goia jeltzaleak esan zuen ez zuela kontratuen babesaren berririk. "Babestu baziren, azalpen bat izango dute; Bilduren xede bakarra susmoak eragitea da".

Hilabete geroago, apirilean, Katty Nevado Bidegiko egungo zuzendari nagusia kritiko agertu zen Bidegin aurretik egindako kudeaketarekin. Haren arabera, kudeaketa planik ez zegoen, ezta hilabeteko balantzerik ere. "Urte amaierara arte, ez zegoen datu ekonomikorik", haren esanetan. Kargua hartu zuenetik "informazioa eskuratzeko oztopoak" izan dituela ere salatu zuen. Baina horrek ere izan zuen erantzuna EAJren partetik. Aintzane Oiarbide eledunak gogorarazi zuen administrazio kontseiluak egiten zuela kontrol publikoa, eta han EH Bildun dauden alderdietako ordezkariak zeudela. Haren ustetan, Larraitz Ugartek "espioitza" egin du Bidegin, eta "gezurra" esan du fakturak desagertu egin zirela iradoki zuenean.

Ekainean egoerak okerrera egin zuen, Bilduk salatu baitzuen Bidegin "justifikatu gabeko fakturak" agertu zirela; 2007-2009 arteko 28.746 euroko fakturez ari zen. EAJk erantzun zion auzitara jotzeko, legez kanpoko zantzurik aurkitzen bazuen. "Bildu instituzioetako boterea erabiltzen ari da, bere arerio politikoa sistematikoki jotzeko", esan zuten jeltzaleek.

Abuztuan ere ez zuten atsedenik hartu. Ugartek jakinarazi zuen eten egingo zutela Bidegik Bidelanekin 2010etik zuen kontratua. Markel Olano EAJko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak kritikatu zuen kontratua eteteak "milioika euroko galera" ekarriko zuela, eta "gezurretan" aritzea leporatu zion Ugarteri. Kontratu hori "alderdi politiko guztien babesarekin" onartu zela gogoratu zuen Olanok, eta kontratua eteteak agerian uzten zuela Ugartek "kudeaketarekin dituen gabeziak" eta "ondo funtzionatzen duten lan eskemak suntsitzeko duen joera".

Bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez onartu zuten iaz AP8 eta AP1 autobideetako ohiko erabiltzaileei hileko gastua gutxitzeko plana. Hala, iazko abenduaren 1etik T-Bidea dutenek asko jota 25 euro ordaintzen dituzte hilean. Horrek ere desadostasunak eragin ditu Bilduren eta EAJren artean. Horrez gain, aldundiak arkupe bidezko sistema jarri nahi du martxan, kamioiei bidesaria kobratzeko —urtean 26 milioi euro inguruko diru sarrerak lortzeko—. Batzar Nagusietan aurkeztu du proiektua, beste alderdien aldeko botoak lortzeko asmoz. Momentuz oposizioa kontra dago, baita garraiolariak ere. Azken horiek protestara deitu dute; bihar goizean, Donostian.

Dezimoak libre egingo gaitu

Galtzontziloak aldatu behar zituzten esklabo erromatarren txistean bezala, albiste onarekin abiatuko naiz. Estatistikak loteria erosiz inbertsio negargarria egin duzula uste badu ere, probabilitatearen teoriak dio akaso igandean esnatzen zarenerako bi milioiren jabe izango zarela. Aurten kolore guztietako belarrondokoak jaso dituzunez, ondo merezitako opor amaigabeei ekin ahal izango diezu, beraz. A, ezetz. Zu sari handiena poltsikoratuta ere "betiko martxan, baina zertxobait lasaiago" jarraituko lukeen gehiengo isil horren partaide zarela. Ba ez zaituztet ulertzen, zer nahi duzu esatea, ez zu eta ez hain menpekotasun bitxia duten zure kideak.

Aurreko belaunaldiek utzitako oinordetza pozoitu guztien artean, urdurien jartzen nauena lana sakratutzat jotzea da. Etxean modu gordinean ikusi izan ohi dut beti. Aitari neskaren bat nirekin irteteko engainatu dudala aditzera eman izan diodan bakoitzean, aurreneko galdera berbera errepikatu dit beti. Ezer baino lehen, ez du izenik, adinik, jatorririk jakin nahi izan. Ezta zoritxarrekoak nik zer dakit ba, titi tenteak dituen edo lentzeriarekin ausarta ote den. Zertan diharduen entzundakoan eta bere enpleguaren mila xehetasunak argitutakoan bakarrik lasaitu izan da gizona.

Hizkuntzak ere badu berea. Behar hitzaren polisemia susmagarriak kasik mindu egiten nau; adibidez, euskara bera sermolari moduan ikusten baitut, norberaren jarduerari osagarri morala erantsita.

Opus Deik aspaldi kontatu zigun lanak santu bihurtuko gaituela. Nazien kontzentrazio eremuetan "lanak libre egingo zaituzte" esaldiarekin agurtzen zituzten esklabo judu, ijito edo homosexualak. Edozein baldintzatan, edonorentzat, edozein helbururekin, edozer ekoizteko: bizitzan zerbait probetxuzkorik egiten ez duena bizkarroia da, eta, ezer egin gabe biziz gero, azkar zinateke galbidean.

Eror nadin galbide horretan, ba, niri dagokidanez. Ekidingo ditut dolce far niente-aren arriskuak, pairatuko dut pazientziaz jaiegun eternoen sufrikarioa. Kolpe zorririk jo gabe lehen baino askeago sentitzen banaiz, abisatuko dut Hitza-ra bidalitako eskutitz batekin.

Baina galtzontziloak aldatu behar zituzten esklabo erromatarren txistean bezala, albiste txarrarekin bukatuko dut. Ez zuri eta ez niri ez zaigu loteriarik tokatuko igandean, eta bat-bateko aberastasunaren dilema hau plano teoriko hutsalean geratuko da.

Urteko enegarren zutabe ezdeusa duzu hau, beraz. Besterik ez bada, idatzita dagoen papera probetxuzkoa gerta dadin, tximiniarako erabil dezakezu. Aproposa da su goxoa pizteko; nire aitak orri bakarra nahikoa izaten du egur egokia daukanean. Ez daukazula tximiniarik? Ez naiz inoren bizitzan sartu zale, baina urtetan loterian hainbeste diru xahutu ez bazenu…