Ruanda, argazkitan jasota

Mundua argazki txikiz osatutako irudi erraldoia da. Bakoitzak aurrean duenari ateratzen dio argazkia, eta horrela nork bere errealitatearen albuma egiten du, ikusten duen mundu zati ñimiñoarekin. Jokin Izagirrek eta Txomin Barandiaranek euren albuma aberastu nahi zuten, ezagutzen zuten errealitatetik aldendu, eta bestelako argazkiak atera; asmo horrekin abiatu ziren 1995ean Ruandara. 1998an berriro joan ziren, eta itzultzean, eurek ateratako argazki hori lazkaotarrei erakustea erabaki zuten. Orduz geroztik, Ruanda lazkaotarrengandik hurbilago dago; aurten ere, hainbat ekintza antolatu dituzte herrialdearen alde.

Halaxe jaio zen Izagirreren eta Barandiaranen eskutik Rwanda Elkartea; mundua ezagutzeko irrikak eta laguntzeko gogoak bultzatu zituen biak genozidioa pasatu berri zuen herrialde afrikar hartara joatera. Lehen bidaia haietan, lazkaotar bat izan zuten lagun: Leonardo Esnaola misiolaria. "Ez genuen ezagutzen, baina harremanetan jarri ginen, eta oso ondo hartu gintuen", dio Izagirrek. Bidaiak hiru astekoak izan ziren, eta, bi goierritarrak lanean aritu baziren ere, "egun gutxi izan ziren", eta egindakoa ez zela nahikoa sentitu zuten. Han bizi izandakoak hausnarketa eragin zien bi lagunei. "Geure buruari galdetu genion zer egin genezakeen gehiago laguntzeko", eta galdera horren erantzuna da, hain zuzen ere, Rwanda Elkartea.

Elkarteak hezkuntzaren inguruko proiektuetan egiten du lan, batik bat. Esaterako, Ume txokoa deitzen dioten proiektu bat dute abian 2000. urtetik. "Zenbait arazo direla medio, Ruandako gaztetxo asko ezin dira joan eskola ofizialera"; horregatik, elkarteak proiektu horren bidez, gaztetxo horiek alfabetatzen dihardu. "Goizez zenbait ordu ematen dituzte eskolan. Gainera, bazkaria ere ematen zaie; alde batetik, eskolara joatera animatzeko, eta, bestetik, ondo elikatuta egoteko", azaldu du Izagirrek. Horrez gain, eskola ofizialerako ere hainbat proiektu garatu ditu azken urteetan Lazkaoko elkarteak Gihara herrian.

Proiektu horiek gauzatzeko, ezinbestekoa da Ruandako jendearekin harremana izatea. Hango informazioaren berri izan behar dute, zein behar dauden ikusi, eta horien arabera proiektu bat prestatu eta aurkeztu behar da. Behin hori eginda, dirua biltzen hasten dira, eta asko dira horretan laguntzen dutenak. "Alde batetik, San Benito ikastolak antolatutako ekintzetatik biltzen da dirua. Bestetik, Lazkaoko eta Olaberriko udalek diru laguntzak ematen dizkigute hainbat proiektutarako, eta, gainera, bada hilabetero dirua ematen duenik ere", azaldu du Izagirrek.

Elkartasun ekitaldi ugari

Bistan da elkarteak Ruandako errealitatera hurbildu dituela lazkaotarrak. Alabaina, izenak bestelakorik pentsarazi balezake ere, elkarteak munduko beste zenbait errealitate ere gogoan ditu. Urtero, munduko auzi bati buruzko erakusketa antolatzen dute. "Besteak beste, Fiare proiektuaren eta Brasilgo lur gabeen mugimenduaren berri eman dugu urte hauetan". Erakusketa horrekin hausnarketa eragin nahi izaten dute: "Pentsa dezala jendeak zer dagoen arazo horien atzean eta zer konponbide izan dezaketen".

Aurtengo Gabonetarako ere antolatu dute argazki erakusketa; gaurtik hilaren 20ra arte ikusi ahalko da kultur etxean. "Malaire izeneko erakusketa izango da. Medicus Mundik osasunaren eta malariaren inguruko kanpaina bat egin zuen Txelu Angoitiak ateratako argazki bilduma hau baliatuz, eta erakusketarako utzi digute". Bestalde, han bertan, bidezko merkataritza bultzatzeko, Beasaingo Herriak Elkarlanean erakundeak utzitako produktuak izango dituzte salgai. "Bidezko merkataritza hemen bultza dezakegun zerbait da, eta, beraz, horri ere garrantzia eman nahi diogu".

Erakusketa ez da ekitaldi bakarra izango; San Benito ikastolakoek elkartasun jaialdia eta jostailu salmenta antolatu dituzte. Jaialdiak musika eta antzerkia izango ditu ardatz, eta Arerian izango da, gaur, 18:00etan. Jostailu salmenta, berriz, gaurtik igandera egingo dute, plazan, eta bigarren eskuko jostailuak nahiz liburuak salduko dituzte. Azkenik, ekitaldiekin bukatzeko, asteazkenean, abenduaren 18an, 21:30ean, Hotel Rwanda filma ikusteko aukera izango da Arerian.

Ruandara bidaia

Izagirrek dioenez, Rwanda Elkartea "oso proiektu txikia da, eta gertuko erakunde eta jendeari esker irauten du, ezagutzen dutenek ematen dioten babesari esker". Eta, nola ez, elkarteko kideen ahaleginagatik. Elkarteari laguntzeko, erakusketak dirauen bitartean hara joateko dio Izagirrek. Badira "erakusketa ikusi eta laguntzeko borondatea" izan dutenak. Bestalde, ekitaldiak boluntarioen lanari esker egiten direnez, "norbait laguntzeko prest balego, erakusketan txandak egiteko, kasu", gustura hartuko lukete. Edonola ere, batez ere, ekitaldietan parte hartzera animatu nahi du jendea.

Izagirre apal mintzo da euren lanaz: "Azkenean, ahal duguna egiten dugu, baina ez dakigu zenbateraino balio duen; gure aletxoa jartzen dugu, baina ez da asko". Gainera, ez da erraza horrelako proiektu bateko kide izatea: "Egunero mila gauza daude egiteko, eta zaila da guztiak egitea". Nolanahi ere, azkenean, "denbora zertan eman erabakitzean dago gakoa", eta zailtasunak zailtasun, oraingoz behintzat, jarraitzeko asmoa dute. "Kezkak baditugu, eta batzuetan nekea nabari ohi dugu, baina atzera begiratzen dugunean, konturatzen gara zenbat gauza lortu ditugun".

Datorren urtean, aurreko urteetan beste zenbait kidek egin duen moduan, Izagirre Ruandara joatekoa da; hamabost urte pasatu dira azkenekoz joan zenetik, eta badu gogoa egindako lana ikusteko. Ruandakoa, zinez, ez da oraindik ere album ederregia; bada zer hobetua. Alabaina, Izagirreri eta elkarteko gainontzeko kideei esker, egun duela hamabost urte baino argazki itxaropentsu gehiago dago bertan.

Garraio publikoaren erabilera handitu nahi dute eskola kirolean, Oiartzualdean

Autobusek autoak ordezkatuko balituzte; oinak motorrengatik aldatu; bakarka doazenak batu. Horiek guztiak errealitate balira, helburuen poltsa beteta lukete Oiartzualdeko lau udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, elkarlanean abiatu berri duten egitasmoarekin. Asteburuetan eskola kiroleko jardueretan parte hartzen duten gaztetxoen artean garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dute, eta, horretarako, probako proiektu bat jarri dute martxan Oiartzun, Pasaia, Errenteria eta Lezon.

Udalek iaz egindako diagnosi batetik abiatu zen proiektua. Azterketa horren bitartez, jakin nahi zuten eskola kirolaren barruan zer-nolako mugikortasun ohiturak zeuden asteburuetan jarduera horietara joateko, eta ohartu ziren bat eta bakarra zela nagusi: autoa. "Gehienetan, gainera, auto batean ume bakar bat zihoan", Unai Erroitzenea diputazioko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendariak azaldu duenez. Hori ikusita, bizikletaren erabileraren aldeko egitasmoak bultzatu zituzten batetik; eta, bestetik, garraio publikoa txertatzea beharrezkotzat jo zuten, "ikuspegi integralago bat emateko asmoz". Lau udalen egitasmoa aprobetxatu eta amu horri helduta, aldundiak ere bat egin zuen.

Oraingoz, eskualdeko hamabi ikastetxek eman dute izena; 73 kirol taldek, guztira. Talde horien artean, 146 txartel anonimo banatuko dituzte, bi talde bakoitzeko —txartel bakoitzarekin bederatzi lagunek egin dezakete joan-etorria Lurraldebuseko zerbitzuetan—. "Kontuan izan behar da Oarsoaldeko ikastetxeetan 1.400 ikasle daudela eta %50 inguru eskola kiroleko jardueretan aritzen direla. Pentsa asteburuetan zer-nolako mugimenduak egon daitezkeen".

Lehenengo proba azaroaren 30ean egin zuten; hurrengoa, berriz, bihar izango da. Lehenengo esperientzia horretan 58 taldek parte hartu zuten, 116 txartel banatu ziren, eta, haurrekin batera, gurasoak ere batu ziren programara. Urtarriletik aurrera, berriz, beste hamabost talde izango dituzte, txartelen eskaera egina baitute. Hori horrela, aurrerantzean espero dute "gauzak ondo joatea, talde gehiago atxikitzea eta ohitura hori sortzen joatea haurren artean".

Aldundiak 12.000 euroko inbertsioa egingo du proba horretan, eta, ateratzen dituzten ondorioen arabera, Gipuzkoako beste eskualdeetara zabaltzeko aukera aztertuko dute. Erroitzenearen arabera, "praktika onak" bultzatzeko bidean garrantzitsua da horiek kolektiboki sustatzea, haurren artean, kasurako. Garraio publikoarekin batera, bizikletaren erabilera bultzatzeko pausoak ere eman dituzte iaztik. Eta ugaritzea lortu dute, Jokin Sukuntza Oiartzungo Udaleko Kiroletako teknikariak jakinarazi duenez. "Eskola kirolera joateko, lehen garraio naturala bizikleta izan beharko litzateke haurrentzat".

Beste hainbat proiektu

Gisa horretako lehen proiektua izan arren, antzerako esperientziak badaude martxan Gipuzkoan. Asier Sarriegi diputazioko Kirol zuzendariak ohartarazi du Oiartzualdeko proiektua abiatuta ere ez dutela gainerakoak bertan behera uzteko asmorik, "ondo funtzionatzen baitute". Adibide gisa aipatu du Deba Behean larunbatetan eskola kirolerako autobus bat dutela —Elgoibar, Mutriku, Deba eta Mendaron—, baita Goierri garaian dutena ere —Zumarraga, Urretxu eta Legazpin—. Horrez gain, Kirola Busean programa ere martxan izan dute. Horretan, hainbat taldek autobusa elkarbanatu dute, eta, bide batez, "autobusen prezioak jaisteko" balio izan du. "Leku batera joan eta gero autobusa han geldirik egon beharrean, autobus hori talde batek baino gehiagok erabil dezake".

@sarean

Langileek zein herritarrek telefonoz edo posta elektronikoz eman diezaiokete lan arloko segurtasun baldintzen urraketen berri aldundiak eta sindikatuek osatutako Ebaluaziorako Batzorde Teknikoari:

943-11 33 55.

lanbaldintzak@gipuzkoa.net.

17

Bidegik aurreztuko duena, milioi eurotan. Aldundiak eta Bidelanek akordioa sinatu dute: Bidegik 17 milioitik gora aurreztuko ditu 2018ra arte, eta Bidelanek zerbitzu bera eskaini eta lanpostuak mantendu beharko ditu.

Baserritarren topagune

Topaketak

Pasaia

Iritsi da Basherri topaketen bosgarren aldia. Aurreko urteetan bezala, aurten ere askotariko ekintzak antolatu ditu Gipuzkoako baserritar eta herritarren topaguneak. Bihar izango dira saioak, 09:00etatik aurrera, Pasaia-Lezo lizeoan.

Ongietorriaren ondoren, azken urteko ibilbidearen errepasoarekin hasiko dute eguna. 10:00etarako, hitzaldia prestatu dute Interamap sareaz, baserriko antolaketaz eta diru kontuez. Hamaiketakoaren ostean, baserritarren bizi baldintzen gainean mintzatuko dira —egoera ekonomikoaz, lan baldintzez...—. Egungo egoeraren argazki bat egiteko asmoz, talde dinamika eta gonbidatu berezien laguntza izango dute. Eguerdirako, berriz, tailer bat antolatu dute, Nola lortu basherrien iraunkortasuna? izenburupean.

"Urte bereziki gogorra"

Topaketak amaitzeko, bazkaria egingo dute 14:00etan, bertsoz eta musikaz lagunduta. 17:00etan emango dute bukatutzat jardunaldia. Hitzaldi eta tailerrarekin batera, Basherri Sareko fanzinearen lehen zenbakia eta egiten ari diren lana aurkezteko ere baliatuko dituzte topaketak. Egun osoan izango diren jardueren bitartez, "egoera hobetzeko proposamenak" atera nahi dituzte.

Antolatzaileek nabarmendu dute aurtengoa "urte bereziki gogorra" izan dela, eguraldiak eta taldekide kopuruen gorabeherek baserritar eta talde batzuk "kolokan" jarri baititu.

Azaldu dutenez, topaketak Pasaia-Lezon egiteko arrazoia hau da: "Apaiziartzako proiektuei egiten ari diren mehatxu eta probokazioen aurrean Basherri Sarearen babesa eskaintzea".

Basherri direlakoetan sartzen dira Gipuzkoan barazki eta bestelako elikagaien auto-hornikuntzarako sortutako talde eta kooperatibak. Haien topagune gisa sortu dute Basherri bloga (basherri.wordpress.com).

Ia bi hilabete dira salaketa bideak martxan daudela

Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak LABeko Mikel del Valle, CCOOko Txema Herrero eta UGTko Angel Ramos ordezkariekin aurkeztu zituen urriaren 16an langileek laneko eta segurtasun arloko baldintzen urraketak salatzeko te...

HAMAR MUSIKA TALDEREN ‘BATAILAK’

Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak antolatu ohi dituen saio berezietako bat izango da asteburuan. Bihar, Zaratazarautz Bataila jaialdiak hartuko du gaztetxea 21:00etatik aurrera, eta, horretan, hainbat talde elkarren artean lehiatuko dira. Guztira hamar ta...

“Niretzat, tatuajea artea egiteko beste modu bat da”

Betidanik gustatu izan zaio marrazketaren mundua Felix Plano Ezeiza tatuatzaileari (Donostia, 1966). Jaioterrian bertan egin zituen oinarrizko ikasketak. Artea eta Dekorazioa ikasi zuen, eta, gero, marrazketa eskolak hartu zituen, lanean ziharduen bitartean. Dagoeneko 22 urte pasatu dira tatuatzaile ofizioan hasi zenetik, eta, gaur egun, Donostiako Egia auzoko Ametzagaina kalean dauka estudioa.

"Tatuajeen mundua gai artistikoa da, nik arte moduan sailkatzen dut; niretzat, tatuajea artea egiteko beste modu bat da, artea azalaren gainean egiteko modua, alegia, nahiz eta gero bakoitzak nahi duen bezala har dezakeen", azaldu du Planok.

Aerografia gogoko zuenez, Hernaniko motozikleta tailer batean hasi zen lanean; aerografoz margotzen zituen han motorrak. Aerografo lanetan aritzetik tatuajeak egitera igaro zen, 1992an: "Horretarako, Parisera joan nintzen lau lagunekin, eta han tatuajeak egiteko makina eta materialak erosi nituen", azaldu du tatuatzaileak. Horrelaxe, bere kabuz ikasiz hasi zen ofizioan, eta horretan dihardu oraindik.

Donostiarrak egindako lehen tatuajea bere lagun Kikeri egin zion. Oraindik ere barrezka gogoratzen du lagunari egindako tatuajea: "Alberjinia kolorekoa utzi nion besoa; morea geratu zitzaion, bai kanpotik eta baita barrutik ere", azaldu du. Orduan ez zegoen ez tatuajeak egiteko ikastarorik, ez antzekorik. Baina, gaur egun, modu profesionalean egiten du lan; tatuajeak egiteko beharrezkoak diren titulu eta lizentziak dauzka ofizioan aritzeko. Horrez gain, osasun baldintzak betetzen dituen kabina esterilizatua ere badauka tatuajeak egiten dituen estudioan. Gipuzkoako Tatuatzaileen eta Piercing Elkartean ere sartuta dago —guztira hemezortzi estudio daude elkarte horretan sartuta—.

Tatuatzaile bakoitzak, artista bakoitzak bezala, artea egiteko estilo eta gustu desberdinak izan ohi ditu: "Neuri, gris eta beltz koloreekin lantzea gustatzen zait, baina koloretan egin behar bada, kolorea erabiltzen dut". Mota guztietako marrazkiak egitea gustatzen zaiola aipatu du tatuatzaileak: "Denetarik egitea gustatzen zait, ez zait monotonia gustatzen nire lanean". Gorputzean dauzkan tatuaje guztiak berak diseinatutakoak direla azaldu du Planok.

Aholkuak eta eskaera bitxiak

Tatuajea egitera doazen hainbat bezerok aholkua eskatzen diote. Planok azaldu duenez, berak aholkuak ematen ditu, baina, hala ere, jendeak nahi duenaren estilora hurbiltzen ahalegintzen da: "Aholkularitza lanak egiteaz gain, bezeroak nire diseinuekin pozik gera daitezen ahalegintzen naiz; haien gustuen arabera egiten dut betiere".

Gustu guztietarako koloreak dauden moduan, tatuajeak ere gustu guztietarako daude. Bezero bakoitza modu batekoa da, eta bakoitzak bere gogoko gauzak eskatzen ditu.

Hainbatetan gauza bitxiak eskatu izan dizkiotela azaldu du tatuatzaileak. Adibidez, hozkailu amerikar bat tatuatu zion behin bati, eta hozkailu barrutik hainbat gauza ateratzen ziren tatuaje hartan: kalabazin berde bat, zero azpitik markatzen zuen termometro bat, zorri bat, bizikleta kaskoa zeraman dortoka bat eta abar.

Horretaz gain, beste hainbat bitxikeria ere eskatu dizkiote donostiarrari: famatuen aurpegiak, Epi eta Blas, "tamaina errealeko deabru isatsa" eta lepoan hasi eta ipurdirainoko marra beltz bat, beste zenbaiten artean. "Aukera askotarikoa daukagu; azken finean, bakoitzak bere harrikada dauka buruan, eta gustu desberdinak dauzkagu guztiok", azaldu du tatuatzaileak.

Normalean, gazteak joaten dira tatuajeak egitera. Nolanahi ere, adingabeen kasuan, beharrezkoa da gurasoa edo tutore bat seme-alabekin batera joatea tatuaje estudiora.

Ofizio guztietan bezala, tatuatzaileak ere batzuetan gustura egiten ditu bere lanak; ez, ordea, beste hainbatetan. Bezeroa gustura uztea izaten du helburu, eta, Planok azaldu duenez, lana ongi betetzea da tatuatzaile guztien eginbeharra: "Batzuetan, jendeak izugarrizko astakeriak egin nahi izaten ditu, eta nik aholkuak ematen dizkiet bezeroei, eta egiten dutena bizi guztirako dela azpimarratu".

Tatuajea egiteari uko

Tatuaje bat egiteari noizbait uko egin izanaren gainean, hau azaldu du Planok: "Egun batean, emakume bat etorri zen kopetan koroa bat tatuatu nahi zuela esanez. Erabat aztoratuta sartu zitzaidan atetik, esanez goiz hartan senarrarekin epaiketa bat eduki zuela eta umearen zaintza aitari eman ziotela. Bere onetik aterata esan zidan bera zela bere alabaren erregina, alaba bere printzesa zela, eta horregatik nahi zuela koroa tatuatu kopetan. Ni ez naiz isilik geratzen diren horietakoa; laguntza behar zuela esan nion, eta ez niola koroaren tatuajerik egingo".

Tatuajea egiten dutenen helburua diseinuarekin asmatzea da, Planoren arabera: "Azken finean, egindako tatuajea polita eta kalitatezkoa izatea da garrantzitsuena". Gaineratu duenez, gaur egun, hainbat tatuatzaile euren etxebizitzetan hasi dira lan egiten: "Horietako askok marrazketa ikasi dute, eta tatuajeak egiten hasi dira, baina teknika guztiz ezberdina da, tatuajeak egiteko makinak nola erabiltzen diren jakin behar baita", azaldu du. Hori horrela, tatuatzaileak adierazi du tatuajea egitera doanak ongi jakin behar duela nora joaten den: "Jendeak leku profesionaletara joan beharko luke; artea deitzen den ofizio honetan, seriotasun pixka batez lan egiten duten lekuetara".