“Iruditzen zaigu ez dugula zer eskaini, eta ez da egia”

Enara Iruretagoiena (Irun, 1984) Bidasoa Trukeados plataformako dinamizatzaileetako bat da. Gauzak "beste era batera" egin daitezkeela sinetsita jo zuen oraindik sortzeko zegoen denbora bankura, eta bitan pentsatu gabe heldu zion plataforma eratzeko lanari, han topatu zuen ekintzaile taldeak bidelagun izateko eskaintza egin zionean.

Zer da Trukeados?

Berez, denbora banku bat da, dirurik gabe zerbitzuak eskaintzeko eta eskatzeko toki bat. Txanpon gisa denbora erabiltzen da. Guk, zehazki, ordubete erabiltzen dugu. Eskaintzen dira zerbitzuak, eta eskatzen dira zerbitzuak. Zerbitzu horiek ordaintzeko, ordua erabiltzen da. Hori da denbora bankuaren funtsa.

Nola sortu zen Trukeados Bidasoa Irunen?

Bidasoa Bizirik-en barruan elkartu zen ekintzaile talde baten eskutik sortu zen, baina gerora ekintzaile talde horrek autogestionatutako bidea hartu zuen, Bidasoa Bizirik-etik eta udaletik aparte. Ekintzaile talde horrek proiektu bat zuen, eta ni izena ematera joan nintzen, baina erabiltzaile gisa. Nire harridurarako, denbora bankua sortzeko zegoen oraindik. Handik abiatu, eta 2012ko urtarrilean sortu genuen Trukeados, ofizialki lehenbiziko aurkezpena iazko urriaren 19an egin genuen arren.

Bankua sortzeko batu den ekintzaile taldeak zein beharrei erantzun nahi die?

Ikusten zen jendeak gero eta diru gutxiago zeukala, krisia, beharrak... Hor mugimendu berri bat zegoen, eta zerbait berria sortzeko asmoa.

Eta nola ekin zenioten bideari?

Gure kideetako batzuk beste denbora banku batzuk bisitatzen hasi ziren, eta horiek aztertzen, besteen esperientzietatik ikasteko —Iruñean, Tolosan...—. Denbora banku gehienak elkarteak zirela ikusi genuen orduan. Baina guk pentsatu genuen, Irunen, beste toki gehienetan bezala, elkarte asko zeudela, eta beste elkarte bat sortu ordez, elkarteen zerbitzura jartzeko tresna bat sortzea erabaki genuen. Zertarako sortu beste elkarte bat horrenbeste egonda? Hausnarketa horretatik abiatuta, hasierako proiektua zena bota, eta berriro hasi ginen.

Proiektu berriak zein ezaugarri ditu?

Guretzat komunitate hitza oso garrantzitsua da. Gurean batzen diren elkarte guztiei komunitate deitzen diegu. Hala ere, garrantzitsua da zehaztea batzen direnek ez dutela zertan elkarte ofizialak izan. Lagun kuadrillek, auzo elkarteek... Guztiek dute tokia.

Eta komunitate horiek zein funtzio dituzte?

Komunitate hitza, guretzat, antolatzeko modu bat da. Komunitateek zerbitzuen trukerako darabilten plataforma da. Komunitatea ireki ahal izateko baldintza bakarra komunitate horren dinamizatzailea izango dena izendatzea da. Ni, esaterako, nire komunitatearen dinamizatzailea naiz.

Eta dinamizatzaile gisa zein betebehar dituzu?

Nire komunitatean astean behin elkartzen gara bi orduz, zalantzak argitzeko, ekintzak dinamizatzeko, izen-emate berriak bideratzeko, unean unekoei erantzuteko. Horrez gain, hilean behin batzar bat egiten dugu dinamizatzaile guztiek gauzak nola doazen ikusteko.

Une honetan zenbat komunitate batzen ditu Bidasoa Trukeadosek?

Oraintxe irekita eta martxan hiru daude.

Irungoa izatea beharrezkoa al da?

Guk muga politikoak gainditu nahi izan ditugu, muga geografikoak erabiltzeko. Horregatik gara Trukeados Bidasoa.

Denbora eskaintzen da, baina zer nolako zerbitzuak trukatzeko?

Gehien eskatzen direnak etxerako zerbitzuak dira, elektrizitatea dela, eta antzekoak. Hori da orain arte gehien egin dena. Baita hizkuntzarekin zerikusia duten gauzak ere; itzulpenak, zuzenketak...

Zer eskaintzen du Trukeados Bidasoak gainontzeko denbora bankuek eskaintzen ez dutena?

Guk tailer kolektiboak egiten ditugu. Tailer kolektiboak trukaketak dira, baina bi lagunen artekoak izan beharrean, pertsona baten eta talde baten arteko trukeak dira. Halako asko egin ditugu: astrologia tailerra, larrugintza, ubuntu... Eta orain ilargi diagramei buruzkoa eta dietetika eta nutrizioaren inguruko tailerrak egingo ditugu.

Jendeak nola hartu du egitasmoa?

Denok behar dugu bultzada bat, hasiera batean denoi iruditzen zaigulako ez dugula zer eskaini, eta ez da egia. Igarri egiten da indibidualismoak jota bizi garela. Alde horretatik, konfiantzazko ariketa da Trukeados, zalantzarik gabe.

Zuk, pertsonalki, zergatik jo zenuen denbora bankura?

Niri iruditzen zait gauzak beste era batera egiteko tresna dela Trukeados. Beti gaude diruaren menpe, eta ematen du edozer egiteko behar dugula, baina ez da egia. Gu, poliki bada ere, gauzak egiten ari gara dirurik gabe. Dirurik gabe egin daiteke, eta egiten ari gara.

Zuk zeuk aipatu duzu parte hartzeko denok behar dugula bultzadatxoa. Zein mezu zabalduko zenuke bultzada hori emateko ?

Gauza piloa egin daitezkeela dirurik gabe, eta garrantzitsua dela historiaren une honetan berriz ere elkartzea eta konfiantza berreskuratzea. Guk komunitate hitzarekin horretara jo nahi genuen, auzoetako lehengo giro hura berreskuratzera, garai batean egiten ziren truke horiek-eta indartzera.

“Aitonarekin ikasi nuen abarkak egiten”

Aitonak erakutsita ikasi zuen Juan Elgarrestak (Gabiria, 1941) abarkak egiten. Jaiotzez urretxuarra da, baina gaur egun Gabiriako Astiazaran baserrian bizi da. Aita zenak haria egiten zuen, eta amak, berriz, galtzerdiak.Gaztetatik hasi zen Elgarresta ...

Elkarretaratzea Osasun sailburuaren bisitagatik

Azaroaren 22rako, Asuncion klinikako zuzendaritzak Osasun ezagutzaren sorkuntza: paperetik hodeira ekitaldia antolatu zuen Tolosako Topic zentroan. Jon Darpon Osasun sailburua bertara gonbidatuta zegoela-eta, elkarretaratzea egin zuten hainbat herrita...

Errezeta elektronikoa Gipuzkoa osora iritsi da

Gipuzkoako 88 herrietako 288 farmazietara eta osasun etxe guztietara heldu da jada errezeta elektronikoa. Oñati izan zen ezartzen lehena, eta joan den astean Donostian falta ziren farmaziak sistema berrira batu ondoren, lurralde osoan martxan da jadanik. Gipuzkoako ospitaleetan ere abian da errezeta elektronikoa, Donostia ospitalean izan ezik. Azken horretan urtarrilerako espero dute.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araba eta Bizkaiarekin alderatuta Gipuzkoa da errezeta elektronikoa gehien erabiltzen den lurraldea; orain arte 1,2 milioi errezeta elektroniko eman dira. Iñaki Betolaza Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak nabarmendu du errezeta elektronikoak "harrera bikaina" izan duela osasun arloko profesionalen, farmazialarien eta herritarren artean. Sistema berri horren bitartez, erabiltzaileak nahikoa du osasun txartelarekin behar duena eskuratzeko, papereko errezetaren ordez.

Ezarpena, mailaka

Iazko irailaren 27an hasi zen errezeta elektronikoa lurraldean zabaltzen, Oñatin. Geroztik, mailakatua izan da ezarpena lurralde osoan, eskualde guztietara iritsi arte. Irun "mugarri" izan zen uztailean, hura izan baitzen ordura arteko ezarpenik garrantzitsuena, herritar kopuruari dagokionez —24 farmazia eta 60.000 biztanle—. Donostian, berriz, hiru egunetan joan dira ezartzen, eta joan den ostiralean jarri zuten erabilgarri Parte Zaharrean eta erdialdean falta ziren 25 farmazia eta bi osasun zentroek —orotara 85 farmazia eta hamar osasun etxe daude, eta 182.000 biztanleri ematen diete zerbitzua hiriburuan—. Martxan egon zen lehen bi egunetan, 2.037 errezeta elektroniko eman zituzten Donostian.

Gipuzkoaren aurretik, Arabak jada lurralde osoan abian zuen sistema berria. Bizkai osoan urte amaierarako izatea espero dute.

19

Genero indarkeria jasan duten neska adingabeak. Ertzaintzako Hiritarren Segurtasunerako buru Gotzon Lujuaren arabera, Gipuzkoan adingabeko hemeretzi neskak genero indarkeria jasan dute aurten, euren bikotekideen edo bikotekide ohien aldetik.

Jaia, euskararen bueltan

Euskararen EgunakHernaniBeste hainbat herritan bezala, Hernanin ere askotariko ekintzak antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira. Eguna abenduaren 3an izan arren, jarduerak ez dira soilik egun horretara mugatuko. Bihartik abenduaren 6ra bitarte ego...

Lehengo egoerara itzuli nahi dute eskualdeko alkateek

2011n berritutako hitzarmenaren aurreko egoerara itzultzea eta "Euskal Herriko beste eskualdeetako osasun zerbitzu bera izatea" aldarrikatzen dute Tolosaldeko alkateek. Joan den maiatzetik ari dira Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin hitz e...