Arrasate
Akordeoien akordeek hartuko dute asteburu osoan Arrasate, hiru jaialdiz gozatzeko aukera izango baita: Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa, Gipuzkoako Lehiaketa eta Gipuzkoako Jaialdia antolatu dituzte gaurtik igandera bitarte.
Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketak 21. aldia du. Ohi bezala, nazioarteko hainbat soinu jotzailek parte hartuko dute; aurten, 11 herrialdetatik etorriko dira: Kroazia, Frantzia, Serbia, Polonia, Hungaria, Alemania, Katalunia, Portugal, Kazakhstan, Eslovakia eta Txinatik. Derrigorrezko obra Georg Katzerren Toccata izango da guztientzat.
Lehiaketa horren barruan, gaur izango dira kanporaketa faseko saioak, 09:00etan eta 15:00etan, Amaia antzokian. Azken fasekoak, berriz, igandean, 10:00etan eta 15:30ean, toki berean.
Gipuzkoa mailako saioak
Arrasate Hiria txapelketan bezala, Gipuzkoako Lehiaketan ere gaur jokatuko dute kanporaketa fasea senior mailakoek, 18:00etan, Amaia antzokian. Azken fasea igandean izango da, 08:30ean. Maila horretan ariko diren akordeoi jotzaileek Zuriñe F. Gerenabarrenaren Arnasa jo beharko dute derrigorrez.
Junior eta haur mailetako kontzertu guztiak ere igandean izango dira, kultur etxean eta Arizmendi ikastolan. Junior mailan Andrzej Krzanowski musikagilearen pieza bat eskainiko dute guztiek; haurren kategorian, Hauta-Ahoren Takaa-ajo + voitto! obra.
Horrekin batera, Gipuzkoako Jaialdia ere izango dute asteburuan Arrasaten. Jaialdi hori musika eskoletako mailaren adierazgarritzat jotzen dute; lehiatzeko baino gehiago, haurrei "lehenengo pausoak" emateko aukera eskaini nahi diete. Emanaldi guztiak bihar izango dira, 09:30etik aurrera.
Musikak askotariko guneak hartuko ditu: Amaia antzokia, kultur etxea eta Arizmendi ikastola. Jaialdia sari banaketarekin amaituko da, bihar, 20:00etan, Amaia antzokian.