Errezeta elektronikoa Gipuzkoa osora iritsi da

Gipuzkoako 88 herrietako 288 farmazietara eta osasun etxe guztietara heldu da jada errezeta elektronikoa. Oñati izan zen ezartzen lehena, eta joan den astean Donostian falta ziren farmaziak sistema berrira batu ondoren, lurralde osoan martxan da jadanik. Gipuzkoako ospitaleetan ere abian da errezeta elektronikoa, Donostia ospitalean izan ezik. Azken horretan urtarrilerako espero dute.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araba eta Bizkaiarekin alderatuta Gipuzkoa da errezeta elektronikoa gehien erabiltzen den lurraldea; orain arte 1,2 milioi errezeta elektroniko eman dira. Iñaki Betolaza Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak nabarmendu du errezeta elektronikoak "harrera bikaina" izan duela osasun arloko profesionalen, farmazialarien eta herritarren artean. Sistema berri horren bitartez, erabiltzaileak nahikoa du osasun txartelarekin behar duena eskuratzeko, papereko errezetaren ordez.

Ezarpena, mailaka

Iazko irailaren 27an hasi zen errezeta elektronikoa lurraldean zabaltzen, Oñatin. Geroztik, mailakatua izan da ezarpena lurralde osoan, eskualde guztietara iritsi arte. Irun "mugarri" izan zen uztailean, hura izan baitzen ordura arteko ezarpenik garrantzitsuena, herritar kopuruari dagokionez —24 farmazia eta 60.000 biztanle—. Donostian, berriz, hiru egunetan joan dira ezartzen, eta joan den ostiralean jarri zuten erabilgarri Parte Zaharrean eta erdialdean falta ziren 25 farmazia eta bi osasun zentroek —orotara 85 farmazia eta hamar osasun etxe daude, eta 182.000 biztanleri ematen diete zerbitzua hiriburuan—. Martxan egon zen lehen bi egunetan, 2.037 errezeta elektroniko eman zituzten Donostian.

Gipuzkoaren aurretik, Arabak jada lurralde osoan abian zuen sistema berria. Bizkai osoan urte amaierarako izatea espero dute.

19

Genero indarkeria jasan duten neska adingabeak. Ertzaintzako Hiritarren Segurtasunerako buru Gotzon Lujuaren arabera, Gipuzkoan adingabeko hemeretzi neskak genero indarkeria jasan dute aurten, euren bikotekideen edo bikotekide ohien aldetik.

Jaia, euskararen bueltan

Euskararen EgunakHernaniBeste hainbat herritan bezala, Hernanin ere askotariko ekintzak antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira. Eguna abenduaren 3an izan arren, jarduerak ez dira soilik egun horretara mugatuko. Bihartik abenduaren 6ra bitarte ego...

Lehengo egoerara itzuli nahi dute eskualdeko alkateek

2011n berritutako hitzarmenaren aurreko egoerara itzultzea eta "Euskal Herriko beste eskualdeetako osasun zerbitzu bera izatea" aldarrikatzen dute Tolosaldeko alkateek. Joan den maiatzetik ari dira Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin hitz e...

KASUALITATEAREN JIRAN, BERTSOTAN

Eibarko San Andres jaietan ez da bertsorik faltako, beste hainbat jarduerarekin batera. Igande arratsalderako, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua antolatu dute; horretan kantuan ariko dira Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Alaia Martin eta On...

Apaingarriak, berrerabilgarri

Egunkari paperarekin Gabonetako arrosa leihoak egin daitezke; plastikozko botila berdeekin, egongelak apaintzeko pinuak; arrautza kaxekin, etxea dotoretzeko girlandak; kartoiekin, sabaian zintzilikatzeko izarrak. Gabonetako apaingarriak bota aurretik behin baino gehiagotan erabil daitezkeen materialekin egin daitezke. Beasainen hala egingo dute aurten: kaleak zein barrualdeak material berrerabiliekin egindako apaingarriekin dotoretuko dituzte.

Beasaingo Udalak material ugari berrerabili zuen iazko Gabonetan herriko kaleak apaintzeko. "Beasaindar askori arraroa egin zitzaien, baina apaingarriak eskoletako haurrek egindakoak zirela jakitean gehienek oniritzia eman zieten", dio Marimar Zelaia Ingurumen zinegotziak.

Herriko kanpoaldea apaintzeko, iaz egindako apaingarriak biltegietatik aterako dituzte, eta berriz erabiliko dituzte betiko argiekin batera. "Argiak ere jarriko ditugu. Kontsumo baxukoak dira, eta, egon badaudenez, horiek erabiltzea ere egokia dela uste dugu", gaineratu du Zelaiak.

Aurten beste urrats bat egiteko prest daude; izan ere, Beasaingo eraikin publikoak barrutik apainduko dituzte ikasleek egindako eskulanekin: eskolak, erretiratuen egoitza, eguneko zentroa, kiroldegia, geltokia, liburutegia eta udaletxea edertuko dituzte, besteak beste.

Zelaiak "ideia sinplea" dela dio, "egunero eskuetan erabiltzen ditugun objektuei, zakarrontzira bota aurretik, bestelako erabilpen bat ematea". Esne kaxa batek, esate baterako, sei lamina izan ditzake; tartean, polietileno, aluminio eta kartoi geruzak. Lamina horiek guztiek halako ontzi moten birziklapena zailtzen dute.

Apaingarriak auzolanean

Beasaingo eskoletako Lehen Hezkuntzako ikasleek egingo dituzte apaingarriak, eta kalean jarriko dituzte abenduaren 13an.

Barrualdeak era horretara apaintzeari abantailak baino ez dizkio ikusten Zelaiak: "Auzolanean egingo ditugu gure herria Gabonetan dotoretzeko apaingarriak".

Eskoletako haurrek egin, eta beasaindarrek gertu-gertutik ikusiko dituzte. "Beharbada, etxean egiteko grina sortuko zaie haurrei zein gurasoei, eta beren etxeak apaintzeko ideiak hartuko dituzte".

Zelaiak dio ekintza horrek bestelako balioak elikatzeko ere balio duela, "familia giroan eskulanak egiteko aitzakia ere bihur daiteke, baita familia osoaren inplikazioa lortzeko bitartekari bat ere".

Beasaingo Agenda 21ean sortu zen iaz objektu birziklatu eta berrerabiliekin Gabonetan herria apaintzeko ideia. Barrualdeak apaintzea bigarren urratsa izan da: "Ausardiaz jokatu dugu, eta emaitza ona izango dela uste dugu".

Laia ingurumen zerbitzuetako enpresak Gabonetako apaingarri iraunkorrak egiteko proposamena egin dio Beasaingo Udalari, eta udalak oniritzia eman dio proposamenari. Laia enpresako Rosa Aurkiak birziklapena eta berrerabilpena bereizi ditu: "Birziklatzea hondakin bati desager dadin irteera bat ematea da. Berrerabilpena berriro erabiltzea da, hondakinen sorrerari aurre hartzea, alegia". Proposamenaren ernamuina berrerabilpena da, Laiak eskaintzen dituen zerbitzuak "garapen iraunkorrarekin eta ingurumenarekin lotuta baitaude". Hala, ideia berriak izan behar direla eta, berrerabilpena bultzatzeko Gabonetako apaingarriak material erabiliekin egitea proposatu zioten udalari.

Beste hainbat herritan ere bai

Birziklapena eta berrerabilpena ardatz duten Gabonetako apaingarriak gero eta gehiago ari dira zabaltzen Gipuzkoako herrietan. Ideia praktikan jarri dutenen artean daude, besteak beste, Oñati, Ibarra, Astigarraga eta Bergara. "Herri askotan egiten da jada, eta guri garrantzitsua iruditu zitzaigun eraikin publikoetako barrualdeak ere modu honetan apaintzea".

Gabonak amaitutakoan, guztiak jaso eta datorren urterako gordeko dituzte. "Iaz egindako apaingarriak gordeta daude, eta aurten ere kalean jarriko dituzte. Urtero kaleko apaingarriak egingo bagenitu, proiektu honek bere izaera galduko luke".

Eskoletan apaingarri iraunkorrak egin ditzaten, Laia ingurumen zerbitzuetako kideek sukaldeko errezeten moduan apaingarri zerrenda bat bidali diete eskolei. Errezeten antza dute apaingarri bakoitza egiteko materialak eta pausoak zerrendatzen dituztelako. Aldez aurretik zehazten dute, gainera, apaingarri iraunkor horiek egitearen helburua materialak berrerabiltzea bultzatzea dela, eta ez material berriak erostea. Helburu hori ziurtatzeko, etxe guztietan erraz aurki daitezkeen materialak aukeratu dituzte: plastikozko botilak, kartoia, papera, esne kaxak...

Plastikozko botila batek 500 urtetik gora beharko ditu guztiz desagertu arte. Asko eta asko birziklatzen diren arren, botila horiei bestelako erabilpenak ematea irtenbide bat izan daiteke. Aurkiaren enpresak botilekin egindako Gabonetako pinua egitea proposatu du; horrela, birziklatu aurretik hondakinari "bizi berri bat" emango diote.

Birziklatzen den beste material bat papera da. Tona bat paper birziklatzeak hamazazpi zuhaitz salbatzen ditu. Horrez gain, Laia enpresak emandako datuen arabera, 26.500 litro ur, orduko 4.200 kilowatt —familia bakarreko etxea sei hilabetez berotzeko behar den energia— eta ia 1.500 litro olio aurrezten da. Bide batez, paper tona beraren birziklapenak 27 kilo poluitzaile airera igortzea saihesten du.

Etxekoandretzeaz

Berrogeita hamar urte bete dira Betty Friedanek The Feminine Mystique (1963) argitaratu zuenetik. Saiakera entzutetsu hartan, Estatu Batuetan II. Mundu Gerraren ondoren garaturiko emakumearen irudikapenak aztertu zituen Friedanek. Gerra garaian emakume askok gizonek utzitako lanpostuak eta ardurak hartu zituzten, sistema ekonomikoa sostengatu ahal izateko; eta gerraostean, agintariek propaganda kanpaina indartsua jarri zuten abian emakume horiek etxeko lanetara lotu zitezen.

Testuinguru hurbilari begiratuta, badirudi egun ere halako propaganda kanpaina batek jotzen gaituela bete-betean. 2008. urtetik aurrera ugaritu egin dira emakumeak etxekoandretzeko diskurtsoak, legeak eta publizitatea. Ez dirudi kasualitatea; izan ere, krisi ekonomikoaren mamuak astintzearekin batera indartu baitira halako diskurtsoak. Emakumeak etxekoandretzearekin batera, lanpostuak gizontzeko urratsak ere nabari dira (zaintzarekin loturik ez daudenak, jakina).

Propaganda kanpaina horrek hari mutur asko askatu ditu, horietan korapila gaitezen: abortuaren legea eta dependentziaren legea eraldatzeko urratsak, familia eredu tradizionalaren aldeko mobilizazioak, berdintasunerako diru laguntzak gutxitzea, Cásate y sé sumisa liburuaren agerpena… Kontraesanez josita daude diskurtso horiek; batetik, etxekoandrea dute emakumearen berezko nortasunaren ikur, berez jasotako jarrera eta joera bailitzan; bestetik, etxeko lanetan ere trebatu beharra dagoela azalarazten dute, trebatzeko liburuak eta tailerrak prestatu ohi dituztelako, besteak beste. Horregatik, garaian garaiko botereak emakumeak etxekoandretzea izan du helburu nagusi, etxeko andrea ez baita jaiotzen, egiten baizik.

Baina, egungo kanpainaren barruan, bada alderdi aipagarri bat, Friedanek deskribaturiko testuinguru soziopolitikoan hain nabarmena ez zena: amonaren irudikapenak. Duela lauzpabost urtetik hona, ugaritu egin dira amonen inguruko iragarkiak: amonak parkean bilobak zaintzen, edo merienda prestatzen… beti irribarretsu eta apain. Nolabait, emakume horien zoriontasun betea bilobak zaintzea dela adieraziz, zaintza lan hori maitasun keinu bilakatuz, eta zaintzarako joera hori amonaren nortasunaren ezaugarri natural gisa aurkeztuz.

Azken batean, zaintzak lana ez dakarrela irudikatu nahian, ahaztu nahian halako pertsonengan zenbateko zama eta ardura uzten duen gizarteak, eta zer gutxi eskaintzen zaion trukean. Etxekoandretzeko egungo diskurtsoek, hortaz, amonaren irudia eraikitzea dute helburu nagusietariko bat, sistema ekonomikoak belaunaldi horien zaintza lanak ere premiazko dituelako, sistema sostengatuko bada.

“Diskurtso arrazistak indartzen ari dira”

Gipuzkoa Solidarioa egitasmoak laugarren aldia du aurten. Urte osoan hainbat ekintza antolatu ondoren, bihar SOS Arrazakeria elkarteak etorkinen inguruan dauden estereotipo eta uste faltsuak jarri nahi ditu agerian. Horretarako, Donostian elkartuko di...

Jasotzeko eman egin behar

Premia guztiei erantzuteko eta egungo emaileen belaunaldi ordezkapena ziurtatzeko, beharrezkoa da Gipuzkoako biztanleen %3 odol emaile izatea, eta, horretarako, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Gotatanta kanpaina jarri zuen abian iazko maiatzean. Elkarteko lehendakari Sabin Urzelairen arabera, gaur egun ere iristen dira datu horietara: "Emaile aktibotzat hartzen delako azken hiru urtean aldiren batean odola eman duen edonor. Baina guk datu errealagoetara jo dugu, hiru urte horietako lehenengoan soilik eman eta beste bietan eman ez duena ziurrenik ez delako odola ematera itzuliko. Horregatik, urtebeteko tartea hartu, eta 2014a bukatzean urte horretan gutxienez behin odola eman dutenak 18 eta 65 arteko gipuzkoarren %3 izatea nahi dugu".

Izan ere, ohartu dira odola emateko deialdiak egiten dituzten bakoitzean jende askok ingurura begiratzen duela, pentsatuz inguruko odol emaileei zuzentzen zaizkiela, "hor nonbait dauden horiei". "Horrez gain, jende askok esaten du 'nik ez dut odola ematerik, beldurragatik, gaixotasun bategatik, edo beste zerbaitegatik', eta hori onartu egin behar da", dio Urzelaik. Baina horiek ere egin dezakete zerbait behar dutenean odola izango dutela ziurtatzeko, eta zerbait egin dezaketen guztiak animatzea da Gotatanta-ren helburua: "Emaile izaterik ez badute, ateraldietan lagundu dezakete: denda askok ateraldien ostean mokadutxoa jartzeko jakiak ematen dizkigute; ikastetxe zein lantegietara goazenean irakasleek edo langileek euren klase nahiz lan orduak uzten dizkigute guri hitzaldiak emateko nahiz odol ateraldiak antolatzeko... horrek guztiak laguntzen digu guri, eta hori guztia sartzen da Gotatanta-ren barruan".

Iazko maiatzean martxan jarritako dinamika ari da emaitzak ematen poliki-poliki. "Kanpainari ekin genionean, 17.500 odol emaile bueltan zeuden Gipuzkoan, eta 2012 amaierarako 18.500eko kopurura iritsi ginen. Orain 19.000 buelta horretan gaudela esango nuke, eta 2014a amaitzerako ezarritako helburuetara iritsiko garela uste dut", azaldu du Urzelaik. Edonola ere, ez dute sekulako kanpaina egin, horretarako dirurik eta denborarik ez dutelako: "Lan pixka bat gehixeago egin dugu jendearengana iristeko, odola emateko beharraren mezua zabaltzeko". Odol emaileek beren inguruan mezu hori zabaltzea sustatu dute, eta, tartean behin, hedabideetan azaltzeko aukera baliatu dute: "Matraka ematen goazen heinean, jendea pixkanaka gugana hurbiltzen ari da". Gotatanta kanpainari ekin ziotenean, eskoletara joaten hasi ziren: "11-12 urte bueltako mila haurrengana baino gehiagorengana joaten gara, eta urtetik urtera kopuru hori ere goraka doa. Ordu eta erdiko tailer moduko bat eskaintzen diegu, eta inkesta bat ere ematen diegu etxera eraman dezaten. Ondorioz, mila haur horiek ere matraka ematen dute etxean, gurasoei odol emaileak diren edo ez galdetuz, zergatik bai edo zergatik ez... eta halakoak".

Ohitura bihurtzeko nahia

"Pixkanaka", baina toki guztietan emaitzak lortzen ari dira. Mila biztanleko urtean 50 odol emate lortzea da egoera onaren seinale, Urzelairen hitzetan: "Araban, urtean 72 dituzte; Bizkaian, 42 bueltan; Nafarroan eta Gipuzkoan, mugan gaude, 50-51 buelta horretan. Beraz, zorte ona eta txarra dugu Gipuzkoan; oso egoera onean gaude, eta hori oso ona da, baina askoz hobeto egotea zaila da". Hala ere, jendearekin zuzeneko harremana izateak eragina duela uste du Urzelaik. Lanbide Heziketako guneetara eta unibertsitateetara ere joaten dira, eta odol ateraldietan emaitzak izaten dituzte: "Amarako politeknikoan izan ginenean hirurehun laguni eman genien hitzaldia. Horietatik ehun lagun inguru etorri ziren gero odola ematera. Kontua da hitzaldiaren eraginez egun horretan eman zutela odola, baina hori ohitura bihurtzea nahi dugu guk. Beraz, matraka ematen segituko dugu".

Edonola ere, herritarren artean geroz eta babes handiagoa dutela dio Urzelaik, eta pozik dago horrekin: "Ez dakit Gotatanta-gatik den, baina azkenaldian atxikimendu gehiago dugula uste dut. Enpresa askotatik deitu digute lan orduetan ateraldiak antolatzeko, adibidez. Orain hilabete batzuk, ia familiarik ez zuen gizon batek guretzat eta beste hainbat elkarterentzat utzi zituen bere ondasunak herentzian, eta jendeak ere kasu gehixeago egiten digula esango nuke". Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza berezi bat eman die aurten hezkuntzako mintegietarako nahiz herrietako boluntarioen formaziorako. Donostiako Udalak ere azken bi urteotan diru laguntza eman die.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko kideak, gainera, edozein gaitatik abiatuta ere, elkarrizketak odola ematearen kontura bideratzeko "abilezia berezia" omen du: "Afrikako ipar-ekialdean krokodiloei hortzak nola hazten zaizkien galdetu, eta hiru urratsetan Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartera iristen naiz, eta orduan jende guztiak esaten du 'nik ere eman behar nuke, baina...'. Horrek esan nahi du jendeak kontzientzia baduela, ez dute paso egiten". Gainera, Urzelaik argi du horientzako erantzuna: "Odola ematea erraza, azkarra, segurua eta oso beharrezkoa da. Behar dugunean odola jasotzeko eskubidea dugu, baina eskubide hori bermatzeko odola eman behar dute batzuek".

Odol emaileen belaunaldi ordezkapena ere ziurtatu nahi dute. Baina horrek ez du esan nahi odol emaile gipuzkoarren batez besteko adina altuegia denik: "Ateraldiak egiten ditugunean, jende gehiena 40 urtetik gorakoa dela ikusten dugu, baina hori normala da. Odol emaile asko iritsi dira ehun aldiz odola ematera, eta, horretarako, behin ere hutsik egin gabe eta urtean lau aldiz —gizonezkoen kasuan, emakumeek hirutan eman dezakete gehienez— odola emanda ere, gutxienez 25 urtez eman behar izan dute, eta hasteko gutxieneko adina 18 urtekoa dela kontuan izanda, ba emaile horiek 43 urte dituzte gutxienez". Beraz, normala da odol ateraldietan jende heldua egotea. Urzelairen ustez, seinale ona da hori, jendeak odola ematen hasi eta urte askoan jarraitzeko ohitura duela erakusten duelako. "Baina gazteen kasuan, esango nuke askok ez dutela odol faltan edo beharrean egon garen urteen berri, eta hori nahi dugu, gazteei adieraztea odol emaileak ezinbestekoak direla. Hori bai, badira odol emaile gazteak ere, baina odol beharraren mezua hedatu nahi dugu gazteen artean".

Harremanak eta urtemuga

Sare sozialetako parte hartzea eta odol emaileek horietan duten presentzia sustatzea ere bada Gotanta-ren helburuetako bat. "Presentzia badugu jadanik; izugarrizko lana da, baina jende askorengana iristeko aukera ematen du". Ez dute, ordea, beren mezuen zabalpena soilik egin nahi, odola ematen eta jasotzen dutenen arteko sarea sortu baizik: "Garai batean, odola besotik besora ematen zenean, emaileak odola eman ahala ikus zezakeen hartzaileak hobera egiten zuela. Orain, berehalako eragina galdu egin da, eta emaileek ez dute egiten duten ekarpenaren kontzientziarik. Horregatik, Facebooken dinamika bat jarri nahi dugu martxan, odola ematen eta jasotzen dutenek beren istorioa kontatzeko eta harreman sarea sortzeko".

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak 2014ko azaroaren 27an beteko ditu 50 urte. Ez dute ospakizun handietarako asmorik, baina zerbait egin nahi dute. Urte osoan, "hilero-edo", gauzak egiten ahaleginduko dira, etengabe presentzia mantentzeko. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lau kontzertu elkartearen urtemugarekin lotuko dituzte, adibidez. "Horrez gain, zinemaldian ematen dugun saria indartu nahi genuke, gehixeago aipatuz-edo. Saiatuko gara beste eragile batzuekin harremanak izanda ekintzak antolatzen. Behobia-Donostia lasterketak ere datorren urteko azaroan du 50. urtemuga, eta, akaso, zerbait antola dezakegu elkarlanean. Halako ideiak ditugu buruan, baina ia dena airean dago oraindik".