Izar itxurako lorpenak, puntako zenbakiak

Markagailuko emaitzatik haratago, ukaezina da zenbakiek futbolean duten garrantzia. Bi txartel horik goitik behera alda dezakete partida bat; milaka zaleren babesak 11 lagun hamabi bihurtu, eta 92. minutuan sartutako golak galdutako itxaropena piztu. Realak 2013an bildutako zenbakiak ere ez dira nolanahikoak, porrota, berdinketa edo garaipena seinalatzen dutenetatik aparte: 2012-2013ko sasoian lau hilabetez eutsi dio partidarik galdu gabe; Ligan azken hamar urteetako posturik onena lortu du —laugarren sailkatu da—; eta 104 urteko historian laugarren aldiz sailkatu da Txapeldunen Ligara.

Liga hasierak bestelakoa zirudien: hamargarren jardunaldian 17. postuan zeuden txuri-urdinak. Hamaikagarrenean Malagaren aurka etxetik kanpo lortutako garaipenak, ordea, beheraldia gorakada bilakatzeko balio izan zuen. 2013a hasteko, Real Madril izan zuen Realak parez pare, eta galdu arren, erdiko postuetatik gora mantentzea lortu zuen Philippe Montanierrek zuzentzen zuen taldeak. Azken partidetara arte.

Galizian izan zen hil edo biziko partida, Europako onenen artean aritu ahal izateko aukera: sasoiko azken partida, eta Deportivo aurkari. Txapeldunen Ligan aritzea zegoen jokoan; hori ez lortzeak, ordea, eskura uzten zien Europako Ligara sailkatzeko aukera ere. Baina garaipena, Valentziaren Sevillako porrotari lotuta, amaiera ezin hobea izan zen denboraldia borobiltzeko. Horrela, sei urteko tartean Bigarren Mailara jaistetik Txapeldunen Ligako atarikoraino igotzeko moduko jauzia egin zuen Realak ekainaren 1ean. Izarrez jositako baloia biraka jartzeko parada heldu zen.

Montanierrek, bi urtez entrenatzaile izan ostean, taldea uztea erabaki zuen sasoi amaieran, Stade Roazhonera joateko. Reala Txapeldunen Ligan zuzendu ez arren bere "zati bat" jokalariekin egongo zela esanez agurtu zen, lortutakoarekin "oso pozik". Frantziarra ordezkatzeko, Jagoba Arrasate berriatuarra izan zen aukeratua. "Harro" hartu zuen Realeko lehen taldeko entrenatzaile izateko ardura, "konfiantza osoz", eta "lana eta ilusioa" mahai gainean.

Europako talderik onenak hartu aurretik, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu behar. Aurkaria ikusita, handia zen iragana iraultzeko gogoa. Olympique Lyonek 2004an final zortzirenetatik kanpo utzi zuen talde txuri-urdina. Eta lortu zuten orduko hari buelta ematea: 0-2 gailendu zen Reala etxetik kanpo, eta 2-0ekoarekin Anoetan.

Behin Txapeldunen Ligako multzoen fasean, multzo "zail" bezain "erakargarria" utzi zion zozketak: Manchester United, Xakhtar Donetsk eta Bayer Leverkusen. Atarikoa aise gaindituta, multzoko fasea ere ildo beretik joango zelakoan ziren zale asko, baina ez zen horren erraza izan. Irailaren 17an hasitako lehia abenduaren 10ean amaitu zen. Puntu bakarrarekin, gol bakarra sartuta eta azken postuan esan zion agur txapelketari. Bidean, dena den, gozatzeko uneak izan dituzte, bai jokalariek, baita zaleek ere. Une gogoangarrienen artean dago Manchesterren jokatutako partida; Old Trafford zelaian, 6.000 realzaleren babesean.

Agurrak eta etorrerak

Jokalariei dagokienez, taldea ez da aurten asko aldatu. Asier Illarramendi mutrikuarra Real Madrilera joateak, milioi mordoa ez ezik, zelai erdia berregituratu beharra ere ekarri zuen 2013-2014ko sasoiari begira. Asmo horrekin heldu zen Esteban Granero erdilaria Queen's Park Rangersek utzita, baina ez du luzerako errefortzurik ekarri: multzoen faseko lehen norgehiagokan min hartu, eta ia sasoi osoan geldirik egon beharra tokatu zaio. Graneroz gain, fitxaketa bakarra egin du Realak 2013-2014ko denboraldirako: Haris Seferovic aurrelari suitzarra aurkeztu zuen Realak uztailean.

Egun, seigarren postuan da Reala. Aurreko sasoiko markak hobetzea zaila izan arren, iazko abenduari begira dena da posible, abenduaren 20ko jardunaldian 7. postuan baitzegoen. Espainiako Kopan ere bizirik jarraitzen du, Algeciras garaitu ondoren.

60

Gabonetako loterian gastatuko dituzten euroak. Batez beste, 60,65 euro inguru gastatuko ditu gipuzkoar bakoitzak Gabonetako loteria dezimoak erosten.

Greba, lurralde mailako hitzarmena lortzeko

Urtebete igaro da jada Gipuzkoako zahar etxeetan lurralde mailako hitzarmen bat lortzeko mobilizazioak hasi zituztenetik. 2012ko urrian hasi zen gatazka, eta, urtebete igarota, arazoa erabat konpontzeko dago 2013aren amaieran.

Sindikatuek bi eskari egin dituzte denbora tarte horretan: sektoreko langileen soldatak igotzea eta lan erreforma ez ezartzeko konpromisoa lan itunean jasotzea. Adegi patronalak, ordea, "ezinezko" ikusi zuen azken eskari hori, eta hor sortu zen gatazka.

Arazoa konpontzeko asmotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sektorera diru ekarpena egiteko proposamena egin zuen otsailean, baina lan erreformaren inguruan sortu dira desadostasun handienak. Lan ituna berritzeko akordiorik ezin lortu, eta urte hasieran hasi ziren mobilizazioak egiten Gipuzkoako zentroetako langileak. Hala, otsailean hiru eguneko greba egin zuten, eta bost egunekoa maiatzeko lehen astean.

ELA sindikatuak du sektorearen ordezkaritzaren erdia baino gehiago (%55), eta LABekin batera deitu zuen lanuzteetara. Mobilizazio horien ondoren ere langileen helburuak bete gabe zeuden, eta, ELAk deituta, greba mugagabea hasi zuten adinekoen egoitzetan. LABek maiatzeko sei egunetan egin zuen greba. Donostiako Bulebarrean eta Gipuzkoako hainbat herritan kanpaldiak ere egin zituzten.

Hitzarmenak zentroz zentro

Hasiera batean, 2.900 langile zeuden grebara deituta, baina greba mugagabea hasi aurreko asteburuan, maiatzaren 10etik 12ra, akordiorako oinarriak lortu zituzten ELAk eta LABek Eulen eta Zu eta Biok enpresetako zazpi herritako egoitzetan. Ordutik aurrera, zentroz zentro joan dira hitzarmenak berritzen.

Hala, greba mugagabea hasi eta hilabetera, herrialdeko 118 zahar etxeetatik 71k utzia zuten greba, akordiorako oinarriak sinatuta. Hemeretzik itun propioa sinatu zuten, eta sindikatuek lan erreforma ez ezartzeko aurkeztutako akordiorako oinarriarekin bat egin zuten 52k. Ekainaren 21ean, enpresen %82k sinatua zuten akordiorako oinarria, eta bederatzi zahar etxetan jarraitzen zuten greban.

Aldundiaren ekarpena

ELA sindikatuak lan itunean "bermeak" eskatu ditu, neurri zehatzak, Espainiako lan erreformak hitzarmena guztiz ez itxuraldatzeko. Enpresak, baina, ez dira horretan amore emateko prest agertu. Hala, bi taldeen arteko tirabirak arintzeko eta langileen baldintzak hobetzeko asmotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 8,2 milioi euroko diru saila sektoreari emateko konpromisoa hartu zuen otsailaren 8an. Izan ere, zerbitzu publikoa da adinekoen egoitzetakoa, eta aldundiaren dirua jasotzen dute enpresek.

ELA "ados" agertu zen aldundiaren neurriarekin —sindikatuaren aldarri nagusia lan hitzarmena izan baita—; ez, ordea, enpresak, hasiera batean. Neurriaren aurka agertu ziren, baina greba mugagabearen atarian, iritziz aldatu zuten Adegin bildutakoek.

Bi aldeen arteko gatazken aterabidea bultzatu nahian, beste milioi bat euro jarriko zituen diputazioak mahai gainean, akordioa greba mugagabea hasi baino lehen lortzen bazuten. Ez zuten akordiorik lortu, greba mugagabea hasi zuten, eta, beraz, diputazioak ez zuen diru kopuru hori gehitu.

Pixkanaka hitzarmenak sinatzen joan dira Gipuzkoako zentroetan, eta, urtea amaitzear denean, %3 inguruk jarraitzen dute greban. Zentro gehienetan, itun propioak edo aldundiaren proposamenean oinarritutako lan itunak sinatu dituzte.

Azaro hasieran, gainera, aldundiak 1,3 milioi euro baliatuko dituela jakinarazi zuen, langileei soldatak KPIaren arabera igotzeko.

‘Nik ere gelditu dut’ festa abenduaren 29an, Zubietan

Gipuzkoako Zero Zabor mugimenduak festa bat antolatu du errauste plantaren egitasmoa bertan behera utzi izana ospatzeko. Goizeko bederatzietan, mendi martxa egingo dute; 11:00etan, haur, gazte eta helduentzako ekintzak izango dira; eta 13:00ean ekital...

HAMAR BERTSOLARI, ZINTZARRI BAT

Zarauzko Kopla Txapelketaren zazpigarren aldia iritsi da. Hamar bertsolarik Putzuzulo gaztetxeko oholtza hartuko dute gaur, 22:00etatik aurrera. Honako hauek ariko dira kantuan: Agin Laburu, Ane Labaka, Saioa Alkaiza, Odei Barroso, Sustrai Colina, Etxahun Lekue, Unai Iturriaga, Anjel Mari Peñagarikano, Ainhoa Agirreazaldegi eta Juan Mari Juaristi. Iaz Iturriagak eraman zuen zintzarria, txapelketaren irabazleak jaso ohi duen garaikurra —irudian—.

“Ume askok txupeteak oparitzen dizkidate”

Horra, horra, gure Olentzero, pipa hortzetan duela eserita dago...". Egun gutxi barru entzungo dira inguruko kale eta plazetan gabon kanta ezagun horren doinuak. Herriko kale bazterrak hainbat koloretako argiz osatutako irudiez beteta daude jada, eta ...

15

Krisiari aurre egiteko dirua, milioitan. Aldundiaren aurrekontuei jeltzaleek egindako emendakinak gehituta, krisiari aurre egiteko 15 milioi euro jartzea adostu dute Bilduk eta EAJk. Horrez gain, aurrekontuei 100.000 euroko diru saila gehitzea adostu dute, Gure Esku Dago mugimenduari laguntzeko .

Salaketak, zuzenean aldundira

Deskargako mendatean, G-632eko lanetan ari zen kamioilari bat hil zen irailean. Orduan piztu zitzaien "argi gorria" sindikatuetako kideei, LABeko kide Alberto Cristobalen arabera. Lanerako baldintza hobeak egon arren, enpresek ez ikusiarena egiten du...

“Guk bultzatu eta sortu behar ditugu alternatibak”

Jatorri anitz, herri bat egitasmoko kideak dira Leire Garro (Donostia, 1974) eta Katia Reimberg (Sao Paulo, Brasil, 1977). LAB sindikatuko ordezkaria da lehena; Bidez Bide elkartekoa, berriz, bigarrena. Gaur eta bihar, ekitaldi irekiak egingo dituzte Donostian, Bulebarrean. Euskal Herriko aniztasunaz eta haren kudeaketaz gogoeta egitea eta gogoeta hori festa bihurtzea da helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako jardunaldi horiei Aniztasunaldia izena jarri diete, eta egitaraua osorik ikus daiteke www.gipuzkoaberri.net webgunean. Gaur, 09:30ean da hasiera ekitaldia.

Zergatik antolatu duzue Aniztasunaldia?

Leire Garro: Jatorri anitz, herri bat izeneko egitasmotik sortu da. Era askotako eragileak gaude bertan; berrogei inguru, gaur egun. Esaterako, migrazio arlokoak, sindikatuak, elkarteak, euskalgintzakoak eta feministak. Gipuzkoan bizi den pertsona orok eskubide batzuk dituela aldarrikatzen dugu berrogei eragileok, eta denak direla gure herriaren parte. Osasun arloan hasi ginen lanean, baina ikusi genuen hori puntu bat zela, gauza gehiago zegoela: hor dago euskara; paperik gabeko pertsonek ezin dute Hizkuntza Eskola Ofizialean ikasi. Emakumeen egoera ere hor dago, lan arlokoa ere bai… Apurtu beharreko osotasun bat dago.

Zein da osotasun hori?

L.G.: Pertsonen kategorizazioa apurtu nahi dugu, hemengoen eta kanpokoen arteko kategorizazioa. Migrazio lege batzuek ezartzen duten zerbait da hori, eta, gainera, guk ez dugu erabakitzen horren inguruan, Madrilen eta Parisen baizik. Uste dugu ezjakintasun handia dagoela biztanleon inguruan: nor garen, zein ezaugarri ditugun eta abar. Beharrezkoa ikusten dugu zubiak eraikitzea eta gauzak partekatzea. Aniztasunaldia horregatik sortu dugu.

Zein helburu dituzte gaurko eta biharko jardunaldiek?

Katia Reimberg: Egiten ari garen lan guztia jendaurrean azaldu nahi dugu. Nahi handiko proiektua da, badakigu, baina uste dugu pixkanaka landu egin behar dugula, denok senti gaitezen herritar eta parte hartzaile, eta denoi eragiten diguten gizarte politiketan parte hartzeko eskubide berak izan ditzagun. Guretzat, jardunaldi hauek egiten ari garen lanaren aitorpen bat ere badira. Ez gaude itxita, bakartuta; ateak irekita daude hitz egiteko, eta gerturatu egin nahi dugu beste esperientzietara, eta jende gehiago erakarri: "Begira, zuk egiten duzun gutxi horrek balio digu", esan nahi dugu. Hori guztia festa giroan egin nahi dugu. Gauza serioez ari gara, baina egin daiteke modu ludiko batean ere.

L.G.: Gure hausnarketa edo pentsamendua gizartera zabaltzeko beharra ikusi dugu, partekatzekoa, eta herritarren eta udalen inplikazioa eragin nahi ditugu. Gaia landu nahi dugu. Jardunaldiak Euskal Herritik Euskal Herrirako egiteko beharra ikusi dugu, geure herrian ezjakintasun handia dagoelako ditugun hainbat egoeraren inguruan.

Udalak aipatu dituzue. Jardunaldietan zein herritakoek parte hartuko dute?

L.G.: Ez daukagu udalen zerrenda bat, baina Bulebarrean izango dira horietako batzuk. Guretzat, garrantzitsua da haiekin harremana izatea. Osasunaren esparruan eskubide urraketen salaketak jasotzeko telefonoa martxan jarri genuenean, esaterako, hainbat udaletako Immigrazio teknikariak deika izan genituen, kezkatuta, salaketa jakinen berri ematen. Hortaz, lanketa hau egiteko pertsona garrantzitsuak zirela ikusi genuen, egoera aztertzeko ez ezik, konponbidea eta alternatibak aurkitzen saiatzeko ere bai.

Zuen dinamikaren barruan, bi arlo dituzue: eskubideen ingurukoa da bat, eta elkarbizitzaren eta aniztasunaren ingurukoa bestea.

L.G.: Hala da. Eskubideei dagokienez, uste dugu alternatibak egon daitezkeela eta landu egin behar dela arlo hori. Erantzuna herritik gora, politikara joango dela pentsatzen dugu, eta guk bultzatu edo sortu behar ditugu alternatiba horiek. Gaur egun eskumenak dituzten instituzioek ez dituzte garatu ahal bezainbeste. Bestetik, aniztasunaren arloa dago. Guretzat, baikorra eta onuragarria da aniztasuna, baina herri honek jakin egin behar du aniztasun hori kudeatzen. Gure ustez, elkarbizitza da gakoa hor.

Jardunaldien lehen egunean, gaur, aniztasunaren inguruko bideo bat emango duzue, esaterako.

L.G.: Hala da. Juanma Berasategik aniztasunaren inguruko lan bat egin du: hainbat herritarrekin egon da, bertakoekin, etorritakoekin, sindikatuetakoekin… Oso zabala da, eta aniztasuna batzeko elementu gisa landuko dugu. World Cafe bat antolatu dugu, eta irekia izango da; beraz, tartetxo bat duen oro gonbidatu nahiko genuke parte hartzera. Horretaz gain, errolda agiriaz eta halakoez ariko gara. Bestetik, hizkuntza aniztasunaz ere hitz egingo da jardunaldietan, bateratzen duen hizkuntzatzat euskara hartuta. Hor ere ezjakintasun handia dago. Kanpotik datorrenak ez du hemengo errealitatearen berri, besteak beste, estaturik gabeko nazio bat garelako. Eta uste dugu gure eta haien eskubidea dela gure identitatearen eta euskararen berri ematea hona datozenei.

K.R.: Oinarrizko eskubidea urratzen dizute, Hizkuntza Eskola Ofizialean sarrera ukatzen dizutenean paperik ez duzulako. Ezin euskara edo gaztelania ikasi, eta, orduan, zeure buruari galdetzen diozu ea zein herritar mota zaren, zer eskubide dituzun, bertako hizkuntza eta kultura apur bat ikasterik ez baduzu. Nik herritarra izan nahi dut, baina hemengoa errespetatzen duen herritar bat. Gu ez gatoz ahal dugun dena aprobetxatzeko eta gero alde egiteko; guk lagundu egin behar dugu, parte hartu eta elkarbizitza eraiki.

L.G.: Lan asko dugu egiteko, adosteko nola biziko garen elkarrekin, hizkuntza eta kultura desberdinekin. Bestetik, euskaldun gisa beharrezkoa da haiek gu onartzea eta guri aitortzea gure euskalduntasuna, gure identitatea, ez dugulako aitortua.

Jardunaldien ondoren, zein izango da hurrengo pausoa; nola dator 2014. urtea?

K.R.: Ilusio handiz eta lanerako gogo handiz hasiko dugu 2014. urtea. Egitasmo honekin benetan lan indartsu-indartsua egiteko esperantzarekin.

L.G.: Bat nator Katiarekin, eta uste dut irekitzen ari den bidea interesgarria eta beharrezkoa dela, eta ondorioak utziko dituela. Eta hau guztia praktikara nola eraman pentsatu eta erabaki beharko da, dinamika zehatzak egiteko.

K.R.: Eta espero dugu aldundiko Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzak jarraitzea tresna honen alde egiten, apustua egiten gu bat sortzeko politiken alde.