Garraio publikoaren erabilera handitu nahi dute eskola kirolean, Oiartzualdean

Autobusek autoak ordezkatuko balituzte; oinak motorrengatik aldatu; bakarka doazenak batu. Horiek guztiak errealitate balira, helburuen poltsa beteta lukete Oiartzualdeko lau udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, elkarlanean abiatu berri duten egitasmoarekin. Asteburuetan eskola kiroleko jardueretan parte hartzen duten gaztetxoen artean garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dute, eta, horretarako, probako proiektu bat jarri dute martxan Oiartzun, Pasaia, Errenteria eta Lezon.

Udalek iaz egindako diagnosi batetik abiatu zen proiektua. Azterketa horren bitartez, jakin nahi zuten eskola kirolaren barruan zer-nolako mugikortasun ohiturak zeuden asteburuetan jarduera horietara joateko, eta ohartu ziren bat eta bakarra zela nagusi: autoa. "Gehienetan, gainera, auto batean ume bakar bat zihoan", Unai Erroitzenea diputazioko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendariak azaldu duenez. Hori ikusita, bizikletaren erabileraren aldeko egitasmoak bultzatu zituzten batetik; eta, bestetik, garraio publikoa txertatzea beharrezkotzat jo zuten, "ikuspegi integralago bat emateko asmoz". Lau udalen egitasmoa aprobetxatu eta amu horri helduta, aldundiak ere bat egin zuen.

Oraingoz, eskualdeko hamabi ikastetxek eman dute izena; 73 kirol taldek, guztira. Talde horien artean, 146 txartel anonimo banatuko dituzte, bi talde bakoitzeko —txartel bakoitzarekin bederatzi lagunek egin dezakete joan-etorria Lurraldebuseko zerbitzuetan—. "Kontuan izan behar da Oarsoaldeko ikastetxeetan 1.400 ikasle daudela eta %50 inguru eskola kiroleko jardueretan aritzen direla. Pentsa asteburuetan zer-nolako mugimenduak egon daitezkeen".

Lehenengo proba azaroaren 30ean egin zuten; hurrengoa, berriz, bihar izango da. Lehenengo esperientzia horretan 58 taldek parte hartu zuten, 116 txartel banatu ziren, eta, haurrekin batera, gurasoak ere batu ziren programara. Urtarriletik aurrera, berriz, beste hamabost talde izango dituzte, txartelen eskaera egina baitute. Hori horrela, aurrerantzean espero dute "gauzak ondo joatea, talde gehiago atxikitzea eta ohitura hori sortzen joatea haurren artean".

Aldundiak 12.000 euroko inbertsioa egingo du proba horretan, eta, ateratzen dituzten ondorioen arabera, Gipuzkoako beste eskualdeetara zabaltzeko aukera aztertuko dute. Erroitzenearen arabera, "praktika onak" bultzatzeko bidean garrantzitsua da horiek kolektiboki sustatzea, haurren artean, kasurako. Garraio publikoarekin batera, bizikletaren erabilera bultzatzeko pausoak ere eman dituzte iaztik. Eta ugaritzea lortu dute, Jokin Sukuntza Oiartzungo Udaleko Kiroletako teknikariak jakinarazi duenez. "Eskola kirolera joateko, lehen garraio naturala bizikleta izan beharko litzateke haurrentzat".

Beste hainbat proiektu

Gisa horretako lehen proiektua izan arren, antzerako esperientziak badaude martxan Gipuzkoan. Asier Sarriegi diputazioko Kirol zuzendariak ohartarazi du Oiartzualdeko proiektua abiatuta ere ez dutela gainerakoak bertan behera uzteko asmorik, "ondo funtzionatzen baitute". Adibide gisa aipatu du Deba Behean larunbatetan eskola kirolerako autobus bat dutela —Elgoibar, Mutriku, Deba eta Mendaron—, baita Goierri garaian dutena ere —Zumarraga, Urretxu eta Legazpin—. Horrez gain, Kirola Busean programa ere martxan izan dute. Horretan, hainbat taldek autobusa elkarbanatu dute, eta, bide batez, "autobusen prezioak jaisteko" balio izan du. "Leku batera joan eta gero autobusa han geldirik egon beharrean, autobus hori talde batek baino gehiagok erabil dezake".

@sarean

Langileek zein herritarrek telefonoz edo posta elektronikoz eman diezaiokete lan arloko segurtasun baldintzen urraketen berri aldundiak eta sindikatuek osatutako Ebaluaziorako Batzorde Teknikoari:

943-11 33 55.

lanbaldintzak@gipuzkoa.net.

17

Bidegik aurreztuko duena, milioi eurotan. Aldundiak eta Bidelanek akordioa sinatu dute: Bidegik 17 milioitik gora aurreztuko ditu 2018ra arte, eta Bidelanek zerbitzu bera eskaini eta lanpostuak mantendu beharko ditu.

Baserritarren topagune

Topaketak

Pasaia

Iritsi da Basherri topaketen bosgarren aldia. Aurreko urteetan bezala, aurten ere askotariko ekintzak antolatu ditu Gipuzkoako baserritar eta herritarren topaguneak. Bihar izango dira saioak, 09:00etatik aurrera, Pasaia-Lezo lizeoan.

Ongietorriaren ondoren, azken urteko ibilbidearen errepasoarekin hasiko dute eguna. 10:00etarako, hitzaldia prestatu dute Interamap sareaz, baserriko antolaketaz eta diru kontuez. Hamaiketakoaren ostean, baserritarren bizi baldintzen gainean mintzatuko dira —egoera ekonomikoaz, lan baldintzez...—. Egungo egoeraren argazki bat egiteko asmoz, talde dinamika eta gonbidatu berezien laguntza izango dute. Eguerdirako, berriz, tailer bat antolatu dute, Nola lortu basherrien iraunkortasuna? izenburupean.

"Urte bereziki gogorra"

Topaketak amaitzeko, bazkaria egingo dute 14:00etan, bertsoz eta musikaz lagunduta. 17:00etan emango dute bukatutzat jardunaldia. Hitzaldi eta tailerrarekin batera, Basherri Sareko fanzinearen lehen zenbakia eta egiten ari diren lana aurkezteko ere baliatuko dituzte topaketak. Egun osoan izango diren jardueren bitartez, "egoera hobetzeko proposamenak" atera nahi dituzte.

Antolatzaileek nabarmendu dute aurtengoa "urte bereziki gogorra" izan dela, eguraldiak eta taldekide kopuruen gorabeherek baserritar eta talde batzuk "kolokan" jarri baititu.

Azaldu dutenez, topaketak Pasaia-Lezon egiteko arrazoia hau da: "Apaiziartzako proiektuei egiten ari diren mehatxu eta probokazioen aurrean Basherri Sarearen babesa eskaintzea".

Basherri direlakoetan sartzen dira Gipuzkoan barazki eta bestelako elikagaien auto-hornikuntzarako sortutako talde eta kooperatibak. Haien topagune gisa sortu dute Basherri bloga (basherri.wordpress.com).

Ia bi hilabete dira salaketa bideak martxan daudela

Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak LABeko Mikel del Valle, CCOOko Txema Herrero eta UGTko Angel Ramos ordezkariekin aurkeztu zituen urriaren 16an langileek laneko eta segurtasun arloko baldintzen urraketak salatzeko te...

HAMAR MUSIKA TALDEREN ‘BATAILAK’

Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak antolatu ohi dituen saio berezietako bat izango da asteburuan. Bihar, Zaratazarautz Bataila jaialdiak hartuko du gaztetxea 21:00etatik aurrera, eta, horretan, hainbat talde elkarren artean lehiatuko dira. Guztira hamar ta...

“Niretzat, tatuajea artea egiteko beste modu bat da”

Betidanik gustatu izan zaio marrazketaren mundua Felix Plano Ezeiza tatuatzaileari (Donostia, 1966). Jaioterrian bertan egin zituen oinarrizko ikasketak. Artea eta Dekorazioa ikasi zuen, eta, gero, marrazketa eskolak hartu zituen, lanean ziharduen bitartean. Dagoeneko 22 urte pasatu dira tatuatzaile ofizioan hasi zenetik, eta, gaur egun, Donostiako Egia auzoko Ametzagaina kalean dauka estudioa.

"Tatuajeen mundua gai artistikoa da, nik arte moduan sailkatzen dut; niretzat, tatuajea artea egiteko beste modu bat da, artea azalaren gainean egiteko modua, alegia, nahiz eta gero bakoitzak nahi duen bezala har dezakeen", azaldu du Planok.

Aerografia gogoko zuenez, Hernaniko motozikleta tailer batean hasi zen lanean; aerografoz margotzen zituen han motorrak. Aerografo lanetan aritzetik tatuajeak egitera igaro zen, 1992an: "Horretarako, Parisera joan nintzen lau lagunekin, eta han tatuajeak egiteko makina eta materialak erosi nituen", azaldu du tatuatzaileak. Horrelaxe, bere kabuz ikasiz hasi zen ofizioan, eta horretan dihardu oraindik.

Donostiarrak egindako lehen tatuajea bere lagun Kikeri egin zion. Oraindik ere barrezka gogoratzen du lagunari egindako tatuajea: "Alberjinia kolorekoa utzi nion besoa; morea geratu zitzaion, bai kanpotik eta baita barrutik ere", azaldu du. Orduan ez zegoen ez tatuajeak egiteko ikastarorik, ez antzekorik. Baina, gaur egun, modu profesionalean egiten du lan; tatuajeak egiteko beharrezkoak diren titulu eta lizentziak dauzka ofizioan aritzeko. Horrez gain, osasun baldintzak betetzen dituen kabina esterilizatua ere badauka tatuajeak egiten dituen estudioan. Gipuzkoako Tatuatzaileen eta Piercing Elkartean ere sartuta dago —guztira hemezortzi estudio daude elkarte horretan sartuta—.

Tatuatzaile bakoitzak, artista bakoitzak bezala, artea egiteko estilo eta gustu desberdinak izan ohi ditu: "Neuri, gris eta beltz koloreekin lantzea gustatzen zait, baina koloretan egin behar bada, kolorea erabiltzen dut". Mota guztietako marrazkiak egitea gustatzen zaiola aipatu du tatuatzaileak: "Denetarik egitea gustatzen zait, ez zait monotonia gustatzen nire lanean". Gorputzean dauzkan tatuaje guztiak berak diseinatutakoak direla azaldu du Planok.

Aholkuak eta eskaera bitxiak

Tatuajea egitera doazen hainbat bezerok aholkua eskatzen diote. Planok azaldu duenez, berak aholkuak ematen ditu, baina, hala ere, jendeak nahi duenaren estilora hurbiltzen ahalegintzen da: "Aholkularitza lanak egiteaz gain, bezeroak nire diseinuekin pozik gera daitezen ahalegintzen naiz; haien gustuen arabera egiten dut betiere".

Gustu guztietarako koloreak dauden moduan, tatuajeak ere gustu guztietarako daude. Bezero bakoitza modu batekoa da, eta bakoitzak bere gogoko gauzak eskatzen ditu.

Hainbatetan gauza bitxiak eskatu izan dizkiotela azaldu du tatuatzaileak. Adibidez, hozkailu amerikar bat tatuatu zion behin bati, eta hozkailu barrutik hainbat gauza ateratzen ziren tatuaje hartan: kalabazin berde bat, zero azpitik markatzen zuen termometro bat, zorri bat, bizikleta kaskoa zeraman dortoka bat eta abar.

Horretaz gain, beste hainbat bitxikeria ere eskatu dizkiote donostiarrari: famatuen aurpegiak, Epi eta Blas, "tamaina errealeko deabru isatsa" eta lepoan hasi eta ipurdirainoko marra beltz bat, beste zenbaiten artean. "Aukera askotarikoa daukagu; azken finean, bakoitzak bere harrikada dauka buruan, eta gustu desberdinak dauzkagu guztiok", azaldu du tatuatzaileak.

Normalean, gazteak joaten dira tatuajeak egitera. Nolanahi ere, adingabeen kasuan, beharrezkoa da gurasoa edo tutore bat seme-alabekin batera joatea tatuaje estudiora.

Ofizio guztietan bezala, tatuatzaileak ere batzuetan gustura egiten ditu bere lanak; ez, ordea, beste hainbatetan. Bezeroa gustura uztea izaten du helburu, eta, Planok azaldu duenez, lana ongi betetzea da tatuatzaile guztien eginbeharra: "Batzuetan, jendeak izugarrizko astakeriak egin nahi izaten ditu, eta nik aholkuak ematen dizkiet bezeroei, eta egiten dutena bizi guztirako dela azpimarratu".

Tatuajea egiteari uko

Tatuaje bat egiteari noizbait uko egin izanaren gainean, hau azaldu du Planok: "Egun batean, emakume bat etorri zen kopetan koroa bat tatuatu nahi zuela esanez. Erabat aztoratuta sartu zitzaidan atetik, esanez goiz hartan senarrarekin epaiketa bat eduki zuela eta umearen zaintza aitari eman ziotela. Bere onetik aterata esan zidan bera zela bere alabaren erregina, alaba bere printzesa zela, eta horregatik nahi zuela koroa tatuatu kopetan. Ni ez naiz isilik geratzen diren horietakoa; laguntza behar zuela esan nion, eta ez niola koroaren tatuajerik egingo".

Tatuajea egiten dutenen helburua diseinuarekin asmatzea da, Planoren arabera: "Azken finean, egindako tatuajea polita eta kalitatezkoa izatea da garrantzitsuena". Gaineratu duenez, gaur egun, hainbat tatuatzaile euren etxebizitzetan hasi dira lan egiten: "Horietako askok marrazketa ikasi dute, eta tatuajeak egiten hasi dira, baina teknika guztiz ezberdina da, tatuajeak egiteko makinak nola erabiltzen diren jakin behar baita", azaldu du. Hori horrela, tatuatzaileak adierazi du tatuajea egitera doanak ongi jakin behar duela nora joaten den: "Jendeak leku profesionaletara joan beharko luke; artea deitzen den ofizio honetan, seriotasun pixka batez lan egiten duten lekuetara".

46664

Ostirala, eta abenduak 13. Zortzi egun dira —abenduaren 5etik— sarean, egunkarietan eta albistegietan "azal beltzeko" gizon handi bat dabilela hara eta hona. Irribarrea ia beti ahoan. Batzuetan, ukabila altxatuta ere bai. Beste batzuetan, umez inguratua. Edo musikariz, irribarrez dantzan. Hainbat iruditan —bideo zein argazki—, Hegoafrikako lehen presidente beltz izendatu zuten unean ageri da, bere herrialdea fideltasunez zerbitzatuko zuela zin egiteko unean. Irudi gehienak, hori bai, 71 urte baino gehiago zituenekoak dira. Mandela da. Nelson Mandela.

Lehen aldia izan omen zen pasa den astearte honetakoa, munduko agintarien agur ekitaldi ofizialean, Estatu Batuetako Obamak eta Kubako Castrok oholtza berean hitza hartu zutena. Zer eta pertsona bera omentzeko, pertsona beraren ibilbidearen aurrean txapela kentzeko, edo beharbada ez zutelako han egoteko aukera galdu nahi... Nolanahi ere, ez da marka makala hori lortzea. Eta, adierazgarria izan arren, anekdota txoro bat besterik ez da hori, gizon honek lortutako marken zerrendan.

27 urte. 27 pasatu omen zituen kartzelan. Eta 71 urterekin atera. Han egin omen zuen bere lorpenik handiena, barrura begirakoa; bere buruarekikoa. Bere barruan zuen gorrotoak eman omen zion lanik gehien, harekin ongi bizitzera iristeak. Hura baretzeak, ongi onartzera iristeak. Behin hori eginda, hortik aurrerakoa askoz errazagoa izan omen zen. Prest omen zegoen jada. Irakurri dut, bere kartzela aldi luzean, berdurak eta frutak partekatzen zituela kartzela kideekin. Baina ez preso ziren kartzela kideekin bakarrik: zaintzaileekin ere bai. Ño! Hori ja beste liga batean jokatzea da! Erraz esaten da hemendik... Nonbait, behin kanpora aterata egin nahi zuena egiten hasita zegoen kartzela barruan kideekin. Eta, horren aurretik, bere buruarekin ere bai. Lehenengo harekin.

Bere biografietako bat idatzi zuen kazetari ingeles batek esan omen du egun hauetan, Hegoafrikara bidaian bagoaz, ez zaigula batere erraza egingo Mandelari buruz gaizki hitz egiten duten azal zuriko pertsonak topatzea. Eta, egia esateko, telebistako irudietan bere herrialdeko jende bilkurak, dantzak, errezoak eta negarrak ikustean, gehienak azal beltzekoak dira, baina zuriak ere ageri dira, eta ez gutxi. Hori ja... Obama eta Castro oholtza berean hizketan jartzea baino dezente gehiago da...

Eta noren alde borrokatu zen, ba, hain pertsona handia izatera iristeko? Nor zuen gogoan? Nor zuen etsai bere borrokan? Ala ez zuen etsairik?

Bera hil berritan idatzi den titulu ugari horietako batek honela dio: "Arrazakeria garaitu zuen gizona" (El hombre que derrotó al racismo). "Garaitu"... Tira, beti egongo da norbait hitza hartuko duena esateko ez zuela "garaitu", gaur egun oraindik Hegoafrikan zuriek botere ekonomiko askoz handiagoa dutelako eta beltzen artean delinkuentzia eta miseria askoz handiagoa delako. Ba, delinkuentziak delinkuentzia, kasu honetan "garaitu" ederki jarrita dago nire iritzirako. Edo nahiago bada, "garaitzen hasi". Edo "garaitze bidean" aurreratu. Ze, oso desorekatua eta oso injustua den egoera batean gaudenean —azal beltzeko jendeak urte askotan eta leku askotan jasan duen horretan, adibidez— aldaketarako urrats handia da gaia "politikoki zuzenaren" mailara eramatea bakarrik. Lorpen handia! Izan ere, "gaia bera" ez baita normalean bere kasa maila horretara joaten. Eta, are gutxiago, "zuriei" lehen urratsa egitea bururatu zaielako.

Ezagutza areagotuz, kalitatea

Ikerketa lan bat egiten ari dira Euskal Herriko Unibertsitatea, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako Departamentua, hipotesitzat hartuta kalitate hobeko eta gastu gutxiagoko sagardoa ekoizteko balio duela tokiko sagarra ezagutzeak eta lehengaia hobeto kontrolatzeak. Juan Zuriarrain kimikako doktorearen arabera, "bazeuden hainbat arlotako ordezkariek martxan jarritako ikerketak", eta horiei "tiraka" ekin zioten esku artean dutenari. Hala, tokiko sagar mota bakarreko sagardoak ekoizten dituzte, sagar mota bakoitzak sagardoari zein ezaugarri eskaintzen dion jakin ahal izateko.

Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez, jende askok ikusten zuen beharrari erantzuten dio egitasmoak: "Sektoreko profesionalek, teknikariek eta enologoek ikusi zuten bazegoela beharra sagar motak banaka aztertu eta, etorkizunerako, nahasketa egokienak zein izan zitezkeen zehazteko. Unibertsitatearekin eta gurekin harremanetan jarri ziren. Izan ere, guk ere elkartetik behar hori bazegoela ikusten genuen; oinarrizko proiektu bat zela uste genuen, eta hala hasi ginen". Domingo Arina enologoak egindako proiektua da; hura hasi zen ikerketarekin. Urteak daramatza Arinak Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearentzat lanean, eta egitasmo askotan parte hartu du. Hark ekin zion sagardoa egiteko sagar motak aztertzeari, eta proiektu horren bidez zehaztu ziren sagardoa egiteko gehien erabiltzen diren hamalau sagar motak. Arinak berak aitortu duenez, proiektu hura "oso oinarrizkoa zen": "Nire proiektua gaur egunera egokitu eta sakondu egin behar da. Oraingo egitasmoak talde eta profesional hobeak ditu". Horrez gain, proiektua bera martxan jartzeko orduan, "doktore tesi bati bide emateko zerbait izan behar zuela" erabaki zuten, eta Zuriarrainen anaia Andoni ari da horretaz arduratzen. Kimikako lizentzia lortu zuen 2011ko uztailean, eta proiektuko ikertzailea izateko kontratatu zuten iazko maiatzean.

Ikerketaren helburua ez da Gipuzkoako sagardogileek sagar mota bakarreko sagardoa egitea; hori nahiko zaila da, EHUko Kimika Fakultateko irakasle Iñaki Berregiren hitzetan: "Jendeak beti egin du sagardoa sagar motak nahastuz. Ez da erraza 10.000 litroko kupel bat sagar mota bakarrarekin egindako sagardoz betetzea; hobe da guk egitea halako esperimentuak, eta ondo ateratzen badira, sagardogileek lan egiteko modu hori baliatzea. Helburua ez da sagar mota bakarreko sagardoak egitea, mota bakoitzaren ezaugarriak aztertzea baizik; sagar mota bakoitzak sagardoari zein elementu ekartzen dion jakitea, alegia". Horrez gain, sagardoaren ezaugarri zientifikoak ezagutzera emateko ere balioko du egitasmoak. "Sagardoak dituen substantzien artean, polifenolak eta indar antioxidatzailea nabarmendu behar dira. Asko hitz egiten da ardoaren indar antioxidatzaileaz, baina zenbait sagar motarekin egindako sagardoak, ardo zuriak eta gorriak edo laranja zukuak baino gaitasun antioxidatzaile handiagoa dute. Beraz, propaganda hori egiteko aukera ere eman dezake ikerketak", azaldu du Berregik.

Datu zientifikoak eta zaporea

Arina enologoaren arabera, gutxienez 300 tokiko sagar mota daude erabilgarri sagardoa egiteko. Ondorioz, abian den ikerketak urte askotarako iraupena izango du. "Ikerketa urtero amaitu, eta, aldi berean, etorkizunerako bide berriak zabaltzen dituen zerbait da", Agirreren ustez. Urtero aztertzen dituzte sei edo zazpi sagar mota, eta mota horiekin sagardoa egiten dute, dastatzera eraman eta zein garapen duen ikusteko. 2012-2013ko kanpainan, sei sagar motarekin —gezamina, goikoetxea, mokoa, txalaka, urtebi handia eta urtebi txikia— egindako sagardoak aztertu dituzte, hainbat fasetan laginak hartuz: sagar bilketan, muztioa egindako garaian, muztioa hartzitutakoan eta botilaratu aurreko fasean. Ondoren, dastatze fasea letorke; Fraisoro Landa eta Ingurumen Laborategiko kideei planteatu diete mota bakarreko sagardoa dastatzea, edo bi edo hiru motatakoak kontrolatuta nahastuz egindakoa. Zuriarrainen hitzetan, horrek "datu zientifikoak dastatze datuekin alderatzeko aukera" ematen du: "Ebaluazio orokorragoa lortzen dugu, eta, dastatze emaitzei esker, zein nahasketa diren onartuago jakin dezakegu, sektoreari irizpideak eskaini ahal izateko". Horrez gain, Donostiako Sagardo Egunean, aurten herritarrek aukera izan zuten sagar mota bakarrarekin egindako hiru sagardo klase dastatzeko, eta, Berregiren arabera, "denetariko iritziak" jaso zituzten.

"Sagardogile bakoitzak osatutako errezeta propioarekin, bere sagardo propioa ekoitz dezake", gaineratu du EHUko irakasleak. Agirrek, ordea, uste du sagardogileek badutela errezeta propioa: "Nahasketa bodegan egin ordez, sagastian bertan egiten dute, sagar mota asko landatuz. Orain arte, sagastiak nahasketa horren arabera egokituta zeuden, eta sagar bilketa ere ezin zen motaren arabera egin. Orain, ordea, sagar motak lerroka landatzen dituzte, eta jendea hasi da jada motaka biltzen. Orain, nahasketa askoz kontrolatuagoa da. Eta egiten ari garen ikerketari zentzua ematen dio horrek ere".

Sagardogileei ezagutza eskaintzea nahi dute, eta baita dibertsifikazioa lortzea ere. "Orain arte, sagardogileek egiten zituzten nahasketak sagar mota generikoekin egiten zituzten, ez sagar mota gozo edo garratz jakin batzuekin. Eta zer nahi dugun eta lanean zerekin ari garen jakinez gero, errazagoa da nahi dugun horretara iristea", azaldu du Zuriarrainek. Horrez gain, "sagar motak aztertzeko formula edo eredu bat ezartzea ere bada helburua", Agirreren hitzetan: "Orain arte, sagardoaz hitz egiten zen bakarra balego bezala, sagardogileaz edo kontsumitzaileaz hitz egiten zen modu berean, eta dibertsifikatzeak garrantzia duela ohartu gara".