Komikiek toki propioa izango dute 2014an liburutegian

Koldo Mitxelena Kulturuneak (KMK) komikien gune bat du Donostian, Errege Katolikoen kalean. Luis Gasca komiki funtsa dute han, baina komiki gunea handik KMKra pasatu nahi dute, eta egungo egoitzan aditu eta ikertzaileentzako dokumentazio zentro bat sortu nahi dute. "Komiki gunea ez da gure proiektu bakarra izango datorren urtera begira, baina bai oso garrantzitsua. Toki eredugarria izatea nahi dugu, eta leku bizi bat izatea. Guk dakigunez, ez dago besterik, eta batez ere euskal komikia bultzatu nahi dugu". Hala azaldu du Susana Araiz KMK-ko liburutegiko arduradunak.

Komiki gunea lehenengo solairuko gela batean jarriko dute, eta 2.000 komiki baino gehiago jarriko dituzte erabiltzaileen eskura. Proiektua jadanik martxan dago. Arduradunek euskal komikiak erosi nahi dituzte, arlo hori bultzatzeko. "Euskal komikia eta oro har komikia hedatzeko gune berezi bat izan dadin nahi dugu. Horregatik, maileguez gain komiki zaharrak eta baliotsuak edukiko genituzke bertan, eta tailerrak ere egingo genituzke. Baina hori guztia planifikatzeko dago oraindik".

Ikerne Badiola Kultura diputatuak ere hitz egin du proiektu horri buruz: "Euskal Herriko komikigintzan erreferentzia gune bilakatzea nahi dugu KMK-ko gune berria, eta alor horretan dagoen hutsunea betetzea, Gasca funtsak irekitako bideari esker; bilduma hori gizarteratzeko espazioa izango da KMK-ko liburutegiko gunea".

Gazteak liburutegira erakartzea ere bada helburuetako bat. Izan ere, datorren urterako erronketako bat horixe dute: erabiltzaile berriak lortzea. Eta, horretarako, pentsatuak dituzte hainbat ekintza.

Gascaren bilduma

Dokumentu garrantzitsuenen artean, KMK-k badu komiki bat ere. "Agian Txistu da Argia albistarian argitaratutako lehen euskal komikia. Oso polita da. 1929koa da", iritzi dio Araizek.

Hala ere, izen bat aipatzekotan, Luis Gasca da hori. "Komiki, zinema eta beste adierazpen artistikoenganako pasioak mota askotariko dokumentu bilduma osatzera bultzatu dute Gasca. Bizitza osoan bildutako material horrek guztiak osatzen du Gasca bilduma". Hala azaldu zuten 2011n funtsa aurkeztu zutenean aldundiko arduradunek. Komikietatik harago doan bilduma da Gascarena, nolanahi ere: "Komikiez gain, egileen biografiak, gutunak, hiztegiak, aldizkariak, monografiak, filmak, diskoak, kartelak... hainbat euskarritako materialarekin dago osatuta, baita marrazki orijinalez eta egileek sinatutako edizioez ere".

Bestalde, komikiak orain dituzten egoitzan ekitaldiak ere egin dituzte aurten. Esaterako, Tolosako komiki elkartearen eskutik, komiki lehiaketa baten deialdia egin zuten orain hilabete inguru. Horretaz gain, Zebra efektua izeneko liburua aurkeztu zuten. Iñaki Holgado eta Arkaitz Cano izan ziren ekitaldian. Araizek aurreratu duenez, hilaren 21ean beste ekitaldi bat egingo dute. Informazio gehiago Kmk.gipuzkoakultura.net webgunean aurki daiteke.

KATEA FAGORREN ETORKIZUNAGATIK

Fagorreko langileek giza katea egin zuten astelehenean eta asteartean Arrasaten, Lagun Aroren egoitzatik Mondragon taldeko bulego nagusietara, Etorkizunaren alde lelopean. Elastiko gorriekin eta urdinekin ehunka kooperatibista bildu ziren. Fagor Etxet...

Erronkaz betetako hogei urte

Hogeigarren urteurrenera 84.000 bazkideren babesarekin iritsi da Donostiako KMK Koldo Mitxelena Kulturunea. "Lehen, emakume edadetu batzuk etortzen ziren, eta Gabonetan beti txokolatezko bonboiak ekartzen zituzten. Bazkide batzuk oso kexatiak izaten d...

Fagor, komunikazio inkomunikatiboa

Fagorreko bazkideak kalera atera dira euren egonezina eta haserrea adieraztera. Gutako askori deigarri egin zaigu, aldi berean, Fagorreko langile eta ugazaba direnak kalera atera izana, eurek orain arteko prozesuan zerikusirik izan ez balute moduan. Z...

“Askoz gehiago egin dezakegu”

Gehiago egin al dezakegu?". Galdera hori proposatu du Aergik, errehabilitazioan ari diren alkoholikoen Gipuzkoako elkarteak, alkoholismoari eta menpekotasunari buruzko jardunaldiei begira. Eta erantzuna Josean Fernandez elkarteko presidenteak berak em...

“Txikitan, zigor modura ikasi nuen saskiak egiten”

Iñaki Agirrezabalagak (Azpeitia, 1956) txikitatik ezagutu du saskigintza. Haren aurrekoen gehiengoa ofizio horretan aritutakoa da. Matxinbentarraren birraitona hasi zen lanbide horretan, eta ordutik belaunaldiz belaunaldi jarraitu dute ogibidearekin haren oinordekoek. Hark aitarengandik ikasi zuen saskiak egiten. "Txikitan zigor modura ikasi nuen saskiak egiten, 8 urte nituenean, okerren bat egindakoan, zigor moduan", azaldu du Agirrezabalagak.

Dagoeneko 30 urte inguru daramatza Agirrezabalagak ofizio horretan. Etxeko sukaldearen alboan egoten da Agirrezabalaga saskiak egiten amarekin hizketan aritu bitartean.

Saskiak egiten jarraitu zuen harik eta 18 urte bete zituen arte. Hurrengo bi urteetan, tailer batean aritu zen lanean. Pilotan ere jokatzen zuen profesional moduan, baina 27 urte zituela, ez zioten kontratua gehiago berritu. Horrela, 1982ko krisiaren ondorioz, eta beste zerbaiti eusteko beharraz, otarregintzan hasi zen buru-belarri, hainbat mota eginez: "Urtebeteko mutikoa neukan, eta txikitan saskiak egitea gustatu ez arren, zerbait egin behar nuen", dio Agirrezabalagak.

Hasiera gogor xamarra izan zela azaldu du: "Dendatara eramaten hasi nintzen nire modeloak, hasieran, Donostiara eta Tolosara. Denda gehienek beteta zeudela esaten zidaten, eta ahal nuen dendetan uzten nituen saskiak. Bi aste igarotakoan, denda horietara itzultzen nintzen, nire saskiak jendeari gustatu ote zitzaizkion ikustera".

Gaur egun, Azpeitian dauka denda. Mota askotako saskiak egiten jarraitzen du, besteak beste, fruituen saskiak, arrautzenak, ogienak, barazkienak... Saskiak ez direnak ere egiten ditu: bionboak, dantzarien arkuak, txotxak eta lapitzak sartzeko kubotxoak. Jendearen eskaeraren araberako saskiak ere egiten ditu. Agirrezabalagaren aita zenak modelo gehiago egiten zituen, baina, gaur egun, teknologiaren aurrerapenarekin, saski mordoa egiten da. Hori dela eta, eskulangileak aukeraketa egin behar izan du hainbat ereduren artean.

Azpeitiko dendan Agirrezabalagaren emazteak lan egiten du, eta hark eman die senarrak egindako saskiei azken errematea. Azoketan ere saltzen ditu bere produktuak artisauak, eta erakusketaz erakusketa ere ibiltzen da asteburu askotan. Saskiak zenbaki batekin sailkatzen ditu tamainaren arabera, eta egunean egindako saski kopurua otarraren neurriaren araberakoa izaten da.

Saskia egiten hasi aurretik

Saskiari forma ematen hasi aurretik prozesu luzea dago. Prozesu hori egurra biltzean hasten da: "Otsailean mozten da urte guztiko materiala, eta hortik behar dena hartzen da". Zuhaitza sei edo zazpi urtekoa izatea komeni da, egurra nahiko lodia izaten baitu. Birraitonak landatu zituen lur sailak, eta, gaur egun, egurra bertatik jasotzen jarraitzen du matxinbentarrak. "Aita zenak bere lurrak banatu zituen zazpi anai-arreben artean", kontatu du.

Egurrak moztu ondoren, putzu batean uzten dituzte harriz zapalduta, bi edo hiru hilabetez. Labean sartu behar dira ondoren, ura kentzeko, baina guztiz lehortu gabe —labekada bakoitzean hamahiru edo hamalau egur sartzen dira—. Horren ondoren, egin nahi duen ereduaren araberako zumitzak moztu eta lixatzen ditu, gero saskiari forma ematen hasteko: "Oso lan gogorra da; gorputzak erantzun egin behar dizu, eta eskumuturrek ere bai". Horregatik, bi egunean esfortzu gogorra egitea tokatzen bazaio, gainontzekoetan esfortzu arinagoa eskatzen duen zerbait egiten du.

85. Aergik hilero laguntzen dituen pertsonak.

Aergi elkarteak antolatutako terapia eta saioen bitartez, hilabetean 85 laguni ematen die laguntza. Horien artean sartzen dira menpekotasuna dutenak eta haien senitartekoak, azken horiei ere arazoak "eragiten" diela uste baitu elkarteak.

Astebetean, 60 film labur eskainiko dituzte Ikuska jaialdian, Pasaian

Zinema giroa iritsi da Pasaiara. Bihar hasi eta hilaren 23ra bitartean, film laburrak izango dira nagusi Trintxerpen. Trintxer Kultural elkarteak antolatuta, XV. Ikuska egingo dute. Pasaiako Film Laburren Erakustaldia da Ikuska.

Astebetean, 60 lan emango dituzte, antolatzaileek aurten jaso dituzten 600 film laburren artetik hautatutakoak. Espainiatik iritsi zaizkie lan gehienak, baina badira tartean urrutiago ekoitzi direnak ere. Argentinatik, Erresuma Batutik, Italiatik, Errusiatik, Brasildik eta Hondurastik jaso dituzte filmak.

Lehiaketarako hautatu dituzten lanak datorren astean ikusi ahal izango dira. Astelehenetik ostiralera, egunero izango dira ikus-entzunezkoen emanaldiak, 20:00etan. Zortzina lan emango dituzte astelehenean eta ostiralean; zazpina, berriz, gainontzeko egunetan. Guztira, 37 lan emango dituzte.

Epaimahaiko kide Moriarti ekoizpen etxeko Jon Garaño eta Jorge Gil izango dira, eta horiekin batera ariko dira Pablo Malo zuzendari donostiarra eta Kike Santiago Ikuskako zuzendari artistiko berria.

Baina Ikuska lehiaketa bera baino askoz gehiago da. Trintxer Kultural elkarteak beste hainbat emanaldi antolatzen ditu urtero lehiatik at. Bihar, esaterako, emakumea ardatz duen ziklo batekin zabalduko dute Ikuska, 19:30ean. Emea eta Anitza izenburupean, bost film labur emango dituzte. Emakumeen indarkeriaren aurka lan egiten duen Bekoz Beko elkartearekin elkarlanean antolatu du zikloa Trintxer Kulturalek. Sari bat ere banatuko dute emanaldian.

Jaialdiaren barruan jada klasikoa bihurtu den ekitaldia izango da bihar gauean. Gauguasa barre egiteko zinema maite dutenen ekintza da. 22:30ean hasiko da.

Igandean, berriz, Jorge Gil zinemagileak zuzendutako El método Arrieta dokumentala eskainiko dute. Begiradarekin elkar komunikatzen diren Lourdes eta Mentxu Arrieta ahizpen bizipenak kontatzen ditu dokumentalak. Bi ahizpak Trintxerpen izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Berritasunak eta euskara

Helduek ez ezik, haurrek ere izan dute beren tartea zinemaren festan azken urteetan. Inguruko ikastetxeetako ikasleentzako emanaldiak antolatu dituzte aurten ere. Hiru egunetan joango dira haurrak Trintxerpeko alkateordetzako zinema aretora, eta hilaren 20an Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna dela baliatuz, aniztasunaren gaia jorratzen duten lanak ikusiko dituzte. Emanaldiek Irudi Biziak elkartekoen eta Pasaiako Udaleko Immigrazio Departamentuaren laguntza jaso dute.

Horrez gain, euskarari tartea eskaintzeko ahaleginari eutsi diote antolatzaileek 2013ko aldian. Lan gutxi jaso ohi dituzte Ikuskakoek euskaraz, baina, hala izanda ere, ahalegin berezia egiteko konpromisoa hartu dute. Ikuskak hitzarmena sinatuko du eskualdeko euskaltegiekin eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren Euskara Batzordearekin. Horrela, Euskarazko Lan Onena sarituko dute lehendabizikoz. Euskarazko lan irabazlea euskaltegietan emango dute aurrera begira.

Hurrengo asteko ostiralean, gauean, zale asko bildu ohi dituen emanaldia izango da. Beldurrezko filmak emango dituzte, suspensezkoak, thriller-ak... Eta larunbatean, hilaren 23an, epaimahaiak jakinaraziko du nork irabazi duen. 19:00etan egingo dute sari banaketa. Ondoren saritutako lan guztiak ikusteko aukera izango da. Emanaldi guztiak Trintxerpeko alkateordetzan dira, doan.

Marta ispiluaren aurrean

Marta ispiluaren aurrean jarri da. Begi zorrotzekin begiratu du bere gorputzeko zentimetro karratu bakoitza, eta nazka eman dio ikusitakoak, "gizena nago, nazka emateraino...". Atzo baino berrehun gramo gehiago pisatzen du, eta begiak gorrotoz bete za...