Kantuaren taupadak, bizirik

Osasun egoera "larria" jasan arren, taupaka jarraitzen dute abesbatzen bihotzek. Zailtasunak zailtasun, "zorionez", badago harrobia hauspoa betetzen segitzeko. "Gazteek gaur egun eskura duten eskaintza zabala aintzat hartuta, asko dira kantatzearen alde egiten dutenak, eta alde horretatik ez dago arazorik". Hala onartu du Julitxu Gyslingek, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakariak. Baieztapen horren erakusle da gazteen abesbatzek Zarautzen egingo duten topaketa. Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, seigarren tailerra egingo dute, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta.

14 eta 23 urte arteko gazteek parte hartuko dute tailerrean, eta abesbatza bakoitzetik gehienez hamabost lagun izango dira. Gipuzkoa osoko taldeek bat egingo dute; tartean daude Arrasate, Zegama, Tolosa, Alegia, Zestoa, Bergara, Donostia, Hernani eta Oñatiko gazteen abesbatzak. Gyslingek azaldu duenez, "asmoa da abesbatzetako gazteei beste zuzendari batzuekin kantatzeko aukera ematea, baita bestelako abestiak landu eta beste taldeetako neska-mutilekin kantuan aritzea ere". Aurtengoan, adibidez, bi zuzendarirekin egingo dute tailerra: Imanol Elizasu Orereta abesbatzakoarekin eta Juan Gainza Iruñeko Gazte Orfeoikoarekin.

Horrelako egitasmoetan parte hartzea erabat positiboa dela iritzi dio Gyslingek, gazteen jardunari begira: "Ezagutzen duten mundua zabaltzeko balio die. Euren abesbatza da ezagutzen dutena, eta halakoen bitartez gauza berrietara egokitzeko erraztasuna eman nahi diegu; zuzentzeko beste modu batzuk ezagut ditzaten, zuzendari guztiak eta lan egiteko moduak ez baitira berdinak".

Partitura aurreko lana ez ezik, beste hainbat ekintza ere egingo dituzte, "ondo pasatzea" baita beste helburuetako bat. "Kontuan izan behar da gure abesbatzak amateurrak direla, abestearen arrazoi bakarra plazer hutsa dela. Sentsazio hori zaintzen duen edozein ekintzak merezi du".

Aurten, Body Percussion jarduera izango dute berritasun gisara; horren bitartez, gorputz perkusioa landuko dute Jorge Pacheco perkusionistarekin. Asteburua, beraz, ez da soilik lanerako izango. Guztientzat irekia izango den kontzertu batekin amaituko dute asteburua; Andre Maria Erreginaren parrokian eskainiko dute, 17:30ean.

"Kulturaren beste hainbat arlotan" gertatzen ari den bezala, abesbatzen etorkizuna ere "ez da samurra", Gyslingek nabarmendu duenez. Abeslari kopuruaren aldetik osasuntsu dagoen arren, bada urteetan eta "ia mundu osoan" mantentzen den gabezia bat: "Mutilen kopurua urria da oraindik". Horren isla da hurrengo asteko topaketan parte hartuko dutenen kopurua: 70 izango dira neskak, eta hamabi mutilak.

AGUR TXAPELDUNEN LIGARI

Donostiako Bera Bera eskubaloi taldeak ez zuen erraza aurrera egitea Txapeldunen Ligan, 11 golen aldeaz nagusitu behar baitzitzaion Kroaziako Podravka Vegeta taldeari. Ez zuen halakorik lortu, baina, behinik behin, irabaziz esan zion agur txapelketari...

“Sareak ez dira lehen bezala hondatzen”

Etxetik datorkio sare konpontzailearen ofizioa Mertxe Mendizabali (Getaria, 1949). Ama ere sare konpontzailea izandakoa da, eta familiako itsasontzia dute Getarian. Ofizio horretan dabiltzan gehienak armadoreen emazteak edo alabak direla esan du Mendi...

Paradisuaz haragoko lurretan

Inor gutxik aukeratuko luke harea goria desertuan oasia eskura izanda, nahiz eta desertua benetan ezagutzeko hondarretan ibiltzea ezinbestekoa izan. Jendea desertuan sufritzen ari dela jakin arren, oasian murgiltzen dira asko eroso, begiak itxita, be...

Odol ateraldien antolaketa

Odol Emaileen Elkarteak antolatutako ateraldiez gain, egin daitezke enpresetan, erakundeetan edo irakaskuntza zentroetan ere. Horretarako, gutxienez, hogei emaile behar dira. Elkarteko ordezkariek antolatzaileekin bilera egiten dute, data eta bestelak...

Urteurrena, etenik gabe

Ekintzak gaztetxeanAndoainAndoaingo gaztetxea 29. urteurrena ospatzen ari da hilabete osoan. 12 + 17 izena jarri diote, gaztetxe zaharrean eman zituzten hamabi urteak eta egungo eraikinean bete dituzten hamazazpiak gogoratzeko. Askotariko ekitaldiak i...

OROITZAPENEKO BERTSIOEN BILDUMA

Donostiara helduko da Ruper Ordorika, plazaratu berri duen diskoa aurkezteko. Igandean, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokia bilakatuko da Azukre koxkorrak diskoa aurkezteko plaza. Bertsioen disko bat da, eta horretan, azken hamarkadetako hamabi kantu...

Salduko nioke Cea Bermudez

Bi gizonkotek (goierritar parea, demagun) elkarri erreparatu diote kalean: aspaldi topo egin gabekoak dira. Okindegitik datorrena emaztearekin Donostiara mugitu eta gutxi pasatzen da herritik, adibidez. Eliza paretik jaisten ari denak faltan sumatzen ditu lagunaren ateraldiak elkarteko afarietan. Irribarretsu, bat egitera doaz, hondartzan korrika biltzen ziren maitaleen iragarkian bezala. Besarkadak, laztanak, musuak izango al dira? Ezta alerik ere. Biek hombreeeeee! ozena jaurti dute, eta sendoenak lau bizkarreko bortitzekin agurtu du aspaldiko kidea, ia bizkarrezurreko lesio sendaezinak eraginda.

Zu ere izan zara horrelako gertakari patetikoen lekuko —edo konplize, ez naiz zutaz batere fidatzen eta—. Euskal gizonezko tradizionalaren gabezien artean ilearen kalitate eskasarena ez, hauxe baita ziur asko larriena. Hoztasun fisikoa, sentimenduak aske uzteko ezintasun etsigarria. Eta, are okerragoa dena, halakorik behar den bezala egiten duena susmagarri bihurtzeko ohitura, marikoi eta antzeko abizen sofistikatuak erabiliz.

Neska lirain bat ikusten duen bakoitzeko "hil arteko txortaldia egingo nioke" esan gabe geratu ezin den aker andana dago gurean. Ahobero horiek guztiek bere bizitzako emakumeari, bere amari, ez diote sekula musu goxorik eman. Urrutirago joan gabe, nire anaiek eta nik ere lapurtu dizkiogu gureari milaka pa. Babo konpletoak garelako.

Larrua jotzeko baino, hurkoa ulertzeko, laztantzeko eta haren sentsibilitatearen partaide izateko askoz premia handiagoa daukagu euskal gizonok. Psikoanalista argentinar batek esango luke analfabeto emozionalak garela. Nik hain arrotza zaidan barneko matxoa laster erailko dudala pentsatu nahi dut, eta bizitza sanoago bat zain daukadala. Hementxe idatzita gelditzen da: askoz eztiagoa eta sentiberagoa izatea da nire xedea.

Lehengoan Ijurkorekin Schokoladenera bertaratu nintzen, Pinoreksekin dantza egiteko asmoz. Jendea zebilen, eta estu geunden agertokitik hurbil, gustura. Nire alboan neskato ilehori garai bat neukan, kopa bat ardo zuri eskuan zeukala ari zen rock azkarrarekin saltaka. Elegantea eta adimentsua izatearen itxura hartu nion. "Pasako nuke biharko arratsaldea berarekin Monopolyra jokatzen", xuxurlatu nion Ijurkori. "Jo baietz, nik ere salduko nioke Cea Bermudez", haren erantzun ezin hobea. Hernaniko lagunarekin batzen naizen oro, beti agurtzen dut besarkada estu batekin. Horrelako tipo handiei begi bistako maitasuna eman beharra dagoelako, derrigor.

Eta ama, zurekin ere kitatuko ditut zorrak, halako batean.