“Indarkeriaren makinak indartsu dirau”

"XX. mendea eskubideen aitorpenaren mendea izan da. Formalki hainbat eta hainbat eskubide gureganatu baditugu ere, indarkeriaren makinariak, beste forma eta itxura batekin agian, baina indartsu dirau". Donostiako Koordinadora Feministak plazaratutako gogoeta da, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira plazaratutakoa, hain zuzen. Egun horretan, astelehenean, euren aldarrikapenak Donostiako kaleetara eramango dituzte, Feminismoak aske egiten gaitu lelopean. Beste hainbat talde eta eragilek bezala, kalera irteteko deia egin dute.

Eguneroko lana pilatu eta gainerako taldeekin indarrak batzeko eguna izan ohi da azaroaren 25a. Donostiaren kasuan, koordinakundearen barruan jada egunerokoan elkartzen dira askotariko sindikatu eta eragileak; tartean daude Donostiako Bilgune Feminista, Medeak, Plazandreok, Mugarik Gabe, LAB, ESK eta EILAS. Aurten, iaz bezala, Euskal Herriko Koordinadora Feministak kanpaina bateratu bat eraman du aurrera; horrela, lelo bera aldarri dutela aterako dira kalera Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan ere.

Indarkeria, "egiturazkoa"

Koordinakundeak salatu duenez, "indarkeria egiturazkoa da, ez da soilik tratu txarrak jasan dituzten hainbat emakumeren esperientzia indibiduala". Gaineratu du botere harremanak "egunerokotasunaren parte" direla, eta hori hainbat arrazoirengatik gerta daitekeela: "Izan ikastetxeetako jolastokietan izaten den espazioen zatiketa eta antolaketagatik, etxean gureganatzen ditugun generoaren araberako arduren banaketa eta aitorpen faltarengatik, telebistak transmititzen duen ideologia guztiz sexistarengatik, lan munduan sexuaren arabera egiten den bereizkeria orokorrarengatik...".

Egiturazkoa ez ezik "harreman hierarkikoetan oinarritutakoa" ere badela salatu dute. Ordezkari feministen iritziz, indarkeria horrek emakumeak osotasunean baliogabetu edo gutxiesten ditu, eta berdinen arteko harremanak izateko eskubide gabezian oinarritzen da. Horregatik, argi dute indarkeria amaitzeko giltzarria harreman hierarkikoak iraultzean datzala.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko garaian, "lan asko eta asko" dago egiteko erakundeen aldetik. Uste dute erakundeek eurek "betikotzen" dutela hein batean genero roletan oinarritutako gizarte ordena, "normalizatuta dagoen errealitatea mantenduz". Hala ere, azpimarratu dute berdintasuna espezifikoki lantzeko zerbitzu, gune eta ahaleginak areagotu egin direla. Erakundeek ez ezik, gizarteak ere badu zer egin, koordinakundearen arabera. "Guztion ardura da denontzako gizarte justuago bat eraikitzea, bakoitzak bere eremutik eta bere esparrutik eraldaketarantz bidea egitea".

Askotariko jarduerak

Koordinadora Feministarekin batera, beste hamaika eragile eta sindikatuk oihu egingo du emakumeen kontrako indarkeriaren aurka astelehenean. Ekintzak, ordea, ez dira soilik egun horretara mugatuko. ELA sindikatuak, esaterako, Stop indarkeria sexistari lelopean, test bat zintzilikatu du webgunean, honako galdera hau aireratuz: "Ba al dakizu indarkeria sexista antzematen?". 11 galderak osatzen dute galdetegia.

Manifestazio eta elkarretaratzeekin batera, askotariko jarduerak prestatu dituzte Gipuzkoa osoan azaroaren 25aren bueltan. Donostian, adibidez, hiriko hainbat kale, denda eta eraikin publiko puntu morez koloreztatu dituzte, Hiria geureganatuz. Punto kanpainaren bidez.

Odol emaile leialenak omendu egiten dituzte

Gazterik odola ematen hasi eta ahal duten artean horretan jarraitzen dutenei nolabaiteko aitorpena egiten die Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak. Hernanin, esaterako, joan den urriaren 27an omendu zituzten 25, 40 eta 50 aldiz odola emandako 29 herrita...

Kantuaren taupadak, bizirik

Osasun egoera "larria" jasan arren, taupaka jarraitzen dute abesbatzen bihotzek. Zailtasunak zailtasun, "zorionez", badago harrobia hauspoa betetzen segitzeko. "Gazteek gaur egun eskura duten eskaintza zabala aintzat hartuta, asko dira kantatzearen alde egiten dutenak, eta alde horretatik ez dago arazorik". Hala onartu du Julitxu Gyslingek, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakariak. Baieztapen horren erakusle da gazteen abesbatzek Zarautzen egingo duten topaketa. Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, seigarren tailerra egingo dute, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta.

14 eta 23 urte arteko gazteek parte hartuko dute tailerrean, eta abesbatza bakoitzetik gehienez hamabost lagun izango dira. Gipuzkoa osoko taldeek bat egingo dute; tartean daude Arrasate, Zegama, Tolosa, Alegia, Zestoa, Bergara, Donostia, Hernani eta Oñatiko gazteen abesbatzak. Gyslingek azaldu duenez, "asmoa da abesbatzetako gazteei beste zuzendari batzuekin kantatzeko aukera ematea, baita bestelako abestiak landu eta beste taldeetako neska-mutilekin kantuan aritzea ere". Aurtengoan, adibidez, bi zuzendarirekin egingo dute tailerra: Imanol Elizasu Orereta abesbatzakoarekin eta Juan Gainza Iruñeko Gazte Orfeoikoarekin.

Horrelako egitasmoetan parte hartzea erabat positiboa dela iritzi dio Gyslingek, gazteen jardunari begira: "Ezagutzen duten mundua zabaltzeko balio die. Euren abesbatza da ezagutzen dutena, eta halakoen bitartez gauza berrietara egokitzeko erraztasuna eman nahi diegu; zuzentzeko beste modu batzuk ezagut ditzaten, zuzendari guztiak eta lan egiteko moduak ez baitira berdinak".

Partitura aurreko lana ez ezik, beste hainbat ekintza ere egingo dituzte, "ondo pasatzea" baita beste helburuetako bat. "Kontuan izan behar da gure abesbatzak amateurrak direla, abestearen arrazoi bakarra plazer hutsa dela. Sentsazio hori zaintzen duen edozein ekintzak merezi du".

Aurten, Body Percussion jarduera izango dute berritasun gisara; horren bitartez, gorputz perkusioa landuko dute Jorge Pacheco perkusionistarekin. Asteburua, beraz, ez da soilik lanerako izango. Guztientzat irekia izango den kontzertu batekin amaituko dute asteburua; Andre Maria Erreginaren parrokian eskainiko dute, 17:30ean.

"Kulturaren beste hainbat arlotan" gertatzen ari den bezala, abesbatzen etorkizuna ere "ez da samurra", Gyslingek nabarmendu duenez. Abeslari kopuruaren aldetik osasuntsu dagoen arren, bada urteetan eta "ia mundu osoan" mantentzen den gabezia bat: "Mutilen kopurua urria da oraindik". Horren isla da hurrengo asteko topaketan parte hartuko dutenen kopurua: 70 izango dira neskak, eta hamabi mutilak.

AGUR TXAPELDUNEN LIGARI

Donostiako Bera Bera eskubaloi taldeak ez zuen erraza aurrera egitea Txapeldunen Ligan, 11 golen aldeaz nagusitu behar baitzitzaion Kroaziako Podravka Vegeta taldeari. Ez zuen halakorik lortu, baina, behinik behin, irabaziz esan zion agur txapelketari...

“Sareak ez dira lehen bezala hondatzen”

Etxetik datorkio sare konpontzailearen ofizioa Mertxe Mendizabali (Getaria, 1949). Ama ere sare konpontzailea izandakoa da, eta familiako itsasontzia dute Getarian. Ofizio horretan dabiltzan gehienak armadoreen emazteak edo alabak direla esan du Mendi...

Paradisuaz haragoko lurretan

Inor gutxik aukeratuko luke harea goria desertuan oasia eskura izanda, nahiz eta desertua benetan ezagutzeko hondarretan ibiltzea ezinbestekoa izan. Jendea desertuan sufritzen ari dela jakin arren, oasian murgiltzen dira asko eroso, begiak itxita, be...

Odol ateraldien antolaketa

Odol Emaileen Elkarteak antolatutako ateraldiez gain, egin daitezke enpresetan, erakundeetan edo irakaskuntza zentroetan ere. Horretarako, gutxienez, hogei emaile behar dira. Elkarteko ordezkariek antolatzaileekin bilera egiten dute, data eta bestelak...